Elkarrizketa

Jon Urzelai

2019.12.20

Jon Urzelai

“Musikarekiko zintzotasunaren eredu da Dut”

Elkarrizketa: Pablo Salgado Mendez

“Izkutuan ohituak eta izkutuan lohituak”, hala omen zeuden Dut taldekoak beraien letrarik ezagunenetako batean ziotenez. Euskal punk oldarraldiaren ondoren jaio ziren, guda baten erdian oraindik ere, oihu heavyen arabera. Hondarribiarrek ez zieten oihartzun horiei entzungor egiten; ez zioten inoiz muzinik egin iritzia emateari, ezta inguratzen zituzten injustizien aurrean posizio bat hartzeari ere. Baina ez zituen epikak itsutzen, alderantziz, distira horren itzalez jakitun, ezkutuan ziruditen benetan eroso. Atzerritik zetozen diskoak arretaz entzun eta beraien instrumentuak ahalik eta hobekien menderatzen saiatzen ziren, adiskideekin zuzenekoetara joan eta lagunen aurrean kontzertuak eskaintzen zituzten bitartean. Horixe egin zuen Dutek beste ezer baina gehiago eta horixe da Pablo Salgado Mendezek kontatzen diguna taldeari buruz idatzi duen liburuan. Manex Martinezek, taldeko lehen abeslariak, kontzertu oso bat kantatu zuela megafono batekin Zangotzako kanpineko plastikozko mahai batzuen gainean, edota nola furgoneta izorratu zitzaien Europan zehar biran zebiltzala, Frantzian. Halako pasadizoak. Egunerokotasun hori baitzen, beste ororen gaindi, Dut. Eta halere, edota, hain justu, horregatik, kultuko estatusa duen taldea da gurean. Kontziente gara ez dagoela marraztu zuten atea guztiz zeharkatzerik, ezta sortzen zuten itzal iradokitzaile hori erabat argitzerik ere, baina Salgadorekin horretaz guztiaz solasteko plazerra izan dugu. Bitartea ere eder askoa baita, batzuetan.

Dut   Gari Garaialde

Xabi Strubell, Galder Izagirre eta Joseba Ponce.

Lehen galdera ezinbestekoa da: zergatik idatzi duzu Dut taldearen inguruko liburu bat? 
Dutek euskal musikan arrasto sakona utzi duela uste dut, 90. hamarkadan bereziki, noski. Hemendik urte batzuetara euskal musikaren ezinbesteko izen gisa aztertuko dela esango nuke eta horregatik iruditzen zait beharrezkoa dela taldearen inguruko ezagutza zabalagoa izatea. Ni haren musikaren zalea naiz eta Banizu Nizuke argitaletxea ere kudeatzen dudanez, dena batu zen: zaletasuna, ikuspegi editoriala eta taldearen berezko garrantzia. Horregatik guztiagatik, oso logikoa iruditzen zitzaidan liburu bat argitaratzea. Gainera, uste dut ondorengo taldeengan eragin nabarmena izan zuela eta dena baino ezagunagoa izatea merezi duela. Taldekide izandakoentzat opari moduko bat ere bada, eman diguten guztiagatik.

Beste taldeengan eragina izanagatik, Dut sekula ez da talde masiboa izan.
Marketing kontuetan desastre hutsa izan zen. Halere, ez dut uste taldeak bere garaian ospe handia eskuratu ez izanak talde garrantzitsua izan ez zela esan nahi duenik. M-ak ere, adibidez, erreferentziazko taldea da oraindik eta beste liburu bat mereziko luke. Ez soilik musika zaleek gaur egungo taldeen eraginak ezagutu ditzaten; musikaren ikerlariek, historialariek eta halakoek nora jo izan dezaten eta euskal musikaren ibilbidea sakonago ezagutu dezaten ere erabilgarriak dira horrelakoak, bibliografia modura bada ere.

Zerk egiten zuen Dut horren garrantzitsu? Zein gako nagusi aipatuko zenituzke horren erreferentziala bilakatu izana ulertzeko? 
Musikarekiko zuen zintzotasuna, batez ere. Zintzotasun horren erakusle da bere burua kanpora begira proiektatu eta saltzeko zuen asmorik eza. Musikaren gainean lan eta lan egiten zuten, etengabe. Eredu hori argia da Dutengan. Lehen diskotik azkenekora nabarmena da garapena eta soinu bat lortzeko egindako lana. Askatu korapiloa diskoan (2000) argi ikusten da zein zen Dutekoek nahi zuten soinua. Lehen diskoan [Dut (1995)] scratch-ak eta halakoak entzun zitezkeen eta garai hartan berritzailea zen, orain hala ez dirudien arren. Disko hartan abestiak oso ezberdinak dira beraien artean, gainera; oso freskoa zen disko hura. Soinua agian ez da nahi izan zutena baina berritzailea zen garai hartarako. Orduan gazteak ginenontzat eztanda bat izan zen gure belarrientzat, bide bat ireki ziguten, EH Sukarra edo Etsaiak bezalako talde aldarrikatzaileena ez zena. Dut talde politikoa zen halere, letrak guztiz politikoak ziren, baina poetikoak ere bai. Letren kontua oso garrantzitsua izan zen, nire ustez. Soinuari dagokionez ere, oso anitzak ziren; lehen diskoan abesti lasaiak dira batzuk, indartsuak besteak… Bigarren diskoa beste kontu bat da, hirukote bilakatu zen. Manex bezalako pertsona garrantzitsu bat galdu zuten, oso frontman berezia zena, ez zen sekula geldirik egoten… At diskorako (1996) talde erabat ezberdina zen jada, hartu zuten kantatzeko modu hura berria zen gurean, asko kexu ziren ez omen zitzaiolako abeslariari entzuten. Niretzat asmatu egin zuten horrekin ere. Soinu oso indartsua lortu zuten gainera, lehen abestitik nabari zitekeen 90. hamarkada osoan beste inork lortuko ez zuen sendotasun hura. Suma zitekeen musikaren inguruan ikertzen aritzen zirela, etengabe berrikuntzen bila. Letrak ere izugarriak ziren, batzuk ereserkitzat har genitzake, “Haize eza” edo “Eskuzuri”, adibidez. “Eskuzuri” garaiko egoera politikoaz ari da modu zuzenean, xingola urdinen aferaz. Atutxari buruz ere hitz egiten dute beste batean… Baina ez dira letra panfletarioak, ildo poetiko bati jarraitzen diote. Musika ikaragarria egiten, gainera. Fermin Muguruzarekin argitaratu zuten diskoa ere abanguardiakoa zen [Ireki ateak, 1997)], pentsa urte hartan argitaratu zuela Asian Dub Foundationek R.A.F.I. bigarren diskoa, drum and bass-ari itzelezko sona emango ziona. Urte berekoa da, 1997koa! Gero etorriko zen Askatu korapiloa, nire ustez Dut soinuaren gailurra dena. Kurioski, disko onena argitaratu eta 15 bat kontzertu eman ostean desagertu zen taldea. Ezagutzera emateko izan zuten gaitasun eza kuriosoa da, zuten kalitate itzela kontuan hartuta.

Musikaren gainean lan eta lan egiten zuten, etengabe. Lehen diskotik azkenekora nabarmena da soinu bat lortzeko egindako lana

Euskaldunok geure buruari kontatu diogu 60, 70 eta 80. hamarkadez, baina sarri 90. hamarkada aurrekoen inertzien ondorio gisa soilik aztertzeko joera dugu. Dut taldearen ibilerak agian eskaintzen dizkigu garai horiek ulertzeko gako batzuk, ezta?
Bai, nik ere hala uste dut.

Aipatu dugu jada Dut ez dela sekula oso entzutetsua izan. Inpresioa dut, halere, nonbait arrakasta izatekotan, giro autonomoetan izan duela: gaztetxeetan eta mugimendu autogestionatuetan, esaterako. 
Izan daiteke, bai. Ez zuten managerrik izan, ez zuten aretoetan gehiegi mugitu nahi izan ere, beraz, beraien eremu naturala horixe zen. Dutekin gauza garrantzitsua, dena dela, zalegoa zen. Oso gauza adierazgarria zen, haien adineko jendea baitzen. Jende gaztea zen eta garairako Dut gauza berri bat zen. Dut Londresen sortu ahal izan zen baina ez, hondarribiarrak ziren. Diozun gaztetxeen eta autonomiaren kontu horrek ere letrekin zerikusirik izango zuen. Poetikoak ziren, Martxel Mariskalen estiloaren eragina zutenak. Horren isla liburuaren eskarien jatorrian ere antzematen da: Gipuzkoatik iristen ari zaizkigu eskari gehienak, eta Zaragozatik eta Madrildik ere bai, adibidez. Zaragozakoa El Corazón del Saporen eraginaren ondorioz izango da, agian. Aipatu nahiko nuke Oñatitik ere eskari pila bat ari zaizkigula iristen. Aupa Oñati!

Liburura itzuliz, nolakoa izan da liburua sortzeko prozesua?
Urte pare bat pasa ditut honetan. Taldekideei proposatu nien hasieran, gero haiekin batzen hasi nintzen, baita taldearen inguruko jendearekin ere. Angel Etxebeste Lif taldeko bateriarekin, Martxel Mariskalekin, Angel Katarainekin, Kaki Arkarazorekin, Fermin Muguruzarekin, Karlos Osinaga Txapekin… Elkarrizketa horietatik tiraka osatu dut liburua eta argazkiak lortzen joan naiz pixkanaka. Beraiekin harreman zuzena izan dut denbora guztian. Nik gazteleraz idatzi dut eta Xabi Strubellek itzuli du euskarara.

Elkarrizketa taldearen inguruan hausnartzen hasi dugun arren, liburuan ez duzu, orokorrean, analisiak egitera jo. Taldearen nondik-norakoak ahalik eta modu fidelean eta zintzotasun handienarekin kontatzea erabaki duzu. Argi zenuen ikuspegi hori izango zuela liburuak?
Argi nuen hala izango zela, bai. Ez nuen handinahia izan nahi, liburuko hizkera bera xehea da. Istorio bat kontatu nahi nuen, ipuin moduko bat da azken batean. Badago gogoetarik eta informazio asko ere ematen da orri-oinetan, dena dela. Narrazio erraz bat izan zedin nahi nuen, informazioa eman, besterik gabe. Gari Garaialderen argazkiak ere dokumentu bat dira bere horretan.

Dut lehen boskotea

Duten lehen diskoa grabatu zuen boskotea.

Bazenekien argazki horiek existitzen zirela?
Hasieran ez nekien. Gari taldearen gidaria izan zen eta argazki pila bat atera zituen bidaia horietan guztietan. Bera elkarrizketatzeko geratu ginenean aipatu zidan. Jon Iraundegik ere jarri du argazkiren bat, baita beraien inguruko beste lagun batzuek ere, Aitor Arzak, adibidez.

Banizu Nizuke argitaletxea ezagututa, alderdi bisuala zaindua izango zela espero zitekeen. 
Nik hasi aurretik ez nekien zein material zegoen. Are gehiago, uste nuen oso material gutxi egongo zela. Liburuan agertzen diren argazki gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. Europan egindako birako batzuk Euskaldunon Egunkaria-n agertu ziren behin, baina, horrez gain, gehienak inoiz ez dira publiko egin orain arte. Material dezente topatu dut, egunkarietan aipamen bat edo beste eta, batez ere, argazkiak. Bideoren bat ere badago… Laster erakutsiko ditugu bideo horiek.

Askok diote garai hartan ez zela horrenbeste zale elkartzen Duten kontzertuetan, gerora egin dela handi taldearen sona. Zer adierazten du liburuak jaso duen harrerak horri dagokionez, Duten goserik badago?
Kultuko talde bat bilakatu da, hori argi dago. Ezagutu genuenok miresten dugu eta gazteago batzuek sentsazioa dute garai hartan talde handia izan behar zuela, baina ez zen hala. M-akekoek ere antzekoa zioten, Kaki Arkarazo eta Angel Katarainek argi esan zidaten: “Gure kontzertuetara ez zen-eta inor etortzen!”. Dutekin antzera. Dutek ikusmin handia sortzen du, ez soilik liburuak. Gu egiten ari garena ikusmin hori liburu baten bidez bideratzea da, baina dokumental bat edo disko berri bat argitaratu izan balute, arrakastatsuak izango lirateke.

M-ak aipatu dituzu, baina gaur egungo zein talderi buruz uste duzu idatziko beharko litzatekeela liburu bat etorkizunean? Baduzu halako beste proiekturik eskuartean?
Ari gara ideia batekin lanean, baina nahiago dut ezer ez kontatu oraindik… Guri gustatzen zaiguna gure musikak eman duena azalaraztea da, informazioa jendeari helaraztea. Ez dugu kritikarik edo analisirik egin, agian ez dakigulako edo bertigoa ematen digulako. Baina informazio hori ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horretan aritu nahi dugu. Euskal musikaren ondare hori ezagutaraztea da gure xedea, zaleentzat bada ere. Gure bidea hori izan da, gu Portugaletekoak gara eta geure lehen argitarapenean Portugaleteko talde guztiak aztertu genituen, 1965tik 2009ra. Muskaria aldizkaria ere berrargitaratu genuen, argazki liburuak osatu ditugu… Horretan jarraitzea da gure asmoa.

ETIKETAK:Angel KatarainBanizu NizukeDutEh SukarraEtsaiakFermin MuguruzaGari GaraialdeJon IraundegiKaki ArkarazoKarlos OsinagaLiburuakLIFMartxel MariskalPablo Salgado Mendez