2017.09.12
Anje Duhalde

Anje Duhalde

Atzera

Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada (Askoren artean)
EROSI

Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada (Askoren artean)

2017 - Erroa


Ama Euskal Herria(Hitzak: Xalbador-Musika: Anje Duhalde)
facebook iconfacebook icon

Formatua: CD


Argi kodea: Erroa 003


Azala: Atoan! Komunikazioa


PARTAIDEAK

  • Anje Duhalde, ahotsa, gitarra
  • Miren Aire, ahotsa
  • Amaia Aire, ahotsa
  • Paxkalin Aire, ahotsa
  • Sebastien Desgrans, eskusoinua

GRABAZIOA

Tio Pete estudioa (Bilbo)


SOINU TEKNIKARIA

Jose Manuel Sampedro 'Xanpe', Carlos Lastra


NAHASKETAK

Jose Manuel Sampedro 'Xanpe' (Koba estudioa)


GENEROA

Herri kanta

Oso ezaguna ez bada ere, Anje Duhalderen lehenengo taldea El Fuego izan zen, bateria jotzaile moduan aritzen zelarik. 15 urterekin hasi zen plaza talde hartan jotzen, baina jendaurrean Baionako antzokian abestu zuen lehen aldiz, 1973an, Maite Idirinekin batera. Mikel Laboa eta Etxamendi eta Larralde ere aritu ziren emanaldi hartan. Hurrengo urtean grabatu zituen bere lehen bi kantuak (“Beste batekilan” eta “Goizero”), single baterako. Bi kantuek Daniel Landart idazlearen hitzak zituzten, eta Duhalderen eta haren arteko harreman estuaren lehen fruitua izan ziren. Izan ere, hurrengo urtean Mixel Ducau ezagutu eta Errobi taldea sortu ondoren, Landartek idatzi zituen Errobiren kantu gehienetako hitzak.

Anje Duhalde.

Anje Duhalde, Errobiren garaian. (Luis Otaegi)

Euskarazko rockaren aitzindarietako bat izan zen Errobi. Batez ere, lehenengo diskoek izan zuten arrakasta; konpromisoz eta aldarrikapenez beteriko lanak ziren, hain zuzen ere. Rock progresiboa Ipar Amerikako rock tradizionalarekin uztartu zituzten, eta Euskal Herriko problematika sozial eta politikoaz mintzo ziren abestietan.

Errobi desagertu zenean, aurretik eginda zeuzkan zenbait kantu bildu zituen bakarkako lehen diskoan, Errobiaren hegitik izenekoan (Xoxoa, 1980), baina berehala Akelarre taldean hasi zen kantari lanak egiten. Gipuzkoako plaza talde arrakastatsuarekin lau urte eman zituen Duhaldek herriz herri dantzaldiak eskaintzen, eta bi disko grabatu zituen: Gau pasa (IZ, 1982) eta Ari gara (IZ, 1984). Hori ez zen izan bere rock alderdiari hauspoa emateko eragozpena, inolaz ere ez. “Akelarren sartu ninduan jan beharra zelakotz modu batean edo bestean. Hala ere, Akelarren oso ondo ibili nauk. Talde hori niri oso ongi etorri zaidak, eta nik taldeari zer eman diodan esatea zaila duk. (…) Lehen bi urteak oso pozik pasa nizkian: aldakuntza bat zuan niretzako. Jaialdietan beste tratu bat daukak jendearekin, jendea hiri so. Aldiz, berbena batean jendea mugitzera zetorrek, eta hartu-eman asko izan dizkiat, lagun asko egin… Euskal Herriko ia bazter guztiak ezagutu dizkiat. Gero etorri duk nekadura, zeren lan hori oso gogorra duk” (1).

Errobiren amaierak sortutako atsekabea gainditu eta etorkizuneko ibilbidearen nondik norakoa patxadaz aztertzeko baliatu zuen Duhaldek Akelarren igarotako denbora. Errobiren eragina nabaria zen oraindik Errobiaren hegitik diskoan, eta talde harekin lotzen zuten antzekotasun formal asko zeuden. Garai hartan, Rock Radical Vasco deituriko fenomenoa lehertzear zegoen, eta Duhalderen musika moldea zaharkitutzat jotzeko arriskua zegoen. “Oroitzen naiz, adibidez, Hertzainak taldearekin kontzertu bat eman ginuela 83an Iruñako Anaitasunan, eta harriturik gelditu nintzela talde hori ikusi nuelarik, beren indarra, beren hitzak eta beste. Pentsatu nuen hor beste fase batetara pasatuak ginela. Konturatu nintzen nere burua, ez kanpo bezala, bainan beste onda batean zela. Horrek pentsarazi ninduen zer zitekeen geroa nerekiko eta beste ainitzekiko. Hor krisi handi bat izan zen talde askotan” (2).
1985ean berriz elkartu ziren Duhalde eta Ducau, Errobiren azken diskoa lantzeko: Agur t’erdi (Xoxoa, 1985). Diskoak ez zuen harrera onik izan.
Anje Duhalde

Anje Duhalde, 1989an.

Erroz eta oroz diskoarekin (IZ, 1987) Errobiren soinutik aldentzen hasi zen, baina betiere oinarri rockeroari eutsiz, AEBetako musikariak (Dan Fogelberg) eta euskal tradizioa batuz (Xalbador, Manex Pagola, herri kantuak…). Halere, jendeak ezarritako etiketa apurtu nahian edo, Nahas-mahas (IZ, 1988) kaleratu zuen, kolore eta estilo askotariko diskoa. Musika egiteko orduan zituen hainbat eragin agertu zituen Duhaldek lan horretan, horietako batzuk itxuraz lotura gutxi zutenak: esaterako, Los Lobos (“Ezinbestean”) eta Georges Brassens (“Fama txarra”, “Gorila”). Disko hori grabatzeko, berriz elkartu ziren estudioan Duhalde eta Ducau.

Hurrengo lana Xabier Amuriza bertsolariarekin ondu zuen, Xabier Amurizaren kantari (IZ, 1990). Bertsoaren munduan sartzeko aukera eman zion lan hark Duhalderi, eta baita Amurizarekin adiskidetasun emankorra finkatzen hasteko ere. Izan ere, geroztik grabatutako ia disko guztietan Amurizaren hitzak erabili ditu Duhaldek kanturako.

Hitzari garrantzi handia ematen dio Duhaldek, sinetsi behar du testuak esaten duen horretan kantura eramateko. Hitzak onak ez badira kantua ere ez dela uste du Duhaldek. Halaber, artistaren engaiamendua aldarrikatzen du. “Maiz erran dut kantari inplikatu bat nintzela eta nere ideien kontra ez nuela deus eginen. Beti inporta izan zait nerekiko koherente izatea. Hala baldin bazara, publikoarekin ere hala zara” (2).

186

Anje Duhalde 1950eko irailaren 12an jaio zen.

Hurrengo diskoa Bakezaleak izan zen (IZ, 1992). Haserrea erakusteko garaia zen. “Nazka eginda nago inguruan hainbeste ‘bakezale’ ikusita, ‘bakezaleak’ omen ditugunak eta gainera demokratikoki horrela deitzen direnak. Sinestarazi nahi digute haiek direla benetako bakezaleak, eta horien kontra daudenak terroristak eta beste direla. Kanta hau egiterakoan, egia esan, ni Errobin ari nintzeneko garaiko giroaz gogoratu naiz, orain hamasei edo hamazazpi bat urte. Ordutik hona gauzak ez direla gehiegi aldatu esango nuke, edota okerrera joan direla. Orduan faxistak zirenek, eta gaur aurpegi demokratikoa dutenek, pakearen irudia darabilte, eta besteoi ukatu egiten digute. Guzti hori salatzeko egin dut” (3). Disko horretan atzerriko musikari miretsien zenbait moldaketa grabatu zituen Duhaldek: Tom Waits (“Jersey girl” ezaguna), John Hiatt (“Gogoaren baitan”), Brassens berriro (“Osaba Artxibald”, “Gaixo Mattin”)… Diskoari izena ematen dion abestiaren bertso elektrikoan Fermin Muguruzaren laguntza izan zuen kantatzeko orduan.

Ordurako, hogei urteko ibilbidea egina zuen Duhaldek, aukera egokia atzera begiratzeko eta ibilbide horren errepasoa egiteko. Hori egin zuen Zuzenean diskoan (Elkar, 1993), non Errobi, Akelarre eta bakarkako garaietako kantu ezagunenetako batzuk bildu zituen, eraberrituriko talde batekin: Mikel Irazoki (M-ak, Bizkar Hezurra), Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi)… Urte berean polemika heldu zen. Mallabian eskainitako kontzertu batean Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro gogoan izateagatik –Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren komisarietan hil berriak ziren, hurrenez hurren–, Duhalde Herriz Herri jaialdi zirkuituaren kontratazioetatik kanpo uztea erabaki zuen Bizkaiko Diputazioko Kultura Sailak. Bere aurkako “zentsura” salatu zuen Duhaldek (4), eta hurrengo diskoan, Su gainean dantzan (Elkar, 1994), Iantziri eskainitako kantua argitaratu zuen, “Irtenbiderik ez zen”, Duhalderen kanturik hunkigarri eta arrakastatsuenetako bat. Halaber, “On Thomas” kantuan bere kontrako dekretua sinatu zuen Tomas Uribeetxebarria kultura diputatuaren aurka jo zuen Duhaldek. Diskoaren izenburua ere aferarekin lotuta zegoen. “Gizarte mailan, kultura mailan eta politika mailan bizi dugun egoera ikusita, nik uste dut arrisku baten gainean gabiltzala, erdi bizi edo erdi  hilak, baina hor” (5). Lehen aldiz, kantu guztiak Duhalderenak ziren, Mikel Irazokik idatzitako pare bat izan ezik, eta Amurizak idatzi zituen hitz gehienak.

Geroztik, denboran sakabanatuagoak iritsi dira Duhalderen lanak. Azkarate izenekoaren ondoren (Elkar, 1997), bederatzi urteko isilunea etorri zen kantu propioez osaturiko diskoei dagokienez. Tarte horretan, haurrentzako disko bat kaleratu zuen, Pinpirin eta Florian (Elkar, 2000), eta aspalditik buruan bueltaka zerabilen ideia gauzatu zuen, Georges Brassensi disko oso bat eskaintzea. Georges Brassensen kantari (Elkar, 2001) zuzeneko emanaldi batean grabatu zuen, Baionako Luna Negra aretoan eta hiruko formatuan, Mathias Lopez (kontrabaxua) eta Remy Gachis (gitarra) musikariekin.

Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren omenezko diskoan, Ehungarrenean hamaika lanean (Gaztelupeko Hotsak, 2005)Rafa Rueda (Pi.L.T.) ezagutu zuen, eta hurrengo lana ekoiztea proposatu zion. Sorminetan diskoa (Elkar, 2006) guztiz gazteturiko talde batekin grabatu zuen Duhaldek: Rafa Rueda, Rufo Urbina, David Gonzalez, Mikel Azpiroz, Arkaitz Miner… Rock, folk eta blues amerikarrak jarraitzen du musikaren ardatz izaten, baina Rafa Ruedaren aholkuek ekarritako ukitu modernoarekin emana dago. Benito Lertxundik jarri zion ahotsa Mixel Labegeriek idatzitako “Oi! kanta berri” abestiari, eta Jimmy McCarthy eta John Hiatten kantu banaren bertsioa egin zuen.

ANJE DUHALDE

‘Sorminetan’ diskoa kaleratu zuenean. (Ander Gillenea)

Zenbait urte geroago berriz ere zuzeneko disko bat, bere bakarkako ibilbide hirugarrena, grabatzea erabaki zuen Duhaldek, azken garai horretan zuzenean aritutako taldearen testigantza uzteko asmoarekin. Txomin Duhalde (bateria), Remy Gachis (gitarra) eta Igor Telletxea (baxua) lagun zituela, kantu ezagunen (“Irtenbiderik ez zen”, “Kantuz”, “Eperra”, “Amnistiaren dema”…) eta zuzenean inoiz grabaturik gabekoen arteko nahasketa jaso zuen Duhaldek Ibilian (Elkar, 2012) izeneko lanean.

Gaur egun, Bilboko Kafe Antzokiko Lagun Artean Kantari proiektuaren gidaria dugu. Hilean behin, oholtza gainera igo, eta bertan bildutakoekin bat, aho batez, euskal kantu tradizionalak abesten ditu. Aurretik Baionako Gure Irratian eta Bizkaiko hiriburuko Bilbo Hiria irratian aritu da.

Testua: Xabier Doncel

  • (1) Argia, 1.146. zenbakia, 1987ko apirilaren 12a
  • (2) Euskonews & Media, 298. zenbakia, 2005eko apirilaren 29a
  • (3) Argia, 1.385. zenbakia, 1992ko maiatzaren 3a
  • (4) Euskaldunon Egunkaria, 1994ko otsailaren 19a
  • (5) Euskaldunon Egunkaria, 1994ko ekainaren 22a

Atzera

Maitasun nortasun

Atzera

Etxekoandre

Atzera

Eperra (Paperezko Kontzertuak)

Atzera

Zalantzan (Bonberenea, 2005-10-28)

Atzera

Muga bat beti hor