Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2016.06.17

Gorka Erostarbe

«Jendeak oraindik tartea behar du bere baitara biltzeko»

Elkarrizketa: Mikel Azpiroz

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko klub aretoan aurkeztuko du bihar, 20:00etan, Zuri lan plazaratu berria Mikel Azpirozek (Donostia, 1971). Elkano Browning Cream hirukoaren blues, rhythm and blues, soul eta rock doinuekin ere jarraituko du aurrerantzean, baina bakarka aritzea dagokio orain. Pianoarekin bakarka solastatuz bere lengoaia propiotik gertuago dagoela uste du. 

MIKEL AZPIROZ (ArG: Jon Cazenave)

Mikel Azpiroz pianista donostiarra. (Jon Cazenave)


Zuri ere gauerako musika da. Gaua aurrekoaren segida.
Bai, Gaua diskoarekin hasi nuen bide pausatu eta intimista horren segida da: lasai entzutekoa eta gauerako aproposa; batez ere, gauak eskaintzen duelako lasaitasun eta isiltasun hori. Baina, beste norbaitek lasaitasun tarte bat behar badu egunez ere, entzun liteke, jakina…

Kosta egin zaizu pianista bakarlari gisa bidea egiten hastea?
Ez dut uste duela hamar urte hau egiteko gai izango nintzenik. Gaua atera nuenean ere zuzenean aurkezteak ematen zidan ez lotsa, baina bai erreparo moduko bat. Oso biluzia eta pausatua iruditzen zitzaidan, hain nota luze eta espazio handiko egiturekin… Egun, dena da hain abiadura handikoa… Duda nuen jendea musikan sartzea lortuko ote nuen…

Baina ezustekoa jaso zenuen…
Bai, kontzertu batzuk egin nituen, eta uste nuen baino harrera hobea izan zuen. Esango nuke gaur egun ere abiadura eta zarata izugarriaren erdian bizi garen arren jendeak behar duela tartea isiltasunerako eta nor bere baitara biltzeko. Bide hau aspalditik nekarren nirekin, konposizio mota hau. Esango nuke hau dela nire musika lengoaia propioena. Elkano Browning Cream ere oso proiektu propioa dut, baina, hau bakarka izanik eta bestelako batere mugarik gabekoa, aukera eskaintzen dit nire lengoaian sakontzeko.

Zuri entzuten hasi orduko igartzen da tonu pausatua eta malenkonia giro bat, baina ez malenkonia etsi bat.
Bai, baliteke. Piano lasaiak beti dauka malenkoniara egiteko joera… ez da zerbait bilatua. Egia da egoera meditatibo baterako joera dudala konposatzerakoan. Gazteagotan bluesa, rocka eta musika biziagoak lantzen nituen, baina, urteak pasa ahala, ez dakit lasaituz joaten garen, edo beste gauza batzuen bila… 1998an, Abdullah Ibrahim pianista hegoafrikarrak jo zuen Donostiako Jazzaldian; kontzertu hura oso berezia izan zen niretzat, zeremonia espiritual baten modukoa. Trinitateko plaza guztia isilarazi zuen: jendeak ez zuen txintik ere egiten. Kontzertu hark asko eragin zidan.

Zuri honek ere badu zeremonia espiritual horretatik, eta baita eskaintza berezi bat ere.
Bai, halaxe da. Pieza hauek jotzean ahaztu egiten dut jotzen ari naizenik ere askotan, trantze moduko batean sartzen bainaiz. Diskoa nire bikotekideari eskainita dago. Gaizki pasatu du; garai zailak izan ditu osasunez, eta borroka eta maitasun uneak izan dira. Harengan eta haren antzeko egoeraren bat izan dutenengan ere pentsatu dut disko hau sortzeko.

Zu-k entzun al du diskoa?
Ez, oraindik ez du entzun; tartea bilatu behar duela esaten du.

Zer esango zenuke musikaren ahalmen terapeutikoaz?
Uste dut ariman eragin zuzena duen artea dela musika. Musika botika da arimarentzat, bai arima astintzea behar denean, bai lasaitzea behar duenean.

Pausak, isiluneak… Notatik notarako tarte horiek garrantzi handia dute lan honetan.
Bai, isiluneek notek adinako garrantzia dute. Notak zenbat eta era dosifikatuagoan erabili, hau da, isiltasunarekin tartekatuz, orduan eta esanahi handiagoa hartzen du piezak. Eta hortik doa nire egungo lengoaia musikala. Uste dut, era berean, isats pianoak nota jo ondoren flotatzen uzten dituen harmoniko horiek, sokaren bibrazio horiek sortzen dutela mundu magiko hori.

Akaso modu sotilagoan, baina ageri dira zure betiko musikak ere: bluesa, jazza, popa… jantzi klasikoagoz.
Bai, horiek dira txikitatik jo eta gustuko izan ditudan estiloak. Oso gazte sartu nintzen kontserbatorioan, baina segituan gustatu zitzaizkidan rock-and-roll zaharra, bluesa… gospela, jazza… Lan berrian, ez diot neure buruari mugarik jartzen, ez konposatzerakoan eta ez erabiltzen ditudan baliabide musikaletan. Saiatzen naiz nire izaerarekin zintzoa izaten. Hori da muga bakarra.

Gauean eta bakarrean konposaturiko piezak dira?
Batzuk, bai; beste batzuk, denbora izan dudan tarteetan. Ez daukat metodologia zehatz bat. Hauetako bakar bat ere ez dago konposaturik aurrez pentsatu eta hartara jarrita. Irten egiten dira. Une inspiratu bat izaten duzu, eta zerbaitek kanporatu behar izaten du. Adibidez, “Zuri” izeneko abestia duela bi urte konposatu nuen, Vilanova I La Geltrun, Gironan; Jabier Muguruzarekin kontzertu bat eman behar genuen, eta, soinu proben ostean, agertokian geratu nintzen bakarrik, pianoa joz. Asko gustatzen zait tarte hori. Gutxien uste duzunean zerbait sortzen da, eta, hurrengo egunean berriro pianoan jarri eta berriz azaleratzen bada, seinale ona da. Pieza horrek zerbait badaukala esan nahi du; bestela, ez dira azaleratzen berriz. Galdu egiten dira.

El Vendrellgo Pau Casals auditoriuma ezinbesteko bihurtu da zure azken lanetan. 
Bai, han grabatu nuen Gaua, eta baita Jabier Muguruzarekin egindako azken lanak ere. Duela urte batzuk ezagutu genuen lekua, eta zoragarria iruditu zitzaidan. Bertako pianoaren eta gelako akustikaren arteko erlazioa izugarria da. Egurrezkoa da, leku goxoa. Gainera, Pau Casals txelista ospetsua hangoa zen, eta haren etxea auditoriumaren parean dago, egun museo bihurtua. Lanerako erraztasun guztiak uzten dizkigute, gainera: giltzak ematen dizkigute, eta egunero gauez sartu ahal izaten gara. Ekipoa eramaten dut hara, bertan egokitu eta jo.

Geroz eta piano jotzaile hobea zara? Zer falta zaizu nahi zenukeen piano jotzailea izateko?
Gauza asko falta zaizkit. Behin ere ez naiz iritsiko nahi nukeen mailara, zoritxarrez edo zorionez… ondo baitago betiere zer hobetua izatea eta gogoa izatea. Nik izugarrizko gogoa daukat, ez bainaiz maila handiko pianista.

Fermin Muguruzarekin entseguetan ere bazabiltza, Nola? diskoaren zuzeneko birarako. Oso unibertso desberdinean ariko zara…
Unibertso diferentea da, baina Ferminek soul handia dauka, nahiz eta punkarekin lotzen dugun. Zer esanik ez azken disko honetan! Aurreko asteburuko entseguetan oso itxura ona hartu nion egingo dugunari, eta oso ondo pasatu nuen. Gainera, izugarria izango da New Orleansko musikari horiekin aritzea.

Viktoria Eugeniako klubean ariko zara bihar. Leku egokia oso.
Egin nahi dudana egiteko perfektua da; leku txikia eta bildua. Jendea oso gertu egoten da, iluntasunean, pianoa mikrofonorik gabe, akustikoan entzuteko moduan. Eta, gainera, Donostian, etxean…

Zuzenekoetan zein piano erabiliko duzu? Moldatu egiten zara piano desberdinetara?
Bai, moldatu egiten naiz, baina, orain artean, beti egokitu izan zaizkit piano txukunak. Horrek laguntzen du. Halere, piano ez hain txukuna tokatzen bada ere, gustatzen zait hari ere bere arima bilatzea. Musika tresna guztiek daukate zerbait, euren bihotza. Horretan asko ikasi dut Elkano Browning Creamen jotzen duen Frank Mantegari bateria jotzailearekin. Maila izugarriko musikaria da, eta dagoen lekuan dagoenera egokitzen da. Nahiz eta lau harri jarri, hark aterako lieke bizitza. Hori oso lezio interesgarria eta polita izan da niretzat. Instrumentuen gainetik dagoen zerbait da musika; tresnak bidea baino ez dira.

ETIKETAK:Fermin MuguruzaJabier MuguruzaMikel Azpiroz