Formatua: CD
Iraupena: 39' 02"
Argi kodea: GH-093
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Lamiña Produkzioak estudioa (Mungia, Bizkaia)
SOINU TEKNIKARIA
Natxo Liberty
LAGUNTZAILEA
GENEROAK
Bluesa, Rock&rolla
Mundurako ateak
2005 - Gaztelupeko Hotsak
Formatua: CD
Iraupena: 39' 02"
Argi kodea: GH-093
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Lamiña Produkzioak estudioa (Mungia, Bizkaia)
SOINU TEKNIKARIA
Natxo Liberty
LAGUNTZAILEA
GENEROAK
Bluesa, Rock&rolla
Arima Beltza taldearen lehen urratsak Aitor Badiola abeslari-gitarristak eta Jon Gurrutxaga abeslari eta bateria jotzaileak eman zituzten. 1995ean egin zituzten elgoibartarrek lehen entsaioak elkarrekin. Beraien pasioa blues&rocka zen. Garai hartan, ordea, ez zuten behar bezalako materialik, ezta entsaiorako lokalik ere. Hori dela eta, anplifikagailu zahar batekin eta kaxa gor batekin ibiltzen ziren batetik bestera.
Bi urte geroago, Udalak utzitako fundizio zahar batean hasi ziren entsaiatzen, lokalaren baldintzak nahiko txarrak izan arren. Baxuarekin Igor Txurruka sartu zen taldean, Jonen lagun bat. Eta berehala Lander Trinidad gehitu zitzaien beste gitarran. Bestalde, Txurrukak taldea uztea erabaki zuen, egiten zuten musika estiloa ez baitzen bere gustukoena. Hala ere, ordezkoa etorri arte jarraitu zuen. Iñigo Araujok hartu zion lekukoa, gertuko beste lagun bat.
Ia urte bete entsaiatzen aritu ostean, 1998ko abuztuan eskaini zuten estraineko kontzertua Soraluzeko Gaztetxean. Errepertorioan aspaldiko bluesmanen bertsioak eta zenbait abesti propio euskaraz. Orduz geroztik, Euskal Herrian barrena makina bat kontzertu eskaini dituzte, bai aire librean eta bai leku itxietan ere, antzokietan nahiz tabernetan. Hasiera batean, emanaldietan kolaboratzaile gisa izaten zuten Joseba Alonso harmonika jotzaile beteranoa. Hau ere gutxira taldeko partaide bihurtu zen, horrela, boskotea osatuz.
2000ko irailean beraien estraineko lana argitaratu zuten, Azpeitiko Urrestilla auzoan, Tiobibo Records estudioan grabatuta. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu zuten lanak taldearen izen bera darama eta sei abestiz osatua da. Bi intrumentalak eta beste lau abestuak. Instrumentalen artean, diskoa isten duena, “Rory”, Rory Gallagher gitarjole irlandarraren omenez egina. 2001ean SGAE elkarteak antolatzen duen Premios de La Música sarietan izan ziren euskarazko abesti onenarengatik izendatuak “Arima Beltza” kantagatik. Saria azkenean Joseba Tapiak jaso zuen. Lehen lan horrekin Larry McCray, Tonky Blues Band edota Los Reyes del K.O. bezalako taldeekin jo zuen Arima Beltzak. Kontzertuetan beren abestiez gain, Cream, Led Zeppelin, Freddy King edota Rory Gallagher-en abestiak entzun zitezkeen. Arima beltza izateaz gain, zainetan blues&rocka zuen taldea zen Elgoibarko boskotea. Arima Beltza estraineko lanarekin gipuzkoarrek Elorrioko Jazz&Blues jaialdian hartu zuen parte lehen aldiz. Ateneoan zerbait berezia sortu zen gau hartan. Ez zen elgoibartarrek jaialdi bikain honetan parte hartuko zuten lehen aldia.
2002ko urriaren 17an beraien bigarren lana kaleratu zuten: Blues sustraia. Elgoibartarrek Gasteizko El Canton de la Soledad estudioa aukeratu zuten bigarren lan horretarako. Grabaketaz Juanan Ros arduratu zen. Diskoan Jon Gurrutxagak bateria eta abeslari lanak egin zituen arren, aurrerantzean zuzenekoetan abeslari lanetan zentratu zen, bateriaren postua Elur Arrieta elgoibartarraren eskutan utziz. Modu honetara, taldeak zuzenekoak indartu eta jendearekin hartueman zuzeneagoa izatea erdietsi nahi zuen. Baita lortu ere. Rol banaketa berriak biziki ongi funtzionatu zuen eta taldearen zuzeneko eskaintza nabarmen aberastu zen. Bigarren lan honekin taldeak Euskal Herriko blues jaialdirik garrantzitsuenean parte hartzeko aukera izan zuen, Getxoko Blues Jaialdian hain zuzen ere. Jaialdia Romoko plazatik Algortako portu zaharrera mugitzen zen urte hartan mesfidantza zen antolatzaileen artean. Herri erdian izatetik herritik kanpo nabarmen aldentzen baitzen Jaialdia. Bestalde, jendearen harrera izugarri ona izan zen tokia estreinatzen zen gau hartan. Arima Beltzak 2003ko Getxoko Blues Jaialdia irekin zuen Raimundo Amador & Ñaco Goñi y Los Bluescavidas-en aurretik. Bertan bildu ziren 6.000 pertsonek “beste bat” inoiz ez bezala oihukatu zuten Arima Beltzaren emanaldiaren agurrean. Publikoari erantzunez taldeak Led Zeppelin-en “Rock&Roll” kantaz bukatu zuen kontzertu gogoangarri hura.
2005eko maiatzean disko berriaren konposizio prozesuaren amaiera aldera Lander Trinidad gitarristak taldea uztea erabaki zuen. Bere ordez Elgoibarko lagun zahar bat sartu zen taldean: Patxi Zabaleta. Estilo aldetik talde heavy-etan parte hartutakoa da Zabaleta, Mutilated Soul, Steel Dragon… Bestalde, Beatles, Creedence Clearwater Revival edota Rolling Stones-en kantak edozein momentutan jo eta kantatzera animatzen den horietakoa zen. Berarekin batera Arima Beltzak 2005eko abuztuan grabatu zuen azken lana: Mundurako ateak. Disko berria eszenatokietan aurkeztu eta urtebetera, 2006ko Gabonetan taldeak desegitea erabaki zuen.
Testua: Wikipedia