Elkarrizketa

“Isilpeko oihuak dira baina amorruz kanporatzen ditugu”

Elkarrizketa: Hibakusha

Nafarroak ez du aldaketarik nabaritu, metal zein hardcore emariari dagokionez. Urtetik urtera loratzen dira banda berriak. 2013an sortu zen Hibakusha, beste hainbat taldetan ibilitako musikariekin. Ahotsak definitu zuen hizkuntza eta arnasa eman zion boskoteari. Ordutik aurrera, eboluzioak eta aldaketek gogortasunera bultzatu dute. Oihu isilak (Gor, 2016) bigarren diskoa da joera horren emaitza. Euskarazko metal alternatiboaren azken ezustekoa.

Hibakusha_Arg01

Ander Orduna + Indusi Zubiat + Silvia Guillen + Iñaki Santos + Iñaki Pulido = Hibakusha.

Bi urtek askorako eman dezakete. Hibakusha familian gauzak aldatu al dira?
Abuztuak 6 diskoa kaleratu genuenetik gauzak nahiko aldatu dira. Pedro Cuadros gitarristak taldea utzi zuen eta Iñaki Santosek baxua utzi eta gitarra hartu zuen, bere jatorrizko musika tresna. Zorionez, oso denbora laburrean eskarmentu handiko baxu jotzailea aurkitu genuen, Iñaki Pulido. Berarekin batera gure soinua ere aldatu egin zen, freskotasuna eta ikuspuntu berria ekarri zituelako.

Gogorrera egin duzue bigarren diskoan. Eboluzio naturala izan al da?
Argi genuen bigarren disko honetan gure izaera definitu behar genuela. Gure eraginak ere gogortu egin dira, In Flames bezalako taldeak gustuko ditugu, eta momentuan entzuten dugun musikak eragin zuzena du konposaketa lanetan. Gu ere aldatu egin gara, helduagoak sentitzen gara, pertsona eta talde bezala. Gainera, Silviak ere argi zuen letrak gogortu nahi zituela, eta hori guztiz bat dator musikaren gogortze horrekin.

Zeintzuk dira kontatu nahi dituzuen Oihu isilak?
Hamar kantuk osatzen dute diskoa. Kantu bakoitzak istorio berezi bat kontatzen digu, bakoitzak isilpean gordeta daramatzanak edo kritika soziala edo politikoa oinarri dituztenak. Silviak bere esperientzia pertsonaletan oinarritzen ditu normalean. Badira gertuko pertsonei zuzendutakoak: “Sugea”, hurbileko pertsona batekin izan dezakegun harreman toxiko bati buruzkoa eta “Barne korapiloa”, lagun bati barkamena eskatzen diona. Kritikan oinarritzen direnak: “Memento hori”, behe mailako klase sozialen boterea gogorarazten diguna; “Ihes”, errefuxiatuen egoerari buruzkoa; “Irina”, emakumeen salerosketari buruzkoa; “120 ordu”, torturaren ingurukoa. Bestalde, gure inguruko pertsonekin ditugun eguneroko arazoei buruz ere hitz egiten du “Zure islada” kantuak, edo “Dunak”, maitasun harreman korapilatsu bati buruzkoa da. Bada isiltasuna eta elkarren arteko entzumena goraipatzen duen kanta ere, “Hitz hutsak”, edo bihotzeko arritmia eta gizartera moldatzeko ezintasuna lotzen dituena, “Arritmiaz bizi”.

Hamar abestietako letrak nahiko tristeak dira, amorruarekin kantatu beharrekoak?
Isilpeko oihuak dira guretzat eta amorruarekin kanporatzen ditugu, oihuak kanporatzen diren bezala. Musika gogorrak ere horrela egitera bultzatzen gaitu. Baina badira samurtasun puntuarekin abesten ditugun kantuak ere: “Barne korapiloa” eta “Hitz hutsak”, adibidez. Izan ere, heldutasunak ikuspuntu berria ematen digu, eta adierazteko bide berriak ikertzea maite dugu. Horretan gaude oraindik. Letra gogorrak samurtasunarekin abestea ere nahiko indartsua izan daiteke. Batzutan zaratak ez dizu mezua entzuten uzten.

“Argi genuen bigarren disko honetan gure izaera definitu behar genuen. Gure eraginak gogortu egin dira, eta gu ere aldatu egin gara, helduagoak sentitzen gara, pertsona eta talde bezala”

Azaleko emakumearen begiradak asko transmititzen du.
Azaleko emakumeak bere begiradan anbiguotasun puntua dauka. Badirudi izututa dagoela, zerbaiten beldur, edo gustuko ez duen zerbaiti begira. Beste batzuek ezkutuko plan maltzurra pentsatzen ari dela uste dute… Ez dago eroso, ez dago konforme. Emakumezkoen ikuspuntua ere adierazten du, Silvia emakumea den aldetik.

Musikalki, kontrastea mantendu eta areagotu duzue. Metal alternatiboaren baitan, oinarri sendoa eta melodia uztartu dituzue. Zuen proposamena definitzea lortu duzue?
Zeharo definitu dugula esatea gehiegizkoa litzateke, baina pozik gaude egindako lanarekin. Talde bezala eboluzionatu egin dugu, eta gure soinu propioa aurkitzeko bidean gaude. Melodia biziak eta musika potentea maite ditugu, baina entzulea harritzea ere, eta bat-batean espero ez duen erritmoa edo gitarra, baxu edo ahots melodia sartzea atsegin dugu, entzulea ez aspertzeko. Hori bai, hori guztia armonia eta orekaz sartu behar dira, eta hortxe dago lan neketsuena. 

Taldeko musikarien iragan eta orain metalzalea azaleratu dela uste duzue?
Bai, guztiok metal munduan mugitu gara betidanik (Kerasy, Dawn of the Maya, Tears from Hiroshima, Shinigami, Ubi sunt?, Xilum). Horrek ez du esan nahi beste musika estilo batzuk jorratu ez ditugunik. Adibidez, Iñaki Santosek Swingaraia taldean gitarra jotzen du, eta Iñaki Pulido Attikus Finch taldeko baxu jotzailea da. Hibakusha sortu baino lehen nahiko proiektu ezberdinetan ibili gara, eta horrek gure taldeko lana zeharo aberasten du. Metala daramagu zainetan, hori egia da, naturalki ateratzen zaigun estiloa delako. Baina horren barruan gure izaera propioa lortzea dugu helburu.

Silvia, zure ahotsa inoiz baino indartsuago nabari da diskoan. Badu azalpenik?
Bai, horrela da. Aurreko diskoaren melodia eta letrak konposatzeko denbora laburra izan nuen. Zehazki, sei hilabete estudiora sartu aurretik. Gainera, taldekideak ez nituen ia ezagutzen, eta lan gogorra izan zen, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egin, dena batera egin behar izan nuen. Hau dela eta, ez neukan oso argi ahotsari zer izaera eman eta zerbait lauagoa grabatu nuen azkenean. Disko berrirako, ordea, lasaiago ibili gara. Moldaketa guztiak ondo begiratu ditugu eta kantuak egin eta desegin ditugu. Gehiago hausnartu eta sakondu dugu, guztion artean. Eta eraikitze prozesu horretan ahotsa gogortu nahi nuela konturatu nintzen. Nire benetako izaera agerian utzi nahi nuen, gogorragoa eta naturalagoa. Oro har, ñabardura gehiago ditudala erakutsi.

Oraingoan, grabaketak etxe ondoan egin dituzue Nafarroako rock eszenako bi musikari ezagunekin.
Musika grabatzeko Brigi Duque aukeratu dugu (Koma, El Drogas) eta ahotsa grabatzeko, berriz, Arkaitz Miranda (Sakeo). Erosotasuna nahi genuen, eta Nafarroan baditugu rock munduan eskarmentua duten musikari apartak. Haiek ondo ezagutzen gaituzte eta badakite zeren bila gauden. Bai Brigi eta bai Arkaitz aholkulari gisa izan ditugu grabaketan. Oso eroso ibili gara eta hori grabaketan islatu genuen.

“Hibakusha sortu baino lehen nahiko proiektu ezberdinetan ibili gara, eta horrek gure taldeko lana zeharo aberasten du. Baina metala daramagu zainetan, eta naturalki ateratzen zaigun estiloa da”

Nahasketa eta masterizazio lanetarako, Mexikoko Dark House estudiora jo duzue berriz ere.
Zerbaitekin pozik zaudenean, zergatik ez errepikatu? Masterizazio prozesua oso garrantzitsua da edozein talderentzat. Grabaketa bati azkeneko ukitu profesionala ematen dio. Disko bat arrunta izatetik profesionala izatera pasa daiteke masterizazio on bati esker. Erik Monsonis metal munduan erreferentea da, besteak beste, Dawn of the Maya, Thirteen Bled Promises, Silent Havoc, Against The Waves edo Periphery bezalako taldeekin lan egin izanagatik.

Grabazioan lagundu ez ezik, Sakeo taldeko Arkaitzek ere diskoko azken abestian kolaboratu du. Bere arrastoa utzi behar zuen?
Arkaitzek “Hitz hutsak” kantuan lagundu gaitu. Ez zen zerbait prestatua izan. Grabaketan geundela, errepikari zerbait falta zitzaiola ikusi genuen. Hainbat gauza frogatu genituen baina ez geunden oso konforme. Orduan koruak sartzeko eskatu genion Arkaitzi, ahots ezberdin batek leloari beste kolore bat eman ziezaion, eta Silviarekin ahotsa ondo uztartzen zela ikusita, azkenean duo antzeko bat geratu zen. Gainera, hasierako bertso horiek sartu nahi genituen baina ahots berezia behar genuen horretarako. Esan daiteke guk engainatu genuela Arkaitz kolaboratzeko. 

Ezin aipatu gabe utzi Nafarroako metal, rock zein hardcore eszena biziberritua. Mugimendua nabari al duzue inguruan?
60ko hamarkadatik gaur egun arte rock mugimendua mantendu da Nafarroan. Interneti esker, ordea, zeharo aldatzen eta areagotzen ari da. Denbora daramagu honetan eta esan beharra dago sare sozialei esker mugimendua areagotu egin dela. Hamar urte atzerago hau ez zen gertatzen. Zerbait antolatzeko zailtasun gehiago genituen. Musika kontsumitzeko ere errazago dugu orain Interneten bidez, eta metal joera berriak gustuko dituzten pertsonen kopurua ere handitu egin da. Hortaz, musika talde ugari aurki ditzakegu orain, eragin askotarikokoak. Metal munduan Euskal Herritik kanpo oihartzuna izaten ari diren Dawn of the Maya edo Diabulus in Musica ditugu adibidetzat. Nafarcore bezalako elkarteak, Brutenfest edo Iruñea Rock Festival bezalako ekitaldiak hemengo mugimenduaren adierazle onak ere badira. Zirkuitu interesgarria sortzen eta handitzen ari da, bai.

Azaroan diskoa argitaratu ondotik, hainbat kontzertu eskaini zenituzten urtea bukatu bitarte. Zer nolakoa izan zen harrera?
Harrera bikaina izaten ari gara. Burlatako Euskal Herria Peñan aurkeztu genuen diskoa, gure etxean, lagunen artean, eta gero Durangoko Azokan, Oñatiko Gaztetxean, Lizarrako Katxetas tabernan eta Iruñeko Zentral aretoan egon ginen. Harritzekoa da gerturatzen den pertsona bakoitzak abesti ezberdin bat duela gustukoen. Horrek asko pozten gaitu, abesti guztiek zerbait berezia dutela esan nahi duelako.

Iruñeko Zentralen eskainitako emanaldi solidarioa izan zen bereziena?
Bai, halaxe da. Iruñeko beste sei talderekin jotzeko aukera izan genuen, lagun arteko giroan. Paris 365 jantoki soziala laguntzeko antolatu zuten kontzertua, eta jendearen erantzuna ikaragarria izan zen. “Arritmiaz bizi” abestiaren bideoklipa grabatzeko aprobetxatu genuen. Laster ikusgai egingo da.

ETIKETAK:Gor DiskakHibakusha