2014.06.04
El Columpio Asesino taldearen aurreko diskoko esaldirik famatuena da, eta baita kontzertuetan abestuena izaten dena ere.
Ehunka gizonemakume kantutan, ahots bateratu eta baturatu batez:
¡Carretera y speed… toda la noche!
Iruñeako taldea gure txapeldunak izan ziren duela 15 bat urte, gure txapeldunak deitzen diot Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi duen orori, eta aurkeztu zuten, orduko maketa hartan, euskaraz abestutako kanturen bat ala beste, gainera epaimahaikideon espioitza zerbitzuak argitu zigun El Columpioko baten bat, edo bat baino gehiago, edo denak, berdin dio, San Fermin ikastolan ibilitakoak zirela edo.
Gauean zehar, gau osoan, are gau osoan zehar erredundantea… Ez dakit ondo nola euskaratu, gaztelaniazkoaren indarra gal ez dezan.
Orain disko politiko bat egin du El Columpio Asesinok, diote, diogu, hitz politikoez osaturiko kantuekin, mendebala pipiak jota dago, Erroma berria kristalezkoa da eta lehertzera doa, auto-bonba batek eztanda egin du Moskun, Veneziako hatsa gero eta jasangaitzago, super-merkatu bat sutan Madrilen, eskaparate hautsiak San Valentin egunean, ferry bat noraezean kapitainik gabe.
Tira, esaldirik politikoena, niri, ez adibide modura jarri ditudan arestiko horiek, baizik eta, ohi bezala, halaber poetikoena iruditzen zaidan ondorengo hau —diskoa izendatzen duen esaldia— iruditzen zait:
Ballenas Muertas en San Sebastián…
Politikopoetikoa.
Non?
En San Sebastián.
El Columpioren indar nuklearra, maite ditugun pop talde gehienena bezalaxe, ultra-indibidualismo batetik sortzen da, errepidea eta espita gauean zehar, eta zerbat idatzi dut horretaz azken Pop Pilulak fantzinean, eta baita Boligorriaren blogean ere, Nacho Vegasen azken disko politikoa dela eta, RDL aldizkarian egin zioten elkarrizketa ad hominem baten kari.
Ezagun da, ordea, gurean, euskaraz, oraintsu arte kontrakoa izan dela nagusi.
Musika anti-nuklearra.
Kari…
Baina orain zer, eta bizi gaituen konstelazio honetan, non eta hain desberdinak diren bertoko eta inguruko astroen dentsitateak, ba nola esan ba, halako norabide aldaketa bezalako zerbait ikusten hasi gara bai planetaren —Espainia— bai eta sateliteen —Catalunya, gu— errotazioan ere:
Espainolez dabiltzanak hasi dira guka egiten —politikoki idazten—, eta tira, Resituación ez zait ba oso disko eraginkorra iruditu.
El Columpiorenean badago, besteak beste, Cristina arrasatearraren momentutzar —momentuizar?— hau.
Baina euskaraz dabiltzanen artean, ordea, lehen aldiz nagusitzen hasi da gutasunetik barruragoko pop-rock nuklearrago bat, nahiz eta oraindik oso post-nerabe den, eta momentuz zu eta ni —edo zu eta biok— zirkulu konzentrikoaren orbitan baino ez du hegan egiten, nitasun nuklearrean erabat amildu gabe.
Nik garbi daukat, kari…
Duela lauzpabost urte konpaktatzen hasi zela, hain zuzen ere katalanez abestutako pop kostunbrista nagusitzen hasi zen garaian, Catalunya independentziara eraman dezakeen indar nuklearra.
2 IRUZKIN
Julen 14.06.06
Lodosa ez da Arrasate
Fermin Etxegoien 14.06.06
A, Cris ez da arrasatearra?
Horrela uste nuen.
Ia seguru nago, ordea, badela neurri baterainoko arrasatearra…
Ez nahikoa, agian…
Comments are closed.