Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2017.03.24

Gorka Erostarbe

“Irizpide estetikoetan oinarritutako oihartzuna bilatzen dut”

Elkarrizketa: Asier L.I.

Berez, bosgarren lana du Oro bat (Autoekoizpena). “Lehenik, seikote bat muntatu nuen jazzeko eta klasikoko musikariak nahastuta. Jazzaldirako jo genuen, tokian tokiko taldeen atalean, eta lan bat grabatu genuen. 2009an izan zen”. Gero, jada bakarka, EP bat grabatu zuen Asier Lopez Iraolak (Beasain, Gipuzkoa, 1979): “Lagunei ere ez nien bidali. Hau ingelesez izan zen. Inner exile zuen izenburua (barne exilioa) eta horregatik egin nuen ingelesez”. Baina bere Bandcampean entzungai daudenak azken hirurak dira. Errotik (2012), Entelekia (2013) eta Oro bat (2016). Azken hiru horiek dute batasun estilistiko bat. Pianoa eta ahotsa dute ardatz; akustikotasun biluzi bat, edo biluztasun akustiko bat. Horiek dira Asier L.I.-ren (hori du izen artistikoa) zeinu markak kantugintzan.

7380858

Asier Lopez Iraola abesti egile eta konpositorea. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Bitxia egiten da, bere kantuek eta kantatzeko erak berak duten nortasun eta sentiberatasuna kontuan izanda, orain artean apenas oihartzunik eta babesik jaso ez izana. Musikari bezala egin duen bidea ere bitxia da, hori bai. Artean nerabe ere ez zela, 12-13 urterekin, bateria jotzen zuen Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Amen trash metal taldean; filosofia ikasketak Bilbon burutu zituen ondoren, eta 20 urteak beteta zituela hasi zen musika ikasten. Konposizioa ikasi zuen, eta orain irakasle da Errenteriako Musikal akademian.

Baina, oroz gain, kantugiletzat dut bere burua. Eta ez da nolanahiko kantugilea, Oro bat azken lanak erakusten duenez. Kantuen egiturak ditu berezi, ahotsa eta ahozkotasuna ditu berezi. Proposamen estetikoa du berezi. Fredi Pelaez (Hammond organoa) eta Iñaki Telleria (perkusioa) lagun zituela grabatu zuen diskoa, Pelaezek berak Beasainen duen Pottoko estudioan. Haiek lagun dituela aurkeztuko du gaur diskoa Irungo Oiasso Museoan (20:00etan).

Zergatik jotzen duzu zuzenekoetan diskoa hasi eta bukatu osorik?
Nire bakarkako kontzertu guztiak horrelakoak izan dira. Egindako lanari bere pisua emateko modu bat dela pentsatzen dut, iruditzen zaidalako baduela nahikoa indarra, bestelako konbinaketarik gabe aurkezteko ere. Uste dut kasu honetan bereziki, ildo narratibo bat daukala diskoak berak. Diskoak, interpretazio aldetik, zuzenean nola funtziona dezakeen frogatzeko modu bat da. Pertsona bakoitzak etxean nahi duen moduan entzun dezake, akaso jarraian, akaso saltoka… baina zuzenekoak aukera ematen digu, bai guri eta baita entzuleari ere, diskoa bere osotasunean bizitzeko.

Pop lengoaia batean ez da izaten ohikoena kontzertuak horrela planteatzea. Entzuleari exigentzia bat eskatzen diozu horrela.
Bai, hala da. Geuretzako ere exigentea da. Onartzen dut. Agian ezagunagoa banintz, eta jendeak ezagutuko balitu aurreko diskoetako abestiak, aukera egongo litzateke beste konbinazio batzuk egiteko [barreak]. Eta agian egingo nituzke horrelako oparitxoak, baina horrelakoak egingo banitu, ildo narratiboa galduko litzateke… eta abestiak kentzen hasiko banintz, ez nintzateke gustura geratuko. Uste dut diskoak baduela nahikoa indar eta barietate bere horretan.

Oro bat ez duzu lehen lana. Zergatik izaten ari da aurrekoak baino oihartzun handiagoa?
Ni ere harritu egin naiz pixka bat. Aurreko lanak eta hau ez dira berdin-berdinak, bidean ikasten joan naizelako, eta badago bilakaera bat. Ikasi dut sorkuntzarena iristen dela puntu batera arte. Gero atseden moduko bat dagoela, eta berriro, txipa aldatu eta lana hedatzearena datorrela. Eta hori hartu behar dela beste lan bat balitz bezala. Bestela, hankamotz geratzen baita. Hori lehen gehiago kostatzen zitzaidan, eta oraingo honetan serioxeago hartu dut. Dena nik egiten baitut: kantuak sortu, grabatu, diskoa zabaldu, eta abar. Lasai hartu dut, epe luzerako lan bat bezala, eta zuzenekoena beste fase bat balitz bezala. Uste dut arrazoi bat izan litekeela hori…

Zuk zeuk esan bezala, musika proposamena bera ez baita hainbeste aldatu, oinarria bertsua baita…
Ez, kantagintzari dagokionez, antzeko moldekoak dira, nahiko akustikoak, pianoa eta perkusioa… Aurreko lanak bidali nituen oraingoa bidali dudan leku berberetara, hedabide nahiz kultur-etxeetara. Hor bai gertatu da aldaketa bat, agian belaunaldi aldaketa bat izan da, ez dakit… Orain, bederen, erantzun egiten didate, nahiz eta esan ezin izango dudala jo; lehen askotan ez zidaten erantzun ere egiten. Eta, erabat harritu nauena izan da Irungo Oiasso museotik beraiek deitzea bertan jotzeko. Hori ia izugarria da! Berez hori egin behar lukete kultura teknikariek, adi egon zer ari den pasatzen, eta deitu.

Zeure kabuz, autoekoizpen bidez atera duzu lana. 
Nahiko lur jota ibili nintzen lehen diskoak atera eta batere oihartzunik ez izatean. Azkenean ikasi nuen benetan behar nuena abestiak egin eta berauek partekatzeko egin beharrekoa egitea zela. Autoekoizpenaren hautua ere hortik dator neurri handi batean. Irizpide estetikoetan oinarritutako oihartzuna bilatzen dut, arteak hartzaile bat behar baitu osatzeko-betetzeko. Aukerak sortzeko modu berriak ikasten joan naiz horrela, nire lanaren irismenerako. Baina une bat bera ere ez galtzen saiatu naiz beste aitortza moeta horren bila, loriaz jantzitako oihartzun fetitxista horrek esklabizatua. Hau ere bada Oro bat-eko gaietako bat: bakanak, bakan izateaz gain, ideal bilakatzeko izan dezakeen nahikari hori. Baina jomuga gorenek, norabidea eta indarrak ere eman ditzakete. Muga ere izaten dira maiz, ordea.

Antton Iturbe musika kritikariak BADOK-en idatzitako erreseinan esan zuen horrelako lanak oso urriak direla gurean. Hain arraroa da egiten duzuna?
Musika asko entzuten dut, eta entzuten dudanarekin alderatuta, ez zait hain arraroa egiten. Arraroa da nik bakarrik egin dezakedan heinean, hau da, norberak egin dezakeena beste inork ezin duelako egin. Arraroa da bakana izan daitekeen heinean. Testuinguruan jarrita, ez zait hain ezohikoa iruditzen. Nire asmoa ez da ezohikoa izatea.

Neurri batean esan liteke, musikarekin sortzen duzun atmosferagatik eta ahotsaren modulazioagatik, zurea ez dela oso disko lurtarra, gorantz egiten duela, etereoa dela.
Bai, kantatzeko moduak eraman dezake horretara. Airean sostengatuta dago ahotsa. Tempo geldoa izateak ere sortzen du sentsazio hori. Pultsoa beste bat balitz, erritmikoagoa, lurra gehiagotan joko genuke, eta horregatik, airean egotearen sentsazioa.

Orohar hartuta, sehaska kantu sofistikatu multzo bat eta pop atmosferikoa uztartzen dira. 
Bai, “Oheko aztarna”, esaterako, sehaska kantua da oinarrian. Pop atmosferikoaren oihartzuna ere badago, bai. Ambient musika deitzen dena, eta batez ere Brian Eno, asko gustatzen zaizkit. Erreferentzia bat da, argi eta garbi. Ambient musikak linealtasun bat planteatu beharrean egoera bat planteatzen du. Denboratasun dilatatu bat planteatzen du, eta hori izan dut erronka. Konposatzeko modu hori eramatea abestigintzara. “Oroaroan” kantuan, esaterako, estribilloak ematen dio melodikotasuna, baina ordura arteko pasartean ambient ukitu bat dago.

Ambient hori nahiko modu organikoan landu duzu. Ez dago ordenagailurik, elektronikarik…
Organikotasuna etor daiteke tinbrikoki, eta etor daiteke teknikak edo egiteko moduak ez daudelako orokortuta. Hau da, abesti berean aurki ditzakezu teknika desberdinak. Niri musika elektronikoa pila bat gustatzen zait. Niretzat lanketa tinbrikoa funtsezkoa da, eta egia da ez dagoela instrumentu elektronikorik. Egia esaten badut, geratu naiz horretarako gogo pixka batekin. Hurrengo lanean sartuko dudala uste dut. Baina, egia da soiltasuna dela nagusi lan honetan, nahiz eta pianoaren eta hammondaren artekoa asko landu dugun. Instrumentazioa landu beharra zegoen, bestela oso monokordea izango zen. Hammondak aukera ematen du timbrikoki lanketa egiteko, eta Frediri [Pelaez] buruhauste dezente sortu dizkiot [barreak]. Elektronikak ematen dizun soinugintza hori, piano eta hammondaren artean egin dugu.

“Ahozkotasuna izan da funtsezkoa lan honetan. Prosodia bera. Azentua asko zaindu dut. Neuretzat euskarazko ahozkotasuna dena zaintzen saiatu naiz”

Antton Iturbek aipatzen zuen James Blakeren tankera zuela zureak, baina elektronikarik gabe.
Hori bitxia da. Lagun batek gauza bertsua aipatu zidan hastapenetan. 2010. urtea izango zen, James Blakek lehen diskoa atera zuenean; nik bigarrena entzun dut. Nik orduan lehen diskoa argitaratu berria nuen, Jazzaldiko lehiaketan jo eta gero. Diskoetxe askotara bidali nuen, kultur etxeetara (garai horietan beren programazioa diskoetxe eta promotoren katalogoen bidez betetzen zuten; de facto esternalizatuak zeuden) eta ez zuen biderik egin. Laguna nire formatu edo kontzeptuaz ari zela uste dut. Peter Broderick ere aipatu izan didate. Bakarkako abestigintza, tresna ezberdinak jotzen dituena, elektronika, joera esperimentala… Hemen halako zerbaitek oihartzunik ez edukitzearen kexu zantzu bat ere hartu nion. Lagun onak ditut!

Brian Enoz gain, musika atmosferiko hori kantagintzara ekartzeko beste erreferenterik izan duzu? 
Badago konpositore bat garaikidea dena eta denboratasuna oso antzeko moduan lantzen duena: Morton Feldman estatubatuarra. Gauzak kokatzen joaten da; denboratasuna instalazio batean sartzea bezala da.

Ahotsa eta pianoa dituzu ardatz. Ahotsa da gidari, eta pianoak ematen dio giroa eta tonua?
Ahotsa bai, baina, batez ere ahozkotasuna izan da funtsezkoa lan honetan. Prosodia bera. Hau da, azentua asko zaindu dut. Neuretzat euskarazko ahozkotasuna dena zaintzen saiatu naiz, ez zait gustatzen gaztelerazko prosodia inportatzeko joera hori. Saiatu naiz esaldi musikalak egiterakoan ere hitzaren azentua mantentzen. Prosodia mantenduz narratibotasuna ez galtzea izan da erronka. Ahotsa bai izan da garrantzitsua, baina era berean, harmonia ere oso inportantea izan da, akordeak egiteko modua… Saiatu naiz ateratzen orain arte jorratutako akordegintzatik.

Instrumentazioa landua da, baina ez da ageri birtusismorik.
Birtuosismoarenak bi arrazoi dauzka. Batetik, ez naiz oso birtuosoa pianoan; bestetik, ez da asmoa ere. Badaude gauzatxoak, baina ez zen helbura.

Berezkoa duzu modu horretan abestea, edo zuk zeuk egindako ariketa baten ondorioa da?
Bilaketa bat beti dago. Zerbait entzuten duzu eta saiatzen zara kolore hori bilatzen, adibidez. Zure joera bat da, arnasteko garaian, esaldiak egiteko garaian… baina bilaketa beti dago. Adibidez, bada nahiko kontzientea bibratoa ez egitea, nahiz eta gero batzuetan ahazten zaidan. Soinu lauak gustatzen zaizkit. Soinu luzeak mantentzea ere bai.

Kantatzeko modu horretan erreferenterik?
Abestigintza tekniko edo akademikoan, gustatzen zait antzinako musikan, Erdi Aroan kantariek ateratzen zuten ahots nahiko natural hori, hitz egitetik nahiko gertu dagoena… Badago talde bat Erdi Aroko musika egiten duena, Sinfonye izenekoa. Hor ikusi nuen posible dela ahots soinu polit bat proiektatzea, gehiegizko inpostaziorik gabe, naturaltasunetik gertu samar.

Eta pop kantagintzatik? 
Peter Gabriel asko gustatzen zait. Sting ere bai. Eta batez ere Thom Yorke. Gustatzen zait espresio aldetik, baina baita estilistikoki ere. Igual gehitxo esatea da, baina zaindu egin behar dut bere eragina; asko entzuten baitut eta kutsatu egin naitekeela iruditzen baitzait. Baina, tira, arrisku horiek beti daude.

Kanturen batean errezitatu egin duzu, nabari liteke hip-hop erritmo bat; beste batean pastoraletako erritmoan kantatzen duzu eta kantaera arabiarra batzen diozu… Nondik datozkizu beste eragin horiek?
Narratibotasunaren aldetik, herri kantagintzak duen istorioak kontatzeko joera hori neureganatu nahi nuen. Musika asko entzun dut helburu hori izan duena historian, eta noski, gure Erdi Aroko antzerkigintza hor dago… Musikaren historia aztertzen dutenengana ere jo nuen. Jordi Savallen lana asko interesatzen zait; ikerketa handiak egin izan ditu. Badago disko bat, Oriente-Occidente izenekoa, bi bolumen dituena. Bigarrena Siriari egindako omenaldi bat da. Siriako gunean historian zehar kultura desberdinetan emandako musiken bilduma egiten du. Oso pasarte ederrak daude. Eta hori bai izan da erreferentzietako bat. Biratze arabiarrak, japoniarrak, afrikarrak… daude diskoan. Koloreak daude. Ni ez naiz etnomusikologoa, baina kolore pixka bat emateko erabiltzen ditut biraketa horiek. Ez dut folk musika egiten, osagai batzuk erabiltzen ditut.

“Biratze arabiarrak, japoniarrak, afrikarrak… daude diskoan. Ni ez naiz etnomusikologoa, baina kolore pixka bat emateko erabiltzen ditut biraketa horiek”

Noiz hasi zenituen musika ikasketak eta nola bideratu zenituen?
Nik filosofia ikasi nuen, eta hura amaitzean ikusi nuen musika egiten jarraitzeko tresnak behar nituela. Entzuten nuen musika eta galdetzen nion neure bruuari nola zegoen egina musika hori. Orduan hasten da nire musika ikasteko grina. Ordura arte dena belarriz egiten bainuen. 21-22 urterekin joan nintzen musika ikastera Bartzelonara.

Ordura arte zer egina zinen musikaren munduan?
13-14 urterekin trash-metal talde batean ibili nintzen, Anestesia taldearen moduko musika egiten. Amen izena zuen taldeak eta jo genuen Anestesiarekin ere. Ormaiztegikoa zen taldea. Gainerako taldekideak ni baino lauzpabost urte zaharragoak ziren. Amak eramaten ninduen entseatzera. Hor bateria jotzen nuen. Nire iniziazioa izan zen. Beste talde batean aritu nintzen geroxeago, Fugazi eta halakoak izanik erreferetzia nabarmen. Hor ere bateria jotzen nuen. Beasaingo lagun batzuk sortu genuen gero Fitter Happier taldea. Radioheaden OK Computer diskoko kantu batetik hartu genuen izena. Hor abestu eta gitarra jotzen nuen.

Zure hasiera rocka izan zen, beraz. 
Bateria jotzen hasi nintzen 6-7 urterekin. Gaztetxotan ezin izan nuen solfeoa ikasi, eta gero nire bidea egin nuen. Filosofia ikasi ondoren, Bartzelonara jo nuen solfeoa eta abar ikastera, baina ez nuen denbora asko igaro nahi horretan. Bakarkako klaseak eman nituen. Bi urte eta erdiz egon nintzen, ikasi nituen solfeoa eta harmonia pixka bat, eta sarrera frogak prestatu nituen Musikenen sartzeko. 2004an sartu nintzen, eta bost urtez ikasi nuen konposizioa. Mundu akademiko garaikidean sartu nintzen hor.

Esperientzia akademikoa nolakoa izan zenuen? 
Gogorra izan zen, baina, orokorrean balantze positiboa egiten dut. Pila bat ikasi nuen, etengabeko sorkuntza jarduera batean baitzaude. Printzipioz sortzen zaude, eta hori ederra da, baina sorkuntza hori epe muga batzuekin izaten da, epaiketa batekin, zuzendu egiten zaituzte, gidatzen zaituzte… Errespetatzen zuten neure bidea, baina hala ere, hori ez nuen hain ondo eraman. Denetarik egon zen. Une batean ez nintzen oso eroso sentitu; bereziki deserosoa zitzaidan dena idatzi behar izatearen kontua, ni rockaren mundutik bainentorren. Sentitzen nuen iruzur bat nintzela ni neu: sartu naiz hemen, baina ez dut merezi hemen egotea. Tokiz kanpo bezala. Baina, tira; Paco de Lucíari ere gertatzen omen zitzaion. Ez zen musikari sentitzen, obsesionatua zegoen musika ez zekiela eta bere burua egurtzen zuen, harik eta Aranjuezko kontzertua jo zuen arte. Denetarik bizi izan nuen, hala ere. Musika elektronikoa ezagutu nuen, asko ikasi nuen, instrumentazioari dagokionez. Ezinezkoa da erabat eroso sentitzea ikasketa prozesu batean. Kontua da tresnak biltzea, gero zuk zure bidea egiteko.

Zeu irakasle zara Errenteria Musikal akademian. Zer nolako harremana izaten duzu ikasleekin?
Hezkuntzan, eta gizartean orokorrean, bizitzako gai garrantzitsuenetakoa aniztasunarena da. Pertsona bakoitzaren bakantasunarena. Gai horrek disko honekin zerikusi handia dauka. Hezkuntza sistema guztia dago planteatuta estandarretan pentsatuz. Eta erronkarik handiena da nola aurkitu oreka helburu orokor eta estandar horien eta ikasle bakoitzaren bidearen artean. Ez dakit posible ote den hori lortzea gizartea planteaturik dagoen moduan. Oinarritik aldatu beharko litzateke guztia, eta benetan ikasle bakoitzaren bakantasunetik abiatu. Ni saiatzen naiz beraiek bidal diezadaten zer entzuten duten eta abar, gero horren arabera harmonia klaseak atontzeko. Beraiek eman diezadatela klaseetarako gida. Zer esango dizut bada haurrei solfeoa irakasteaz! Nik nire garaian ezin nuen ikusi ere egin eta. Saiatzen naiz beste ekintzen bitartez egiten.

Badago belaunaldi berri bat kantagintzan; formazio akademiko handia jaso duzue, tradizioa ondo ezaguturik, esperimentatzeko joera duzuenak, jolasteko gogoa duzuenak, Mursego, Neighbor, Amorante
Nik egin nuen bide akademikoa beranduagokoa izan zen. Nolabait iritsi egin nintzen mundu horretara. Ni ez nintzen hezi musikalki nolabaiteko akademizismo giro batean. Ni tresna bila joan nintzen mundu horretara. Eta pila bat ikasi nuen Ramon Lazkanorekin, adibidez. Krisiak beste modu batekoak izan nituen. Hala ere, emaitza akaso berdintsua da, nahiz eta bakoitzak gure bidea egin dugun. Neighbor jarraitzen dut. Antzinako musikarekin harreman estua dauka Maite Larburuk, eta abestigintza nola planteatzen duen gustatzen zait; abestiak sortzeko askatasun hori. Bi diskoak dauzkat eta jarraitu izan dut.

7380874

“Nire burua abestigiletzat dut, beti dut soinuaren eta hitzaren arteko lotura hori buruan”. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Zer duzu zure burua, konpositoretzat, musikaritzat, kantaritzat? 
Nire burua abestigiletzat dut. Musika instrumentalean gauzak egin ditut, baina normalean, nik beti dut soinuaren eta hitzaren arteko lotura hori buruan…

Lirikotasun oso pertsonala darabilzu hitzetan ere.
Testugintza inportantea izan da beti niretzat, baina oraingoan funtsezkoa. Kontatu nahi nuen istorio bat eta horrek eraman ninduen pentsatzera ea zer fikzio egin nahi nuen. Orduan hasten zara penstatzen zer irakurzten duzun, zer literatura gustatzen zaizun… pasarte batzuk prosan eginak daude, eta horrek erronka handi bat suposatzen du. Eta denbora asko…

Eta zer literatura izan duzu itsas-argi?
Ernesto Sabato asko gustatzen zait, Juan Goytisolo ere bai. Formalki eta idazkeran esperimentazioarako joera, eta aldi berean eduki aldetik mamia daukana gustatzen zait. Virginia Woolf ere pila bat gustatzen zait. A posteriori deskubritu dut Joxe Austin Arrieta. Bere izena bai ezagutzen nuen, baina ez obra. Diskoa grabatzen amaitu eta atsedenaldian nengoela irakurri nuen Estalien gradora liburua. Eta liluraturik geratu nintzen. Haren ondotik, aurreko nobela, Terra Sigillata irakurri nuen. Ramon Saizarbitoriaren Martutene ere asko gustatu zitzaidan. Xabier Lete eta Joxean Artze ere irakurri izan ditut. Eta eragin izan didate. Artzek igual ez hainbeste eduki aldetik. Nire diskoko letrak gorputzaren eta arimaren dikotomia gainditzeko asmoz daude idatziak eta Artzeren testuetan gorputzaren ikuspegi nahiko platonikoa ageri da, eta bereizketa egiten jarraitzen du. Hala ere, hizkuntzarekin nola esperimentatzen duen izugarri gustatzen zait. Diskoaren abiatze horretan intentsuki irakurtzen aritu nintzen Artzeren azken bi lanak. [Bizitzaren atea dukegu heriotza (2013, Elkar) eta Heriotzaren ataria dugu bizitza (2013, Elkar)].

ETIKETAK:AmoranteAsier L.I.Asier Lopez IraolaFredi PelaezIñaki TelleriaMursegoNeighborXabier Lete