Hogei urteko ibilbidean musikari askoren bidelagun izan arren, duela bospasei urte igaro zen estreinakoz lehen lerrora Iban Urizar, Andrakan taldeko gidari bihurtzearekin bat. Orain berriro itzuli da taula gainera, orduko bulkadari segika, baina orduko apustu folkiean tokirik topatu ez zien kantuei beste jite bat emanda. Bakarka dator, arriskatzera. Aldean dakartza gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta bestelako perkusio tramankuluak; bere berea du ahots tarratatua. Eta looper bat darabil, horiek guztiak behar bezala nahasteko, ordenatzeko, eraikitzeko, apurtzeko.
Amorantek iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Eta hasiz gero kantuen aldamioei erreparatzen, han ere era askotako keinuak aurkituko ditu entzuleak, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak. Baiki, tradizioak pisu handia du Amoranterentzat, baina ez tradizioa ulertuta modu sakratu eta aldaezinean, ezpada zerbait berria sortzeko ezinbesteko zimendu bezala. Hori baita Amoranteren bigarren osagaia, tradizioa bezain ezinbestekoa: inprobisazio askea. Kantua etengabe aldatzen ari den zerbait da harentzat, eta, hortaz, aurrez ezarritako gidoirik gabe aritu zale da, unean uneko jardun erabatekoan, balizko akatsek bide ematen diotelako lehendik egindakoa beste zerbaitetan transformatzeko.
Ezohiko musikaria da Amorante, bai bazterrotan behinik behin. Ezohikoa, batetik, askotariko erreferentziak batuz iruditeria oso pertsonala osatzea lortu duelako, eta, ezohikoa, bestetik, apustu zintzo bezain zirraragarria delako berea, gutxitan antzematen den benetakotasuna dariolako bere jardunari. Eta artista bati nekez eska dakioke hori baino gehiago.
Testua: Kepa Matxain
Kanposantuko banketea / Haigu (Madril, 2020.02.15)
Madrilgo Mirror jaialdian eskainitako kontzertuaren zatia, Voragine TVk grabatua.
Madrilgo Mirror jaialdian eskainitako kontzertuaren zatia, Voragine TVk grabatua.
ISPILUAREN AURREAN
GORPUTZ GUZTIA MIATZEN DUZUNEAN
ARNASA EUTSIZ ETA HATZMARKAK IKUSIZ
ATEA ITXIRIK, MALKOAK ZINTZILIK
INORK EZ DEZAN PENTSA
NOR ZAREN EZ DAKIZUNIK, SEGURUNIK
BITARTEAN EZ DEZAN PENTSA,
BERA DELA ZELA PRENTSAN
AGERTUKO ZEN IZEN ETA LETRA GIZEN.
BEHIN BATIAN LOIOLAN, ERROMERIAN ZAN
HANTZEN IKUSI ZINTUDAN
AZERIA BAINO ERE ARINAGO DANTZAN
TA ATZETIK SEGITZEAN
ESKUTIK HELTZEN SAIATU ZINENEAN
BULTZA TA LURRERA BOTA ZINTUDANEAN
BEHEKO KALEAN TOKATU PAREAN SAREAN
ARMIARMAN GURAIZAK SARTZEAN, SABELEAN
IHESI, SAREA MOZTEA LORTZEA
EZEZKOA ZER DEN ESAN TA ULERTZEN EZ DUZUNEAN
BEHIN BATIAN LOIOLAN ERROMERIAN ZAN
HANTXEN UTZI ZINTUDAN
BEHIN BATIAN LOIOLAN NESKATXA BAT PLAZAN
ERASOTZEN SAIATU ZINENEAN