Elkarrizketa

2016.07.05

Ander Perez

«Lehen, gitarristagoa nintzen; orain kanta borobiltzera noa»

Elkarrizketa: Keu Agirretxea

Keu Agirretxearen (Ondarroa, Bizkaia, 1973) izen-abizenak daramatza musikari bizkaitarraren lan berriak, baina, harena ez ezik, beste hamaika artistaren ekarpen collagea da Nomadak eta kofrea diskoa. Madrilen grabatu du, Javi Calambres baxu jotzaile (Superskunk…), David Bao bateria jotzaile (O’ Funkillo) eta Carlos Noain teklistarekin (Naica) batera. Ahotsetan, kolaborazio gisara, Jairo Zavala (Depedro), Pablo Novoa, Mikel Erentxun, Xabi Solano eta Izaro Andresen ahotsak batu zaizkio. Zuzenekoetan dabil orain diskoa aurkezten, Fignuh Experience bandak lagunduta, eta «harrituta» dago harrera ona ikusita.

(Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Keu Agirretxea abeslari eta gitarrista ondarrutarra. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Madrilen grabatu duzu diskoa. Zeren bila abiatu zinen hara? 
Mauka diskoetxeak proposatu zidan grabazioei beste tratamendu bat ematea. Azken urteetan nik neuk ekoiztu ditut nire gauzak, eta ni arduratu naiz grabazioez, eta esan zidaten aukera bazegoela gauza diferente bat egiteko. Eta nire disko guztiak Euskal Herrian grabatu ditudanez —ez naiz kanpora joan izan—, eta hau hemezortzigarren diskoa izan denez, bada, behintzat, zer edo zer probatu nahi nuen. Musikariak ere Madrilgoak dira, eta hara joan ginen pixka bat aldatzearren.

Eskarmentu handiko musikariak bildu dituzu zure ingurura. Zer eman dizute?
Ez nekien ziur zer topatuko nuen, ez nituen ezagutzen haiek pertsonalki, erreferentzia batzuk neuzkan, norekin jo duten, bideoren bat… Banekien ukitu bat emango ziotela. Jotzeko beste era bat eman didate, batez ere erritmikoa. Agian izango da David Baok flamenko asko jo duelako, baina badago ukitu flamenko bat. Harritu ninduen haren zentzu erritmikoak, eta baita [Javi] Calambresenak ere. Ondo menperatzen dituzte tresnak: gauza sinpleekin gauza ez hain sinpleak egiten dituzte .

Kolaborazio askotarikoak ere bildu dituzu. Bitxia da disko berean Xabier Solano eta Mikel Erentxun topatzea, adibidez. 
Bai. Aberasgarria izan da; ze, uste dut ez dudala halako disko bat egingo bizitza osoan [barreak]. Madrilen grabatzen ari ginenez, hango musikariekin, eta diskoa beste kolore bat hartzen ari zenez, bada, aukera izan genuen haiekin kolaborazioak egiteko. Jairo [Jairo Zavala] estimu handitan eduki dut beti, orain dela hainbeste urte, Depedro egin aurretik, Garate estudioetan kointziditu nuenetik —bera Amparanoian ari zen—. Mikel Erentxunekin kristoren sorpresa hartu dut. Aukera eduki dut harekin eta Pablo Novoarekin estudioan egoteko, eta kristoren sorpresa ona izan da; tipo onak dira, eta esku zabalik hartu naute. Eta euren ukitua eta pertsonalitatea diskoan dago. Solanok abesten duen kanta, agian, diskotik gehien urruntzen dena da, indartsuena-edo. Azken urteetan harekin gauzatxo batzuk egin izan ditut, eta hura ere animatu zen.

Asko nabarmendu da kolore askotako diskoa dela. Baina badute kanta guztiek nolabaiteko hari komun bat ere, ongi borobildua dago diskoa. 
Bai, bai. Ekoizpenagatik ere bada. Lehenengoko fasea Madrilen egin genuen, baina bigarrena, Haritzekin [Harregi] egin genuen, Usurbilen, eta horrek, ekoizpen aldetik dena batzeko egin zuenak, badu bere pisua. Nik ere uste dut diferenteak direla kantak baina badutela norabide bat-edo.

Mikel Etxabururen, Kirmen Uriberen eta Aiert Goenagaren testuak baliatu dituzu. Hirurak dira ondarroarrak. Kasualitatea da, edo propio bilatutako zerbait?
Azken urteetan, Mikel Etxabururen eta Kirmen Uriberen hitzak asko erabili ditut. Eta, egia esateko, euren idazteko erak nahiko ondo datoz bat. Gainera, lagunak dira, eta zortea daukat eskura dauzkadalako. Aiert oso ona da, nire ideiak nahiko ondo enkajatzen ditu, eta, beraz, niretzat oso erosoa da alboan halako artistak egotea idazten.

Guztietan ageri dira gai eta kezka antzekoak, maitasunarekin, sentimenduekin eta harremanekin lotuak…
Hori da. Batzen gaituena da sentsibilitate gradu nahiko antzekoan gabiltzala, bai haiek idazten dutenarekin, eta bai nik azken urtetan dauzkadan ardura musikalekin. Asko gustatzen zait nola idazten duten; ezberdinak dira. Adibidez, oso diferenteak dira Kirmen eta Mikel, baina daukaten sentsibilitate puntuarekin asko konektatzen dut, eta uste dut nire musikarekin ondo datoztela bat.

Ezeren gainetik gitarrista zara?
Lehen, gitarristagoa nintzen, riff eta halakoei, gitarrari arreta handia ipintzen nion, kanta ez nuen sumatzen osotasunez, eta gitarristaren ikuspuntutik begiratzen nuen. Eta hori pixka bat aldatuz joan da. Tira, nire instrumentua da, ni gitarrista naiz, baina, orain, kanta borobil baten bila joaten naiz. Adibidez, Zuhaitzen denbora” kantak ez dakit lau akorde bakarrik ez ote dauzkan, hiru ez badira… Borobiltzera noa, ez hainbeste gitarrak ze rollo eramango duen.

Azkenaldian badira gitarrista puruak izandakoak bakarka nabarmentzen ari direnak. Joseba Irazoki, Joseba Baleztena edo zu zeu, adibidez. 
Nik hainbeste fase pasatu ditut… Hiru disko instrumental dauzkat, eta badakit zer den disko bat defendatzea; niri disko instrumentalak asko gustatzen zaizkit, ondo pasatzen dut, baina, arraioa, nire bidean aurrera egiteko… Nahiz eta gitarrista moduan ibili, beste pauso batzuk eman behar ditut, abesten, kantu batzuk sortzen…

Baina bakarlari sentitzen zara?
Bai zera! Noizbait baten batek idatzi izan du kantautore, eta kantautore berbak berak atzera botatzen nau, nire errespetu guztiarekin. Nik gitarra jo eta kantatu egiten dut. Gauza bat da, agian, proiektu baten hasierako ideia edo enfoke artistikoa batek izatea, baina, gero, nik talde bat daukat zuzenekoetarako: Fignuh Experience, laukote bat.

Nola doaz zuzenekoak?
Kristoren sorpresa hartu dugu. Batez ere, eta aurrekoarekin lotuta, bakarrik jotzeko deitzen didate pila bat [barreak]. Harrituta gelditu gara, diskoa oso ondo funtzionatzen ari delako, mugitzen ari delako eta saltzen ari delako, eta jaso ditudan kritikek asko bete naute, idatzi didan jende bat nik ere miresten dudalako. Egia esan, gure zirkuitua ez da udakoa; neure burua ez dut ikusten gu eta Ze Esatek ez dakit non… Baina harrituta geratu gara hiru edo lau bider jende gehiago mugitzen hasi garelako. Bueno, baita Izaki Gardenak eta biok batu garelako ere, eta kontzertu batzuk elkarrekin egin ditugulako; baina, bai, oso pozik gaude.

Zuzenean, taldearekin, aldatuko dira kantak, ezta? Haiek ez dute grabazioetan parte hartu. 
Artista batzuk gara geure buruaren bertsioak egiten [barreak]. Fignuh Experiencekin sei urte daramatzagu… Beste ukitu bat ematen dio. Grabazioetan grabatzen dira ez dakit zenbat gitarra, ez dakit zenbat gauza… eta, gero, [zuzenekoetan] bateria, baxua, saxoa eta gitarra daude, beraz, moldatu behar izaten dugu. Gure diskoaren moldaketa bat egiten dugu zuzenerako, eta asko gozatzen dugu.

ETIKETAK:Izaki GardenakJoseba BaleztenaJoseba IrazokiKeu AgirretxeaMauka