2022.09.23
Luzea izan da, baina azkenik esku artean daukagu Danajan proiektuaren diskoa. Rafa Cabezak bere laborategian konposatu eta gauzatutako kantu bildumak euskarri fisikoa topatu du, eta azken hogei hilabeteetan argitaratutako bideoklip sortari ginga jarri dio. Lan eklektikoa, gehienetan abiadura eta botere handikoa baina ñabardura eta ikuspuntu anitzen faltarik ez daukana: ezin ahaztu zazpi minututik gorako “Satan txiki” konplexua, ezta “Itxaropenaren geltokian” balada ere. Bideoklipen kalitatea ere aipagarria dugu. Horretan, berriz ere, Unai Arana aritu da nagusiki.
Kaixo Rafa, azkenean hemen daukagu Danajanen diskoa argitaratuta! Hogei hilabete pasa dira gutxienez kantuen bideoklipak Youtubera igotzen hasi zinetenetik.
Bai. Pandemia garaian hasi ginen eta orain arte. Gai izan gara eskura genituen baliabideekin hau aurrera ateratzeko. Konposaketa, grabaketak… Dena nahi genuen eran plazaratzen joateko. Proiektu bera ere aldatzen joan da hasieran aurreikusi genuenetik honaino.
Garaiak aldatu dira, baita promozioa egiteko moduak ere. Kantuak pixkanaka argitaratzen joateak bide berriak irekitzera eraman zaituzte. Gainera, taldearen inguruan misterio handia egon da, eta taldekideak nor ziren ere jakiteko denbora asko itxaron izan behar genuen. Suposatzen dut kantuak eta bideoak egin ahala eboluzio bat egon dela, eta taldea bera behin eta berriz birsortu eta kide berriak hartzen ibili dela.
Bai, bai, garai latzak bizi izan ditugu denok. Mundua geldirik, kontzerturik ez… beste era batera eraiki behar zen dena. Alperrik zen disko oso bat plazaratzea kontzertuan defendatzeko aukerarik gabe… Hasierako ideia kantuak banan banan plazaratzen joatea zen, bideoklip xume baten laguntzarekin eta kolaboratzaile eta lagun desberdinak gonbidatzea festara. Azkenean, lagun horiek ohiko kolaboratzaile bilakatu ziren eta azkenean taldeko partaide. Horregatik misterioa.
Azkenik behin betiko laukotea osatuta, hilabete batzuren ondoren disko fisikoa iritsi da. Zuzenekoetara jauzia egiteko momentua gertuago dago!
Bai. Baina hau ere gure erritmoan egingo dugu. Presarik gabe. Taldekide bakoitzak bere talde eta ibilbide luzea du bizkarrean eta gauzak ondo antolatu behar dira. Orain arte erronka izan da musika konposatu eta grabazio prozesu osoan independente izatea. Gai izan gara musika hori sortu eta plazaratzeko. Zuzenekoek beste prestaketa bat eskazen dute baina pausoz pauso eszenatokira gerturatzen joango garela ziur naiz.
Kantuen bideoklipetan partaide ezberdinak ikusi ditugunez, haietako batzuek konposaketan parte hartu dutela suposatu genezake. Horrela izan bada, lehen aipatu puntura bueltatuko gara. Behin-behineko partaideak izan dituzue nahita, ala esperimentu moduko bat egin duzue? Zenbat musikari pasa dira taldetik?
Nik konposaturiko abestiak izan dira guztiak eta gehienetan nik grabatu ditut instrumentu denak, bateria ezik. Kolaborazioak eskatzen ditudanean lan gehiena eginda dago nahiz eta bakoitzak bere ekarpena egiten duen.
Abiadura azkarreko kantu sorta bildu duzue. Hor dauzkagu “Bala gizona”, “Zarata”, “Boga eta boga”, “Kale gorrian”, “Dena gezurra da”… rock-and-roll ziztadak, bultzada punk rockeroa falta ez dutenak, eta gitarra bakarlariaren zirimola eta patroi jostagarriak han hemenka, adibidez “Boga eta boga” eta “Kale gorrian” entretenigarrietan. “Dena gezurra da”-n aldaketa nabari da atzetik entzuten den gitarra potoloan…
Energia handiko kantuak aukeratu ditugu. Estilistikoki gustuko dugun musika jorratu dugu muga gehiegi jarri gabe. Punk, rock eta gitarra riff gogorrak. Badugu ere kanta akustiko bat eta zazpi minutuko instrumental luzea. Opera rock!
Aipatu ditugun lehen lau kantuak dira berrienak. Beste guztiek hamar hilabete dauzkate gutxienez. Kantu zaharrenen artean ere ez da erasoaldi bizkorrik falta (“Dena gezurra da”, “Gau ilun hartan”…) baina bestelako piezak ere badaude. “Itxaropenaren geltokian” balada, adibidez, sorpresa handia izan da, batez ere U.K. Bill eta Utikan taldeen jarraitzaileentzat.
Etxean asko jotzen dut gitarra akustikoarekin. Gustuko ditut arpegioekin jotzea, slidea erabiltzea… horrek zure estilotik ateratzera behartzen zaitu. Bide berriak esploratzera. Azken aldi honetan afinazio berriekin frogatzen ari naiz. Sol irekia, Re… Oso inspiragarria da.
“Munstroak” oso geldoa da eta “Satan txiki”, argitaratu zenuten lehenengoa, moldez kanpokoa dugu guztiz. Zazpi minutu irauten du, eta bere pasarte progresibo eta irudimentsuekin zuen kantarik onena dela uste dut. Beste sorpresa bat.
“Munstroak” nire gustukoenen artean dago, hitzengatik batez ere. Ume koadrila bati buruzko ipuina da, Erdi Aroan kokatua. Oso hunkigarria. “Satan txiki”, berriz, erronka bezala jaio zen. Enkargu bat. Instrumentala izan behar zuen, amaierarik gabea eta nire erosotasun eremutik urruti egon behar zuena. Orain arte egindako guztiarekiko antzik ez zuen zerbait. Hain joko zelai zabalarekin, zukua atera nien teklatu, hammond, soka eta orkestrazioari. Pelikula baten soinu banda bezala hartu nuen. Pasarte gogorrak hasieran, sekzio lasaia erdian, igoera eta klimaxa orkestraren laguntzarekin eta bukaera gogorra. ¾ konpasarekin konposatu nuen, eta honek bals kutsua ematen dio.
Rock-and-roll sustraia ere bilatu duzue, eta “Mother Fakhir” guztiz estilo horretakoa da, 50. hamarkadako inozentzia guztia dauka, eta pianoa ere ez da falta!
50. hamarkadan plazaratzen ziren single horiei egindako omenaldia da. Gure funtzionatzeko era eta garai haietan egiten zena oso antzekoa baita. Abesti bat konposatu, grabatu, plazaratu eta hurrengoaren bila. Piano eta Hammond teklatuan Iñaki Amondarainek (Lolas Club) lagundu zidan eta bideoklipa Mikel Anteroren lan bikaina da.
“Gau ilun hartan” indartsua da oso, eta gitarrak egiten dituen eskalak, gorakadak eta jolasak atentzioa ematen dute berehala. “Pailazoo” ere benetan gozagarria da. Koordinazio handia erakutsi duzue kantu honetan, eta orokorrean ere, estudioan ondo landutako abestiak direla esango nuke.
Abesti metalikoenak dira. Thrasha topera! Bideoak ere ikusgarriak dira. “Pailazoo”-n marrazki bizidun ikaragarriak egin zituen Lander Aionek; sekulako lana. “Gau ilun hartan” sorginen inguruko abestian, Maite Usoz baxuan eta Naroa Arozena panderoan izan ditugu. Zer esanik ez, bideoan Arana familia ia osoa izan dugu antzezlanak egiten. Hainbeste pertsona izan dira lagundu digutenak ezin ditugula denak eskertu…
Nolabaiteko kronologia bat egiten saiatu gara, eta kantuen aniztasuna begi bistakoa den arren, hasieran esperimentatzeko gogo handia zenutela esango nuke, eta azken kantuetan kantu azkarrak, motzagoak eta gitarreroagoak bilatu dituzuela dirudi.
Hasierak horrela izaten dira. Askatasun osoa behar duzu nahi duzuna gauzatzeko, ez baitakizu noraino iritsiko zaren. Gainera, gure kasuan gauza irekia zenez, hilabetez hilabete plazaratzen zen zerbait alegia, ez genuen estilo bakar batera mugatu nahi. Hala ere, azkenean abesti denak diskoan bildu ditugunean ikusi dugu zentzua baduela. Ez da nahaste borraste bat.
Iker Iparragirre U.K. Billen taldekide izan zenuen azken urteetan. Unai Zabala Asgarth taldeko gitarra jolea dugu, baina nor da Iñaki Udabe? Atabalak astintzen lan ona egin du eta estilo ezberdinetara erraz egokitu dela dirudi.
Iñaki Usurbigo (Gipuzkoa) Floxbin taldean dabil, eskarmentu handiko musikaria eta kristoren atabal jole ona da. Opari bat da berarekin kontatzea, egia esan. Beste biak ez ditut ezagutzen, kar-kar-kar!
Taldearen sorrera 2020an kokatu behar dugu? Zein momentutan hasi zinen kantuak konposatzen eta entseatzen? Nondik etorri zen gisa honetako proiektu bat sortzeko ideia?
Ni beti nabil musikarekin endredatzen. Badut abesti pilo bat hor, noizbait kaleratzeko zain. Disko honetako zaharrenak 2018koak dira. Pandemiako garairik gogorrenetan musikarekin jarraitzeko bide berriak jorratu behar zirela ikusi nuen. Internet bere baliabide guztiekin erabiltzea erraminta ona da. Ez du zuzenekoek ematen dutena ematen baina hor dago. Beraz, helburua hori zen: nola edo hala aurrera egin ahal izatea, baliabide gutxirekin baina aske eta pozik.
Kantuak non grabatuak daude? Denak leku berdinean eta ekoizle berdinarekin, ala aldatzen joan zarete? Diskorako kantu batzuk berriz grabatu dituzuela uste dut, berriz nahastu eta birmasterizatzeaz gain.
Basea Bunkerrean daukagu, Añorgan dagoen soto bat. Hor sartu nituen ordenagailu, instrumentu eta traste guztiak eta hor eman diogu forma honi guztiari. Gauza batzuk bakoitzak bere etxean grabatu ditugu. Bateriak Iñakik bere kabuz egiten ditu. Teknologiak gaur egun ematen dizkigun abantailak aprobetxatzen saiatzen gara.
Ezohikoa da egin duzuena, inondik ere. Liher taldeak Hemen herensugeak daude diskorako kantu guztien bideoklipak egin zituen, dena istorio bat bezala kontatuz, baina zuek banaka argitaratu dituzue.
Uste dut horrela zarata gehiago egiteko aukera izan dugula. Disko bat plazaratzean nobedadea bukatzen da. Baina era honetan, pentsa, bi urte pasa ditugu bukatu arte. Dena alderantziz egiteko dugun ohitura izan liteke ere, kar-kar.