Elkarrizketa

Lander Muñagorri

2016.12.26

Lander Muñagorri

“Nik nire bidea egingo dut, nahiz eta egurra jaso”

Elkarrizketa: Gari

Ilusioa eta indarra berreskuratuta dabil azken urteetan Iñaki Garitaonandia Gari musikaria (Legazpi, Gipuzkoa, 1963). Konfort gunetik atera da, eta hor indartuta sentitu da. Rocka konfort gune horietako bat zen harentzat, eta alboratu egin du azken diskoan: Estutu (Elkar). Talde berria ere badu, Maldanbera, eta gogotsu dago berriz ere talde batean aritzeagatik. Finean, prozesu berri batean murgilduta dabil. Astelehenean Donostiako Viktoria Eugenian zuzenean ariko da, eta publikoak bertan ikusi eta entzun ahal izango du Gariren etapa berria.

2016-12-22, Bilbo. Gari, musikaria 22-12-2016, bilbo. Gari, músico Gari

Maldanbera taldearekin grabatu du Garik ‘Estutu’ lan berria. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Rocketik urruntzeko gogoa zenuela azaldu zenuen diskoaren aurkezpenean. Zergatik?
Bide hori nahiko jorratuta nuelako. Azken zortzi urteetan talde barik jardun dut, bikote formatuan eta gauza asko frogatuz. Azken bi diskoak ere esperimentalak izan dira. Garbi daukat dagoeneko ez naizela gustura sentitzen entsegura iritsi, anplifikadorea piztu, bolumena igo, eta zarata horretan. Ezin dut. Gero eta urrunago nago espazio horietatik, eta diskoan ere hori ageri da.

Disko honetan, kutsu barnerakoiagoetara jo duzu.
Niretzat apustu bat izan da; mugak nola gainditu, horretan aritu bainaiz. Gainera, nire konfort guneetatik aldentzen naizenean, gero eta ilusio handiagoa sentitzen dut. Konfort guneetan mugitu izan naizenean, ez da ezer pizten nire barnean. Azken urteetan ilusio hori piztea lortu dut. Ez bakarrik Gari moduan, baita beste proiektuetan ere. Konfort guneetatik aldenduta datorkit sorkuntza eta indarra.

Ez da amaiera diskoarekin, behintzat, zerikusi gutxi du disko honek.
Disko hori zoroagoa izan zen. Lan horretan, beste ideia batekin sartu nintzen estudioan, kantuak itxi gabe baitzeuden, eta estudioan bertan itxi nituen. Diskoa amaitu bezain pronto konturatu nintzen bide hori amaitu nuela, eta beste prozesu bat hasi behar nuela handik aurrera. Prozesu horren abiapuntua taldea izan zen, eta ondoren ideia bat: hurrengo diskoan kantak izango zirela protagonista. Kanta itxiak, borobilak. Orain arte prozesua alderantziz izan baita. Kanta irekiak argitaratu, eta zuzenekoetan kantuen bertsioak egin.

Alegia, kantu horien bertsioak aurretik egin dituzula orain.
Hori da. Kantuak idaztera joan, eta etxeko lan moduan egin dut. Nire bakardadeko espazio horretan probatu ditut bertsio guztiak. Kontuan izan, era berean, kantuak zuzenean probatu ahal izan ditugula Iñigo [Astiz] eta Oierrekin [Larrañaga] prestatutako Gaizki moldatzen dira ikuskizunari esker. Horrek beste ikuspegi bat ematen dizu. Badakizu kantak funtzionatzen duen, ala ez.

“Nire konfort guneetatik aldentzen naizenean, gero eta ilusio handiagoa sentitzen dut. Konfort guneetan mugitu izan naizenean, ez da ezer pizten nire barnean. Azken urteetan ilusio hori piztea lortu dut”

Abestietako hitzetan askotan zuri buruz hitz egiten duzu: «Naizena eta nintzena/ gaizki moldatzen dira». Hala da?
Bai, gaizki moldatzen dira. Nola ez? Jonek ere [Benitok] tonu ironiko batekin jokatzen du testuan, eta tonuan ikusten da kezkarik eza. Eta hori asko gustatzen zait. Diskoak, nahiz eta grabetasun puntu bat izan, ez da grabea. Baina asmoa hori zen, lortzea halako puntu bat. Maldanberarekin ere lotzen dut hori guztia. Zenbait urte infernuetan eta tontorretan ibili ondoren, maldan behera zoazen heinean, gauzak beste modu batean ikusten dira: lasaiago, kezkarik gabe.

Tontorretik jaisten ari zara orduan?
Bai, baina ez espiritualki bakarrik, baita fisikoki ere. Norberak duen adinarekin, gainera. Nolabaiteko errepaso puntual bat egiten jartzen zarenean… Baina errepaso puntuala, zeren bestela nostalgian oso erraz erortzen baikara. Eta nostalgiatik edozein indar jasotzea oso konplikatua da. Nik, nolabait esateko, baditut motiboak atzera begiratzeko eta nostalgia ukitu hori besarkatzeko, baina ez dut halakorik nahi.

Zu beti izango baitzara Hertzainak-eko abeslari ohia. Noiz utziko dio Garik Hertzainak-eko abeslari ohia izateari?
Niretzat hori ez da zama bat. Abizen bat bezala erabiltzen da, eta ez dauka zentzurik. Tira, aspalditik ez dauka zentzurik, baina niretzat ez da zama bat. Nahiz eta herri txikia izan, badago publiko bat euskal kulturatik kanpo dagoena.

Publiko horrengana iristeko balio dizu abizen horrek?
Baina niri Hertzainak-en abizen horrek gaur egun ez dit ezer onik ematen, ezta txarrik ere. Halako abizen neutro bat bihurtu da. Denbora pasatu ahala, gauzak beste modu batera ikusten dira. Ez bakarrik protagonistek, baita gizarteak ere. Bere garaian Hertzainak-en sorrera garrantzitsua izan zen, baina gaur egun difuminatuta dago.

Diskoan denboraren iragana ere hainbatetan aipatzen duzu: «Iragan oker batetik nator/ Eta gaur nor naizen ere ez dakit». Hutsetik hasi, berriz ere?
Bai, beti. Hutsetik hasi, edo abentura berrietan murgildu. Nire kasuan, gauzak okertu zirenean, neure buruari galdera bat egin nion: Non nago? Espazio fisiko honetan? Ados, bada, has dezagun beste abentura bat hortik abiatuta. Horri eutsi diot, eta hor sentitzen naiz indartsu. Egia da, hala ere, azkeneko urte hauetan hainbat proba egiten aritu naizela eta, horren guztiaren ondoren, nire espazioa difuminatu egin dela. Publikoak ez du ulertu zertan ari naizen.

“Niri Hertzainak-en abizen horrek gaur egun ez dit ezer onik ematen, ezta txarrik ere. Halako abizen neutro bat bihurtu da. Ez da zama bat”

Publikoak ez du ulertzen zer egiten ari zaren?
Ez. Nik uste dut Estutu joera hori apurtzera datorrela. Desoreka horretatik dator, desoreka hori baretzeko eta orekatzeko. Eta publikoak eskertu du. Azken urteetan bikote moduan azaltzen ginenean gure makina eta proiekzioekin, ikusleen erantzuna sumatzen nuen. Inor ez zen ausartu diskoa gustatu zitzaion ala ez esatera. Disko horrekin ia ez nuen elkarrizketarik egin. Oso isilean igaro zen. Pentsatu nuen akaso eszenatik kanpo geratu nintzela, artista batzuei gertatu zaien bezala.

Eta disko honekin elkarrizketa gehiago egin dizkizute?
Zalantzarik gabe. Feedback-a handiagoa izan da. Atentzioa emateko ere egin dut; helburu hori ere banuen. Nahiz eta ibilbide luzea eduki, jendea harritzeko gaitasun hori erakutsi nahi nuen. Eta nabarmena da hori gertatu dela. Hedabideetan sumatu dut erantzuna.

Berriz ere itzulera bat izan dela esan daiteke orduan?
Bai. Orain arte zuzeneko bat bakarrik eman dut, eta jendeak errazago onartzen du proposamen hau.

Bikote izan ostean, orain talde bat duzu. Nola bizi duzu hori zuzenekoetan?
Ez da erraza. Jendea jasatea ez da erraza, eta alderantziz. Baina zuzenekoei buruz… Herri honetan ez daukagu egiturarik; hainbat arazo dauzkagu. Kulturan bi mundu ditugu Euskal Herrian: bata da ezker abertzaletik datorrena, eta bestea eskuin abertzaletik datorrena. Gero, konstituzionalistak daude, gure kulturarekiko ezer gutxi egin dutenak. Ezker abertzaleak zer egiten du? Martxa eta borroka kanpaina bat egiten dute, euren apustua, euren ideia eta euren ezaugarri bereziak ezarriz. Eta eskuin abertzaleak? Erakundeetatik diru banaketa bat. Trikitia egiteagatik honi ematen diogu diru guztia. Ez da serioa. Azkenean, zer nahi dugu? Gure musika ispilu izan dadin kanpotik etortzen direnentzako? Horretarako ofizioa landu behar da, eta horretarako egitura behar duzu.

Erakundeek ez dutela behar adina egiten, alegia.
Kultura ordezkariak beti izan dira kulturaren mundutik kanpo dauden pertsonak. Baina tira, horrek berdin du. Herri guztietan, udaletxe guztietan, badugu kultura sail bat, eta kultura ordezkari bat. Gaur egun, edozein herritan gure kulturarekin lotura dauzkaten ikuskizunak programatzea ez da hain zaila. Baina ez da egiten. Akaso denek bildu beharko zuten programa bat osatzeko, musikariok ez daukagulako gure profesioa nola garatu.

Programatzaileek programatzeari utzi diote?
Gero gaztetxeak daude. Hainbat gaztetxek ordezkari publiko horien lekua hartu dute. Ados, leku hori hartu duzuela garbi dago, baina orain hartu behar duzue euren dirua. Sekulako programazioa egiten duzuelako, bai, baina baldintzak ez dira hobetu.

Gaztetxeak kritikatzen ari zara horrekin?
Tira, ni oso kritikoa izan naiz beti. Zentzu batean, oso ondo iruditzen zait euren jarrera eta egiten duten lana, baina kontraesan izugarria azaltzen da momentu horretan. Benetan ez dagoela autokritikarik?

Prekarietateari buruz ari zarela, Txuma MurugarrenekArgia astekariari eman dion elkarrizketa batean, esan du kontzertuak emateari uztea pentsatzen ari dela. Baldintza eskasez kexu da, eta horrela ezin dela talde bat mantendu…
Ez talde bat, baina ezta pertsona bat gitarra batekin ere. Ofizioa landu beharra daukagu.

Zuk pentsatu duzu halakorik?
Ez, nire ustez hori amore ematea litzateke, eta ni ez nago horretarako. Alderantziz. Nik nire bidea egingo dut, nahiz eta egurra jaso. Esaterako, Enkarterrietan jo nahi baldin badut, ez dut itxaroten deitu nazaten, nik deitzen dut.

Estutu diskoarekin hainbat kontzertu itxita dauzkazu dagoeneko. Azken urteetan herri txikietan jotzeko apustua egin duzu.
Azken urteetan nire asmoa hori izan da, herri txikietara inguratzea. Garbi dagoelako hirietan espazio gutxiago dagoela. Gaur egungo gizartea su festa artean bizi dela iruditzen zait. Bilbon BBK Live daukate, eta Donostian Kutxa Kultur edo Jazzaldia. Ekitaldiak dira. Eta horietan zer azpimarratzen da? Musika? Ez. Ikuskizuna, festa. Elkartzeko leku bat da, eta bertan txatxi sentituko zara ziurrenik. Baina herri txikietan zer gertatzen da? Ikuskizun gutxi izaten diren herri txiki horietan zure kontzertua beste gauza bat bihurtzen da.

Zer?
Garesen [Nafarroa] izan naiz orain dela gutxi, udaletxeak daukan areto batean. Ikusleen artean hiru belaunaldi zeuden eserita: 60 urtetik gorakoak, 30 eta 50 urte artekoak, eta gazteak. Momentu horretan gustura sentitu nintzen. Niretzat publiko hori momentu horretan esperientzia bat jasotzen ari zen. Halako lekuetan hirietan baino gehiago jasotzen dugu artista guztiok. Bizkaian, Bilbotik Gipuzkoara bidean, badaude leku asko jo ahal izateko. Ados, baina Enkarterrin zer gertatzen da? Ez dago euskal kulturako eskaintzarik. Aretoak badaude, aurrekontuak ere bai, baina borondate politikorik ez.

(Berria egunkarian, 2016ko abenduaren 24an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:GariHertzainakIñigo AstizJon BenitoOier Larrañagatxuma Murugarren