Antton Valverde (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a), perito ikasketak egin, eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde du arreba, hura ere margolaria.
60ko hamarkadaren amaieran hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. 1969 eta 1971 bitartean hiru disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, “Maitasunez hil” eta “Asaba zarren baratza” kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkariak beti izan dira Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaz gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta JosAnton Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.
Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.
Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, “Barberian“. “Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo” (2).
2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.
2009. urtean Gu gira jaialdian parte hartu zuen beste hainbat kantarirekin batera, eta 2013. urtean 3Lak musika eta literatura emanaldia estreinatu zuen Anjel Lertxundi idazlearekin. Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemen inguruan osaturiko ikuskizuna CD-DVD batean jaso zuten.
Testua: Gontzal Agote
Mila zortzieun eta ogeitabostian
au amairugarrena Urri-ko illian
Martin Itzeberriko Altzabarrenian
atiak jo nituen ongi illunian,
baita ireki ere borondate onian.
Ixtimatu ninduten konde bat bezala,
sillan exeri erea afaldu nezala;
konformatu ziraden familiyan ala
nagusiya ta biyok etzinen giñala...
berari sartu niyon petxutik puñala.
Oitikan saltatu za eriyo-igesi,
nigandik alakorik etzuen merezi.
Alabak zuenian aita ala ikusi
apaizaren eskaka bertatik zan asi
aizkora trixte batez niyon burua autsi.
Lenguan izandu zait anaia gaztia,
lastima egiten zuen nere ikustia.
Ai zer nola ote diran aita-ama tristiak!
Nizaz eskarmentu balitez bestiak...
Ni ere izutzen nau biziya kentziak.
Ogeita iru urteko neskatxa gaztia...
etzen bada lastima ala tratatzia?
Aizkora trixte batez muñak saltatzia;
ez da milagro izan ni laixter galtzia;
aisa merezi nuen bertan urkatzia.
Ikusi zitunian senarra ta alaba
Katalina gaxuak, ai, ura negarra!
Ez bazuen jarri nai bestiak bezala
dirua non zeguen esan beriala;
ongi benakiyela dirurik etzala.
Santo Kristo, zurekin konfesa nadiyan
zer obra egin nuen nik Katalauniyan.
Leridan pasa eta urbilen erriyan
bost lagun bizi ziran beren familiyan,
guztiyak il nituen gabaren erdiyan.
Gorputzeko ikara, animako lotsa
zeren egin ditudan amalau eriyotza.
Aditu ezkerotik diruaren otsa
bidean atera-ta botatzeko poltsa
aterako niola bestela biotza.
(Jose Larreina baten gertakizunetaz)