Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikitia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle-a…). Hasieran, bakoitzaren –batez ere Goikoetxearen eta Artolaren– egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.
Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.
Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)… Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.
Albokaren berririk ez da izan azken aldian. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua. Joxan Goikoetxeak berriz, hainbat disko argitaratu ditu bere izenarekin –Lehenengo geltokian (Elkar, 1988), Goazen lagun (Aztarna, 1996), Supernova (Canton, 2000), Innervisions (Aztarna, 2007), Angel Unzurekin –Kollage, (Elkar, 1991)– edo Juan Mari Beltranekin —Beti ttun-ttun (No-CD Rekords, 1999)—, eta zenbait ikuskizunetan hartu du parte: Neguan izan zen (Xabier Leterekin), Sortuko dira besteak, Egunsentiaren kantak… Halaber, hainbat kantariren diskoetan grabatu du pianoa edota akordeoia.
Testua: Andoni Tolosa
Denak berdintzen omen gaituen heriotz gezurrezkoak,
batzuen hezur desagertuak, besteen tumba urrezkoak...
Ez ditu denak berdin argitzen historiaren ezkoak,
su harez gero pasatu dira laurogei urte kezkoak...
ta bakearen lore bitxiak erroak fusilezkoak.
Fusilak gauak zaintzen zituen inork ez zezan amestu,
matxinoez gain izango ziren zenbait salatari prestu,
denen artean horma eraiki eta bidea errextu,
ta azkeneko errukarriak fusila hartzean estu,
esku batek bost hatzamar baina hatzamar hark zenbat esku?
Esku zikinak asko izanak estaltzen ditu krimenak,
pistaren batzuk izango dira oraindik bizi direnak,
mututasuna betirako da jotzean azken orenak,
behingoz egiak aska ditezen astindu begi barrenak,
fusilatzean bat da hiltzaile, ixiltasunean denak.
Nork otoizten du, ta oroitzen du, ezjakintasun osoan...?
Malkoa ere nekez jausten da zehaztu gabeko soan?
Noraezean hemen gabiltza atzerakako pausoan,
kale izenak denak nahasturik fusilatuen auzoan,
ta zein zaila den gogoratzea egia bere lausoan.
Bake beltz honen lore bitxia gal dadila elurrean,
ta ez dadila berriro hazi erroturik beldurrean,
justizi pixkat eskatzen dugu hormatzarraren aurrean,
eta egia hartutakoan gure esku ahurrean,
beste bake bat ereingo dugu oroimenaren lurrean.