Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikitia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle-a…). Hasieran, bakoitzaren –batez ere Goikoetxearen eta Artolaren– egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.
Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.
Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)… Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.
Albokaren berririk ez da izan azken aldian. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua. Joxan Goikoetxeak berriz, hainbat disko argitaratu ditu bere izenarekin –Lehenengo geltokian (Elkar, 1988), Goazen lagun (Aztarna, 1996), Supernova (Canton, 2000), Innervisions (Aztarna, 2007), Angel Unzurekin –Kollage, (Elkar, 1991)– edo Juan Mari Beltranekin —Beti ttun-ttun (No-CD Rekords, 1999)—, eta zenbait ikuskizunetan hartu du parte: Neguan izan zen (Xabier Leterekin), Sortuko dira besteak, Egunsentiaren kantak… Halaber, hainbat kantariren diskoetan grabatu du pianoa edota akordeoia.
Testua: Andoni Tolosa
Mila beatzireun gañera ogei ta
Amaseigarren urtian
Gerra triste bat sortu zitzaigun
Españiyako partian
Esan biarrik ez dago zala
Soldaduentzat kaltian
Ni ere kintak arrapatuta
Or ibili naiz tartian
Amaika amaren seme sartu da
Urte auetan lurpian.
Bizkayan Yurre izena duan
Erri batian sartuta
Bizirik juxtu atera nintzan
Sari ederra artuta
Mayatzak ogei ta lau zituan
Egunian erituta
Kamilleruak jaso niñuten
Geyena odol ustuta
Ospitalera ekarri naute
Tiruak anka moztuta.
An bi anayak elkarren kontra
Giñala guk ez genekin
Inkurriorik gabe alkarri
Tiroka fusillarekin
Urrena berriz ospitalian
Bildu giñan alkarrekin
Negar egiñaz berak esana
Ordun pena ederrarekin:
“Ire oiñ oyek jotako balak
NERONEK TIRAKO NIZKIN!”