Antton Valverde (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a), perito ikasketak egin, eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde du arreba, hura ere margolaria.
60ko hamarkadaren amaieran hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. 1969 eta 1971 bitartean hiru disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, “Maitasunez hil” eta “Asaba zarren baratza” kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkariak beti izan dira Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaz gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta JosAnton Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.
Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.
Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, “Barberian“. “Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo” (2).
2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.
2009. urtean Gu gira jaialdian parte hartu zuen beste hainbat kantarirekin batera, eta 2013. urtean 3Lak musika eta literatura emanaldia estreinatu zuen Anjel Lertxundi idazlearekin. Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemen inguruan osaturiko ikuskizuna CD-DVD batean jaso zuten.
Testua: Gontzal Agote
Milla beatzireun kunplitu eta
emeretzigarren urtian
huelga baten bidez okertu
gera Antxoko partian,
buruzagiya balitz bezela
oiartzuarren artian
guri bengantzan asi zerate
oso gorroto fuertian,
beti goguan izango degu
bizirik geran artian.
Huelga ortan eskatu ziren
lau kondiziyo berriyak,
bañan etziren orko maisuak
Oiartzundik etorriyak;
iduritzen zait ote gauden gu
libru berdian jarriyak,
lenago alde genituenak
kontra ditugu erdiyak,
artzai gaiztuak diran tokiyan
pagatutzen du ardiyak.
Portu artako kontratista bat
gizona balientia,
Goierritikan etorriya da
euskaldun korrientia,
urte batzuek baditu baña
gorputza dauka tentia;
oiartzuarrek badadukagu
orrentzat borondatia...
San Estebanez festa da eta
naiko genduke joatia.
Oiartzuarrek ez diyote egin
jaun orri ustez gaitzikan,
zentruak esan digun legera
errenditzia baizikan;
beraren kontra ez degu esan
tokatzen ez den itzikan,
pasa diranak esplikatzeko
ez dadukagu lotsikan...
begiyak balak baldin balitu
tirako luke pozikan.
Iñoiz suertez jartzen bazaizkit
Gizon oriyek aurrian,
Alde artara begiratzen det
Triste ta gogo txarrian;
Zenbat naigabe sufritzen degun
Bizi geranak lurrian,
Ardi gosiak larrian:
Gauz ori bera pasa zitzaigun
Karlosen gerra zarrian.
Nola presari eragin eta
pasatzen den ugaldia
ala berian kanpotarrekin
bete da Antxo aldia;
gu lanik gabe orna uzteko
oiek zeukaten zalia,
au da batere aserre gabe
egiten degun galdia:
oiartzuarrak bestiak baiño
eskasaguak al dia?
Orren idea zer izango zan
aguro niyon igarri,
bere galoiak gora altxatzen
enpeñatua da larri;
atzo gizon bi izketan zeuden,
atenditutzen naiz jarri,
sujeto orrek zer egin duen
esan zioten alkarri:
“biba euskera” maiz oju egin,
kastillanuak ekarri.
Oraingo ontan izandu dira
asunto izugarriyak
baiña gugatik ez du merezi
desonratzia erriyak;
gusto duenak ikasi bitza
amasei bertso berriyak
muallan lanik etzeukan eta
Trajinos Beltzak jarriyak...
aditu nai ez duenik bada
itxi bitza belarriyak.