2017.05.29
Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla?. Izenburu «probokatzaile» hori jarri zioten 2009an Lekeition (Bizkaia), UEUren barruan, antolatutako ikastaro bati. Iban Galletebeitiarekin batera antolatu zuen ikastaro hura Josu Larrinaga Arza (Sodupe, 1964) EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak, eta galdera berari erantzun nahian egin zuen ondoren bere doktore tesia. Euskal musika kosmikoak (Baga Biga) liburu mardulean bildu du bere tesia, eta azpitituluarekin zehaztu bere ideia: Euskal musika popularra gizartearen isla eta aldatzailea.
Zertaz ari gara pop musikaz ari garenean?
Uste dut euskal musika definitzeko aterkirik onena pop hitza dela. Pop musika da grabatu egiten den musika. Musika tradizionalaren transmisiorako kanala ahoz ahokoa da; musika klasikoarena, idazketa; eta pop musikarena, euskarri fisiko bat. Eta, gero, badu ezaugarri inportante bat: artista batek, bi edo hiru urtean behin, kantu bilduma berria proposatu behar dio bere publikoari. Bere ahots propioa, bere identitatea erakutsi eta indartu behar du; bere benetakotasuna adierazi.
Etengabeko mugimenduan egon behar du.
David Harvey teoriko marxistak maisuki ikertu du postmodernitatearen kondizioa deitu duena, eta esaten du kapitalaren errotazioaren azelerazioan oinarritzen dela postmodernitatearen sentsazio hori: dena behin-behinekoa dela, dena zaharkitzen dela, eta etengabe proposamen berriak agertu behar direla. Agian, pop musika mekanismo horren menpe geratu da, eta hortik datorkio berezkotasun hori. Beharbada hortik datoz gaur egungo arazoak: retromania, eszena, estetika eta moden agortze arina…
Zuk diozu ezin dela ulertu azkeneko 50 urteetan egin den musika testuinguru soziopolitikoa aztertu gabe. Baina, aldi berean, pop musikak berak bultzatu dituela aldaketa horietako batzuk. Zuk epizentroan jartzen duzu pop musika…
Victor Lenoreren aipu batetik abiatzen naiz. Hark dio pop musikak, gehienez ere, islatu egiten duela gertatzen dena. Euskal Herrian, baina, nahiko argi dago abagune historiko batzuetan performatu egiten duela, kultura eta gizartea norabide batean edo bestean bideratzeko. Batzuetan onerako eta besteetan ez hainbeste; aldaketak azkartzeko edota galgatzeko… Tresna oso indartsua da, sentimenduak ez ezik, arrazoia ere mobilizatzen duelako, nolabait gizarte batean eragiteko. Eta bestetik, batzuetan elite batzuetatik mespretxatu egiten da popa, Peter Pan batzuen kontu bat izango balitz bezala. Elite horiek pentsa lezakete literaturak edo arteak hobeto islatzen dutela gizartea, baina nik esango nuke musikak oso ondo azaltzen duela Euskal Herrian zer gertatu den azkeneko urteetan.
“Tresna oso indartsua da pop musika, sentimenduak ez ezik, arrazoia ere mobilizatzen duelako, nolabait gizarte batean eragiteko”
Hor kontakizunaren eremuan sartzen gara.
Bai. Nire asmoa ez da izan bakarrik euskal musikaren historia soziala egitea. Orain asko esaten da errelatoa eraiki behar dela, eta ni ados nago Juan Aranzadik aurreko batean BERRIAn zioenarekin: ezinezkoa dugu diskurtso adostu bat eraikitzea. Errelato asko egon daitezke, eta liburu hau ere kontakizun hori eraikitzeko aletxo bat da. Musika aztertuz ulertu baitaiteke hobeto zer gertatu den Euskal Herrian azkeneko hamarkadetan.
Alan Lomaxek Euskal Herrian egindako bidaietatik abiatzen zara, baina 1960ko hamarkadaren amaieran gertatu zen eztanda jotzen duzu euskal herri identitatearen eta euskal musika berriaren abiapuntutzat. Zuk etnogenesi kontrakultural gisa definitzen duzuna…
Alan Lomax Euskal Herrian izan zenean, euskal identitatea oso apal zegoen. Baina hamar urteko epean sekulako aldaketa egon zen, eta euskal identitatearen berrasmatze bat gauzatu zen. Musikan izan zen aldaketa, baina ez bakarrik, baita zineman, literaturan eta artean ere… eta etnogenesi hori bultzatu zuten agenteek jakin zuten mundu osoan zabaldu zen kontrakulturaren olatu hori hartzen. Bat-batean, euskaldun izatea zer den aldatu egin zen. Nekazari giroko zerbait zena kontu moderno eta hiritar bat bihurtu zen. Euskal kultura eta euskal identitatea gazteen ikur bihurtu ziren.
Hor inportantea izan zen munduan gertatzen ari zenarekiko lotura, ezta?
Bai, 1968a mundu osoan da inportantea, baita Euskal Herrian ere. Garai hartako belaunaldiek asko begiratu zioten kontrakulturari. Gogoratu behar dugu Ez Dok Amairukoek Pete Seeger ekarri zutela Euskal Herrira, eta Xabier Letek, bertsolarien ondarea ondo ezagutzeaz gain, Brassensen eta Dylanen eragina ere bazuela… Konexio bat dago munduan gertatzen ari denarekin. Azken batean, musika bilakatzen da kontrakulturaren tresna nagusi.
Garai hartan, kontrakulturak eta euskal identitatearen aldeko fenomenoak folk sonoritateen aldeko hautua egin zuten. Munduan gertatzen ari denari erantzuten dio horrek?
Garai hartan, egon zen proto-pop bat, gaur egun ezagutzen ari garena. Nemesio Etxanizek euskaratu egiten zituen bere garaiko pop kantuak… sinpatiaz ikusten zuen mugimendu gazte hori… baina gero, benetako olatu kontrakulturala iritsi zenean, ezin izan zuten ez ulertu ez onartu. «Gazte hauek erotuta daude», esaten zuten. Kontrakultura, alde horretatik, oso iraultzailea da, aurrekoarekin hautsi nahi duelako. Gazteria ere identitate politiko gisa agertzen da garai horretan.
Trantsizioa da, Pako Aristiren definizio bati jarraituz, txanpiñoien garaia. Kantautoreen eta folk taldeen ugaritzearena… Hor, eta berriro Aristiren hitzei jarraituta, aipatzen da garai koiunturala izan zela. Politikari oso lotua. Aurrekoa eta hurrengoa ez ziren hala izan?
Mugimendu oso katartikoa izan zen, eta, agian horregatik, laburra izan behar zuen. Jaialdi haiek oso katartikoak ziren, eta beterano batzuk, Lete bezala, kexatu egin ziren, jaialdiak zirkutzat hartuta. Ez dakit koiunturala den hitza, baina agortzen den eredua da, musikari horiek berehala hasten direlako beste zerbaitetan. Kontuan izan behar dugu hasten direla abian euskal erakundeak, EITB eta abar, eta hor musikari askok hartzen dute lekua.
Gero punk mutazioa gertatu zen, RRV etiketarekin ezagutu duguna. Baina, kasu horretan, euskara ez da tresna nagusia, Hertzainak, Zarama eta beste gutxi batzuk salbu, hasiera hartan gehienek gaztelaniaz abesten baitute. Eta, hala ere, euskal gizartea berriz definitzeko balio du punk mutazio horrek. Zer gertatu zen?
Kontuan izan behar dugu 1983a izan zela euskal disko gutxien kaleratu den urtea. Aurreko belaunaldiko kantariak desagertzen edo ezkutatzen ari ziren, eta berri batzuk sortu ziren arren, Ruper [Ordorika] kasurako, bazirudien ez zegoela ezer. Eta, bat-batean, punk mutazioa gertatu zen. Niri kontzeptu hori gustatzen zait, RRV terminoa oso debaluatua eta higatua dagoelako, eta bakarrik definitzen duelako orduko parte bat. Baina euskal musikan punk mutazioa gertatu zen. Hertzainak ziur aski izan zen eztanda haren ikur nagusia, baina Zarama ere hor zegoen, eta musikatik kanpo, Susa fanzinea eta beste hainbat elementu. Gerora etorriko ziren liburu batzuek ere han zuten oinarria: [Juan Luis] Zabalaren Galdu arte-k, [Edorta] Jimenezen Speed gauak-ek… Mutazio hitza oso aproposa da. Euskal identitate kontrakulturala hegemoniko bilakatu baitzen; ez horrenbeste euskara. Punk mutazio horrek ekarri zuen are kontrakulturalagoa izango zen belaunaldi bat. Azken batean, aurreko belaunaldikoak heldu egin dira, instituzioetan sartu, eta belaunaldi berriak ez du etorkizunik ikusten. Krisi ekonomiko latza bizi da, jazarpena ere bortitza da… punkerako lur sail oparoa zen hau.
“Pop musikak, eta batez ere rockak, badu arazo larri bat generoarekin. Ez dakit kontua ote den emakume artisten eskaintza handitzea”
Punkak gazteen artean izan zuen oihartzuna aldarrikatzera etorri dira zenbait kazetari eta ikertzaile azkenaldian, baina bere garaian, Euskal Herriko hedabide batek edo bestek kenduta, ez ikusiarena egin zioten?
Bai, bai, underground mugimendua izan zen, oso kalekoa, baina adibidez, Kortatu sekulako fenomenoa izan zen. Euskal Herrian, baina baita kanpoan ere, nahiz eta komunikabideetan azaldu ez.
Orduz geroztik, urte luzez zuk borroka framming gisa definitzen duzun horren barruan mugitu da euskal musika. Ikusi diozu horri ezaugarri positiborik?
Hori bilakatu da mainstream-a euskal musikan. Batez ere udako festetan izaten diren kontzertuetan ikusten da hori… Negu Gorriak-en ereduak segitzen du izaten eredu nagusia… Eta grungearen edota stonerraren oinordekoak ere bilakatu dira hegemoniko, baina euskal eremura egokituta; hau da, letra konprometituekin, jarrera eszeniko jakin batekin, eta abar… Hor estandarizazio bat egon da. Framming hori zentrala bilakatu da euskal musikan. Dena dela, belaunaldi aldaketa bat ere egon da. Lehen, taldeek lehen edo bigarren diskoarekin egiten zuten eztanda. Gaur egun, aldiz, framming horren barruan mugitzen dira zenbait talde hasieran, eta gero euren bidea hartzen dute. Zea Mays, Gatibu, Berri Txarrak… hortik pasatu dira. Eta hori ere interesgarria da.
Framming horren barruan kokatu ez denak ez du lekurik aurkitu?
Garai batean, oso hegemonikoa izan da borroka framming-a, eta hortik kanpo geratu direnak artista undergroundak izan dira.
Metalak izan du bere pisua euskal musikan…
Bai, baina kontrakulturala bainoago, azpikulturala ikusten dut metala. Nik kulturala edo kontrakulturala aztertu nahi nuen. Adibidez, hip hopa ere hor dago, baina nik, oraingoz, ez dut ikusten hor benetako fenomeno kontrakulturalik. Are gehiago, esango nuke hemen, Euskal Herrian, hip-hop kultura gainbaloratua eta gutxi aztertua dagoela. Negu Gorriak taldearen garaian, Public Enemy eta abar aipatzen genituen, baina gero zer dago? Gaur egun oilar borrokak antolatzen dituzte Bilbon adibidez; zeinek antolatu, eta enpresa komertzial batek… Eta iruditzen zaizkit oso agerpen matxiruloak… Badira emakume batzuk diskurtso feminista batekin, baina ez dakit ba…
Feminismoak eta genero ikuspegiak ez du ekarri nolabaiteko aldaketa bat? Hor bada kontrakulturarako tarte bat.
Ez dago batere argi nondik sortuko den zerbait apurtzailea eta kontrakulturala. Baina pop musikak, eta batez ere rockak, badu arazo larri bat generoarekin. Gainera, ez dakit kontua ote den emakume artisten eskaintza handitzea… edo harago joan behar den, eta aztertu beharko genukeen emakume kantariek onartu behar duten framming-a, hau da, agertokian egoteko manera, janzkera… Kontu sakonago horiei erreparatuz gero, agian euskal musikak ez du hain balantze eskasa erakusten, batez ere euskaraz egin den produkzioari erreparatuta. Noski, oraindik gitar-matxo asko da agertokietan eta letretan potro sinboliko asko maneiatu da…
Eta pop musikak iraungo du?
Euskarri fisiko batzuek irauten dutelako iraungo du pop musikak… Pentsa garai batean zer-nolako baldintzatan grabatzen eta jotzen zen zuzenean. Baina, gaur egun, azpiegitura bat sortu da, eta jende asko bizi da horretaz. Impasse garai batean gaude…
Simon Reynoldsen kontzeptuari jarraituta, retromaniaz ere ari zara. Iraganari begira dago euskal musika?
Ni oso ados nago Reynoldsekin. Gaur egun, pop musikan negozioa iraganeko estiloak berreskuratzea da. Ez da besterik ikusten. Arazoa da Euskal Herrian hori beti garai bati begira egiten dugula: 1980ko hamarkada hasierako eredua errepikatzen dugu etengabe.
“Euskal gizartea eta euskal kulturgintza esker txarrekoak izaten ari dira musikarekin. Euskal identitatearen eraikuntzan oso inportantea izan da musika”
Eta bada nora begiratu…
Bai, adibidez, zeinek jotzen du gaur egun 1970eko hamarkadan landu zen rock eta folk progresibo hartara erreferentzia bila? Izukaitz, Haizea, hasierako Oskorri, Imanolen garai bat, elektrikoa… hori guztia landu gabe dago.
Musika asko dugu inguruan, baina pisu soziala galdu du.
Euskal gizartea eta euskal kulturgintza esker txarrekoak izaten ari dira musikarekin. Euskal identitatearen eraikuntzan oso inportantea izan da musika, baina gaur egun oso gutxi inbertitzen da horretan. Artistak beti egon dira prest gauza askoren alde jotzeko, eta prestasun hori ez zaizkio bueltatzen ari. Defizit bat dago, kontsumoaren gizarte honetan musikak pisua galdu duelako.
(Berria egunkarian, 2017ko maiatzaren 28an argitaratutako elkarrizketa)