Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikitia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle-a…). Hasieran, bakoitzaren –batez ere Goikoetxearen eta Artolaren– egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.
Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.
Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)… Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.
Albokaren berririk ez da izan azken aldian. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua. Joxan Goikoetxeak berriz, hainbat disko argitaratu ditu bere izenarekin –Lehenengo geltokian (Elkar, 1988), Goazen lagun (Aztarna, 1996), Supernova (Canton, 2000), Innervisions (Aztarna, 2007), Angel Unzurekin –Kollage, (Elkar, 1991)– edo Juan Mari Beltranekin —Beti ttun-ttun (No-CD Rekords, 1999)—, eta zenbait ikuskizunetan hartu du parte: Neguan izan zen (Xabier Leterekin), Sortuko dira besteak, Egunsentiaren kantak… Halaber, hainbat kantariren diskoetan grabatu du pianoa edota akordeoia.
Testua: Andoni Tolosa
Gizon pipartzaleak
Xelebreak dire,
Xelebreak dire
Tabernan alkarrekin
Opatzen badire.
Alkarri belarreske
Maiz egoten dire
Maiz egoten dire;
Farra egin lezake
Oiei begire.
Edan eta pipatu
Alditik aldire
Alditik aldire
Farra egin lezake
Oiei begire.
Basoa eskuan ta
Aren zain jendea
Aren zain jendea
Lurrera dariola
Agoko lerdea.
Lena berriz esaten
Patxadan ordea
Patxadan ordea;
Nazkagarria da txit
Olako urdea.
Begiak zabal zabal
Argal ikustea
Argal ikustea
Nazkagarria da txit
Olako urdea.