2023.10.03
Oholtza batera igo eta jotzea baino gehiago da Jorge Gonzalezentzat (Gasteiz, 1996) hardcorea: hainbat pertsonak osatutako eszena da. Bizitzaren zati handi bat eskaintzen dio, hori baita “zoriontsu” egiten duena. Uda osoa eman du biran Europan zehar, Goio, Xabi eta Mangui taldekideekin batera. Zaldi beltza lan berria aurkeztea tokatzen zaie orain.
Hau ez da New York, hau Euskal Herria da. Hala ere, hardcorea zabaltzea lortu duzue, ezta?
Asko hitz egin dugu honen inguruan. Aurretik egon dira hardcorea bezalako mugimenduak: punk, oi!… Hardcorearekin harremana izan duten taldeak ere egon dira, baina metalcorea jotzen zuten gehienek. Meltdown taldea, adibidez, oso talde garrantzitsua izan zen bere garaian. Gaur egun bizirik dago eszena, eta guztiok ezagutzen dugu elkar. Aurrekoan, Kolpeka taldeko abeslariak esan zidan zoriontsu zegoela asteburuero kontzertuak zeudelako. Nik ere uste dut hori lortu dugula. Taldeak sortzen ari dira, eta badago jendea kontzertuak antolatzen. Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena.
Beti berdinak batzen zarete antolatzen dituzuen ekintzetan ala aldatzen da publikoa?
Egia da Euskal Herrian ia beti berdinak gaudela, baina eszena handituz doa, gutxinaka bada ere.
Europan zehar biran ibili zarete udan. Zer-nolako esperientzia izan da atzerrian jotzea?
Gure bira luzeena izan da, ez bakarrik udan, abenduan ere ibili baikinen. Dena eman genuen, eta nekeza da, baina oso gustura. Egia esan, gauza txar dezente gertatu zitzaizkigun: bi anplifikadore apurtu zitzaizkigun, autoko gurpilak zulatu, lapurtu egin ziguten Lyonen [Frantzia]… Baina txarrak kenduta, oso ondo pasatu genuen.
Ezberdina da gertuko leku ezagunetan jotzea ala atzerrian?
Alemaniako eszenak harritu ninduen gehien, oso aurreratuta daude azpiegitura aldetik. Asko zaintzen dute musikaria, eta oso eroso sentitu ginen. 30 pertsona inguru gerturatzen ziren kontzertuetara, beraz, nahikoa zen diru galerarik ez izateko. Zuzenekoari dagokionez, denetarik izan dugu: kontzertu batzuk besteak baino hobeak izan dira. Zalantza barik, merezi du kanpora ateratzea.
Biratik itzuli eta ez duzue denborarik galdu. Zaldi Beltza diskoa kaleratu berri duzue.
Diskoa Borja Perez ekoizleak grabatu eta nahastu zuen 2022ko urrian, Cal Pau estudioetan, eta Victor Garciak masterizatu zuen Ultramarinos Costabrava estudioetan. Guk diseinatu dugu artea. Diskoa ateratzeko itxarotea erabaki genuen, aurretik bezala, biniloekin arazorik ez izateko.
Norberak antsietatearekin eta depresioarekin duen borroka da lan berriaren oinarria. Lan kontzeptual moduan hartu behar da?
Eguneroko gauzei abesten diegu, Nik ez ditut kantuen hitzak idazten, baina Goiok idazten ditu. Urte hauetan bizi izan dituen gauzei abestu die. Kanta bakoitzak bizitako prozesuaren garai jakin bati egiten dio erreferentzia, eta batzuk depresioari eta antsietateari daude idatziak. Bere burua prozesu eta garai jakin horietan nola dagoen kontatzen du.
Estilo gogorra da hardcorea, askatzailea ziurrenik jotzen duenarentzat. Terapeutikoa ere bada?
Kontzienteki ez dugu terapia gisa egiten. Taldean egiten ditugun gauzak bai, horiek terapeutikoak dira, zoriontsu egiten gaituztelako: biran joatea, beste talde batzuekin elkartzea… Betetzen gaituen zerbait da. Musika sortzen dugu gustatzen zaigulako, mendia gustatzen zaiona mendira doan bezala.
Musikak mugitzen zaitu?
Buelta asko eman dizkiot horri. Nire denboraren %70 eskaintzen diot musikari. Lanik ez badut, eta ahal badut, kontzertuetara joaten naiz ostegunetik igandera. Hala Bedi irratian irratsaio bat ere badaukat musikaren inguruan eta eszena alternatiboaren inguruan. Kontzertuak ere antolatu ohi ditugu.
Jotzeaz aparte, gehiago da musika?
Ez da bakarrik taldea izatea, hardcorean gaudenok gauza gehiago egiten ditugu. Bizitzaren parte da.
Hardcore jaialdi bat. Outbreak Fest, Manchesterren [Ingalaterra].
Musika talde bat. Ceremony.
Baxu jole bat. Boneflower taldeko Ruben Desan. Oso laguna da, eta beti gustatu zait nola jotzen duen baxua.