Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2017.03.03

Gorka Erostarbe

“Gutako bakoitzarekin antzaldatuz joan da Inoren”

Elkarrizketa: Inoren Ero Ni

Musikaren munduan eskarmentu zabala dute lau kideek. Abiapuntua desberdina izan dute, baina portu berera iritsi dira. Halatsu gaur ere, bide desberdinetatik iritsi baitira Astigarragan (Gipuzkoa) duten Castle Rock entsegu lekura. Iñaki Guantxe bateria jotzailea (Irun, Gipuzkoa, 1977) eta Mariano Hurtado baxu jotzailea (San Fernando, Cadiz, Espainia, 1974) iritsi dira lehenak, elkarrekin eta oinez. Beraiek dira taldean beranduen sartu zirenak. Borja Iglesias gitarra jotzailea (Donostia, 1973) sakelako telefonotik hitz egiten ari dela ailegatu da ondoren; oinez hau ere. Autoz heldu da lokal pareraino Okene Abrego kantaria (Andoain, Gipuzkoa, 1965).

Inoren Ero Ni (Jon Urbe / Argazki Press)

Mariano Hurtado + Okene Abrego + Iñaki Guantxe + Borja Iglesias = Inoren Ero Ni. (Jon Urbe / Argazki Press)

Inoren Ero Ni (Inoren, kideen hitzetan) taldeko lau kideak dira. Erruz dute eskarmentua. Baita ilusioa eta musika gogoa ere. Entsegu lokalean sartu dira, eta harrotasunez erakutsi dute gune berritua eta lokalari itsatsitako estudio txiki berria. “Soinu ekipoa ere badugu, eta asko erraztuko digu lana, esperimentatzeko eta ateratzen zaiguna grabatzeko erabiliko dugu”, zehaztu du Abregok. Iazko urtearen hondarrean kaleratu zuten beraien ibilbideko bosgarren lana: Iennei (Bidehuts). Laukote honek elkarrekin ondu, grabatu, kaleratu eta aurkeztu duen lehen lana da. Fregoli aurrekoa (2011, Bidehuts) —Gronhölm (2007, Bidehuts) eta Fosbury-rekin (2009, Bidehuts) EP trilogia osatu zuena— grabatua zegoenean sartu baitzen taldean Guantxe, Mikel Abregok utzitako lekua hartuz. Lehenago, Hurtadok Xabier Olazabal Drake-ren lekukoa hartu zuen, 2008an, Gronhölm grabatu ostean.

Hamahiru urte igaro dira taldearen estreinako lana kaleratu zenetik: Inoren Ero Ni (2004, Metak). Abrego eta Iglesias dira hastapenetik dauden bi kideak. BAP!! taldean frontman bezala lorratza utzitakoa zen Abrego. Euskarazko hardcorearen esparruan ezinbesteko erreferentzia da talde hura. Mikel Abrego anaia eta Drake BAP!!-eko kideekin batera jarri zuen Inoren Ero Niren ernamuina, 2002. urtean. Segituan batu zitzaien Iglesias. Donostiako Purr pop-rock talde gitarrazaleko kidea zen. Hasieratik ederki egokitu zen Inoren Ero Niren egiturara eta soinu proposamenera. Anariren taldeko gitarra jotzailea ere bada azken urte luzeetan. Anariren kide da egun Mariano Hurtado ere. El Niño Burbuja Cadizko pop taldeko kidea izan zen aurrena, 1990eko hamarraldiaren amaieran. 2001ean Euskal Herrira etorri zen disko bat grabatzera; bertan geratu zen harrez geroztik, eta musika kide berriak egin zituen. Esfortzu pixka bat egin behar izan zuen Inorenen lengoia bereganatzeko, baina egun, erritmo sekzio sendoa —eta taldearen idiosinkrasian ezinbestekoa dena— osatzen du Guantxerekin batera. Señor No eta Lobo Electrico talde punk-rockeroetan ibilia zen Guantxe aurrez. Egun, Capsulako kide ere bada.

Oso leku desberdinetatik zatozte. Zer eman dizue Inoren Ero Nik?
IÑAKI GUANTXE: Niri Inorenekin jotzen hasteak ireki dit beste musika bide paralelo bat. Bateria jotzeko modua eta kantuak sentitzeko era orain arte egindakotik oso desberdinak dira. Gogoa berritu dit, eta dena ez dudala ikusia eta entzuna berresten dit. Inorenekin jotzeko askatasuna deskubritu dut, sentitzen dudana espresatzeko askatasuna.

MARIANO HURTADO: Ia hamar urte daramatzat jende honekin; hasieran kosta zitzaidan baxu linea hauetara ohitzea, Drakek markatutako ildo horretara ohitzea. Denborarekin nire esparrura eraman dut kontua, eta taldea ere oso ondo moldatu da horretara, elkar egokitu gara. Taldeak musika sortzeko duen modua nik dudan sentitzeko modutik nahiko hurbil dago, nahiz eta ni lengoaia poperoago batetik natorren, ukitu esperimentala bagenuen arren. Baina rockerako bidea egin behar izan dut nik ere bai. Ni oso eroso sentitu naiz.

BORJA IGLESIAS: Eskola desberdinetatik gatoz; Inorenen hasieratik gertatu da hori, eta aberastu egiten du taldea. Bestela amaitzen duzu estilo ariketa huts bat egiten.

OKENE ABREGO: Drake, anaia eta hiruok oso gauza markatua egitetik gentozen, baina gero irekitzen joan da proposamena.

MARIANO HURTADO: Gutako bakoitzarekin antzaldatuz joan da Inoren; hori ederra da. Esentzia bat mantentzen da, hala ere.

OKENE ABREGO: Lehen diskoan markatu genuen ildo bat, eta esentzia hori mantentzen da. LP bat izan zen, eta geroztik ez dugu egin LPrik. Ildo bat markatu genuen, baina oso gauza librea zen.

IÑAKI GUANTXE: Carpe diem musikal bat da gurea! (barreak)

Ilusioz gainezka nabari zaizue. Momentu onean zaudete?
O.A.: Nik uste dut momentu oso onean gaudela. Hasieratik ondo ibili gara, baina lau-bost urteren ondoren oso konpaktatuak gaude laukote modura. Inoiz baino gehiago enpastatu gara.

I.G.: Beno, diskoa ateratzea izan da falta zitzaigun urrats hori egitea, arantza kentzea.

M.H.: Laukote honekin grabatzeko gogoa genuen, baina ez ezer sendotzeko asmo bereziarekin…

B.I.: Nik uste dut inoiz baino hobeto gaudela. Ez dut esan nahi aurreko garaiak ez direnik izan onak, baina hau izugarria da. Lehertzen hasi da. Zuzenekoetan energia berezi bat nabaritzen dugu, eta baita kanpotik ere.

O.A.: Ziur aski momentu errepikaezin batean gaude. Ereindakoa jasotzen ari gara, eta loturik dago gure bilakaerarekin ere. Uste dut jendearentzat ulergarriagoa bihurtu dela gure proposamena.

B.I.: Lehen jendea zegoen…, ikertzen ari zen egiten genuena, eta orain disfrutatzen ari da.

I.G.: Baina hori da guk ere hori islatzen dugulako. Talde askotan jotzen dugu, eta elkartzeko dugun denbora apur hori baliatzen dugu topera, oso ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Berdin du entseatzen, kontzertuetan… elkarrekin egoteko gogoa daukagu eta hori nabaritu egiten da.

O.A.: Jendea disfrutatzen ari da gurekin. Inoiz ez dut neurtu kontzertuetan biltzen den jende kopurua, baina nabaritzen da belaunaldi berriak gerturatu zaizkigula. Jendeak arreta gehixeago jartzen digu. Hori eskertzekoa da. Feedback-a geroz eta handiagoa da. Jende gaztea gerturatzen da, eta gainera ezagutzen gaituena da, dantza egiten du, eta kantuak abestu ere bai.

B.I.: Aldaketa bat egon da; adin tarte desberdineko jendea… berritu egin da. Jendea adi dago, eta dantza egiten du. Bizi egiten du gurekin bat.

“Ziur aski momentu errepikaezin batean gaude. Ereindakoa jasotzen ari gara, eta loturik dago gure bilakaerarekin. Jendearentzat ulergarriagoa bihurtu da gure proposamena” (Okene Abrego)

Hamahiru urte pasa dira lehen diskotik. Hasieran BAP!!-ekin konparatzen zintuzteten. Lengoaia propio bat landu eta garatu duzue, ordea. 
O.A.: Hasieran bazegoen BAP!!-en itzal hori, eta haren zaleek zioten “zer kaka da hau!”. Lagunak ziren asko… Baina horietako askok beste jarrera bat dauka egun, eta esaten digu: “Hasieran ezin nintekeen sartu zuen musikan, baina orain bai”. Beno, hamabost urte behar izan dute!! [barreak]. Ez gara horren bila joan, baina ederra da.

B.I.: Niretzat lorpen handiena, gure markaz harago, guk denok ondo pasatzea da. Ez espero izatea ezer berezirik. Nola ari garen disfrutatzen une honetan.

Baina Inoren Ero Ni bada soinu marka propio bat ere.
O.A.: Bai, nik uste dut badugula gure sinadura soinuan, estetikan. Hamabost urteotan gure tokian egon gara, eta orain ikusten dugu talde gazteren batek ere izan dezakeela guk egiten dugunaren oihartzunik.

M.H.: Inorenen kantu baten 30 segundu entzun orduko jendeak badaki Inoren dela.

I.G.: Borjak gitarra soinua ireki orduko esango nuke… Soinu hori oso berezia da.

O.A.: Edo nik ahoa ireki orduko [barreak]… Eta oinarri erritmikoa ere bai, jakina.

I.G.: Ni hauen jarraitzailea nintzen taldeko kide izan aurretik ere; lehen entseguan kantu bat jotzen hasi eta esan nien: “Nik ezin dut hau jo!”. Baina, azkenean, denborarekin lortu dut. Mikel [Abrego] bakarra da, eta Guantxe ere bai. Eta nik neure eremura eraman dut.

Etiketa asko jarri izan dizkizuete: post-hardcorea, post-rocka… Zuk, Okene, jazz-hardcorea deitu izan diozu.
O.A.: Hasieran esaten nuen jazza dela gurea, libertate sentsazioarengatik, eta ohiko etiketekin puskatzeko. Normalean jazza beste modu batera bisualizatzen dugu, modu akademikoago batean, baina egokia iruditzen zitzaidan. Jazz-punka ere esango nuke. Bai jazza eta baita punka ere jaiotzez askatasunaren sinbolo dira, nahiz eta gero biak ala biak sarritan saldu egin dituzten. Eta apurtzaileak ere badira. Moldeak puskatzearren da: beti gabiltza post-hardcore, post-punk, edo hardcore edo… ba gurea jazz-punka da!

B.I.: Etiketak jartzea oso zaila da…

I.G.: Inorenen punturik sendoena, hala ere, da gu geu ez garela estilo batera ixten. Ateratzen dena…

B.I.: Hain zuzen ere, gauza oso desberdinak atera zaizkigu azkenaldian, eta zergatik ez horiei ere bide eman. Hori dugun artean, bizirik gauden seinale.

Ildo komun bat aipatzearren, erritmoaren jolasa, izan liteke? 
B.I.: Agian bai, hori da gure ildo komuna. Behintzat oso garrantzitsua da. Batez ere, jolasa hitza aipatuko nuke.

M.H: Bolumen eta intentsidade jolasak dira, azkar eta poliki jotzearen kontrastea ez dugu bilatzen hainbeste, baina bai leunago edo sendoago, hori bai. Ideia bat garatu eta progresiboki lantzen dugu.

Hardcorea filosofia modura ulertu izan duzue.
O.A.: Punkaren altzoan hazitakoa naiz ni. Gero punk hitz hori ez dut gehiegi erabili izan, hustua zegoelako, eta hardcorea esaten nuen, do it yourself pentsamendu horrekin jarraitzeko. 51 urte ditut, baina niretzat funtsean hori da, nahi duguna egiteko askatasun hori. Jarrera bat da, musika egiteko eran, baina baita non eta nola jotzen dugun ere. Diskoak nola egiten ditugun. Batera hartzen ditugu erabaki guztiak. Bat gara. Eta hori lotzen dut hardcorearekin.

B.I.: Guk ere geure egin dugu filosofia hori, nahiz eta mundu desberdinetatik gatozen, baina neuk zabaldu egingo nuke kontua pixka bat. Musika eta bizitza ulertzeko modu hori punka eta jazza bera baino lehenagotik ere badator-eta. Lehenago hor leudeke abangoardiak, dadaismoa eta abar… Haria luzatzen duzu eta konturatzen zara lehenago ere bazegoela punka edo hardcorea.

Inoren Ero Ni. (Jon Urbe / Argazki Press)

Bidehuts zigilu eta kolektiboak 10 urte bete ditu. Taldearen bidea erabat lotua dago Bidehutsenarekin.
B.I.: Atzera begira jarrita, izugarria izan da ikustea non gauden.

O.A.: Horretan ere transformazio bat egon da. Sortu genuenean ez zen hau, bilakaera bat izan du, eta oso ondo… Hasieran Lisabök, Anarik eta guk geuk osatu genuen kolektiboa. Gaur gehiago gara; talde gehiago sartu dira, urratsak egin ditugu eta asumitu egin dugu, nahiz eta hasieran hiru talde adiskideren kontua izan. Sekulako zortea dugu halako etxe baten babesa izatean, gure gauzak egiten jarraitu ahal izateko. Bidehuts gure habia da. Jendeak esaten digu diskoa gurekin atera nahi duela, eta esaten diet, elkartu eta egin dezatela, hori da independente izateko modurik onena.

B.I.: Sekulako harremana dugu beste taldeekin ere, eta horregatik handitu zen proiektua. Naturala izan da, eta taldeen zirkulutik abiatuta.

Esan Ozenki-Metak-Bidehuts zigiluen lerroak bide bat jarri du euskal musikagintzan. Lerro hori eredugarria da askorentzat autogestioari dagokionean. Soinu eta estetika aldetik, gehiegi markatu duela esaten duenik ere bada. Zer diozue?
B.I.: Uste dut Euskal Herrian soilik ez, penintsulako iparralde guztian egon dela gitarra soinu baterako joera, adibidez, eta hegoalderago joan ahala, zerbait poperoagoa egin izan dela, baina hori ere difuminatuz doa, egun Interneten denetik entzun baitezakezu, ez soilik zure auzoan partekatzen zenuena, guk egiten genuen modura. Baina izan daiteke baita ere egoera sozial eta politikoak lurralde batzuetako soinu estetikak markatzen dituela. Testuinguru horretan, gurean bai egin da musika bat oso gitarretan oinarritua dagoena.

M.H.:  Nik lehen kanpotik ikusten nuen, eta iruditzen zitzaidan markatu duela Euskal Herriko musika, baina oso normala iruditzen zait hori ere. Euskal Herriko talde batzuk entzuten genituen eta berehala esaten genuen. “Ze euskaldunak diren , arraioa!”. Hemen sekulako zirkuitua izan duzue eta dugu egun ere. Ostegunetik igandera mila tokitan jo liteke; gaztetxeen zirkuitua izugarria izan da. Hori ez dago beste inon. Kanpotik datorren jendeak flipatu egiten du. Zoaz, esaterako, Cuencara… Lurralde guztian kontzertuak emateko areto bakarra egongo da.

O.A.: Bai, Babylon aretoa, eta guk jo genuen han! [barreak].

Letrak idazten dituzue Okenek, Borjak, Marianok… Gizartearen gainbehera edo krisia deitzen dutena ez da berria. Eragiten dizue letretan? 
O.A.: Nik uste dut bai nik idatzitakoak edo bai besteek idatzitakoek badutela estetika eta lengoaia bat. Buruan badaude hainbat gauza interesatzen zaizkidanak eta sinesten ditudanak gero kantatzeko orduan ondo transmititzeko. Gainera gure letrez gain, beste zenbait jenderenak hartu izan ditugu: Gorka Setien, Xabier Ansa, Xabier Montoia, Maialen Lujanbio, Paddy Rekalde… Jack Kerouac, Cesare Pavese… Iturri desberdinetatik edaten dugu.

B.I.: Batzuetan gizartearen gainbehera horrek umorea erabiltzera eramaten nau. Baina zaila da letretan umorea ondo erabiltzea, eta nik hori bai botatzen dut faltan. Umoreak punch handia dauka baina…

O.A.: Bai, batzuetan oso serioak gara. Bada lehen aipatzen genuen Bidehutsen markaren ezaugarri bat ere…

B.I.: Bai, baina gero bat-batean Mursego ateratzen da! Batak ez du bestea kentzean. Ondo dago ilun jartzea, baina baita kontuari buelta eman eta umorea erabiltzea ere. Batzuetan ateratzen zaizkit gauza ilunak eta ederrak, baina hain dira ilunak sakontzeak ere beldurra ematen duela. Kontua nahiko izorratua dago gizartean, horretan gehiegi sakontzea ere… Nire buruari galdetzen diot: ezin duzu egin gauza bera beste modura batera?

M.H.: Bai, eta egiten dugu, “Karramarro”-k berak badu umorea.

O.A.: Umorea gure artean elementu funtsezkoa da. Elkarri kontatzen dizkiogu gure penak, baina ahalik eta laburren, gainerako guztiarekin barre egin eta ondo pasatzeko.

B.I.: Une honetan festa egiten dugu eta festa bizi dugu.

M.H.: Niri gustatzen zait letrak estetikoki zerbait izatea, eta mezua ez dadila izan erabat argia. Bakoitzak interpreta dezala nahi duen eran. Mezu argiak normalean ez zaizkit gehiegi gustatzen, nahiz eta letra guztiek duten mezua, jakina. Baina, bestela, bide bakarra uzten duzu. Letrarekin giro bat sortzea gustatzen zait, musikarekin bezala. Letrek ere sor dezatela giro bat.

“Batzuetan gizartearen gainbeherak umorea erabiltzera eramaten nau. Baina zaila da letretan umorea ondo erabiltzea, eta hori bai botatzen dut faltan” (Borja Iglesias)

Euskaldun berriak zarete taldeko hainbat kide. Euskaraz egiten dituzue kanturik gehienak ere, gaztelaniari ateak itxi gabe. Nola bizi duzue hizkuntzaren kontua?
M.H.: Lehen aukera igual bada euskaraz egitea, baina ez zaigu kostatzen gero beste bat gaztelaniaz egitea ere.

O.A.: Garbi izaten dugu testu batzuk euskaraz abestu behar ditugula, eta garbi izaten dugu beste batzuk gaztelaniaz bere horretan abestu behar ditugula, euskaratu gabe. Gure artean ere saiatzen gara euskaraz egiten. Mariano Cadizkoa da eta ikasten ari da, Borja donostiarra eta euskaldun berria, Guantxe Trintxerpekoa… Eta nik ere bere garaian galdu nuen euskara. Berreskuratu egin behar izan nuen.

I.G.: Zergatik ez? Zergatik ez ditugu egingo bada kantuak euskaraz!

O.A.: Hori da, zergatik ez?

B.I.: Euskara beti ikusi dut estetikoki ere zerbait polita bezala. Segun eta non jotzen dugun, zein ingurutan, entzuten duzu jendea euskaraz eta sartzen zara pixkanaka-pixkanaka giro horretan, eta ia konturatu gabe bukatzen duzu euskaraz egiten… Ni ez naiz joan klaseetara, kalean ikasi dut dakidana.

M.H.: Borja eta biok sarri hasten gara gure artean euskaraz hitz egiten, ahal dugun neurrian. Bi minutuz, bada bi minutuz… baina hori egin egiten dugu behintzat. Eta niri polita egiten zait gure artean euskaraz hitz egitea.

Zenbat aldiz elkartzen zarete entsegu lokalean azkenaldian?
O.A.: Normalean astean behin elkartzen saiatzen gara, beti ere Anari, Capsula eta horien entseguen arabera. Baina azken entseguak oso onak izan dira, elkartu eta konturatzea, “arraioa, hau laostia da!”. Gauzak oso erraz atera zaizkigu.

B.I.: Lehen oso lokal txikia genuen. Orain estudio txiki bat ere badugu, kontrol mahaia badugu. Eta orain entseatu eta probak egin ditzakegu, grabatzen joan…

O.A.: Zailena denbora izatea da, gauza guztietan bezala. Orain, gutxiago jotzeko erabakia hartu dugu, bolo batzuk utzi eta hona etorri nahi dugu, gauzak probatzen joateko.

Non eta norekin joko zenukete gustura kontzertu bat?
O.A.: Bartzelonako Apolon joko nuke, Parafünkekin egon nintzen eszenatokira igota baina…

B.I.: Beno, ia pixka bat zahartzen ari gara, ez gara hain mitomanoak, eta benetan inporta zaiguna da jotzen dugun taldearekin harreman ona izatea, jende ona izatea eta elkarrekin disfrutatzea, esaterako Borrokan taldearekin. Eskura dagoen jendearekin gusturago jotzen dugu ez dakit norekin baino…

Zer iruditzen zaizue Euskal Herriko makrojaialdien eredua. BBK Live, Azkena Rock, Kutxa Kultur, BIME… Joko zenuke horietako batean?
O.A.: Ebento hauek ez dira batere gure gustukoak. Bertan musika alienatu egiten da eta erabateko ekintza komertzial bihurtzen da. Guk beste era batera bizi dugu musika. Gozatu egiten dugu jendea gertu izaten, eta benetako komunikazio bat lortzen saiatzen gara. Halako ekimenak erakunde eta marka komertzialen menpe bizi dira eta mundu horretan beste lehentasun batzuk daude.

M.H.: Ez daukat erabateko arbuiorik haiekiko, baina gustuz ez nuke horietan joko. Espazio handi eta inpertsonalak dira. Kontzertu gehiegi egoten da, arreta bereganatzeko bi kontzertutik gora gehiegi baita niretzat. Kontsumizioak oso garestiak dira, babesle komertzialak oso errefusagarriak… Kontrako gauza gehiegi!

INOREN ERO NI-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Martxoak 17: Gernikako Lekuek jaialdia (+ Luma)
  • Apirilak 1: Elorrioko gaztetxea (+ Norman)
ETIKETAK:AnariBap!!BidehutsBorrokanBroja IglesiasIñaki GuantxeInoren Ero NiLisaböMariano HurtadoMursegoNormanOkene AbregoXabier Montoia