Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2017.06.05

Jon Eskisabel

“Muturren arteko gurutzatzeak behar ditu rockak”

Elkarrizketa: Balerdi Balerdi

Iazko abenduan sartzekoa zen estudioan Balerdi Balerdi disko berria grabatzera, dena lotua zuen horretarako, baina aste batzuk lehenago koloneko minbizia diagnostikatu zioten Toño Muro abeslari eta gitarristari. Zorionez, garaiz atzeman zioten gaitza, abenduan berean egin zioten ebakuntza, eta sei hilabete geroago, lehen azterketaren zain dagoelarik, “ongi” sentitzen da 62 urteko musikaria. “Baina lehen ere hala sentitzen nintzen. Sekulako ezustekoa izan zen”, zehaztu du. Galtzen ikasteko metodoa diskoko hainbat kantutan heriotzak duen presentziak ez du lotura zuzenik, beraz, taldeko konpositorearen osasun arazoekin, eta bai ordea, gaztaroa aspaldi atzean utzi zuen pertsona baten gogoeta eta bizipenekin. “Kantuen atzean beti dago zati bat nirea eta beste bat fikzionatua. 20-25 urterekin, Motosen edo Tocamásen garaian, amodiozko kantuak egiten genituen, txantxetakoak edo serioak izan. Orain ezingo nuke horrelakorik egin, gertukoak ditudan gaiei buruzko hitzak idazten ditut”.

Balerdi1

Petti + Toño Muro + Anxel Iraola + Sergio Ibarrola ‘Zara’ = Balerdi Balerdi. (Adolfo Lakuntza)

Galtzen ikasteko metodoa Iruñean 90eko hamarkadaren hasieran sortutako taldearen bosgarren lana da —tartean da euskal poparen disko ezinbesteko bat, Ez gara galdu (1994) — eta etenaldi luze baten ondoren berriz elkartu zenetik argitaratzen duen bigarrena. Jatorrizko taldekideetatik Toño Murok eta Sergio Ibarrola Zara-k (bateria) eusten diote Balerdi Balerdiren lemari bigarren aro honetan. Karlos Ortiz baxu jotzailearekin grabatu zuten Hegoko lautadaren ertzetik (2012), eta duela hiru urte jatorrizko laukote formatura itzuli zen taldea —gitarra bat gehiagorekin eta teklaturik gabe—, Berako bi musikari lagun hartuta: Anxel Iraola (baxua) eta Petti (gitarra). Haiekin lehen diskoetako kemena berreskuratu du Balerdi Balerdik, eta bere power-poparen osagarriak gorde ditu: melodia kantagarriak, ahots jokoak, erritmo sendoak, beste estilo batzuen igurtzia… “Zanbalan”, “Hiru anaiak”, Netzahualkoiotlen hitzak” edota “Gu eta ni” dira lan berri honetako ale gozagarrietako batzuk. Taldearen lelo ez-ofizialak dioenez, beti kantu perfektuaren bila.

Zuen fan fanatikoari gustatu al zaio diskoa?
TOÑO MURO: Kar, kar, uste dut baietz. Bakarrik falta zen berari ez gustatzea!
SERGIO IBARROLA ‘ZARA’: Orain falta da jakitea ea gustatu zaien beste fan batzuei, baditugu batzuk euskal inteligentziaren artean, kar kar… Pentsatzen dut baietz, gustatuko zaiela. Aurreko diskoarekin alderatuta, askoz hobeto dagoela uste dut. Hobeto grabatua dago —ni, adibidez, oso pozik nago bateriarekin—, Pettik beste puntu bat ematen dio taldeari, eta, beti bezala, kantu asko daude eta oso disko bariatua da.
T.M.: Gure diskoak beti izaten dira nahiko luzeak.

“Beti gazte” abesten zenuten lehen diskoan: “Lehen izan zinen hippien lorea / hamar urte ondoren punkien iltzea / behin-behineko dira estilo eta modak / zure gaztaroa betirakoa”. Ia 30 urte geroago, Balerdi Balerdiren estetika eta filosofia ez da asko aldatu. Alde horretatik, ez zarete zahartu. Lelo hura jarrera bihurtu duzue?
T.M.: Hura kantu satirikoa zen, txantxa egiten zion beti gazte izan nahi duen jendeari, baina bestetik, nork ez du desio hori, ezta? Ordurako ia 40 urte nituen eta rock-and-rollean ibiltzea gauza bitxia zen.
Z.: Rock-and-rollarren klasiko bat da, forever young. Zenbat kantu dauden horri buruz… Ni gazte sentitzen naiz; bi aste barru 50 urte beteko ditut, eta adin horretan nire aita aitona bat zen.
T.M.: Gu rock-and-roll edo pop musikarekin bizi izan gara beti, eta ezin da hori baztertu. Urte hauetan guztietan musika eta musikari gehiago ezagutu ditugu, eta batzuk geure egin ditugu. Aldiz, lehen oso garrantzitsuak ziren musika batzuk ez ditugu orain hainbeste entzuten. Adibidez, bagenuen soulerako joera bat, bereziki bigarren diskoan, eta hortik aldendu gara pixka bat. Baina soula eta power-popa oso lotuta daude, eta disko honetako “Zanbalan” kantuan badago ukitu hori, oso garbia. Gustuetatik ez gara horrenbeste aldendu.
Z.: Gustuak aberastu egin ditugu. Hasi ginenean, Teenage Fanclub gustuko genuen baina apenas ezagutzen genuen; orain super fan gara. Kultura musikal handia hartu dugu bide horretan. Toñok bazuen aldez aurretik, baina nik asko ikasi dut Toño, Marino eta Patxiren alboan. Bidean gauza asko ezagutu eta ikusi ditugu, eta saiatzen gara imitatzen.
T.M.: Eta orain Petti eta Anxelekin beste gauza batzuk ikasten ari gara.

Musika, lehengo pasio berberarekin bizi duzue? Diskoak erosi, kontzertuetara jo, talde berriak ezagutu…
T.M.: Kontzertuetara gutxiago joaten naiz orain.
Z.: Ni ere kontzertuetara gutxiago, eta diskoak erosi baino gehiago pirateatu egiten ditut.
T.M.: Oso zaila da dena jarraitzea, garai bateko talde edo artista gehienek jarraitzen baitute diskoak egiten —esaterako, Ray Daviesen azken diskoa badut eta oso gustura entzun dut— eta beste batzuk sortu dira.

Toño, erretiroa hartu zenuen duela bi urte inguru. Denbora gehiagorekin kantu hobeak egiten al dira?
T.M.: Hori ez dakit nik. Gauza batzuk hobeto pentsatzeko aukera ematen dizu. Disko honetan oso pozik nago kantu gehienetan badagoelako kantatzeko melodiaz gain zerbait gehiago: sarreran joko bat gitarrarekin, riff bat gehiago… Ez soilik melodia bat abesteko.

“Elurretan” kantuaren introaz ari zara, adibidez?
T.M.: Adibidez. Edo “Bi izar” kantuaren sarreraz.

Netzahualcóyotlen hitzak” abestian giro ezberdinekin jokatu duzue. Hori ere ez da ohikoa zuen kantutegian.
T.M.: Niri ez zaizkit inoiz gustatu oso tarte indartsuak eta tarte lasaiak nahasten dituzten abestiak, baina honetan ikusi nuen horrela behar zuela. Konposizio aldetik aberatsagoa da disko hau aurrekoak baino.
Z.: Batizek [Akelarre, Tapia eta Leturia Band edota Fito & Fitipaldisen gitarrista ohiak] esaten zigun, ez dut gogoratzen noiz eta zeren harira, egin behar genituela introak, eta jokatu behar genuela gehiago intentsitateekin. Orain, Pettirekin egin ditzakegu lehen egitera ausartuko ez ginatekeen gauza batzuk: punteo bat hemen, moldaketa bat han… Sekulako gitarrista da Petti, eta uste dut gurekin oso gustura dagoela horregatik, ez duelako abestu behar, ez du ardurarik, eta probesten ari da gitarrarekin gozatzeko. Bestela, ez dugu gure burua asko konplikatzen. Diskoan kantu barroko bakarra, nire gusturako, hasierakoa da ["Galtzen ikasteko metodoa"]. Gainerakoak nahiko sinpleak dira konposizio eta egituraren aldetik, batez ere disko horiarekin [Ez gara galdu] eta gorriarekin [Hobe behin gorri ezenez beti hori] konparatuta. Bi disko horiek, moldaketetan, oso barrokoak dira. “Philosophia” kantuan adibidez, gauzak sartu eta sartu aritu ginen: hiru gitarra, mandolina, akustikoa, teklatuak… Orain ikasi dugu gauzak ateratzen, kantu bat ez du aberasten gauza asko sartze hutsak.

“Disko honetan oso pozik nago kantu gehienetan badagoelako kantatzeko melodiaz gain zerbait gehiago: sarreran joko bat gitarrarekin, riff bat…”

Disko berriko kantuek haurtzarotik zahartzarorako ibilbidea egiten dute…
T.M.: Badira hortik ateratzen diren kanta batzuk. Lehenengoak, esaterako, filosofia orokorra azaltzen du nolabait. Eta bigarrenean ["Iruñea Motor City"], lekua besterik ez dago, Iruñea. Urte hauetan guztietan Iruñean bizitza gehien baldintzatu duena autogintza izan da. Klabea izan da, eta desagertuko balitz, erreka joko luke hiriak. Baina diskoan ez dago pertsonaiarik, horregatik diot ez dela disko kontzeptuala. Ez da pertsona baten bizitzari buruzko diskoa, baizik eta bizitzako garai ezberdinak azaltzen dira kantuetan, kronologikoki ordenatuta, eta horren inguruan beste kontu batzuk.

Lehen kantuetan, hala ere, umorea eta ironia da nagusi, baina seigarren abestian (“Netzahualkoiotlen hitzak”) heriotza azaltzen da (“heriotzarik ez dagoen tokira / heriotza menpean den lekura / joan ahal izango banintz!“), eta hortik aurrera beste aire bat hartzen dute hitzek. Nostalgia agertzen da (“Amaitzear da dantza garaia”), adiskidetasunaren inguruko gogoeta kritikoak (“Gu eta ni”, “Huts egin dut”), gainbehera fisikoa (“Gau honetan”), eta azkenik, berriz, heriotza (“Elurretan”). Ohi baino serioago jarri zarete.
T.M.:Netzahualkoiotlen hitzak” kantuan agertzen da heriotza, bai, baina tonu alai batean ez bada ere bizitzaren inguruko ikuspegi oso positiboa azaltzen du letrak. Heriotza diskoaren hasieratik azaltzen da ia, “Zanbalan” kantuko pertsonaia “hilerrirako bidean” bizi baita. Eta benetan tristea zen kantu bat kanpoan utzi genuen, diskoan hirugarren edo laugarren joatea nahi nuena. Amaierako kantuetan pertsonaiek edo kontatzen diren gauzek frakasoarekin zerikusia dute, utzikeriarekin, zinismoarekin… “Huts egin dut” horri buruzkoa da, hilzorian zaudenean ikusten bazaitut agian lagunduko zaitut, baina bitartean… Ilunagoa da diskoa, bai. Baina bestetik, “Gau honetan” abestian kontatzen dudana…

Ahotsa galduta, giharrak indarge, falta zait arnasa, bihotza apalduta… Kantatu nahi nuke baina ezin!“, abesten duzu. Kantari ororen ohiko amesgaiztoa dirudi.
Z.: Hori Zarautzen gertatu zitzaion Toñori, Arrano tabernan kontzertua ematen ari ginela.
T.M.: Bat-batean ahulezia ikaragarria sentitu nuen. Tentsio jaitsiera izan zela uste dut. Berehala pasatu zitzaidan, eta autoa nik eraman nuen etxera. Baina oso gaizki pasa nuen.
Z.: Sekulako afaria eman ziguten, ondoren muntatu eta jotzen hasi ginen, soinua probatu gabe. Ez zen ezer entzuten, bero handia zegoen, nik bentiladorea nuen alboan eta hala ere sufritzen ari nintzen… Azken bost kantuak falta zirenean yuyu-k eman zion Toñori, eta utzi behar izan genuen.
T.M.: Esan nahi nuena da kantu horretan ere, amaieran azaltzen den ideia, nolabait, positiboa dela: lagunen laguntzarekin elkarren ondoan kantatuko dugu. Banituen gogoak xalala bat sartzeko kantu batean, eta hor dago, nahiz izanez gero kantatzeko.

“Heriotza hasieratik azaltzen da ia, baina bizitzaren ikuspegi positiboa jasotzen du diskoak”

The Uski’s behin baino gehiagotan nabarmendu duzue elkarrizketetan, gaur egungo euskal talde gustukoenen artean. “Itsasaldean” abestian zuzenean aipatzen duzue, baina “Haur denborako egunak” ere aitortza gisa uler daiteke.
T.M.: Bai, oso gustukoa dut The Uski’s. Kantu horretan nire ume eta gazte garaietako musika jaso nahi nuen, pub-rock estilokoa, sinplea eta alaia, eta haurtzaroarekin lotu. Baina bertan diodanez, “oroimena eta oroimina ez dira berdinak”, kontuz ibili behar gara iragana eta haurtzaroa gehiegi gorestearekin.

Josetxo Ezponda eta Eskroto omendu dituzu “Bi izar” country/tex-mex abestian. Musikalki oso erreferente ezberdinak zituzten, bata Tensión eta Los Bichos taldeetan ibilitakoa, Tijuana in Blue eta Kojon Prieto y los Huajolotesen bestea, baina zuk elkartu dituzu.
T.M.: Horregatik egin dut. Iruñean, eta beharbada Euskal Herri osoan gauza bera gertatu da, rockaren munduan bi jarrera muturreko egon dira: Josetxok markatu zuen bide bat, indie musikaren ingurukoa, elite batena, rockero oso autokontziente batzuena; aldiz, Eskrotorena da parranda, martxa. Oso mundu kontrajarriak. Nire ustez, bereizkeria dago hor, gehiegizkoa. Rockak eta musika munduak beste zerbait behar du, bi bide horiek elkarrengandik hurbilago egotea, gurutzatzea… Josetxoren ondorengo taldeei buruzko dokumental bat egin zuten [Sonido Pamplona, Beatriz Etxeberria, 2015] , eta zuzendariak ez zekien ezer Iruñeko beste rock musikei buruz. Hori da galtzea gainontzeko guztia! Niri printzipioz gehiago gustatzen zait Josetxok egin zuen musika Eskrotok egin zuena baino, baina Eskrotok zuen komunikatzeko ahalmena mila aldiz nahiago dut Josetxorena baino.
Z.: Eskrotorekin topo eginda kalean, 20 segundotan pare bat perla botatzen zituen. Artista bat zen.
T.M.: Eta oso zuzena, ideiak oso garbi zituen.

Hasierako galderara itzuliz, fan fanatiko bakarrarekin nahikoa duzuela diozue “Fan fan oso fan” abestian. Sekula ez duzue jendetza bildu kontzertuetan, baina lortu duzue hainbaten gogoan gordeta geratu diren hiru abesti egitea gutxienez: “Lore Etxean” —Broken Brothers Brass Band-ek gogoan hartu du azken diskoan—, “Non duzu zauria?”Ruper Ordorikak eta Berri Txarrak-ek moldatu izan dute— eta “Iraila”, urtero abuztua amaitzen denean sare sozialetan berpizten den abestia. Zeintzuk dira zuen podiumean dauden Balerdiren kantuak?
T.M.: “Iraila” ez dugu jotzen. Diskoa egin genuen garaian bakarrik jo genuen, agian Marinok kantatzen zuelako.
Z: Badago kantu bat behin bakarrik jo ez duguna, disko berriaren Iruñeko aurkezpenean hain zuzen. “Hautsaren dantza” da, lehendabiziko diskokoa. “Letrak zeruan” ere beti jotzen dugu, indartsua delako. “Iraila”-ren bertsioa egin genezake, kantu ona da, baina diskoan sobera moñas gelditu zela iruditzen zait. Orain baditugu 50 kantu inguru, eta moldaketak egin ditzakegu. Hori polita da. Gustatuko litzaidade, esaterako  “Apalategian” hartu…
T.M.: Nik hori aipatu behar nuen. “Apalategian” asko gustatzen zaidan kantu bat da. Edo “Arima sobera”, soul puntu horrekin… Eta beste batzuk ere baditugu, grabatu gabe gelditu direnak. Pello Lizarraldek esaten zigun zergatik ez genuen grabatzen disko honetan “Elena”, lehenengo maketako kantua.
Z.: Maketa horretan daude pare bat kantu oso onak, Elvis Costello erabat. “Hiri hontan” mitikoa izan zen lehen garaietan. Ondo legoke, bai, berreskuratzea. Nik ez dakit nola egin genuen “Zauria” horren borobil…
T.M.: Ezta nik ere, kar, kar…
Z: Zer den inspirazioa!

 

BALERDI BALERDIREN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Ekainak 9: Berako Kataku ostatuko terrazan, 22:30ean
  • Ekainak 28: Erratzuko Zubi Punta ostatuan, 22:00etan
  • Uztailak 15: Donostiako Añorga auzoko frontoian
  • Irailak 8: Atarrabiako plazan
ETIKETAK:AkelarreAnxel IraolaBalerdi BalerdiBerri TxarrakBroken Brothers Brass BandEskrotoJosetxo EzpondaMarino GoñiPatxi GoñiPello LizarraldePettiRuper OrdorikaSergio Ibarrola 'Zara'Tapia eta Leturia BandThe Uski'sToño Muro