Hurrengo diskoetan taldearen presentzia bestelakoa izan zen. Eta diskoen lanketa bera ere bai; lehenengo horretan kantuz kantu egin zuen diskoa, Hans Magnus Enzensberger, Eduardo Galeano, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren hitzetatik abiatuz, eta Habiak (Esan Ozenki, 2000) nahiz Zebra (Metak, 2005) diskoetan kantu batetik, ideia batetik, garatu zuen lan osoa. Letrei begiratuz, baina, hurrengo diskoetan ere agertzen diren ezaugarri batzuk ikusten dira Anari-n: zalantzak eta galderak, bakardadea eta beldurrak. Musikari dagokionez, Pello Ramirezen biolontxeloaren presentzia nabarmentzen da lehen disko horretan. Kritikak beso zabalik hartu zuen Anariren estreinaldia. Lehen disko hura, bakarka ez ezik, hirukote formatuan aurkeztu zuen jendaurrean (Xabi Strubell eta Mikel Abregorekin), eta tarteka bikote formatuan ere (Pello Ramirezekin).
Baita bigarrena ere: Habiak. Dotorea bezain iluna da, eta musikak, hitzek bezala, ikaragarrizko larritasuna islatzen du. Lehen diskoan bezala, biolontxeloa da oinarri sendoetako bat, eta horrexek markatzen du melodia; letretan, berriz, “Denbora” amari eskainiriko kantua izan ezik, bikoteari eta harremanei buruzko gogoetez josita dago. Nick Cave kantari australiarraren edota Tindersticks taldearen oihartzuna du diskoak.
Kaki Arkarazok ekoitziriko bigarren disko horretan Ruper Ordorikak, Pello Ramirezek, Mikel Azpirozek (Lau Behi, Elkano Browning Cream) eta Pettik kolaboratu zuten, beste batzuen artean. Disko hau aurkezteko talde bat osatu zuen Anarik, Mikel Abregorekin, Maite Arroitajauregi Mursego-rekin eta Bap!! taldean aritutako beste bi musikarirekin: Xabier Olazabal Drake eta Jon Oiartzun Jomes. Bi urtez aritu zen Anari Habiak zuzenean jotzen, eta ondoren Anari ta Petti (Metak/Pil-pil Sessions, 2003) disko txikia grabatu zuen abeslari nafarrarekin. Bakoitzak bina kantu grabatu zituen, eta batak bestearenetan abestu zuen.
2005ean iritsi zen Zebra, Anariren ibilbidean mugarri izan den diskoa. “Erori banaiz ere, gorantz erori naiz / nola urazaleratzen diren arrainak hiltzean” esaldiarekin hasten da hirugarren diskoa: “Diskoa grabatzen hasi aurretik banekien kantu horrekin hasiko zela. Nire bizitzan pisu handia izan duen esaldia da” (1). Zebra-rekin ziklo bat itxi nahi izan zuen Anarik: “Ziklo baten amaieran nagoen sentipena daukat. Hiru disko izan dira, eta nahiko nuke beste zerbait egin aurrerantzean, nire bizitzako momentu luze baten inguruko hiru disko izan direlako” (1). Lan horretan, soinu elektrikoan murgildu zen abeslari azkoitiarra; ordura arte bere lanetan erreferentzia izan den biolontxeloa bazterturik, gitarretan oinarritu zen, inoiz baino rockeroago agertzeko. Horretarako, gitarrista berri bat hartu zuen taldean, Borja Iglesias (Hotel, Inoren Ero Ni), eta diskoa Karlos Osinaga musikari eta soinu teknikariarekin (Lisabö) grabatzea erabaki zuen. Soinua aurrekoetan baino gogorragoa da, baita hitzak ere. Iraupenari buruzko “Zebra” abestitik abiaturik, bakarrik egotearen inguruan sorturiko gogoetak biltzen ditu diskoak.
Atzean izan zuen taldea inoiz baino gehiago izan zen taldea. Hortaz, aurrerantzean, “Anari gara” esanez aurkeztuko du bere burua kontzertuetan. Musikarien jotzeko erak Anariren nortasunarekin bat egin zuen. Mikel Abregok, Xabier Olazabal Drake-k, Jon Oiartzun Jomes-ek, Borja Iglesiasek eta Karlos Osinaga Txap-ek (teknikaria) osatu zuten zuzeneko taldea. Berriz ere, kritikariak goraipatu egin zuen Anariren lana, eta, esaterako, 2005ean Espainian argitaraturiko disko onenen zerrendan jarri zuen Bartzelonako Rockdelux aldizkariak, bigarren lekuan hain zuzen.
Diskotik diskora aldatu egin nahi izan du Anarik: “Niretzat aldatzea ezinbestekoa da sormena bizirik izan nahi badut. Beste lurralde batzuetara eraman behar dut neure burua. Asma liteke, ala ez, baina nik aukeratu dudan aldaketa da, eta hori ona da” (2).
Geroago etorri zen Irla izan laugarren diskoa (Bidehuts). 2009ko uztailean grabatu zuen aurreko diskoko musikariekin, eta udazkenean argitaratu zuen. Disko honetan kantuak batzen dituen kontzepturik ez dagoela nabarmendu zuen Anarik. Beñardo Goietxe (Morau, Mugaldekoak) eta Joaquin Pascual (Surfin’ Bichos, Mercromina) gonbidatu zituen diskoan kolaboratzera. Zuzenekoetan, Mariano Hurtadok (Inoren Ero Ni) hartu zuen Jomesen tokia.
2013ko otsailean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian jo zuen Anarik, eta handik gutxira Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Bi emanaldiok grabatu egin zituzten, eta bietatik hartutako kantuekin Bidea eta denbora zuzeneko diskoa (Bidehuts, 2013) argitaratu zuen. Halaber, Imanol Urbietaren omenezko diskoan, Bakarrik eta libre (2013), parte hartu zuen Anarik, “Gitarra bat” kantuaren moldaketa eginez. Horrez gain, beste zenbait kantu grabatuak ditu Anarik askoren artean egindako diskoetan: “Postariarena“ (Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan, Esan Ozenki, 1997), “Ilargi barruan” (Oztopo guztien gainetik Bonberenea, Bonberenea Ekintzak, 2002, “Muga kanta” (Acuarela Songs, Acuarela, 2004) eta “Antzinako bihotz” (Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak, Bidehuts, 2010).
Fermin Muguruza, Eraso!, Lisabö, Tulsa, Kraussk, eta Doctor Deseoren diskoetan kolaboratu izan du Anarik, besteak beste.
Testua: Ainara Gorostitzu
bizi zaituen animalia izu hori
zeru gorri baten pean mundua gurutzatzen
azazkalak, ilea eta beldurrak
baino hazten ez zaizkizuna
animalia horrek
bere bizkarrean idatzita daramatza
laztanez eta harramazkaz
itzalen izenak:
gizon eta emakumeenak,
leku eta egunenak,
denak ederrez eta minez
izen horiek denek osatzen duten zerrenda
zuk kaltetuen zerrenda,
zuk eta zeu ere,
behin geuk eraikitako ametsen eraiste neurtuak,
desertzio, desertuak, larrialdietako deiek
denak banan-bana zure aurrekari penalak:
zeru gorriak, oreinak eta orfidalak
gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeretarako
emerjentziazko planak
denak banan-bana, zure aurrekari penalak:
makrojuizio intimoak, sexua, heriotza eta orfidalak;
gehiegi luzatu ziren salbuespen egoeretarako
emergentziazko planak.
eta zuk bizitza deitzen diozun bide horrek,
zuri beti sasitu izan zaizun arren,
bere ederrak eta minak idatzi dituzten
zure aurrekari penalak:
zeru gorriak, oreinak, desertu eta maitaleak
horiek denak bizkarrean
karraio daramatzan
animalia izu eta ederra zara.