2016.07.12
Hilabetetako lanaren emaitza da Giza ankerkeria lehen diskoa. Hilotz gipuzkoarrek traba asko gainditu behar izan dituzte eboluzioa azaleratzeko. Horrela ere, Lasarte-Orian sortu eta Tolosan entseatzen duen thrash/death metal bandak urrats sendoa egin du estreinakoarekin. Mikel Yarza baxu jole eta abeslariarekin eta Etxahun Urkizu bateria jolearekin hitz egin dugu. Pablo Cabases gitarristak osatzen du hirukoa.
Lasaitu ederra hartu zenuten otsailean diskoa argitaratu zenutenean?
2012an Hil ala bizi maketa plazaratu eta berehala abesti berrien konposaketan murgildu ginen, eta ordutik hona kantak eraldatu badira ere, askoren oinarria aspaldi finkatu genuen. Hirukote izatera pasatu ginenetik ere, egokitzapen eta konposaketa lanak denbora tarte zabala hartu du. Egin behar izan dugun lan horrek eta gerora grabaketa prozesuan zehar izandako arazoek argitalpena espero baino gehiago atzeratzea eragin dute. Diskoak etxean jaso genituen egunean gure lasaitasuna eta zoriontasuna nabarmen areagotu ziren.
Gogorrera egin duzue, muturreko metalean sakonduz. Eboluzio naturala?
Maketa garaitik hona musikari bezala gure abileziak garatu eta pasarte landuagoak sortu ditugu. Horrez gain, egia da metalaren munduan murgildu ginenetik estilo gehiago entzuten ditugula, eta horien artean muturreko metala oso gustuko dugula. Aurrez pentsatu gabeko eboluzioa izan da, beraz.
Maketan heavy/thrash klasikoa zen nagusi. Lehen diskoan thrash, death eta black metala dituzue bidelagun. Zer irabazi eta zer galdu duzue trantsizio horretan?
Aniztasunean irabazi dugula uste dugu. Urte hauetan zehar musika mordoa eta askotarikoa entzun dugu, ez metala bakarrik, baita metaletik oso urrun geratzen diren beste generoak ere. Azken finean, metalak batzen gaituen arren, taldekide bakoitzak beste interesgune musikalak ere baditu eta horrek ezinbestean azken emaitza aberastu du. Azpimarratzekoa da sorkuntza prozesuan Aitor Zarzuelo eta Paulo Eizmendik utzitako marka, egun taldeko parte ez izan arren, konposaketetan ekarpen esanguratsua egin zuten eta euren doinuak diskoan presente daude.
Trantsizio horretan indarra eta lasaitasuna irabazi ditugu aldi berean, eta musika berria entzun eta gure taldean erabiltzeko beldurra galdu dugu. Thrash, death eta black metala ditugu bidelagun, esan duzun bezala, eta metalean muturrerago jo badugu ere, metaltzat hartu ezin daitezkeen pasarteak ere badaude: gitarra garbiak, erritmo pausatuak eta abar, nahasketa orokorra metalikoa izan arren. Hori guztia aldi berean, entzuten dugun horretatik edan ditugun elementuak erabiltzeko beldurra galtzearen ondorio izan da.
Kontzeptu baten inguruan oinarritzen da diskoa, eta bereziki Ankerkeria hiru abestiko trilogiaren inguruan. Liburuxkan irakur daiteke istorioa. Nola laburbilduko zenukete?
Zibilizaziotik urrun, naturan bizi eta gizartearekin harremanik izan ez duen izakiak eraiki dugun mundua topatuko balu pentsatu, sentitu eta egingo lukeena esploratu dugu “Ankerkeria I”, “Ankerkeria II” eta “Ankerkeria III” kantuetan. Kanpotar inuzente baten begien bitartez nolakoak garen esploratzen saiatu gara, gizartean bizitzearen ondorioz obeditzen ditugun kode estetiko, moral eta sozialetan sakonduz. Gizarteko botere erlazioez gain, natura eta gizartearen arteko talka da, beraz, istorioaren gai nagusia. Diskoaren liburuxkan zazpi orrialdeko ipuin labur batean jorratu dugu kontakizuna.
Laukote izatetik bi kide soilik izatera iritsi zineten. Halere, sormen lanean hiru musikari egon zarete, eta hirukote moduan ere egin duzue aurrera. Taldekideen dantza izan da diskoa osatzeko traba handiena?
Ziurrenik, bai. Grabaketan bete-betean murgilduta geundela Paulok taldea albo batera uztea kolpe gogorra izan zen, une giltzarria zelako, eta disko bat plazaratzeko egin beharreko lan nekeza bi taldekideren artean eraman behar izan genuelako aurrera. Arazoak, hala ere, grabaketa unean izan genituen, aurrez eginiko sorkuntza prozesua oso bestelakoa izan zen. Abestiak instrumentalki borobiltzen eta hitzak hiru kideen artean eransten gozatu genuen, prozesu kolektiboa bilakatu zen eta ikuspuntu ezberdinen arteko baturak emaitza nabarmen aberastu zuen.
“Musika berria entzun eta gure taldean erabiltzeko beldurra galdu dugu: thrash, death eta black metala ditugu bidelagun baina metaltzat hartu ezin daitezkeen pasarteak ere badaude”
Dena dela, lagun onekin osatu duzue lana. Bai abestiak borobiltzeko —gitarren lanari dagokionez— eta bai grabazio txukuna egiteko. Zenbatean aberastu dute azken emaitza?
Diskoa ez litzateke posible izango Borja Mintegiaga, Ander Zubillaga eta Ekaitz Garmendiaren laguntzarik gabe. Borja baxuaren grabaketa gainbegiratzeaz gain, gitarra erritmiko guztiak grabatu ditu ere, abesti guztiak oso denbora laburrean ikasi eta lan bikaina osatu zuen. Anderrek, berriz, bateriaren grabaketa gainbegiratu zuen eta gitarra soloak egitera animatu zen. Horixe bera egin zuen Ekaitzek, baina soloez gain diskoaren nahasketa eta masterizazio prozesuen arduraduna ere izan zen. Taldekide ez diren arren, Hilotzen familiako ezinbesteko pieza bihurtu direla esan genezake, asko estimatzen dugu euren partetik jaso dugun laguntza. Aipatzekoa da, halaber, diskoaren azala eta diseinuarekin izan dugun laguntza. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Igor Mugerzari egin duen lanagatik, nahiz eta eskerrak ez diren inoiz nahikoa izango.
Grabazio prozesua luzeegia izan zen arren, nahi zenuten soinua aurkitu duzue?
Beti geratzen da hobetzeko zerbait eta gustuko ez duzun soinu edo zatitxoren bat. Kantetako xehetasun oro ahalik eta txukunen geratu dadin tematzeak eraman gaitu konturatzera zein modutan hobetu ditzakegun hainbat alor hurrengo grabazioei begira. Baina oro har bai, lortu dugun soinuarekin oso pozik gaude, maketatik aurrerapauso nabarmena suposatzen du eta laguntza askorekin baina baliabide handirik gabe hain soinu ona lortzeak pozten gaitu.
Klasikoak (heavy, hard rock) baino muturreko (thrash, death, black, groove, …) metal banda gehiago daude, gaur egun, Euskal Herrian. Korronteak irauli dira. Zergatik gertatu dela uste duzue?
Urte asko dira metal musika jendartera iritsi zenetik eta uste dugu heavy klasikoak edo hard rockak garai batean zuen indarra eta ikusgarritasuna galdu dituela. Musikariek teknikoki eta konposizio aldetik harago doazen doinu eta erritmoak jorratu nahi dituzte orain, eta instrumentu bat hartu eta ikastea inoiz baino errazagoa izanik, maila altuagoa da orokorrean. Horren ondorioz, exijentzia maila altuagoa duen musika egiten da, publikoak batzuetan behar bezainbeste estimatzen ez duen arren. Hala ere badira rocka lantzen duten maila altuko taldeak ere, Cobra edota Quaoar, esaterako.
Metal gordina jorratzen duzuen taldeek oihartzun txikia duzue hedabide orokorretan. Zergatik?
Egia da metal gordina ez duela edozein musikazalek lehen entzunaldian erabat barneratzen eta, horrenbestez, komunikabideek jendea erraz erakartzeko formulak lehenesten dituztela. Hala ere, ez da metalarekin soilik gertatzen, bazterketarena estilo askorekin ematen den fenomenoa dela uste dugu. Sarritan komentatzen dugu gure artean, esaterako, Euskadi Gazteak talde lokalak duela hogei urteko indarrez defendatzen segiko balu euskal musikaren egoera egun oso bestelakoa izango zela. Pop edota indie kanta entzungarrietatik aldentzen diren estiloek tarte murritza dute irrati formuletan edota hedabide nagusietan. Zorionez oraindik ere badira askotariko euskal musikarien bozgorailu izaten jarraitzen dutenak, besteak beste, B Aldea saioa, BADOK ataria edota Entzun! aldizkaria.
Euskarazko muturreko metal talde interesgarriak sortu dira azken denboran. Loraldi txiki baino interesgarria dagoela esango zenukete?
Zalantzarik gabe. Ankhar, The Great Wound, Helde, Bullets of Misery, Knives, Elffor, Gabezia, Extinction, Black Ocean Witness… talde asko eta kalitate onekoak ditugu gurean.
Otsailetik hona, hainbat kontzertu eskaini dituzue diskoa aurkezteko. Nolakoak izan dira, eta nolakoa izan da erantzuna?
Denetarik egon da. Indartsu hasi ginen Angelus Apatrida eta Anestesia taldeen talde gonbidatu gisara, jende asko bertaratu zen kontzertu horietara eta publiko berrira iristeko erakusleiho apartak izan ziren. Lehen kontzertu horietan baina, sendotasun faltan geunden, kontzertuak eman ahala handitu dugun sendotasuna. Otsailetik hona konfiantza eta naturaltasuna areagotu ditugu eta baita emanaldiak findu ere. Publiko aldetik, jendea etorri da kontzertuetara eta ikusle asko ez zegoenetan ere zeudenak dena ematen egon dira; eroso eta indartsu sentitu gara oholtzan. Harrerarekin oso pozik gaude, kontzertuetara orain arte ezagutzen ez gintuen ikusle asko hurbildu delako, hainbatek gainera kanta berriak oso gustuko dituztela esan digute, eta horri esker taldearen hedapena handitu dugu.
Zuzenean hiruko moduan ari zarete. Kantuak egokitu behar izan dituzue diskora hurbiltzeko?
Diskoaren grabaketa gitarra bikoiztuetan oinarritu genuen. Kantak bere garaian modu horretan entzuteko konposatu genituen eta hirukote izatera igaro ginenean gitarrak ez bikoiztea planteatu genuen arren, uste dugu gitarra bikoiztuek konposaketak beste maila batera goratzen dituztela eta, beraz, hirukotea izan arren diskoa asko betetzen dutela. Horrek ezinbestean zuzenekoetan moldaketak egitera eraman gaitu, baina ez dira handiegiak izan, distortsiodun baxuak sarritan gitarraren papera ere hartu eta bi instrumentuen artean bikoizturiko melodiak tartekatzen ditugulako.
“Taldearen musika orain arte bi gitarretan pentsatuz konposatu dugu, bigarren gitarra bat hartzea baloratu dugun, baina momentu honetan ez gaude prozesu horretan”
Bigarren gitarra bat hartzea pentsatu duzue?
Taldea modu horretan hasi genuen, laukote gisa eta bi gitarrekin. Gure esku ez zeuden gertaerek, ordea, hirukote izatera bultzatu gintuzten 2014. urtearen hasiera aldera. Taldearen musika orain arte bi gitarretan pentsatuz konposatu dugu eta erreferentziatzat ditugun talde kutun askok ere melodía bikoiztuen dinamika horri eusten diote, baina egungo hirukote formazioa inoiz izan dugun sendoena dela uste dugu, bai musikalki eta baita alor pertsonalean ere. Bigarren gitarra bat hartzea baloratu dugun arren, momentu honetan ez gaude prozesu horretan, beste hainbat gauza egin behar ditugulako lehenik. Gainera, zaila izango litzateke hutsune hori beteko lukeen pertsona bat aurkitzea eta aldaketa handia suposatuko luke, berriz ere. Hainbeste gorabehera jasan ostean lasaitasun unea iritsi da, gozatzeko eta egonkortzeko unea, eta gero gerokoak.
Gainontzean, zein asmo dituzue epe motz eta ertainera?
Zuzenekoetan etena egingo dugu udan, taldekide bakoitza beste proiektuetan murgilduko baita. Hala ere, itzalean gogor lanean jarraituko dugu, udazkenetik aurrera iragartzen joango garen proiektuak borobiltzeko.