Angel Azkarraga arrantzale familia batean jaio zen, eta lau anaietan zaharrena da. Gaztetatik izan du musika zaletasuna, baina beti arlo teknikoari edo antolakuntzakoari lotuta garatu du harekiko harremana. Indar Trabes plaza taldeko kideekin eta bereziki Juan Carlos Perezekin lotzen zuen adiskidetasunari esker, haiekin hasi zen soinu teknikari lanak egiten, eta taldeak izena aldatu eta Itoiz deitzen hasi zenean, taldearen managerra bihurtu zen. Geroztik hainbat kantari eta talderekin lan egin du, baina harreman estuena Itoizekin izan du. “Manager batek talde bakarra dauka, beste askorekin lan egin arren. Nire taldea Itoiz izan zen” (1).
Kontratazioaren eremu profesionalean Jaime Iarritu Xoxoa diskoetxeko buruaren bidez sartu zen Azkarraga. Diskoetxeak Galdakaon zuen estudioaren azpiegitura teknikoaz arduratzeaz gain, Xoxoako zenbait talderen kontratazioa hartu zuen bere gain: Errobirena Hegoaldean -Errobi desegin ondoren, Anje Duhalderena- eta Itoiz, Izukaitz eta Ruper Ordorikarena. Lau taldeokin Matxitxa Musika Eragintza kontratazio agentzia jarri zuen abian, 1980an, Xoxoa utzi ondoren. “Garai hartan batere jorratu gabeko arloa zen management-a. Dena egiteke zegoen. Borroka ez zen neurri bateko eszenatokia eskatzea, eszenatokia egongo zela ziurtatzea baizik” (1).
Rock kontzertuen antolakuntzan azpiegitura tekniko egokia izatea -argi eta soinu ekipoak, agertokiaren neurriak, promozioa…- eta taldeen eskubideak betetzen zirela bermatzea eta urtetik urtera hobetzen joatea izan zen Azkarragak Matxitxatik bultzatu zuen lan ildoa. Profesionalizazioa ekarri zuen rockaren management arlora, eta gero eta gehiago izan ziren Azkarragarengan konfiantza jarri zuten taldeak, puntako rock talde gehienak -Hertzainak, Kortatu, Delirium Tremens, Yassa, M-ak, Jotakie, Su Ta Gar eta Negu Gorriak, besteak beste- ordezkatzen zituen enpresa bilakatzeraino. 1995ean kontratazio agentzia beste arduradun batzuen eskuetan utzi zuen Azkarragak, eta geroztik Kuban bizi da.
Testua: Jon Eskisabel