Elkarrizketa

“Geure-geureak ditugun ezaugarriak finkatu ditugu”

Elkarrizketa: Izeberg

Azaleratu ondoren, Lurrik ez begi bistan bigarren diskoa argitaratu du Usurbilgo Izeberg taldeak. Ez dira itsu, eta are gutxiago gor. Lau musikariek dute iragana. Hotzikara, Mendeku Itxua edo Odolaren Mintzoa. Bestelako doinuak jorratzen dituzte Izeberg bandarekin. Rocketik abiatzen dira helmuga jakinik gabe, baina melodiaren garrantzia azpimarratuz. Ixak Arruti abeslari eta gitarristarekin mintzatu gara.

izeberg

Beñat Urteaga + Ixak Arruti + Jokin Irastortza + Antton Aranburu = Izeberg.

Landua eta atsegina da bigarren diskoa. Osoagoa. Asko zaindu duzue argitara eman arte?
Sentsazioa hori da. Kantuen koherentzia, zati bakoitzaren barruko oreka asko zaintzen saiatu gara. Diskoko kantuak prestatzen urte eta erdi inguru pasa dugu, eta astean hiruzpalau entsegu egin ditugu garai honetan, kontzertuak ematen hasi garenean. Gainera, diskoaren osotasunean ere saiatu gara abestien arteko erlazioak zaintzen: biziak, lasaiagoak, eztarria urratzekoak, goxo kantatutakoak… Hauen artean ere oreka mantentzen saiatu gara, ahoan gelditzen den azken zaporeak asebete gaitzan.

Hotza da izeberga, eta beroa zuen musika. Lan berriko kantuek islatzen dute musikalki eskaini nahi duzuena?
Zazpi abestiek gure momentu honetako argazki bat agertzen dute. Azalera diskoarekin abiatu ginen, eta oraingoan, bigarren pauso honekin egonkortu egin gara. Estilo aldetik geure-geureak ditugun ezaugarriak finkatu ditugu eta laurok gure hondar alea jarrita oso gustura gaude ateratakoarekin.

Rock indartsu bezain melodikoa oinarri hartuta, joan-etorriko erritmoekin saiatu zarete. Borobiltasuna galdu gabe, abesti borobilagoak egin dituzue?
Borobiltasuna oso erlatiboa da. Pertsonalki eta musikalki garapenak konstantea izan behar du, eta horrela, lehenengo diskoan ez zeuden ñabardurak sartzen saiatu gara. Hori bai, beti koherentzia mantendu nahian.

“Gordeleku bat” hit bat dela dio Imanol Ubedak prentsa orrian. Ordea, ez duzue uste benetako singleak “Itzalitako izarrak” eta “Insomnioen gaua” kantuak direla?
Guretzako zaila da bata edo bestea erabakitzea. Guztiek dute zerbait berezia eta betetzen gaituena, bestela ez lirateke diskoan egongo. Guraso bati bere seme-alaben artean bat aukeratzeko eskatzea bezala da, eta gainera, lau guraso gara zazpi seme-alabarekin! Bakoitzak bere kutuna edukiko bagenu ere, ziurrenik ez litzateke besteenarekin bat etorriko. “Gordeleku bat” kantuak erritmo gozagarria du eta gitarrak eraman egiten zaitu kantuan aurrera. “Itzalitako izarrak” abestiak, berriz, kutsu gogorragoa du, lepoa astintzeko aproposa da eta errepikan mantsotu eta zabaldu egiten da indar berezia hartuz. Azkenik, “Insomnioen gaua” oso hasiera korapilatsua duen kantua da eta ez dizu lasai aurrera egiten uzten. Hala ere, zain egote horrek saria dakar bukaeran, eta diskoaren bukaera ere den zati epikoak sentsazio boteretsua uzten dizu gorputzean. Bestalde, hit bat dela esaterakoan, kantu horri zeozer berezia sumatzen zaiola ari gara aitortzen eta mundu honetan zabiltzatenek kantu bat baino gehiago aukeratzen baduzue, oso seinale ona iruditzen zaigu. Denak dira hit-ak!

“Pertsonalki eta musikalki garapenak konstantea izan behar du;  lehenengo diskoan ez zeuden ñabardurak sartzen saiatu gara”

Abestien mamian eta soinuan laguntzaile finak izan dituzue. Batetik, hitzak jarri dituzte zuen lagun hainbatek, eta Higain estudioan Izeberga sendotu duzue. Emaitza ezberdina litzateke beraien laguntzarik gabe?
Denek eduki dute eragin handia gure diskoan, Beñat Gaztelumendi, Jokin Labaien, Haritz Casabal eta Haritz Harreguyk. Lehenengo hirurekin elkarlan polita izan dugu, kantuen esentzia harrapatu eta horri ongi datozkion hitzak bilatu dituzte. Ondoren, hitz horiek gure ahotan eroso sentitzen genituen edo ez erabaki dugu, eta ezezko kasuan, detaileak landu eta itxuraberritu. Polita izan da kantuak nola gorpuzten ziren ikustea eta barneratzea. Soinuari dagokionez, Haritzekin grabatzea gozamena izan da. Laguna dugu eta gure ideiak argi utzi genizkion hasieratik. Estudioan sartu aurretik gitarra, baxu eta bateriaren soinuak nahiko landuta genituen kantuen atal bakoitzerako. Haritzekin adostu eta bere ideiekin osatu ditugu. Nahasketetan hartu duen indarrarekin oso pozik gelditu gara, disko potoloa atera zaigu.

Ixak, ahotsen lanketan urrats sendoa egin duzu disko berrian. Sentsazio bera duzu?
Kantatzerakoan, ahotsari erregistro desberdinak ematen saiatu naiz. Momentu bakoitzak behar zuena interpretatu eta hori lortzeko asmoz. Ez da erraza izan, lortu ezinik etxera buelta egin behar izan dugun egunak ere eduki ditugu. Hau dela eta, Strepsils pilula etxearen salmentak nabarmen igo ziren estudioko garaietan (barreak). Bestalde, grabaketan ahotsa gordinago utzi dugu eta honek naturaltasuna ekarri dio.

Dave Grohl (Foo Fighters, Nirvana) moduan, zu ere bateria jotzen hasi zinen, eta gitarrarekin zein abesten bukatu duzu. Paralelismo bitxia edo kasualitatea?
Kasualitatea, besterik gabe! Beti gustatu izan zait kantatzea, eta bateria jo eta kantatzea ez zen oso eraginkorra, batez ere bakarrik nengoenean! (barreak). Hala ere, Grohlez gain badira mila adibide.

Alegia, Foo Fightersen eragina zenbaterainokoa da?
Foo Fighters asko gustatzen zaigun taldea da eta eragina izan du. Dena den, iturri askotatik edan dugu eta edaten dugu. Talde askoren antza hartu digu jendeak, bakoitzak entzundakoaren arabera ezagunarekin konparazioak egitea normala da.

Joseba eta Mikel Larratxe anaiak arduratu dira diskoaren diseinuaz. Izebergarekin nahikoa ez, eta meteorito arteraino iritsi zarete. Nola landu duzue diseinuaren kontzeptua?
Diskorako diseinua zaindu nahi genuen. Gure eremua ez denez, beti gelditzen ginen sentsazio arraro batekin “Nahikoa txukuna gelditu al da?”. Joseba Usurbilen bizi da eta bere marrazki dotoreak ezagutzen genituenez, harekin kontaktuan jartzea erabaki genuen. Hasiera batean ez genion laguntza askorik eman. Garai hartan diskoarentzako izenik ez genuen erabakita, eta letra gutxi batzuk bakarrik genituelako, beraz, izeberg kontzeptuari heldu genion zuzenean. Denbora bat pasa ondoren, Josebak izotzaren bidetik jo zuen eta horrela, espazioko kometetaraino iritsi. Izugarria iruditu zitzaigun ideia eta oraindik hobea arkatzez eginda ekarri zigun zirriborroa. Horrekin aurrera egin zuen eta bitartean anaia Mikel barruko diseinua lantzen hasi zen. Bien artean egindako lanak oso pozik utzi gaitu eta esan beharra dago, Larratxetarrek elkarlanean egin duten lehenengo diskoa dela gurea, eta ez dugu uste azkena izango denik. Beraz, pozik eta harro gaude, bai gu eta bai beraiek.

Izeberg Promo bertikala

Lau musikari eta lagunek osatzen duzue banda. Bestelako abenturak dituzue, gogorragoak zein lasaiagoak. Ordea, Izeberg lehentasuna da zuentzat?
Beste proiektuak ere aurrera doaz paraleloan. Orain Izebergen disko berria atera dugunez, energia dezente ari gara jartzen talde honetan. Baina beste taldeekin ere ari gara entseatzen eta kontzertuak ematen. Kantu berriak ere prestatzen ari gara eta etorriko dira beste taldeek energia gehiago beharko duten unea. Orduan beste taldeetarako gorde beharko ditugu indarrak.

Lehen diskoa aterata hainbat kontzertu eskaini zenituzten. Bigarrenarekin ere ari zarete rocka plaza ezberdinetara eramaten. Gustura zabiltzate?
Oso gustura. Disko bat ateratzeak izugarrizko energia eskatzen du eta gehiago autoekoizpena bada. Denbora, atentzioa, kontzentrazioa, dirua… asko eskatzen du. Horrek guztiak bere fruitua ematen du, eta kontzertuak dira hori. Aurkezpen biraren lehenengo etapan kontzertu dezente eman ditugu, eta guztietan eduki dugu erantzun ona. Horrek ematen du indarra aurrera egiteko, eta espero dugu orain datorren bigarren txanpan ere egurrean jarraitzea.

Euskarazko rocka bizirik da, beraz, Euskal Herriko plazetan?
Euskal rocka bizirik da, noski. Inoiz baino talde gehiago ari gara horretan eta ez edonolako taldeak. Lagun asko ari gara egiten bidean eta askotan musika estiloa nahikoa da elkarrekiko konplizitatea sortzeko, rock-and-rollak elkartzen gaitu. Dena den, Euskal Herriko plazetan ez dugu horrenbesteko indarrarekin ikusten. Rock kontzertu batek jendea dantzan jartzeko, betiko “dinosauroen” kontzertua izan behar duela dirudi. Ez dakigu kantu ezezagunekin gozatzen, eta gutxiago ez bada gerria mugitzeko soilik egindako kantua. Hala ere, talde txikiok pixkanaka gure bidea jorratzen ari gara eta ez dugu gelditzeko asmorik.

ETIKETAK:HotzikaraImanol UbedaIzebergMendeku ItxuaOdolaren Mintzoa