2016.11.28
Xabier Lizardiren poema batetik hartu du larrekoa hitza Joseba Tapia musikariak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964): «Larrekoa, sasikoa, garajekoa, mandiokoa, underground, ez-ofiziala?» esan nahi du.
Liburuaren hasieran, kontatzen duzu «akademia batek ohi dituen arauen eta diziplinaren barruan» trebatu nahi izan zintuztela haur zinela. Ez zuten lortu. Zergatik?
Nire irakasleak solfeoan trebatu nahi izan ninduen. Baina kexu zen belarri ona nuelako. Gurasoei belarriz jotzea galarazi behar zitzaidala aholku ematen zien nire irakasle jantziak. Neure kabuz jotzeko gogoa eta ohitura nuen. Trikitian entzuten nituen kantuak soinu handiarekin jotzen saiatzen nintzen. Hori bide okerra zela ulertu nuen, akademiaren arauak beste norabidean zihoazela. Ez zuen aldaerarik onartzen: paperean jartzen zuen bezala jo behar nuen.
Trikitia larrekoa zen zu ikasten hasi zinenean. Zer esan nahi zuen horrek?
Ez zegoen irakaslerik. Norberak ikasi behar izaten zuen. Plazan beste soinu jotzaileren bati entzundakoa gutxi gorabehera ekartzen, errepikatzen saiatzen ziren. Autodidaktak ziren. Ez zeukaten beste aukerarik. Batzuek Elgeta eduki zuten etxean irakasle, baina oso denbora mugatuan. Gero, haiek landu behar izan zuten. Gehienek beren kabuz.
Gaur egun, trikitia akademian sartu dute; «euskaltasun modernoaren zati bihurtu» eta «eskolak eta akademiak hartu ditu mendean. Maitagarria bihurtu da», diozu. Ez dirudi poz handirik ematen dizunik…
Trikitia Euskal Herrira etorri zenean, bertako apaizek, nazionalistek eta folkloristek gaizki hartu zuten; gure kultura eta ohiturak zikintzera zetorren tresna arriskutsua ikusi zuten. Galarazten eta desprestigiatzen saiatu ziren. Jendeak, ordea, hura estimatzen zuen, eta, erdi ezkutuan, erromeriak antolatzen zituzten: Zurruntzola Errezilen, Imuntzo Azkoitian… horrelako tokietan antolatzen zituzten dantzaldiak. Jendeak hori behar desfogatzeko. Orain familia euskaldunetan trikiti soinu bat badago, eta haurren batek ikasten du. Baina gure identitate seinale bihurtu da, diferentzia sortzeko. Euskal karakterizazio inpostatu bat. Salbatu beharreko ohitura zaharra. Euskal identitatearen ikur. Baserria akabatu dugun honetan, baserritar jantzita gabiltza trikitia bizkarrean. Gezurrezko, asmatutako euskaldunen izaera berezi eta diferentea nahi dugu.
«Akademiak interpreteak sortzea du helburu», esan zenuen aurkezpenean. Sorkuntza mugatu edo kamusten du akademiak?
Helburu ezberdin bat dutela esan nahi nuen. Haiek beste zerbaitetan ari dira. Orkestran jotzea dute helburu, ikasturte bukaerako kontzertua prestatzea. Baina larreko musiketan beste helburu batzuk izaten ditugu: afarietan jotzea, rock taldeetan jotzea, giroa jartzea, modako kantuak gutxi gorabehera jotzea. Eta kantuak sortzea. Beste musikari eta estiloetan elkarrekin jotzea, inprobisatzea… Horretarako beste zentzumen eta muskulu batzuk trebatzea garrantzitsuagoa izaten dugu.
Belarriaren aldeko aldarri bat ere bada liburua. Gero eta gutxiago kantatzen da, esaterako. Zergatik?
Kantua ere eskolatu egin dugu; ikastaroak egin behar ditugu kantatu ahal izateko. Ahotsa ez dakit nola kolokatzen ikasi behar dugu; bestela ez du balio. Dantzarekin gauza bera gertatu da. Txapelketarako bezala dantzatu behar dugu. Gure ustez, ordea, gutxi gorabeherakoa da garrantzitsuen larrekoan, eta, horretarako, belarria ezinbestekoa da. Herrikoitasuna kendu eta akademikoa bihurtu dugu musika, kantua eta dantza. Jendea ez da ausartzen lehen bezala kantatzen eta dantzatzen. Dakitenei uzten diete.
Musika kultua deitzen den hori ekar al liteke larrera?
Entzuna nago bertsolariek gehiago eman diotela literatura idatziari, literatura idatziak bertsolaritzari baino. Baina egin liteke, bai, Chopin hartu eta iraindu.
Zer neurri hartuko zenituzke musika kaletarragoa eta komunitarioagoa izan dadin?
Benetan kaletarragoa egiteko, musika errespetatzea proposa liteke. Trenetik, autobusetik, tabernetatik kentzea; festetan, txosnak bozgorailurik gabe jartzea. Zuzeneko musika sustatu, dantzaldi ez folklorikoak antolatu, kalea behar bezala animatu… Elitismoa eta ikuskizunkeria gaitz planetarioa da, eta dirutza mugitzen du. Ez daukat errezetarik.
Kapitalismo kulturaren garaian bizi gara, eta hark esaten digu orain zer den kultura. Baina hura saiatzen da herrikoitasuna oztopatzen. Hari saltzea interesatzen zaio, eta etxea saltzen digu, musikaren etxea. Arkitektura, hormigoia da kultura. Beraz, neurria argi dago. Sistema aldatu behar dugu.
Nola lor liteke musikari/sortzailearen lan baldintza duinen eta sorkuntza espresabide kaletar eta tranbertsalago baten arteko oreka?
Bizimoduarekin eta sistemarekin lotua dago. Ekonomia lokalak eta kultura lokalak beste presentzia bat eduki behar du gure eskaintzetan eta kontsumoetan. Alderantzizkoa gertatzen da: gure musikak multinazionalen kontra defendatu behar izaten ditugu, eta borroka oso desiguala da. Ez dugu zereginik.
Egun zuk nola irakasten duzu trikitia?
Saiatu naiz ikasleekin probatzen, liburuan agertzen diren zenbait ideia praktikan jartzen, eta aldaketa nabaritu dut. Nire lagun irakasle batzuen iritziak norabide berean doaz. Emaitzak ikusten hasi gara.
(Berria egunkarian, 2016ko azaroaren 27an argitaratutako elkarrizketa)