Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2016.12.28

Izkander Fernandez

“Soinu propioaren bila gabiltza oraindik”

Elkarrizketa: Haritz Lete (Kokein)

Hainbat urtez inguratzen zaituzten taldeek denboran luzatzen den ibilbide gorabeheratsua mantentzen dutela egiaztatzerakoan, ezin duzu izua sentitzea saihestu. Askotan musikaren historiarako, edo gure istoriorako, garrantzitsuak diren mugarriak soilik hartzen ditugu kontuan, eta ahazten dugu ordea, iraupen-lasterketa batekin lotura estua duen rock-and-roll talde baten existentziak meritu kalkulaezina duela. Are gehiago, existentzia horrek distira eta garrantzi handiko lan berrien helduera posible egiten duenean. Kokein taldea une horietako batean dago. Lurpekhariä, zentzu askotan, boskotearen diskorik aberatsena da. Indartsuena eta irudimentsuena. Melodiaren eta erritmoen arteko konbinazio posibleekin adeitsuena, nahiz eta betidanik eibartarrek melodiarekin harreman estua izan duten. Kokeinen jarraitzailea bazara, diskoak mugarri bat ezarriko du taldearekiko zure maitasun istorioan. Eta ez bazara, Lurpekhariä aukera ezin hobea da Kokeinek markatzen duen eremuan lurperatzeko.

Kokein

Jatsu Argarate + Ruben Txitxes + Zaloa Urain + Haritz Lete + Iker Saenz Zaitegi = Kokein.

Diskoaren promozio orrian Koldo Otamendik hamabost urterekin talde bat sortzea erraza dela esaten du.           
Gu beranduago hasi ginen, 20 urteren bueltan edo. Baina talde bat sortzea, berez, ez da zaila. Lau lagun elkartzea eta talde bat osatzea ez da zaila. Gure lehenengo disko edo EParekin 70 kontzertu eman genituen. Ia astebururo jotzen genuen eta hainbat lekutan egon ginen. Gure esperientzia behintzat ez zen zaila izan.

Kokein hor betidanik egon dela ematen du baina 2000ko hamarkadan heldu zineten musikara, Interneten eta diskoen artean.
Diskoak saltzen ziren garaia ezagutu genuen eta noski, baita Interneten garaia ere. Gaztelupeko Hotsak-en laguntza izan genuen lehen diskoetan, eta gero Izan Interneten ipini genuen, jendeari nahi zuena ordaintzeko aukera emanez. Zoritxarrez, hau izan da ekonomikoki gure esperientziarik txarrena, deskargen eta sarreren artean ez baitzen orekarik egon.

Eta orain biniloak saltzen dira berriro…
Formatua gustatzen zaigu eta biniloaren kontsumitzaileak gara. Formatuak bere puntua daukala uste dugu. Gainera, talde bezala beste zeredozer eskaintzen duzu biniloa kaleratzen baduzu. Eta guri ere beste talde batzuen biniloak erostea gustatzen zaigu. Zaleak gara eta bakoitzak bere diskografia pertsonala dauka biniloan. Formatu fisikoak duen xarman sinisten dugu.

“Aurreko diskoa, ‘Izan’, Interneten ipini genuen, jendeari nahi zuena ordaintzeko aukera emanez. Zoritxarrez, hau izan da ekonomikoki gure esperientziarik txarrena”

Hurrengo diskoari begira agian CDrik ez duzue kaleratzen.
Ez dago oso argi. Oraingo honetan biniloa eta CDa kaleratzea aukeratu dugu eta oso pozik gaude. Oso zaila da jakitea zer egingo dugun baina bueno, kasetea ere bueltan da. Nork daki?

Orokorrean, musika kontsumitu, erosi, ordaindu egiten duzue?
Nire kasuan musika erosi egiten dut, deskargatzen dut eta plataforma digitaletan erosi eta entzun izan dut. Hori norberaren izaerarekin loturiko gauza bat da eta momentuarekin erlazionatuta dagoena. Deskargatzen dugu, bai. Baina ez da ahaztu behar guk ere diskoa sarean doan ipini genuela orain dela urte batzuk.

Nola aldatu da gure rocka zuek hasi zinetenetik orain arte?
Rocka ez dakit berez aldatu den. Agian eszena eta joera dira aldatu direnak. 90eko hamarkadan beste era bateko taldeak ziren kontzertu potoloetan aritzen zirenak. Gaur egungo egoeran ska talde asko daude eta, bestalde, rock talde asko ez dira agertzen. Agian ez da zirkuiturik existitzen horrelako taldeentzako.

Zuen ustez, musikariak melomanoak izaten dira normalean? Sortzeak musikaz disfrutatzetik aldentzen zaitu?
Musikari asko bai, melomanoak gara. Talde ertain eta txikien liga horretan behintzat horrela dela uste dut. Egia da musikari bezala, sortzaile bezala, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten dituzula, baina gauza bera gertatzen da musika asko entzuten duen pertsona batekin, denborarekin zerbaitek zu harritzea zailagoa suertatzen da. Orain dela gutxi Mikel Larratxerekin hitz egiten nuen eta azken urteetan bere barrua mugitzen duen talderik ez duela aurkitzen esan zidan. Eta nik gauza bera sentitzen dut. Hasieran deskubritzeko asko daukazu baina urteekin gero eta zailagoa da.

“Jendeak utzi egin genuela pentsatzen zuen, batez ere eszenatoki baten gainean ikusten ez gintuelako. Baina astean behin lokalean biltzen jarraitu dugu”

Bosgarren diskoa iadanik kalean. Disko bakoitzak azalpen bat du, zergati bat? Zein da Lurpekhariä-ren kasuan?
Izenburuak momentuaren erakusle dira nahiz eta zergati argi bat ez izan. Disko honen kasuan, beste disko batzuk baino landuago eraman genuen estudioan. Jendeak utzi egin genuela pentsatzen zuen, batez ere eszenatoki baten gainean ikusten ez gintuelako. Baina astean behin lokalean biltzen jarraitu dugu, eta azkenengo bi urteetan sortzen, gainera. Urpekariaren metaforarekin jolastu dugu: urpean dagoena, inork ikusten ez duena baina beti hor gora begira dagoena. Gu lokalean horrela sentitzen ginen. Kanpokoa ikusten genuen baina kanpokoak ez gintuen ikusten. Era berean, gu lurrekoak gara urekoak baino gehiago, eta horregatik lurpekariarena. Eta azkenik, haria, haritik tiratzearena.

Lurpekhariä heldutasunaren diskoa bezala uler dezakegu?
Diskoarekin oso pozik gaude baina ez dugu gure artean heldutasun kontzeptuari buruz hitz egin. Lagunek eta inguruko jendeak bai esan digute talde helduagoa nabaritzen dela disko honetan. Ez gara kontziente izan horretaz. Agian disko honekin norabidea inoiz baino gehiago pentsatu dugu eta gero nahi genuen diskoaren atzetik joan gara.

Lehenengo diskoetan erreferentziak garbiagoak ziren. Edo errazago azaleratzen ziren. Gaur egun, ordea, Kokein bere soinu propiotik hurbilago dagoela esan dezakegu?
Gure helburua abesti hauentzako ahalik eta soinurik aproposena bilatzea izan da eta ez horrenbeste soinu propioaren bila ibiltzea. Hasiera batean genituen abestiekin Karlos Osinagaren beharra ikusi genuen eta bere bila joan ginen. Eta beregana joateko erabakia ezin hobea izan dela uste dugu, bere eskuarekin abestiek asko irabazi dutela uste dugu. Abesti bakoitzak soinu bat eskatzen digulakoan nago eta horren arabera joaten gara soinu orokorra sortzen. Baina soinu propio-propioa ez dakit daukagun. Oraindik bila gabiltzala esango nuke.

Zelan azalduko zenukete diskoen arteko tarteak gero eta handiagoak izatea?
Tarteak naturalki sortu dira. Ez dauka zerikusirik abestiak egiteko zailtasunarekin. Gure erritmoa eta gure lan egiteko modua daukagu. Abestiak denon artean bukatzen ditugu lokalean eta ez da normala aurretik abestia bukatua eramatea. Gure egoera pertsonal ezberdinengatik lehen denbora gehiago pasatzen genuen lokalean orain baino, eta hori izan daiteke produktibitatean izandako aldaketaren arrazoi bat. Lokalean amaitu behar baditugu gure kantak, lokalean ordu gutxiago baldin bagaude, erritmoa beste era batekoa izan behar da. Eta horrela egiten dugu, larregi arduratu gabe eta gure burua presionatu gabe.

Zerk bultzatzen zaituzte aurrera talde moduan jarraitzeko?
Oso gauza sinple batek: oso pasionalak gara musikarekiko. Musika entzuterakoan eta jotzerakoan. Elkarrekin astean behin lokalean geratzea lortzen badugu, hori izaten da normalean asteko momenturik ederrenetariko bat, nahiz eta batzutan gogorra den, gauez goazelako. Baina badago zerbait, barruko indar bat edo ez dakit zer, bultzatu egiten gaituena musika egitera eta talde moduan funtzionatzera.

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Urtarrilak 6: Gasteizko Jimmy Jazz aretoa (+ Willis Drummond). Sarrerak salgai
  • Urtarrilak 27: Andoaingo gaztetxea (+ Eraso!)
  • Otsailak 16: Bilboko Kafe Antzokia. Sarrerak salgai
  • Martxoak 17: Durangoko Plateruena (+ Perlak)
  • Martxoak 25: Amurrioko Burubio kultur etxea (+ Niña Coyote eta Chico Tornado)
ETIKETAK:Gaztelupeko HotsakHaritz LeteKokein