Elkarrizketa

“Leihoak zabaldu eta ateak ireki ditugu haize berrien bila”

Elkarrizketa: Kaskezur

Azken biekin burua altxatu badu ere, lau disko ditu Nafarroako Kaskezur taldeak. Aurrenekoak izenburu luzeegia du —Itzulera kapsularik gabe espaziora bidalitako azken zakurrak (2008)—, bigarrenak bi hitz —Gure jokua (2010)—, eta azken biek bakarra —Ilgora (2013) eta Azpisugeak (2017)—. Guztiek dute zerbait, denboran nabarmendu dena. Naturaltasunaren bidetik iritsi dira Azpisugeak laugarren diskora. Iñigo Iturria eta Ion Mindegia abeslari eta gitarristek hastapenetik bizi izan dute eboluzioa. Mugarik gabeko bide bezala ulertzen dute. Biek hitz egin digute laukotearen izenean.

Kaskezur arg

Mikel Sanchez + Imanol Zubieta + Ion Mindegia + Iñigo Iturria = Kaskezur (2017).

Azpisugeak laugarren diskoarekin zer esana ematen ari zaretela ematen du. Zer gertatu da horrela izateko?
Orain kantak egiteko orduan ideiei buelta gutxiago ematen diegu, eta hasierako ideia horiek erabiltzeak gugandik hurbilago dagoen soinua lortzea dakar. Bizitzaren bertze arlotan bezala, etiketak sortzeko eta muga horiek markatzeko ohitura dago. Molde horietan sartzeko lantzen da aunitzetan musika, entzuten ari garen zerbait aurretik entzuna dugula iduritzen zaigula. Normala da ere gustuko musika eta eraginen bidetik hastea, baina bidea galtzeko joera hori jendeak eskertzen duen zerbait dela uste dugu. Dibertigarriagoa da gainera.

Ilgora aurreko lanak ere harrera beroa izan zuen, baina oihartzun apalagoa. Aurrekari ona da aurkeztu berri duzuen diskoari begira?
Baietz uste dugu. Guretako Ilgora norabide aldaketa bat izan zen, dudarik gabe. Beste estilo ikuspegi batzuetatik lan egin izan genuelako aurreneko bi diskoetan, eta Ilgora lanarekin erabat aldatu genuen musika egiteko ikuspuntua. Leihoak zabaldu, ateak ireki eta bidean jarri ginen haize berrien bila.

Laukotea berrosatu duzue Azpisugeak-en. Laurak gizonak zarete orain! Hasieratik zuek biok jarraitzen duzue.
Denbora daramagu talde bezala eta normala da jendea sartzea eta ateratzea. Pena handiarekin baina Ainarak [Ibarra] eta Phillippek [Santamaria] taldea utzi zuten arrazoi ezberdinak direla medio. Talde txikia gara eta esfortzua da astero entseatzea eta kantak egitea, benetan gustura egiten dugun arren, noski. Baztan eta Bidasoa inguru hauetan, rock musikariak ez daude soberan eta benetan zorte handia izan da talde bezala Imanol [Zabaleta] eta Mikel [Sanchez] aurkitzea, eta baita taldearen dinamikan horren prestu sartzea ere. Indar eta gogo izugarriarekin sartu dira. Emakumea edo gizona izatearena kasualitatea da, ez ditugu taldekideak sexuaren arabera bilatzen; pertsonak berak, bakoitzaren nortasunak eta nolakotasunak dauka garrantzia eta guztiarekin gainetik, rock talde xumearen bizitza maitatzea. Ttikiak izan arren, kantak egitearena derrigorrezko seriotasunarekin hartzea.

Azpisugeak asko dira inguruan?
Denak gara azpisugeak modu batean edo bertzean. Nahiko traidoreak izango gara lagun hurkoarekin eta baita gure ideiekin ere, geroz eta gizarte desparekatu eta artifizialera naturaltasun osoz bagoaz. Gainera poliziarena egiten aski ongi dakigu. Hori, edo nahiko “mugatuak” garela izango da (barreak).

“Lore sorta” ere prestatu duzue banatzeko. Abestian aipaturikoez gain, zein besteri eskainiko zeniokete sorta?
Bere modura bizitzen saiatzen den gaixoari.

Aspalditik ari zarete kantak banatzen Ion eta Iñigoren artean. Zergatik abesten ditu batzuk batak, eta beste batzuk besteak?
Aniztasuna ematen diolako taldearen soinuari. Geroz eta aukera eremu zabalagoa, hobe.

Talde bezala izan duzuen eboluzio musikala agerikoa da. Niko Etxart eta beste aipatzen ziren zuen lehen diskoen harira. Orain, berriz, Sonic Youth, Fugazi edo Dinosaur Jr.
Kantak egiterako orduan ez dugu sobera pentsatzen gure eragineran, eta musika entzuterako orduan denetarik entzuten dugu. Beraz, normala da batzuetan alde batera edo bestera joatea kanten norabidea. Hip-hop kantarik ez dugula inoiz egingo segurtatzen ahal dugun aldi berean, egia da gitarrak nagusi diren musika estilo ia denetan saiatu izan garela. Nahigabe edo nahita.

“Diskoa horren dinamikoa, sakona eta koloretsua izatearen errua Ibai Gogortza ekoizlearena izan da, dudarik gabe”

Ekoizpenean Ibai Gogortzak egindako lana ezin da aipatu gabe utzi. Nolakoa izan da elkarlana?
Egia da inoiz ez dugula elkarrekin disko bat egin, baina orain dela urte asko elkar ezagutzen dugula eta birritan hitz egin izan dugu Ibairekin. Batez ere, Ilgora eta gero, disko bat elkarrekin eta bera ekoizle bezala egitea aipatu genuen. Esperientzia ezin hobea izan da; Ibaik musikarekin daukana benetako grina da, eta behin lanean gurekin hasi zenetik —grabaketa baino hilabete bat lehenago, entseguetan eta— nabaritu izan dugu bere indarra. Kanta batzuk goitik behera eraldatu genituen, eta beste batzuk aldaketa txiki batzuekin prest. Diskoa horren dinamikoa, sakona eta koloretsua izatearen errua Ibairena izan da, dudarik gabe.

Zuzenera ere eraman duzue diskoa. Laukote bezala gustura zaudete taula gainera abesti berriak eraman ondotik?
Bai gustura gaude. Diskoa atera aurretik egin genituen kontzertu pare bat disko berria bakarrik joaz, eta kontent gelditu ginen. Orain kanta zaharrekin nahastean, kontzertutik kontzertura zerrenda ezberdinak egiteko aukera gehiago dugu. Hurrengo kontzertuak Andoaingo gaztetxean (maiatzaren 13an), Erratzuko Zubipunta ostatuan (maiatzaren 19an) eta Arantzako aterpean (maiatzaren 27an) joko ditugu.

ETIKETAK:Ainhoa IbarraIbai GogortzaImanol ZubietaIñigo IturriaIon MindegiaKaskezurMikel SanchezNiko EtxartPhillipe Santamaria