Elkarrizketa

Ilargi Agirre

2016.07.18

Ilargi Agirre

“Soinu baten bila joan ginen Londresera eta aurkitu dugu”

Elkarrizketa: Baobabs Will Destroy Your Planet

Hegazkina hartu eta itsasoa zeharkatzea erabaki dute euren lehen diskoa grabatzeko. Ez noranahi joateko, gainera. Londreseko Abbey Road estudio mitikoetan ondu du Baobabs Will Destroy Your Planetek euren lehen lana. Eta Britainia Handiko ukitu nabarmena dute argitaratu dituzten hamar kantuek. Pop argitsua egiten dute Eneko Reketibatek (bateria), Daryna Sadtxikovak (teklatuak) eta Eymard Uberetagoenak (gitarra eta ahotsa). Azken honek kontatu dizkigu taldearen nondik norakoak.

Baobabs

Eymard Uberetagoena + Daryna Sadtxikova + Eneko Reketibate = Baobabs Will Destroy Your Planet.

Garagardo batzuen artean parrandan sortu omen zenuten taldea.
Eneko (gaur egungo bateria) eta biok 2014ko Kutxa Kultur jaialdian egokitu ginen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina lagun baten bidez garagardo batzuk edaten bukatu genuen biok. Enekok bota zidan: ‘Zu euskalduna zara eta gitarra jotzen duzu ezta?’. Bai. ‘Eta zergatik ez dugu egiten indie estiloko talde bat euskaraz?’. Parrandaren erdian geundenez, ez nion sinesgarritasun handirik eman, eta hurrengo goizean berriz galdetu behar izan nion ea proposamenari eusten zion. Hala sortu genuen taldea.

Eta hasieran dena abiadura bizian joan zen.
Bai. Hilabete pare bat uzteko esan nion nik nire kabuz etxean abestiak sortzeko, baina Enekok handik hiru astetara deitu zidan lehendabiziko maketa grabatu behar genuela esanez.

Batere entseatu gabe?
Bai (kar, kar), eta teklistarik ere ez geneukan. Iraila bukaera zen. Urriaren hirugarren astean lau abesti grabatu genituen, eta Mirentxu Asinek jo zituen teklatuak. Gauzak hain azkar egitea positiboa izan zela iruditzen zait freskotasun puntu hori lortu genuelako. Lau abesti horiekin hasi ginen pixka bat zuzenekoetan mugitzen, eta 2015eko Gaztea Lehiaketan Kafe Antzokiaren sari berezia eskuratu genuen.

Zuen lehendabiziko diskoa grabatzera Londresera joatea erabaki duzue. Zer dela-eta?
Britainia Handiko talde asko geneuzkan erreferentzia gisa. The Stones Roses, adibidez. Zerbait ezberdina eskaini nahi bagenuen euskaraz, ez bakarrik konposizioaren edo musikaren aldetik, soinuari ere garrantzia ematea ezinbestekoa zen. Soinu ezberdina lortzeko argi geneukan Britainia Handian grabatu nahi genuela. Gainera, Iñaki Llarena ekoizlearekin lan egiten dugu, eta bera askotan joan izan da hara lanera. Iñakik berak proposatu zigun Abbey Road estudioa. Kontuak egin, eta aurrera egitea erabaki genuen.

“Zerbait ezberdina eskaini nahi bagenuen euskaraz, ez bakarrik konposizioaren edo musikaren aldetik, soinuari ere garrantzia ematea ezinbestekoa zen”

Llarena aipatu duzu. Aurreprodukzioan, lan handia egin duzue berarekin ezta?
Bai. Leire Aranguren eta Iñaki Llarenak asko lagundu digute. Soinu teknikarien lana egiteaz gain, benetako ekoizleak dira. Aholku asko ematen dituzte: ‘hemen errepika hau kenduko nuke eta beste hau egingo nuke’ eta halakoak. Iazko irailean hasi ginen eurekin kontaktuan, eta otsailera bitartean abestiei buelta asko eman genien. Tarteka entseguetara ere etortzen ziren. Soinu konkretu bat bilatzeko orduan asko lagundu digute.

Otsailean izan zarete grabatzen. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Oso ona. Ostiral gauean iritsi ginen Londresera eta larunbatean, egun batean, grabatu genuen diskoa. Eguerdi alderako grabatu genituen base guztiak denak batera jotzen , eta arratsaldean, ahotsak eta moldaketa batzuk sartu genituen.

Zer sentitzen da Abbey Road bezalako estudioa batean egotean?
Nik uste dut hain kontzentratuta geundela, agian hurrengo egunetan gehiago baloratu genuela. Iristen ari zaren bitartean, kanpoan argazkiak ateratzen ikusten duzu jendea, eta badakizu leku historiko batean zaudela. Pasilloak ere argazkiz beteta daude. Pentsa, guk grabatu genuen estudioan The Beatlesen Revolver edo Pink Floyden The Dark Side of the Moon grabatu ziren. Emozio handiko uneak izan ziren hasieran. Horrez gain, hango teknikaria gure abestiekin kristalaren bestaldean dantzan ikusteak alaitasun handia eman zigun. Kasabianen gisako taldeekin lan egin duen norbait zure abestiekin hala egoteak poza ematen du.

BWDYP2

Iruñeko indie pop hirukotea 2014. urtean sortu zen.

Denboraren perspektibarekin uste duzu merezi izan duela hara joateak?
Bai. Zalantzarik gabe. Pertsonalki izugarrizko esperientzia izan da. Hori inork ezingo digu kendu. Egia da bestelako zama batzuk izan direla, ekonomikoak… baina merezi izan du. Diskoarekin oso gustura geratu gara. Soinu konkretu baten bila joan ginen Londresera eta aurkitu dugu. Iñakik nahasketekin ere asko lagundu digu.

Lehendabiziko euskal taldea izan zarete han grabatzen.
Egia da asko balio izan digula promozio moduan, baina anekdota hutsa da. Gure intentzioa da gure musika zabaltzea, eta ez horretan bakarrik geratzea.

Madchester soinua etortzen da burura zuen kantuak entzutean. Zein talde dira zuen erreferentziak musikalki?
Bakoitzak bere musika entzuten du taldean, baina badauzkagu denoi gustatzen zaizkigun taldeak ere. The Stone Roses, The Raveonettes, The Pains of Being The Pure At Heart… Enekori asko gustatzen zaizkio Los Planetas indie estiloko musika taldeak.

Estilo hori jorratzen duten euskarazko talde gutxi ikusten direla esan izan duzue.
Estatu mailan egiten den indie motako taldeak badaude gurean: Grises, Kometa… Indie etiketa oso zabala da, ordea, eta guk Britainia Handiko indiea jorratzen dugu. Inguruan inor ez dugu ezagutzen halakorik euskaraz egiten duenik. Egon egongo dira, oso handinahia da bakarrak garela esatea, baina ez daukagu inor buruan.

Nola sortzen dituzue abestiak?
Enekok egiten ditu normalean hitzak. Bidaltzen dizkit, eta nik melodiak sortu, eta hitzak melodietara moldatzen ditugu. Ondoren, entseguetan erritmoak, sintetizadoreak… sartzen ditugu.

Hitzak sentimenduei buruzkoak dira gehienbat ezta?
Jende askok esaten digu hitzak kriptikoak ote diren. Guk ez dakigu hain kriptikoak ote diren. Ez dago hausnarketa handirik, egunerokotasunarekin lotutako gauzei buruz idazten dugu. Polita da bakoitzak bere erara sentitzen dituela oso unibertsalak direlako.

Autoekoizpenaren aukeraketa egin duzue.
Gure kontaktuak bageneuzkan, baina horixe erabaki dugu. Diskoetxe batek ematen dizuna baino gehiago kentzen dizu normalean. Lana da, baina fruituak ematen dituenean guretzat da dena. Abestien eskubideak ez genituen galdu nahi.

Zuzenekoetan-eta zer inpresio jasotzen ari zarete entzuleen aldetik?
Inpresio ona. Egia da kostatzen dela pixka bat kontzertuetako zirkuituetan sartu, eta jendea erakartzea. Baina pixkanaka erantzuna sentitzen ari gara. Jaio berriak gara, denbora gutxi daramagu, eta ari gara bidea egiten.

Euskal Herritik kanpo ere eman duzue kontzerturen bat ezta?
Bai. Madrilen jo genuen, eta Bartzelonako Euskal Etxean genuen kontzertua bertan behera utzi behar izan genuen autoa hondatu eta ez ginelako iritsi. Espero dugu berriz ere bueltatzeko aukera izatea. Udazkenean Parisko Euskal Etxera goaz jotzera, eta horrek ere ilusio handia egiten digu.

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Abuztuak 12: Zarauzko Marmol tabernan
  • Urriak 15: Parisko Euskal Etxean
  • Urriak 17: Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan
  • Urriak 29: Beasaingo Jazzpana jaialdian
ETIKETAK:Baobabs Will Destroy Your PlanetKometa