2017.04.05
Haize instrumentuak oholtza gainean ikusi orduko ska talde bat jotzera doala imajinatzen dugu segituan. Makulu Ken taldeak ordea, mugak hautsi nahi ditu, barnekoak eta kanpokoak, erritmo eta kolore desberdinek gurean ere tokia badutela erakutsi asmoz. Taldekide bati afrobeat doinuez osatutako disko bat oparitu eta erritmo errepikakorreko abesti luze bezain biziez maitemindu zenetik ari da taldea bidea egiten. Hamar urteko ibilian bigarren diskoa du Kalè kalè. Ez dakigu kalea eta huts egitea goraipatu nahian edota Calais-ko errefuxiatuen kanpamentuari erreferentzia eginez, baina, nolanahi ere, euskal afrobeataren sortzaileak erakustera datoz gipuzkoar hotz eta serioek ere Nigeria aldeko musika jorratu dezaketela, ez edonola gainera.
Hamaika musikari eta instrumentu, 15 abesti, 75 minutu, diseinu landu eta txukuna… disko honen atzean dagoen lanaren adierazle dira. Zenbat ordu izan dira?
XABI HERRERA: Makina bat… Musika guztiz inprobisatua ez den heinean —hori ez da gertatzen ezta jazzean ere—, ordu asko daude atzean. Hasierako ideiatik instrumentu guztiak integratu arteko unera, estudiora eraman eta 10 edo 12 pertsonak banan-banan edo taldeka grabatu, denekin harremanetan jarri, adostu, desadostu, editatu, nahastu eta masterizatu… horixe, zenbaezina da. Hala ere, dena oso neurtua dagoela ematen badu ere, estudioan gauza dexente inprobisatu egin dira, soloak, letra zatiak…. Gidoia oso landua genuen baina gidoitik ateratzen asko disfrutatu dugu. Egia esan, prozesua horrelakoa izan da perkusio, bateria, gitarra, baxuarekin eta abar.
Gehienak erritmo biziko kantak dira. Imajinatzen dut entrenamendu pixka bat ere beharko duela herri rockzale honetako perkusio jotzaile batek erritmo aberats hauek menderatzeko, ezta?
X.H.: Ez da bakarrik perkusio jotzailearen kontua, edozein intrumentutarako balio du. Ez dira erritmo zailak, baina aldi berean bereziak dira, aberatsak eta polirritmikoak. Polirritmian zailtasun handiagoa dago elkarrekin aritzean norbanakoaren teknikan baino. Agian bateria salbuespen bat izan daiteke, edozeinek ezin baitu jo Tony Allenen erara…
Diskoa entzutean, ahotsen arteko jokoak ere deitzen du atentzioa. Aberastasun handia dago koru eta ahotsen erabileran.
EIDER ORMAZABAL: Bai, ahotsak bere lekua hartzen du beste musika tresna bat izango balitz bezala, protagonismo handia dauka. Denok parte hartzen dugu koruetan eta horrek aberastasun handia ematen dio musikari.
Ahotsetan ez ezik, hitzetan ere badago joan-etorria galde-erantzun formatoan. Badago ahots desberdinen arteko komunikazio bat, esanahiaren zein sonoritatearen aldetik, ezta?
E.O.: Galdera-erantzunak oso ohikoak dira afrobeatean eta komunikazioa ia derrigorrezkoa da. Afrikako musikaren DNAn dago. Hitzak asko landu ditugu, sonoritate berezi hori aurkitu arte.
Zuen hitzek, jatorrizko afrobeatean gertatzen zen era berean, karga politiko nabarmena dute. Geure-geureak ditugun hainbat gaitz sozial salatzeaz gain, argia da Europak eta, batez ere, bertara datozenek pairatzen duten egoera salatzeko izan duzuen nahia. Gertatzen ari direnen aurrean jarrera hartzeko beharra sentitzen zenuten?
X.H.: Noski, lotsagarria da Europako erantzun instituzionala; herria, orokorrean, bihotz onekoa da, erakusteko aukera izanez gero. Hala ere, ideia faxistak gobernuen jardueren bitartez eta masa komunikabideen bidez berrindartzen ari dira Europan, kanpokoari beldurra zabaltzen ari da, horren atzean jende boteretsua baitago, noski. Beraz, guk gure harri koxkorra jarri nahi izan dugu, batzuetan egunerokotasunean itotzen garelako eta geure mundu globalizatu honetan gu baino askoz okerrago daudenak ez ditugulako kontuan hartzen.
“Komunikazioa ia derrigorrezkoa da, Afrikako musikaren DNAn dago. Hitzak asko landu ditugu, sonoritate berezi hori aurkitu arte”
Fela Kuti afrobeataren sortzaileak bazuen “Zombie” izeneko abesti bat, bere ezagunenetakoa agian, non Nigeria jaioterriko gobernu militarraren satira egiten zuen. Zuek, aldiz, paralelismoari helduta edo, pantailekiko dugun adikzioa salatzeaz gain, zonbifikaziyua kontzeptua darabilzue mendebaldeko zurioi bortxaren beharrik gabe komunikabideek sortzen diguten hipnosi egoera kolektibo moduko bat azpimarratzeko. Hain lo eta lelotuta al gaude?
X.H.: Bai, ez da gauza berria, baina okerrera goaz… Orain betiko komunikabide zonbifikatzaileez gain, pantaila interaktiboak ditugu, tabletak eta sakelako telefonoak. Pantailak berak hipnosian jartzen gaitu baina horrez gain tresna hauekin pentsamendu kolektiboaren ingeniaritza errazten ari da. Internet, pentsamendu kritikoaren plaza izan zitekeena, konpainia handiek inbaditu dute eta oso argi ibili behar du gaur egungo gaztetxo batek, eta baita hain gazteak ez garenok ere, tranpetan ez erortzeko. Pentsamendu kolektiboa guztiz gidatuta dago hedabide masiboen bidez; beraz, kontuz pentsamendu korronte handiekin nahiz eta alternatiboak diruditen… Manipulatzaileak ere ados badaude, malo!
Bestalde, bizitzaren edertasunari ere gorazarre egiten diozue hainbat abestitan. Abestien erritmoak eskatuta izan da?
X.H.: Ez, ez da hori… Aldarrikapena eta bizitzeko gogoa batera doaz. Hala ulertzen dugu. Guk energia positibotik egiten ditugu kritikak, gure bizitzeko grinatik. Kritika egin daiteke izorratzeko baina orokorrean gauzak hobetzeko asmoz egiten da, hau da, bizitzaz hobeto gozatzeko asmoz, bai guk bai edozeinek. Negarretik egina bada kritikak zentzua galtzen du guretzat, negarra baliagarria da lasaitzeko, baina konformatze modu bat besterik ez da. Aurrera jo behar da eta horretarako umorea eta alaitasuna ezinbestekoak dira. Beraz, bizitzeko gogo horrek bultzatzen gaitu musika eta erritmo hauek egitera, eta ez alderantziz.
“Hemen denak kobratzen, gu izan ezik” diozue “Euskalafrobeat” abestian. Herri honetan musikarien lanak aitorpen handiagoa izan beharko lukeela uste duzue? Erraza al da hainbeste taldekidez osatutako talde bat duintasunez bizirik mantentzea?
X.H.: Guk bolo asko eman ditugu muxutruk ekitaldi xumeetan nahiz handietan eta, askotan, antolatzaileek aldez aurretik aurreikusten dute musika taldeei miseria bat edo deus ez ordaintzea. Orokorrean ez dago jarrera bera teknikariekin edo soinu ekipoa alokatzen duenarekin, adibidez. Horiek profesionalak direla aurpegiratzen dizute —musikariak nola demonio izango dira ez badiezu ordaintzen?!— edo ekipokoak inbertsio bat egin duela —geure ekipoa Olentzerok ekarritakoa da ezta?—. Dirutza kobratzen duten talde batzuk daude eta gehiengoak ez du gastuak kubritzeko ere lain kobratzen, ezta urrutitik ere. Eta taldekideen kopuruari dagokionez, jotzeagatik 200 euro eskaintzen dituenak kopuru bera eskaini ohi dio bikote bati, laukote bati edo 10 laguneko talde bati. Horregatik ote dute taldeek gero eta kide gutxiago?
Euskal Herrian ez dakit doinu afrikarrak lantzen dituzten artista askoz gehiagorik badagoen. Enekora da burura datorkidan bakarra eta noizbait kolaboratu izan duzue berarekin. Besterik ezagutzen al duzue?
X.H.: Musika afrikarraren eragina Amerikan egiten den musika estilo moderno guztietan dago, beraz, zeharka ia talde guztiek lantzen dute. Afrikari zuzenean begiratzen dioten eta egun jotzen ari diren oso talde gutxi ezagutzen ditugu: Muchachos Afrobeat Band eta Geroa Orkestra, adibidez. Gehiago egongo dira baina ez ditugu ezagutzen.
“Jotzeagatik 200 euro eskaintzen dituenak kopuru bera eskaini ohi dio bikote bati, laukote bati edo 10 laguneko talde bati. Horregatik ote dute taldeek gero eta kide gutxiago?”
Nola ikusten duzue euskal eszena? Azken urteetan bestelako doinuak protagonismo handiagoa hartzen ari direla iruditzen zaizue ala, kontrara, geldirik gaude betiko generoetan?
X.H.: Rock Radikal Vasco deituriko etapa hori ez da gainditu, are gehiago, pijotuz joan da, indarra galtzen, eta gaur egun oso musikari onak egon arren arima galtzen joan da, magia gutxiago dago. Lehen askoz baliabide eta formazio gutxiagorekin emaitza zoragarriak lortzen ziren adierazpen eta intentzio aldetik. Salbuespen handiak daude, noski. Agian gizarte pijotuaren isla da, besterik ez. Euskal musika tradizionalari dagokionez, nahiko ondo modernizatu dute kasu batzutan. Bestelako doinuak ere hor daude baino publiko orokorrak, dirudienez, bazka prekozinatua du nahiago.
Irakurleen artean Afrikako doinuetan inoiz murgildu ez eta nahi duenik balego, gomendatuko zeniokete ezinbesteko diskoren bat?
X.H.: Oso zaila da, Afrika kontinente oso bat baita eta ez txikia! Zerrenda bukaezina izan daiteke eta baita estiloak ere… Ezagunetariko batzuk jartzeagatik: Fela, Femi eta Seun Kuti, Tony Allen, Mulatu Astatke, Hugh Masekela, Miriam Makeba, Ayub Ogada, Tinariwen, Rokia Traore, Ali Farka Toure, Cesarea Evora, Toumani Diabate, Salif Keita, Youssou N’Dour, Amadou & Mariam, Lokua Kanza… Ideia on bat izan daiteke Hala Bedi irratiko Erro ta Berri bezalako saioak entzutea, Afrikako doinu asko jartzen dituztelako.
New Yorkeko irrati batean zuen abestiak jarri omen zituzten, Kongokoak zaretela esanez. Kontatu ahal diguzue gehiago istorio bitxi horri buruz?
X.H.: Garai moderno hauetako tontakeria bat da besterik ez da… Esatariak nonbait Interneten aurkitu zuen Makulu Ken, streaming-ez entzun eta gustatu. Itxuraz niri buruzko informazioa bilatu zuen Facebooken, eta bestelako gezurren artean nire bizilekua, Oria (Lasarte ondoan dagoena, bai), Kongon dagoela jarrita daukat. Mundiala izan zen ingelesezko doinu yanki horrekin entzutea “Makulu Ken from the Democratic Republic of Kongouuu”. Gero idatzi nion euskaldunak garela esateko, eta geroztik gutaz hitz egiteko basque hitza erabili du. Astero gure kantetako bat pintxatzen du bere programan. Bi diskoen artean baditu batzuk!
Zer moduz ikusi duzue zeuon burua orain arteko zuzenekoetan? Non izango dugu Makulu Ken zuzenean ikusteko aukera datozen asteetan?
E.O.: Gure lana erakusteko gogoz hainbeste denbora igaro eta gero, oholtza gainean egoteko irrikaz gaude. Gozatzeko eta gozarazteko denbora iritsi zaigu. Gure diskoa aukezteko Hego Euskal Herritik bira txiki bat antolatu dugu hiriburu guztietan. Azkenekoan egoteko garaiz zaudete oraindik, apirilaren 7an Bilbon izango baikara, Hika Ateneon. Hemendik aurrera espero dugu plaza gehiagotan egotea. Ea Euskal Herriko jendea musika ezberdina entzuteko prest dagoen, guk apustua egin dugu jada!