Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2017.10.04

Jon Eskisabel

“Sound systemak dira gaur egungo erromeriak”

Elkarrizketa: Juantxo Arakama (Glaukoma)

Irailaren hasieran Tolosako Bonberenean eskainitako bi kontzertuen ostean, Glaukomak Kalima aurkezteko birari berrekingo dio aste honetan. Arrasateko gaztetxea (urriak 5), Bilboko Stage Live aretoa (urriak 7), Gasteizko Jimmy Jazz aretoa (urriak 28), Donostiako Intxaurrondo kultur etxea (azaroak 4 ), Miarritzeko Lurrama azoka (azaroak 11), Bartzelonako Apolo aretoa (azaroak 18, Lágrimas de Sangreren talde gonbidatu gisa) eta Ondarroako Beikozini aretoa (azaroak 25) izango dira taldearen lehen geltokiak.

glaukoma

Glaukoma taldea 2010. sortu zuten Tolosan.

Zazpina kantuko bi disko labur argitaratu ondoren, Glaukomaren hirugarrena lan mardula da —binilo bikoitza, 67 minutu, 14 abesti—. Lau urte igaro dira aurreko diskotik, nahikoa denbora taldeak ziklo hura amaitutzat eman eta beste bat irekitzeko. Boskotearen sustrai musikalak ez dira aldatu —reggaea eta bere aldaerak (raggamuffin, dancehall-a…), rapa eta rocka—, ezta hitzetako jarrera kritiko eta zirikatzailea ere, baina begirada beste bat da: “zazpi urte daramatzagu, esperientzia irabazi dugu, gauza gehiago ikusi dugu eta hasieran izan genezakeen inuzente puntua galdu dugu”, dio Juantxo Arakama abeslari eta letren egileak (Tolosa, 1989).

Taldekideak herri ezberdinetakoak izanik —Tolosa, Donostia eta Irun—, nola elkar ezagutu eta osatu zenuten Glaukoma?
Ni 14-15 urterekin hasi nintzen letrak idazten, gehienbat rapeatzeko letrak ziren. Batxilergoan Iker Pando ezagutu nuen. Rock abestien bertsioak egiten zituen talde bat zuen, eta talde horretan zegoen Jokin Albisua ere. Pare bat alditan kolaboratu nuen beraiekin zuzenean. Hirurok elkartzen hasi ginen jotzeko, berotu egin ginen eta talde bat sortu behar genuela erabaki genuen. Ikerrek Pablo Rubio (bateria) ezagutzen zuen, eta nik Asier Arandia (baxua). Tolosako Otsabi auzo elkartean hasi ginen entseguak egiten, eta 2010ean eman genuen lehen kontzertua. Glaukoma hasi genuen reggaea egin nahi genuelako. Taldekideok zortea izan dugu hezi garelako musika zaletasun handia dagoen familietan. Diskoak beti egon dira gure etxean, garai guztietako musika entzun izan dut kotxean gurasoekin, eta 13-14 urterekin hasi nintzen gurasoei diskoak kentzen, Dire Straits eta horrelakoak. Baina rock diskoen artean beti zegoen Bob Marley. Gero hasi ginen ska entzuten, Kortatu… eta 17 urterekin edo, krak bat egon zen gure bizitzan. Arandia eta biok 2006an egon ginen Fermin Muguruzak BECen jo zuen kontzertuan, Euskal Herria Jamaika Clash diskoarekin [18/98+ auzian auzipetutakoen alde]. Telonero gisa Bad Sound System aritu zen; guk garai hartan ragga pixka bat entzuten genuen, Morodo eta abar, baina bapatean topatu genuen Bad Sound System bezalako talde bat, eta guretzat la bomba izan zen… Ferminen kontzertua itzela izan zen baina ni handik atera nintzen izen horrekin: Bad Sound System. Gero jakin genuen Irungoak zirela eta bere kontzertuetara joaten hasi ginen, eta horrelako zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan barruan, reggae eta raparen arteko nahasketa, reggaearen alderdi erritmikoena aprobetxatuz… Batxilergoa eta karrerako lehen urteetan reggae pila bat entzuten hasi ginen, reggae autentikoa ezagutzen… Ordura arte uste genuen reggaea zela Europara iristen zen reggae komertziala, baina deskubritu genuen ezetz, askoz zabalagoa dela.

Baina rapak eta rockak ere pisu handia dute Glaukoman.
Ez gara ohiko reggae talde bat, rock talde baten antz handiagoa dugu reggae talde batena baino. Zentzu horretan ez gara batere puristak; skank-ak esaterako, oso teknika zehatza eskatzen dutenak, gure modura egiten ditugu eta kito. Rapa hasieratik egon da taldean. Aspalditik entzuten dugu rapa taldekideok. Niretzat ariketa bera da reggae edo rap bat idaztea, aldatzen dena oinarri musikala da, baina bi estiloak anai-arrebak dira. Rockak gure taldean agian ez du indar estrukturala, nolabait esatearren, baina bai janzten du reggae edo rap abesti bat estetika edo testura horrekin. Asko gustatzen zaigu distortsioak erabiltzea, Iker eta Jokinek gero eta pedal gehiago erabiltzen dituzte, eta horrek ematen digu roots reggae edo reggae doinu bigunetatik aldentzeko aukera.

Hasiera oso azkarra izan zen. Lehen hiru urtean bi disko atera zenituzten. 
Taldea osatu eta hiruzpalau hilabetera grabatu genuen lehen abestia, “Zorionak, Izaskun”, Tolosako Izaskun auzoko jaietarako. Hortik abiatuta, guri materiala uzten zigun Indekitxen taldearekin eta beste birekin —Dolce Tangana eta Switch— Sputnik bilduma osatu genuen 2011n, eta Bonbereneak animatu gintuen lehen diskoa grabatzera. Horrela sortu zen Vol. 1. Lehen diskoarekin 30-40 kontzertu eman genituen, gelditu eta segidan Vol. 2 grabatu genuen. Garai ezberdinetan egindako kantuak ziren eta uste dut nabari dela. Ziklo baten barruan sartzen ditugu bi diskoak, inertzia baten barruan etorri zirelako, eta Kalima-k horrekin moztu egin du, nahita.

Hirugarrenerako lau urte pasa dira azkenean, baina oker ez banago, hasierako ideia 2015ean grabatzea zen.
Bai. Bigarren diskoarekin 2014. urte osoa pasa genuen jotzen, 60 kontzertu inguru eman genituen, eta erabaki genuen gelditzea, printzipioz disko bat egiteko. Baina atera zen Bad Sound Systemekin zerbait egiteko proposamena. Guri berez kantu bat egitea asko kostatzen bazaigu, pentsa zer den beste talde batekin egitea, askoz zailagoa, bi ikuspegi diferente direlako, bi formatu diferente —rock taldea eta sound systema…—. Hasieran kantu bakarra egin behar genuen, baina azkenean bi izan ziren [Sua zaintzen, 2015], eta EPa aurkezteko kontzertuetan talde bakoitzak bere saioa eskaini ordez, burua berotu zitzaigun eta erabaki genuen bi orduko errepertorioa prestatzea bi taldeak batera. Beraz, batetik, uste baino denbora gehiago hartu zigun horrek, eta bestetik, diskoa egin nahi genuen presarik gabe, eperik jarri gabe. Denbora eman nahi genion eta gu gustura gelditu.

Kalima-k ziklo bat moztu duela esan duzu.
Ez genuen Vol. 3 egin nahi. Lehen bi diskoak garai konkretu baten isla dira, baina lau urte pasa dira, eta orain beste zerbait egin nahi genuen. Atera dena ez da oso ezberdina, jarraitzen du aurreko ildoa, baina kontzeptualki, ez genuen aurrekoa jarraitu behar izateko obligaziorik nahi. Berriro hasi nahi genuen, zerotik.

Disko honetako kantuak irekiagoak dira estrukturaren aldetik, eta ematen du garapenek pisu handiagoa hartu dutela melodiek baino. Ez dira berehala sartzen diren kantuak, entzunaldi gehiago eskatzen dute.
Ez dakit, guk ez dugu nahita egiten. Ez gara eseritzen eta erabakitzen kantua nola egingo dugun. Askotan oso ideia txikietatik abiatuta hasten gara abestia egiten, eta uste dugunean ez duela ezer gehiago behar amaitutzat ematen dugu estrukturaren aldetik.

Zein da konposatzeko duzuen metodoa?
Abesti bakoitza mundu bat da. Batzuetan ni etortzen naiz esaldi batekin, edo paragrafo batekin; beste batzuetan Jokinek akorde bat ekartzen du, edo Arandiaren baxu lerro batetik abiatzen gara… Ideia baten gainean jotzen hasten gara denok batera, ni hasten naiz flow-ak inprobisatzen, silabeoa egiten, ikusteko zer aukera ematen duen erritmo horrek…. Sortzen ari garenean ia dena grabatu egiten dugunez, baita inprobisazioak ere, interesgarria iruditzen zaiguna berreskuratzen dugu gero. Horrela, pixkanaka sortzen joaten da abestia.

juantxo_bilbo_komantxe

Juantxo Arakama, 2014an Bilboko Aste Nagusian emandako kontzertuan. (Josetxo Perez)

Eta hitzak, kantua jada bukatuta dagoenean idazten dituzu edo abestia garatu ahala sortzen dituzu?
Normalean saiatzen naiz oinarri baten gainean idazten. Batzuetan joaten naiz paragrafo batekin lokalera. Esaterako, “One, two” abestiaren lehen paragrafoa idatzita neukan lokalera joan aurretik. Lokalean erritmoa aurkitu behar izan genion. Argi neukan funk erritmo bat nahi nuela, baina ateratzen zitzaizkigun erritmo gehienak oso serioak ziren, eta hori ez zen nire nahia, ironiatik jo nahi nuen… Saiakera asko egin genituen. “Semen de tinta”-n aurreneko zatia egin nuen a cappella abesteko, eta gero hasi ginen erritmoa jartzen. Tenpoa ondo egokitzen zen, eta hortik aurrera dagoen letra erritmoaren gainean egin nuen. “D.Q.E.M. (saudade)” abestiaren kasuan, hitzak eta melodia eraman nituen lokalera, eta horien gainean hasi ginen moldaketak egiten. Oso abesti pertsonala da, oso sentimentala, eta taldekideei esan nien beraiek erabakitzeko diskorako balio zuen edo ez, nik ez nuela iritzirik emango.

Hain zuzen, abesti horretan honako hau diozu: “El folio es un espejo blanco que te refleja fiel, no puedes mentirle al papel” (“Zintzo islatzen zaituen ispilu zuria da orria, ezin diozu gezurrik esan”).
Ez dakit Black Mirror telesaila ikusi duzun… [sakelako telefonoa atera du] Ispilu beltza da hau, hemendik jasotzen dugu informazio guztia. Niretzat orria da ispilu zuri bat. Ni ez naiz gai gezurretik idazteko. Behin Bad Sound Systemeko Mastak esan zidan: gu ez gara interpreteak, edo izatekotan, geure buruaren interpreteak gara. Raparen eta reggaearen munduan, normalean, abeslaria bera da idatzi behar duena abestuko duena, ez da nahikoa izaten ahots on bat edukitzea. Hain zuzen, ahots onik izan gabe arrakasta duen jendea dago, gatz handikoa delako. Ni-tik idazten dudanez, ezin diot gezurrik esan paperari. Ez zait ateratzen. Saiatuz gero ere ezingo nuke. Idazketa zure buruarekin aurrez aurre jartzeko modu bat da. Hor dago paradoxa, zure burua irakurtzen ari zara, zure burua entzuten ari zara abesten.

Euskaraz edo gaztelaniaz idatzi, erregistro ezberdinak erabiltzen dituzu: kaleko hizkera eta ahozkotasuna lantzen duzu euskaraz; gaztelaniaz, berriz, estiloa poetikoagoa da, erregistroa formalagoa, eta lexikoa jasoagoa.
Baliteke, ez dakit zergatik. Agian da gaztelaniaz ez dugulako hain ezberdin hitz egiten eta idazten; euskaraz, norbere euskalkia dugu, kasu honetan Tolosaldekoa, euskara batuaren oso antzekoa dena baina ezberdina. Niretzat ia bi ariketa diferente dira euskaraz eta gaztelaniaz idaztea. Euskaraz dibertigarriagoa da; gaztelaniaz, esaldi bat ontzat ematea gehiago kostaten zait. Gaztelaniaz errimak etortzea agian errazagoa da, baina gustura geratzea ez, aurrez entzunda daukazun zerbaiten antza hartzeko aukera gehiago dagoelako. Euskaraz ez dago apenas erreferentziarik. Idazterakoan niri gustatu behar zait, eta kito. Ni naiz epaile bakarra, sinisten dut nire irizpidea ona dela, eta niri entzutea gustatuko litzaizkidakeen gauzak idazten saiatzen naiz.

“Bi ariketa diferente dira euskaraz eta gaztelaniaz idaztea. Euskaraz dibertigarriagoa da; gaztelaniaz, esaldi bat ontzat ematea gehiago kostatzen zait”

“Helduaroak eta bizi ditugun egunek erre egiten dute gaztaroko alaitasuna”, dio Eneko Barberenak promozioko orrian. Ezkorragoa da Kalima?
Ez dakit ezkorragoa den, agian baikorra izateko beste modu bat da. Ez dira nahastu behar baikortasuna eta lañotasuna, inozo izatea. Baikorra izatea da pentsatzea denak duela irtenbide bat, irits daitezkeela une hobeak. Baina horretarako errealista ere izan beharra dago. Beraz, baikorra eta errealista. Glaukomak beti eduki du puntu hori, gustatu zaigu gauzak modu zuzenean esatea, poesia ere asko gustatzen zaigu, baina zaska bat eman behar denean ematen da. Orain 27-29 urte ditugu, eta errealistagoak gara. Gehiago ezagutzen dugu mundua… Jende batek esaten du disko helduagoa dela. Ez dut uste heldutasun kontua denik. Nik uste dut aldatu garela edo eboluzionatu dugula, baina norabidea berbera da, agian sakonago begiratu dugu oraingo honetan… Taldeak esperientzia hartu du, zazpi urte daramatzagu, eta eszenan, jaialdietan eta kontzertuetan ikusten ditugun gauza batzuk itsusiak dira. Agian galdu dugu inuzente puntu hori.

“One, two” kantuan hitz egiten duzu horretaz. “Etorkizun iluna gure zaharren rock’n rollak / Momia bilduma, errautsak eta formola / Laister babesle ofiziala Iberdrola / Quieren seguir en el dollar / Durangoko Azoka euskal photo-call-a / Hau da oaintxe bertan herri honen zoru estetikoa”. Eta segidan, zeure buruari aitortzen diozu “hardcore” jarri zarela.
“One, two” da modu bat esateko euskal kutura ez dagoela gainontzeko kulturek izan ditzaketen gauza itsusietatik kanpo euskaldun izateagatik. Arreta deitzeko da, askotan ematen baitu euskaraz egiten den guztiak balio duela. Gauza asko justifikatzen dira euskaraz delako.

Adibidez?
Komunikabideak. Ikusi besterik ez dago atzo [urriaren 1ean] ETBk Kataluniari emandako tratamendua. Ez da Espainiako hedabideek eman diotenarekiko oso ezberdina. Edo zer entretenimendu klase ari da bilatzen ETB euskaldun munduarentzat. Batzuentzat justifikatuta dago euskaraz delako, baina zaborra zaborra da, edozein dela hizkuntza. Euskal Herrian gehien entzuten den irratian, Gaztean, zer talde jartzen dituzten… Bueno, orain gure diskoa ari dira jartzen eta harrituta nago horrekin… (barreak) Euskal eszena ez da ia aldatu azken 10 urteetan. Industriari pila bat kostatzen zaio arriskatzea. Hip hoparen inguruan gauzak benetan serio egiten ari den jendea dago, gaur egungo musika ordezkatzen duena, bizi duen munduari begietara begiratzen diona. Zergatik ez daude Gaztean? Bad Sound System, Nizuri Tazuneri… Nizuri Tazuneri iraultza bat da, nire ustez, euskarazko musikan, trap modernoa egiten. Euskal kulturarekin ahoa betetzen zaigu, baina gero ez dago ausardiarik arriskatzeko, talde horiek kontzertu handietan programatzeko, edo irratietan jartzeko…. Zazpi urte daramatzat Durangoko Azokara joaten Bonbereneako salmahaira, eta beti aurpegi berdinak ikusten ditut. Talde berriak testimonialak dira. Horren errua industriak dauka, edo kultura manejatzen duen jendeak.

Argi dago jauzi kualitatibo bat eman duela hip hop eszenak, baina bada entzulerik?
Nik uste dut baietz. Aurten Donostiako Piratek antolatutako Bad Sound Systemen kontzertuan parte hartu nuen eta gaztez beteta zegoen, erabat sartuta kontzertuan, hankaz gora. Atzetik datorren gazte jendea dago, gaur egun rock-and-rolla entzuten ez duena. Nik gazteekin egiten dut lan [gizarte hezitzailea da Arakama] eta ez dute ezer jakin nahi rock-and-rollarekin. Belaunaldi berriek ez dute rock-and-rolla entzuten ez euskaraz ez ingelesez. Reggaetoia, hip hopa, trapa, reggaea, dancehall-a… entzuten dute. Euren errealitatea gertuago ikusten dute musika horren bidez. Zalegoa badago eta badator, baina oraindik oso hasieran dago. Ez dakit zer aterako den hortik, baina magma bat badago. Nire ustez, etorkizuna hor dago, rock-and-rollak ez du berriz izango orain arte izan duen indarra.

“Gazteek ez dute ezer jakin nahi rock-and-rollarekin. Reggaetoia, hip hopa, trapa, reggaea, dancehall-a… entzuten dute. Euren errealitatea gertuago ikusten dute musika horren bidez”

Sound systemak dira gaur egungo erromeriak, “Pixkanaka”-n iradokitzen duzuen bezala?
Niretzat hala dira. Hemen, Tolosan, gazte pila bat ari da reggaea entzuten, lan pixka bat egin delako. Esaterako, Otsabi elkartean hilero, azken igandean, egiten da reggae saioa. Little Martin eta Urbi Selektah dira etxeko DJak, eta MC diferenteak etortzen dira. Oso inprobisatua izaten da baina oso festa polita montatzen da. Horrekin urtebete daramagu eta gazte pila bat etortzen da, 15-17 urtekoak, koadrila osoak… Aurten Sanjoanetan koadrila egunean Ziribuliok pintxatu zuen, eta oso ondo egon zen. Berdin Anoetako festetan, Bad Sound Systemekin. Jendea erabat sartuta zegoen, pull up-ak eskatzen, hizkuntza manejatzen, izerdi patsetan… Guk Irunen aurkitu genuen giroaren antza hartzen ari da.

“Gure kaiola” abestian genero eraikuntzaz eta estetikarekiko mendekotasunaz hitz egiten duzu. Izenburua Tolosako elkarte baten izenetik hartu duzu, emakumeak diskriminatzeagatik nabarmendu dena.
Elkartearen izenak asko esaten du, ezta? Elkarteak beti izan dira gizonezkoenak, eta gizonezkoen kaiolak izan dira elkarteak. Generoaren eraikuntza sozialari buruzko kantua egin nahi nuen, eta azaldu generoaren bereizketa existitzen den une beretik existitzen dela zapalkuntza bat. Gizonezkooi dagokigu mezu feminista zabaltzea, jarrera matxistak salatzea, gure kaiola haustea. Zein izan da nire herriko jarrera matxista nabarmen bat? Bada, adibidez, elkarte honek urte askotan eraman duena. Ez dut ulertzen nola 2017an egon daitekeen elkarte bat emakumeei bazkide izatea debekatzen diena, eta urteko egun batean, Ostegun Gizenean, elkartean sartzea ere debekatzen diena. Azken arau hori aurten aldatu da, zorionez, baina pertsonalki asko eragin nauen gai bat da, batez ere tolosar bezala.

“Ume izateari uzteko ez daukat presik” (“Outro”)
Musika egiteak ume izatetik asko dauka, jolas bat da azken finean. Letrak egitea jolas bat da niretzat. Batzuetan oso sentimentala izan zaitezke, niri letra bat egiteak asko afektatzen nau, eta alderantziz, asko afektatzen nauen zerbaitek eramaten nau letra bat idaztera, baina jolas bat da. Metrika bat asmatzea, akordeak sartzea… Orduan inoiz ez diogu ume izateari uzten.

ETIKETAK:Bad Sound SystemFermin MuguruzaGlaukomaJuantxo ArakamaKortatuNizuri Tazuneri