2017.02.23
Roge Astigarraga (Azkoitia, 1971) Akauzazte taldeko gitarrista gisa ezagunagoa zaigu agian, baina bakarka ere ematen dio bide sormenari Atanas Akerstra izenpean. Presarik ez du, hargatik: 25 urteko ibilbideak bi disko besterik ez dizkigu utzi entzuleoi, Atanas Akerstra eta Oro, azkena joan den urtearen hondarrean argitaratua. Biak ala biak eskuz egindako kartoizko kaxa dotoreetan bildu eta eskaini dizkigu, Interneten ere debalde eskegitzearekin batera. Inoiz emandako zuzenekoak ere, esku bateko hatzekin kontatu ahal ditugu. “Rockaren aurrehistoria biluziaz” begiratzen omen die post-rock garai hauei eta horrexegatik hurbildu gatzaizkio gu, gordelekutik berriz atera dela probestu eta bere begirada ezagutzeko gogoz.
Zer da Atanas Akerstra?
Atanas Akerstra neure bakarkako proiektua da. Duela urte mordoxka bat, 2005. urtean edo, konturatu nintzen banituela neuk egindako hainbat grabaketa eta, nahiz eta berez grabaketa horiek ez zeuden argitaratzeko eginak, bazegoela proiektu bat martxan jartzeko bezainbeste material. Nahiko proiektu zaila zen, oso landua baitzen eta ez nuen zuzenera eramatea planteatu ere egin, nahiz eta gero gonbidapen bat jaso eta taularatu ere egin nuen lagunekin. Beraz, bakarkako proiektu bat al da? Behin taularatu zen eta ez zen bakarkakoa izan, hiru lagun igo baikinen eszenatokira, baina printzipioz bada neure bakarkako lan bat, inolako pretentsiorik gabe egina eta orain berriz birsortu dena.
Esan duzu hasiera hartan ez zenuela lana disko moduan argitaratzeko asmorik. Bigarren honetan ere hala izan da edota hastapenetik disko bat irudikatzen zenuen?
Bigarren hau experimentu moduko bat izan da. Banuen irudipena, Akauzazterekin landutako abestiak neuk moldatu ahal nituela, funtsa aldatu gabe. Erronka moduko bat izan da. Diskoa bai ala ez baino gehiago, abiapuntuko galdera zera izan da: nolakoa izango da abesti hauek birmoldatzea? Akauzazten beti egiten dugun moduan, urtebeteko etenaldia genuen, eta Akauzazteren presentzia hori faltan botatzen nuen zerbait zen. Gabezia horrek eta ea abesti horiekin zer egiteko gai nintzen ikusteko gogo horrek bultzatuta hasi nintzen, ea abestiak moldatu eta esentzia gitarra soil batekin mantentzeko kapaz izango ote nintzen ikusteko. Hori zen erronka eta horretan saiatu naiz. Kuriosoa izan da uste baina errazago egin dudala, eta nire asmoa soinuaren kalitatea lortzea baino gehiago abesti horiek beste nolabait ikusi ahal izatea zenez, segituan konturatu nintzen hor disko bat zegoela. Kuriosoa da, Akauzazteren ezaugarri bat baita diskotik diskora urte pila bat pasatzea, prozesua bera oso astuna baita, oso perfekzionistak izaten gara eta. Oraingoan geruzak eta geruzak sortu beharrean, zenbat eta biluziago, orduan eta hobeto izango zela pentsatu nuen. Akauzazteko collage-a baino, ideiari berari fidela izan eta ahalik eta gauza gutxien sartzen saiatu naiz. Beraz, diskoa oso azkar argitaratzen saiatu naiz, bestela etengabe lanari akatsak ikusi eta birmoldatzen arituko nintzatekeela uste nuen. Momentukoa islatuta geratu zedin nahi nuen.
Lehenengoarekin zuzenekoetarako asmorik ez izan arren Ertz jaialdian kontzertua eman zenuen. Oraingoan, zuzenera eramangarriagoa delako prestutasun handiagoa izan duzu edo, hori ere, besterik gabe etorri da?
Berez, hasiera batean, ez nuen inolako asmorik ez aurreiritzirik. Behin diskoa amaituta, nik neuk esperientzia horretatik pasa nahi nuela erabaki nuen. Banekien egiteko gai nintzela neure etxean gitarrarekin baina neure intimitate horretatik atera eta jende aurrean aurkeztuta zer gertatuko ote zen jakin nahi nuen. Experimentu bezala, neure burua hobeto ezagutzeko, polita iruditzen zitzaidan. Izan ere, orain arte beti lagun artean igo naiz eszenatoki gainera eta banuen gogoa zentzu horretan.
Akauzaztek taldekideen eta soinu-horma bortitz baten babesa ematen dizu eszenatokian. Nola ikusi duzu zeure burua orain, bakarrik eta gitarra soil batekin esku artean?
Ba, bakarrik egotearen askatasunarekin batetik eta zailtasunarekin bestetik. Akauzazterekin pentsatzen ez nituen gauzen inguruan pentsatu behar dut orain: zer esan abestien artean eta abar. Hori da aldaketa nagusia, neu naizela egoeraren arduradun bakarra eta egiten dudan gauza bakoitza asko nabaritzen dela. Ez dut diozun laguntza hori baina, era berean, askatasun osoa daukat bestelako erabakiak hartzeko. Orain arte sentsazio onak izan ditut, urduritasun handiagoa noski, baina hori ohitze kontu bat dela uste dut. Geroz eta kontzertu gehiago eman, orduan eta lasaiago nago. Egun bakoitzean gertatzen dena desberdina da eta hori aberasgarria da norberarentzat.
“Urteetan atzera joan ahala, musika benetakoagoa denaren sentsazioa dut. Musikaren eraginean sinisten dut eta iruditzen zait pena handi bat dela musika bera zarata bihurtzea edo musikari zukurik ez ateratzea”
Zein erantzun jaso dute abesti hauek zuzeneko horietan?
Entzun ditudanak, kritika politak izan dira, jendeak gustatu zaizkiola esan dit. Neu harritu nau horrek, goxoak direla esaten baitidate, eta neure buruan oso abesti bortitzak ikusten nituen, entzuteko gogorrak. Ez nuen uste jendeari goxo egingo zitzaizkionik. Noski, horiek dira zerbait esatera ausartu direnak; seguru beste askok bestelako iritziak dituztela (barreak)
Nik esango nuke, abestiak erabat desberdinak izanagatik, Akauzazteren funtsa mantentzen dutela. Hor daude errepikapenaren ideia eta baita zure lanean oso presente dagoen trantzerako joera ere.
Neuk musika birtuosoa baino askoz nahiago dut bi notekin egindakoa. Eta hori, azken finean islatzen da bai gitarra bat erabiliz bai instrumentazio konplexuagoa erabiliz. Bai, niretzat musikak trantzearekin lotura zuzena du, nik horrela bizi dut. Ez da nahita bilatutako zerbait, niretzat horrela da eta niri hori gustatzen zait musikatik. Beraz, dela bakarka edo taldean izan, hori ateratzen zait.
Arbasoen musika aldarrikatu izan duzu, dela euskal folklorea, bluesa edo Afrikako musika. “Gugan mintzo arbasoak, gugan mintzo animaliak, gugan mintzo zuhaitzak, argitan dantzan, diote “Gugan mintzo” abestiko hitzek. Zerk erakartzen zaitu mundu horretatik?
Egia esan, musika gutxi entzuten dut gaur egun, lehenago askoz ere kontsumitzaile handiagoa nintzen. Gaur egun ziur naiz oso proiektu interesgarriak izango direla, batez ere inoiz baina jende gehiago dabilelako musika sortzen, baina iruditzen zait geroz eta gehiago galtzen ari garela musikaren esentzia bera. Iruditzen zait lehenagoko musikariak benetako musikariak zirela eta gaur egun, berriz, ez dut esango %90 zaborra denik, ziur bainago sortzaileak ez duela hala sentitzen, baina niri behintzat ez zait batere interesatzen gaur egungo musika asko eta asko. Aldiz, urteetan atzera joan ahala, musika benetakoagoa denaren sentsazioa dut. Musikaren eraginean sinisten dut eta iruditzen zait pena handi bat dela musika bera zarata bihurtzea edo musikari zukurik ez ateratzea. Azken finean, nire ustez, entzule berriek musika onik ez aurkitzeko arriskua ere izan dezakete. Gure arbasoen musikak pisu handiagoa zuela iruditzen zait, zentzu horretan gustatzen zait gehiago.
Erakarpen horretan zer ikusirik izan dezake musika bizi eta egiteko moduak?
Garai batean musika ez zen, gaur egun den bezala, dibertimentu hutsa. Bizitzan bertan integratuta zegoen, ez zen aisialdirako eta ondo pasatzeko sortutako zerbait soilik, baizik eta beste zentzu bat ere izan zezakeen, agian. Zentzu gehiagorekin egiten zenaren inpresioa dut, esango nuke lehengo musikariek bazekitela zertan ari ziren musika egiterakoan. Gaur egungo musikariok ez dakit ba ote dakigun eta jabetzen ote garen zer nolako tresna dugun esku artean. Musika noraezean dabilen erreminta bat dela iruditzen zait, kasu askotan.
Uste dut Son House bluesmanak zioela benetako bluesa minetik sortzen dela, katarsi modura edo. Zure abestiak nondik sortzen dira?
Gure bizitzaren isla direla uste dut. Abesti hauetako askok nire letrak dituzten heinean, nire ispilu gisa ikusten ditut. Eta bai, minetik ere badute, asko dute minetik. Azkenean, badut joera hitzen bitartez barrenak husteko eta hori gehiago egoten da lotuta egonezinarekin, egoera erosoekin baino. Bada bai, zentzu horretan ados nago Son Houserekin (barreak).
Berriz ere diskoari helduz, bada Mikel Laboaren bertsio bat ere. “Geure oroitzapenak” abestia moldatu duzu, originaletik asko aldenduz, gainera.
Bai, nik neuk diot Mikel Laboaren bertsioa dela baina Mikelek, sekulako musikaria izanagatik, apenas idazten zuen. Joseba Sarrionandiaren testu bat da, Laboaren ahotsean ezagutu nuena, beraz, ez dakit noren bertsioa den. Ez zitzaidan bertsio bat egitea interesatzen baina abestiaren hitzek asko esaten didate: oroimenari buruz nola hitz egiten duen eta nola galtzen doazen, nola uretan murgilduko balira legez denarekin bat egin eta nahasten diren, nola nahasten ditugun egia eta fantasia, nola oroitzapenak aukeratzen ditugun… oso hitz ederrak iruditzen zaizkit. Behin melodia bat neukan buruan eta hitz horiek atera zitzaizkidan, horrela sortu nuen abestia.
“Badaude” abestiko hots, koru eta perkusioez zer esan ahal zeniguke?
Musikoterapia master bat egiten ari naiz eta behin, mintegi batean, inprobisazio motez ari zirela, pentsatu nuen bueltaka neukan abesti bat, beti desberdin ateratzen zitzaidana, bertan inprobisa genezakeela. Ordurako banuen buruan Akauzazteren abestiak moldatzeko ideia baina ez nuen argi oraindik zein abesti aukeratu. “Badaude” abestia banuen buruan eta egoera egokia iruditu zitzaidan bertan probatzeko. Eta horrelaxe sortu zen.
Lehenengo diskoan 15 urtez Matadeixen egindako grabazioak bildu zenituen. Nolakoa izan da prozesua oraingoan?
Hau hiru arratsaldetan grabatu nuen. Salbuespenak dira “Badaude” eta “Aurka”, lehenagotik grabatuak nituenak. Etxeko sukaldean hiru egunetan grabatu nituen, bakarrik nengoenetan. Ondoren, masterizatu eta ateratzea izan zen ideia, buelta gehiagorik eman gabe, burua ez gehiegi jan eta fresko mantentzeko asmoz. Zentzu horretan, ikaragarri desberdinak dira bi diskoak.
Lehen lan hura “txoixomutur mentalitate merkantilistatik at sortua” zen. Hala al da hau ere?
Bai, nik hala sentitzen dut behintzat. Ez dut uste arrakasta komertzial handirik lortzeko abestiak direnik, ez dut horretarako gaitasun handirik eta ez zait gehiegi interesatzen ere horrelakoetan sartzea. Nire arimaren musika da hau, nik asko sentitzen ditut abestiok. Ez dute ederrak izateko asmorik, ezta salgarriak ere, ez dute inori gustatzeko intentziorik… Sentitzen dut gaur egun musika asko “txoixomutur mentalitate merkantilista” horren arabera sortzen dela eta, lehen hitz egiten aritu garenaren harira, horrek kentzen diola benetakotasun asko.
Kontzertuak ematen ari zara. Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Baditut hainbat proposamen baina ikusten dut errepertorio mugatua dudala eta ez dakit zein den hain inguru mugatuan gehiago jotzeko arrazoia, azken finean, kontzertua ikusi nahi duena mugitu egiten da. Akaso, errepertorioa luzatuko banu, egingo nuke aurrera. Eta geratzen zaizkidanetan ondo sentitzen banaiz, nire gogoz egingo ditut gehiago. Baina oraingoz nahiago dut ea nola doan ikusi eta erabaki.
Atanas Akerstra proiektuak bizirik jarraituko al du?
Ez dut planteatu ere egiten. Disko hau izen horren pean argitaratzeari buruzko dudak ere izan ditut, azken finean Akauzazteren abestiak dira. Baina neu nintzenez sortzaile nagusi, Atanas Akerstra izena mantentzea erabaki nuen. Nahiz eta disko batetik bestera alde handia egon, uste dut komunean ere badutela zerbait. Ez daukat arrastorik ere zer den aurrerantzean egingo dudana.
Eskerrik asko zeure denboragatik.
Zuri.
ATANAS AKERSTRAREN HURRENGO KONTZERTUA