Elkarrizketa

2016.05.16

Ander Perez

“Nahi nuke estilo aniztasuna izatea nire estilo propioa”

Elkarrizketa: Joseba B. Lenoir

Estilo eta izaera ezberdineko taldeetan —Sexty Sexers, Izaki Gardenak, Sumision City Blues, Willis Drummond…— ibili da, eta dabil, Joseba Baleztena (Bera, Nafarroa, 1984), baina geroz eta sendoago dago orain bost urte abiatutako bakarkako ibilbidean. Joseba B. Lenoir izena hartuta, puntako musikariekin ibili da azkenaldian Joseba B. Lenoir Gang taldean —Miren Narbaiza, Felix Buff, Ander Mujika, Xan Bidegain– eta emanaldi akustikoetan —Lutxo Neira—. Horiek denak elkartu ditu berriro bere inguruan, eta haiekin grabatu du asteon aurkeztuko duen diskoa: Eguzkiari begietara so. Argi du proiektu kolektiboetan jarraitu nahi duela, baina «gero eta argiago» du ere bakarkako lanean jarriko dituela indarrak.

Joseba B. Lenoir (Joseba Baleztena)  / Idoia Zabaleta (Argazki Press)

Joseba B. Lenoir abeslari eta gitarrista nafarra. (Idoia Zabaleta / Argazki Press)

Orain lauzpabost urte ekin zenion bakarkako bideari, baina berehala hasi zinen duoan Felix Buffekin, eta Gang taldearekin gero. Bakarka bai, baina bakarregi sentitu al zinen?
Lauzpabost urte izan dira, baina niretzat ematen du pasa dela hamarkada oso bat. Eta egia da, hasi nintzen bakarrik eta segituan pasa nintzen Felixekin jotzera duoan, baina niretzako nahiko eternoa izan zen. Hasi nintzenean Bartzelonan bizi nintzen, baina ez nuen lortu han musikari bezala nire ibilbidea gehiegi garatzea, eta beno, garrantzirik ez zuen nire lehen disko friki hark, baina egiten zitzaion kasu pixarra Euskal Herrian zen, eta kanpoan apenas. Nik kristoren energia pila jartzen nuen disko horretan eta gauza haietan, baina ez nuen sentitzen erantzun bat. Horregatik egin zitzaidan super luzea, baina egia erran dena izan da ti-ta. Bakarregi aipatu duzu, eta perspektibarekin konturatu naiz baietz, musikalki horrela ibili nintzela. Lagun batekin duela ez hainbertze etxean ari ginen zerbait hartzen, nire musikaz-eta solasean, eta ikusi genuen bakarka egin nuen lehenbiziko bideoa. Perspektibarekin konturatu nintzen baietz, egon nintzela bakarregi [barreak]. Lagunari egin nion komentarioa, eta grazia handia egin zion.

Hainbat taldetan jotzetik zentozen, eta apustua egin zenuen bakarka ibiltzeko. 
Ez nuen kontzienteki bilatu bakarka aritze hori. Bartzelonara ailegatu eta segituan egin nituen gauza batzuk, han zegoen Oskar Benas laguna eta gitarrista izugarria, eta berarekin egin genituen disko bat eta kontzertu batzuk. Garai hartan Maika Makovskiren gitarrista gisa zebilen, eta diskoa grabatu zuten harekin, eta nik ere bai. Kristoren banda ona zen. Baina egin genituen kontzertu gutxi, lauzpabost… Orduan, hasieran, nire borondatea ez zen gauzak bakarrik egitea, joan nintzen bizitzak horrela eraman ninduelako hara. Baina ez zenez atera gauzarik, pasa nuen denbora pila bat bakarrik jotzen eta barrenean nuen guztia atera behar izan zen nolabait. Ez naiz damutzen ere e! Ematen du igual erraten dudala hau dena tonu ilun batean eta gaizki pasa izan banu bezala, baina egia erran ez, ez nuen sufritu, eta uste dut ikasi nuela. Orain, adibidez, azken urte frenetiko hauek bizita, eskertuko nuke halako parentesi bat izatea berriro nire baitan sartu eta hausnartzeko, ez baitut denborarik egiten dudana gehiegi hausnartzeko.

“Azken urte frenetiko hauek bizita, eskertuko nuke halako parentesi bat izatea berriro nire baitan sartzeko, ez baitut denborarik egiten dudana gehiegi hausnartzeko”

Joseba B. Lenoir Gang taldearekin eman duzu azken urtea. Zer eman dizu?
Niretzat da luxu izugarria, eta gauza pila bat ekarri dizkit. Bultzada izugarria eman dit bakarkako kantak eta diskoak egiten jarraitzeko. Bai musikalki eta bai pertsonalki kristoren energia dosia izan da. Musikalki, azkenean lortu ahal izan ditut nire abestiak talde oso batekin eta behar duten indar, energia eta ñabardura guztiekin zuzenean aurkeztea. Aipatu duzu Gang, baina Gang osatzen duten musikariekin ere formatu ezberdinak daude: Felixekin hasieratik egindako duoa, Gakobeltzak deitzen duguna —Ander eta Mirenekin—, aldi berean Gang-en ez dago Lutxo, Gang-en Xan dago baxuan, baina gero Lutxo Neira baxu jotzailea egon da nirekin akustikoetan, eta diskoan ere parte hartu du. Honek ekarri dit gauza izugarri handi bat: abestiak kasik momentuan bertan egokitzeko aukera, kasik entseatu gabe interpretatzeko mila modu ezberdinetara. Iruditzen zait kristorena aldiro birak ematea kantak interpretatzerakoan, ez egitea beti zuzenean gauza berdina. Hori da taldeak ekarri didan gauzetako bat.

Oraingoan zuzenekoetan bakarrik ez, diskoaren osaketan ere hartu dute parte taldeko kideek. 
Bai, konposizioan ez gehiegi, baina hiru abesti grabatu genituen estudioan talde formatuan, zuzenean joz. Horietako bat jo izan dugu kontzertuan. Nik banuen kanta horren grabazio bat, nahiko akustikoa eta nahiko folkia, eta taldearekin jotzeko egokitu genuen. Azkenean diskoan forma horrekin joan da, taldeak eman dion nortasun horrekin. Baina gainerakoak orain arte bezala joan dira, nik konposatuta. Egia erran, bakarlari baten diskoa da, baina haien partetik laguntza izugarria jaso dut. Gehiena joan naiz etxean grabatzen, eta adibidez, ahotsekin Mirenen laguntza basikoa izan da, bai bere ahotsetan bai nire ahotsetan lagunduz. Eta denek jarri dute zerbait diskoan. Nahiz eta ez izan talde baten diskoa beraien zati handi bat hor dago.

Alde ederra dago zure bakarkako lehen diskoetatik azken honetara. Aurkitu al duzu estilo propiorik?
Ez dakit aurkitu dudan, oxala. Ez naiz gai hori esateko. Nahiko nuke gaitasuna izan nire estilo propioa estilo aniztasuna izateko. Eta hori, agian, poliki-poliki ikusiko da, hemendik bost urtetara egin dudan horrek guztiak koherentzia bat baldin badu. Hartzen baduzu lehen urteetako disko bat eta bukaerako bat, nahiz eta lehena izan Instroak, instrumentala eta esperimentalagoa, eta azkena elektronikako disko bat izan —ez dut uste, baina ez dut ezetz errango badaezpada—, koherentzia bat baldin badago orduan erran ahal izango dut aurkitu dudan edo ez. Baina nahiko nuke ezaugarria izatea aniztasuna, eta aniztasun horretan koherente izateko gaitasuna. Disko honetan ez dago instrumentalik, sartu behar nituen baina azkenean erabaki dut disko instrumental bat egitea aurrerago. Baina badaude kanta batzuetan instrumentalen oihartzun batzuk. Nahita egin dut keinuren bat.

“Bakarlari baten diskoa da, baina taldekideen partetik laguntza izugarria jaso dut. Denek jarri dute zerbait diskoan”

Instrumentalak ziren zure aurreneko lanak, baina ahotsa ezinbesteko osagaia da disko berrian. Aurreko lana, Tenpesta, aurkezterakoan zenioen “zubi lana” zela hura, trantsizio bat, “etorkizunean disko abestu bat ondu aurretik”. Hiru abestitan kantatu zenuen orduan, eta denetan orain. Hau da, beraz, etorkizuneko disko hori.
Bai, hau da, bai. [barrezka]

Erosotasuna aurkitu duzu kantatzeko? 
Erosotasuna igual aunitz erratea da, baina beldurrik jada ez dut, egia erran ez dut batere pentsatzen. Lehen, soinu frogan mikro aurrean jartzeak ematen zidan erreparoa, baina orain lasai noa… eta gozatzen dut, gozatu izan dut abesten ere. Gero entzuten dut eta ez zait gustatzen, baina tira… [barrezka]. Bai, hura zubi lana zen. Baina orain entzuten dut Tenpesta eta ez zait gustatzen batere nola abesten nuen, batere, batere, batere ez.

Eta oraingoan bai?
Oraingoan pixka bat gehiago bai, baina bueno, jarraitzen dut izaten gitarrista bat, ez naiz abeslaria.

Baina gitarrista eroaren roletik harago ere joan nahi zenuen, ezta? Musikari integralagoa izan, nolabait…
Bai, sentitu nintzen urte dezentetan sailkatua paper horretan, baina uste dut lortu dudala ahanztea. Orain lortu behar dut jendeak ezagutzea pixka bat nondik nora ibili naizen. Egin izan ditut gauza ezberdinak, ez bakarrik bakarka… Sumision City Blues-ekin ezagutzen nau Sumision City Blues jarraitzen duen jendeak paper horretan, Willis Drummondekin ikusi nauen jendeak ikusten nau rol horretan, eta abar… Lortu behar dut jendeak izatea ikuspegi hori. Baina behintzat sentitzen dut ez nagoela hain arduratua sailkapen hartatik ateratzeko.

Aldendu zara hasierako pieza esperimentaletatik. Kanta borobilagoak dira orain, gehiago lotuak kanta formatu ohikoarekin. 
Azken urteetan obsesionatua egon naiz —tira, ez da izan obsesio bat—, baina arreta handiagoa eman dit abesti borobilak egiteko gaitasunak. Hasieratik, Sexty Sexersekin abestiak egiten genituenetik, beti liatzen ginen pila bat eta bukatzen genuen lau minutu eta erdiko abestiak egiten, soloekin eta abar. Behin, joaten nintzen kotxean gidatzen eta entzun nuen The Nerves taldearen bi minutura ailegatzen ez den abesti bat, kristoren abesti puska; 1:50ean hasten da fade out bat eta bukatzen da abestia. Edo berdin The Beatlesen abestiekin edo pop abesti handi eta borobil horiekin. Obsesionatu naute pixka bat azkenaldian, eta erran nuen: ‘jo, lortu behar dut behintzat abesti bat egitea bi minutu eta erdikoa, eta disko honetan badago bat.

Joseba B. Lenoir / Joseba Baleztena (Idoia Zabaleta / Argazki Press)

Hilaren bukaeran hasiko da Joseba B. Lenoir disko berria zuzenean aurkezten. (Idoia Zabaleta / Argazki Press)

Esan izan duzu hausnarketa gehiago dagoela kanta berrien atzean. 
Bai, tira, joaten naiz erritmo nahiko frenetiko batean, eta ez dut denborarik hausnartzeko. Baina egia da kantu hauek izan direla Tenpesta-koak baino hausnarkorragoak. Instroak izan zen pixka bat intuitiboa, eta pixka bat paradoxikoa da, zeren garai horretan banuen denbora pila bat nire buruarentzat. Orain ez dut denborarik, baina, era berean, nahiz eta egon batere denborarik gabe mila gauza egiten, duela dezentetik nituen kanta hauek eta disko hau buruan. Banekien nolakoa nahi nuen izatea, iraupena, formatua, dena… Igual Tenpesta-n —eta kantak entzutearekin ikusten da—, gehiago zen gitarra hartzea eta instintiboki ateratzen zen abesti bat, eta kasik hori zen joaten zena gero diskora. Orain egon dira askoz buelta gehiago.

Grabazioan aldez aurretik pentsatutakoa aldatu al da? 
Disko erdia izan da nahiko fidela buruan nuenarekiko, eta beste erdia bidean joan da osatzen. Baina hori nahi dut hala izatea, e! Gustatzen zait estudiora joatea kantak bukatu gabe, eta horregatik grabatu dut etxean gehiena, izateko denbora pila bat, ez izateko estudioan sartu eta hiru egunetan dena grabatua utzi beharra. Tarte libreak izan ditudanean joan naiz grabatzen, eta ez bazitzaidan gustatzen ez zegoen arazorik. Bai, gustatzen zait abestia forma hartzen joatea estudioan bertan.

“Pop abesti handi eta borobilek obsesionatu naute pixka bat azkenaldian. Erran nuen: lortu behar dut bi minutu eta erdiko abesti bat egitea. Eta diskoan badago bat”

Hori du ona bakarlari izateak, zure kabuz egin dezakezula. 
Bai, noski, eta gainera taldeetako demokrazia… ez diot jarriko adjektiborik, demokrazia hori gabe [barreak].

Nolakoa izan da grabazio prozesua? Hiru tokitan egin dituzue lanak.
Garate estudioan bateria guztien oinarriak grabatu genituen, nik etxean ezin nuelako grabatu bateria bat baldintza onetan. Eta probestuz estudio hori genuela eta estudio horretako aretoak dituen soinu ona eta baliabideak, Gang-ekin hiru abesti grabatu genituen zuzenean. Material hori guztia hartu eta etxean joan nintzen grabatzen ahotsak, gitarrak, baxuak, bateriaren bat edo beste… Gero Lutxok teklatua grabatu zuen, Mirenek ahotsak eta gitarra, Anderrek ere gitarra… Hori dena izan da etxean, bizpahiru hilabetetan. Eta gero, kantak bukatu ahala bidaltzen nizkion Johannes Buffi, bere Lyongo (Frantzia) estudioan egin zitzan nahasketak.

Oraindik ez omen duzu egin disko berria entzuteko “errituala”. Zein da erritual hori? 
Diskoa jaso, ireki, ikusi dena dagoela eta igual kotxean sartu eta buelta bat eman diskoa osoki aditzeko. Baina nire gurasoen kotxeko kaseteak soinu oso txarra du, eta ari naiz itxaroten kotxe txukunago bat izatera, entzun ahal izateko [barrezka]. Etxean ere egiten ahal nuke, baina ez dakit, ez naiz egon etxean ere. Pasa den asteartean jaso genuen diskoa, justu entsegutan ari ginenean Gang-ekin. Jaitsi ginen plazara eta kotxean entzun genuen pixka bat, baina bost minutu.

Baina sentsazio onarekin geratu al zara? 
Bai, pozik nago, ez dakit, orain nago nahiko epel. Garaten sartu ginenean, bi egun erreserbatu nituen, izateko deadline bat, erraten den moduan: presio bat hasteko lanean, eta horrek emateko behar nuen bultzada hori. Eta Garaten sartuta izan nuen subidoia ikusita material guztia, gero jaitsi zitzaidan animoa pilo bat, baina gero, etxean, ikusita diskoak forma hartzen zuela berriro izan nuen subidoi txiki bat, eta gero nazkatu nintzen abestiez, eta bukatu nuenetik nago nahiko epel… Bueno, masterra egin genuenean eman genuen buelta bat kotxean lagun batek eta biok eta iruditu zitzaidan diskoa ongi zegoela, baina orain nago nahiko epel. Behar dut pixka bat deskantsatu.

Igual zuzenekoekin hasterakoan animatuko zara berriro. 
Bai, kristoren gogoa dut kanta hauek zuzenean jotzeko, bakarka jo ditudan kontzertuetan estreinatu ditut gehienak, baina taldearekin hasi dira itxura hartzen. Iruditzen zait kontzertu erakargarria izango dugula, eta nahiko desberdina orain arte egin dugunetik. Uste dut pasako dugula oso ongi eszenatokian.

Zer plan dituzu etorkizunerako? Willis Drummondek iragarri du itzulera, eta zuk, gainera, baduzu disko instrumental bat buruan. 
Bai, Willisekin ari gara entseatzen berriro, eta kantak egiten. Berrartu dugu hasitako bidea eta udan joko ditugu kontzertu batzuk. Eta instrumentalarena bai, baina ez dakit oraindik nola egin. Baditut  abestiak, baina aldi berean egin nahiko nuke gauza nahiko minimalista bat, igual gitarra bat bakarrik grabatu, eta saiatu soinu on bat eta interpretazio on batzuk aurkitzen… Baina bertze alde batetik, hasten naizenean beti liatzen naiz eta hasten naiz gauza gehiago grabatzen… Bueno, materiala badut eta nahi dut egin zerbait, orduan ikusiko da, ez dut argiegi oraindik. Gero, Gasteizko taldearekin ere, Sumision City Bluesekin, grabatuko dugu udan disko berria. Horiek dira etorkizunerako ditudan gauzak.

Hainbat talderekin ibiltzeak zalantzan jartzen ahal du zure bakarkako ibilbidea? 
Ez, gero eta argiago dut hau eginen dudala; igual nekatuko naiz, eta beharko ditut parentesi batzuk, baina bueno, indar gehienak jarriko ditut nire abesti, nire disko eta nire kontzertuetan. Uste dut ezin dudala hori saihestu. Gero gozatzen dut pila bat taldeetan partaide izaten, Sumision City Blues niretzat eskola izugarria da hasieratik, eta talde hori beti hor egotea nahiko nuke. Eta gainerako taldeetan berdin, denak balio du ikasteko. Baina hala ere, badago gauza bat argi: %100 naiz ni nire diskoetan. Sartu naiz lohietan barreneraino, eta ez dago atzera bueltarik.

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Maiatzak 26: Gasteizko Jimmy Jazz aretoa (+ Montauk)
  • Maiatzak 27: Tolosako Bonberenea (+ Rubia)
  • Ekainak 17: Ondarroako Portuko ranpi (+ Ekiza)
  • Ekainak 24: Donostiako Le Bukowski taberna (+ Ekiza)
  • Ekainak 25: Azkoitiko Matadeixe
  • Ekainak 30: Bilboko Kafe Antzokia (+ Ekiza)
ETIKETAK:Ander MujikaEkizaFelix BuffIzaki GardenakJoseba B. LenoirJoseba BaleztenaMiren NarbaizaMontaukNapoka IriaSexty SexersWillis DrummondXan Bidegain