Elkarrizketa

Jon Urzelai

2017.05.12

Jon Urzelai

“Formula aurrez zehazturik ez izatea gustatzen zaigu”

Elkarrizketa: Killerkume

Industrial Sunbath deitzen da Killerkume taldearen bigarren diskoa. Bainu industrial horrek ezer gutxi du baina, Supertramp taldearen “Crisis? What Crisis?” diskoaren azaleko gozamen axolagabetik, Bilboko bikotearena gauza bortitzagoa baita, ez dakigu “Bilbullshit” deitzen dioten hiri horrek oraindik ere gordetzen duen gordintasunaren eraginez edo. Ahaztu egitura lau eta goxoak, baita nolabait buruan gorde ahal izango zenituzkeen lelo itsaskorrak ere. Killerkumek nahiago du forma konkretuei muzin egin eta ematen duten pauso bakoitzeko muga berri bat hausten saiatu. Mikel gitarristarekin batu gara —Joxean bateria jotzailea da beste taldekidea— taldearen formulari buruz hitz egiteko.

Processed with VSCO with a6 preset

Mikel eta Joxean, Killerkumeko kideak.

Zuen lehen diskoaren (Trautzer Blaster, 2013) eta bigarrenaren artean (Industrial Sunbath, 2016), badago estilo aldaketarik. Soinu monolitiko batetik abiatu zineten arren, deseraikitzen hasi zarete, geroz eta gehiago esperimentatuz.
Gitarren soinua aldatzen da, bai, lehen diskoa riffean oinarrituagoa zegoen, monolitikoagoa zen, zuk diozun bezala. Bi anplifikagailu erabili nituen orduan, orain egiten dudan bezala, baina lehenengo diskoarekin bietako batean baxu soinu antzeko bat sortzen nuen eta bestean gitarra soinu klasikoagoa. Horrek gehiago eramaten gintuen riff pisutsura, entzulearen arreta pisuan zentratzera gehiago eta horrekin jolastera. Horrek baditu bere alde onak eta txarrak, non txarretako bat arintasuna galtzea den, nire kasuan behintzat. Halere, ez da hori bakarrik izan, azken finean gu bion arteko elkarrizketa aldatu egin da, era naturalean hasi ginen geroz eta gehiago inprobisatzen lokalean eta geure burua nahiko eroso ikusi genuen inprobisazio testuinguru horretan. Horrek dilema antzeko batera eraman gintuen, konposatzen ari ginen zatiei zein forma eman erabakitzera. Ikusi genuen inprobisazioak freskotasuna ematen ziela kantei eta lokalean horri forma ematen joan ginen, zati inprobisatu eta konposatuak elkartzen, tartekatuz edo fusionatuz. Era berean, musika agian esperimentalagoa entzuten dugu gaur egun, inprobisazio gehiago, free-jazza eta elektronika asko. Azkenean, gitarren kasuan badago betiko soinu klasikoaren eragina baina baita horixe bera hausteko nahia ere. Pedalekin jokatuz kutsu elektronikoago bat eman diogu tinbreari zenbait tartetan. Bide horri ekin diogu, esplorazio tinbrikoan gehiago murgilduz. Bai gitarrarekin, rock klasikotik aldenduz, eta baita bateriarekin ere. Aukerak asko zabaldu dira, Joxeanek kaiku tibetarrak eta bestelako tramankuluak ere erabiltzen ditu orain eta horren guztiaren iturria inprobisazio askea edo free-jazza da rocka baina gehiago. Rockean bateriaren alderdi tinbrikoa oso ahaztuta dagoela uste dugu, dena beat-ean oinarrituta dago gehienbat, dinamika gorabeheratsuak eta antzekoak ahaztuz. Guk horri guztiari tarte bat eman nahi izan diogu geure musikan.

Bi diskoen grabazioen artean bi urteko tartea dago. Era berean, bi urte pasa dira jada Industrial Sunbath grabatu zenutenetik, nahiz eta orain gutxi eskuratu ahal izan dugun. Non dago Killerkume orain, esperimentaziorako joera horrek oraindik gehiago egin al du aurrera?
Bai. Aurreko diskoa, bateriaren ikuspegitik, oraindik ez da hain espansiboa gaur egun daramagunarekin alderatuta. Gitarrari dagokionez, orain beste bat daramat, ez hain iluna, soinuz dizdiratsuagoa agian. Soinu orokorrari gardentasun gehiago ematen diola esango nuke.

Diozunaren harira, batzuetan badirudi entzuten dena ez dela gitarra batekin sortua.
Nik ez daukat inongo ikasketa akademikorik, pedalekin jolastu, nahastu… bilaketa antzeko bat da soinu horien jatorria. Lokalean egindako bilaketa horrek eta bapatekotasunak sortzen du hori: inguruaren, aretoaren eta entzulegoaren araberako testuinguruek helmuga desberdinetara garamatza, bolumen ozen edo baxuagoarekin jotzen dugu egoeraren arabera. Ez dago horretarako inongo formula berezirik. Inprobisazioren erronkarik handiena entzulegoaren interesa eta arreta mantentzea dela uste dut. Denok dakigu inprobisatzen baina tentsioa eta interesa mantentzen saiatzea da geure musikaren ardatza.

Bi diskoetan agertzen da ondorengo leloa: entzun ezazu ozen. Zuek biok noise-rock eta inguruko generoetatik zatozte eta oraindik ere, nik uste, nabari da herdoila, odola eta bolumenarekiko zaletasun hori. Ala hori ere aldatzen ari da?
Horren arrazoi nagusia zera da: bi diskoak era analogikoan grabatuta daude eta rango dinamiko oso handia dute, hau da, bolumen altuenetatik baxuenetarako jauzia handia da. Ondorioz, xehetasun guztiez ondo jabetzeko geure diskoak bolumen altuan entzutea gomendatzen dugu. Javier Ortizekin egin dugu lan eta berak Steve Albiniren ildo berari heltzen dio, eta guk gustuko dugu hori. Grabazioak ahalik eta gehien konprimitu eta ahalik eta “potentzia” gehiena lortu nahian azken urteetan egon den loudness war delakotik ihes egin nahi izan dugu.

“Inprobisatzen denok dakigu baina entzulearen interesa eta arreta mantentzea da erronka. Hori da gure musikaren ardatza”

Zuen musikak halere, badu elementu oldarkor edo biolento bat. Badago zuen kontzertu bat deserosoa egiten zaion jendea ere, badu esperientzia fisikotik.
Bai, eta ulergarria da erreakzio hori. Gu saiatzen gara kontrastearekin jolasten, ez izatea denbora guztian inprobisazio leuna, ezta bolumen oso ozeneko musika bortitza ere. Errusiar mendi bat izatea nahi izaten dugu, horixe da egitea gehien gustatzen zaiguna eta baita entzutea ere. Adibidez, Swans taldearen kontzertu bat, nahiz eta beste estilo edo ikuspegi bat izan, dinamika bidaia bat da azkenean, oso bolumen altuan jotzen dituzte zati gogorrak, baina badituzte zati oso lasaiak ere. Berdin egiten dute Glenn Brancaren gitarrek edo beste hainbat artistaren musikak. Entzulea bidaia horretan sartzea lortzen bada, bolumen soilak hainbat dinamikatan murgilaraziko du.

Lau disketxeren bitartez argitaratu duzue diskoa LP formatuan: DDT, Politburó Recording Fiasco, Cosmic Tentacles eta Gaffer Records. Lehenengo hirurak Euskal Herrikoak dira baina azkenak mundu osoko taldeak ditu bere katalogoan: Staer eta MoHa! norbegiarrak, Don Vito alemaniarrak, Ahleuchatistas estatubatuarrak edo Dead Neanderthals herbeheratarrak kasu. Talde horiek guztiek badute aipatzen ari garen hori, soinu gordina era oso askean jorratzeko gogoa, eta zuen toki naturala hori dela iruditzen zait. Nola izan da disketxe horrekin argitaratzeko prozesua?
Oso gustura gaude, egia esan. Era oso naturalean sortu zen kontua, zigilua daraman mutila ezagutu genuen, Frank, bere Sheik Anorak eta beste proiektu baten bitartez, kontzertu pare bat antolatu genizkiolako Bilbo inguruan. Oso tratu ona egin genuen berarekin, hainbat gustu eta interes komun baititugu eta geure musika gustatu eta kontzertu bat ere antolatu zigun Lyonen. Lagun egin ginen eta esan zigun kantak sortzean berari pasatzeko eta zintzoki esango zigula ea gustuko zituen edo zer iruditu zitzaizkion, eta asko gustatu zitzaizkionez, diskoan parte hartu nahi zuela esan zigun. Guretzat ere, hain afinitate musikal handia dugun zigilu batekin eta hain jende jatorrarekin lan egitea plazer bat da. Konfidantza ematen digu, eta katalogoan baditu miresten ditugun talde asko, diozun bezala.

Badago halako soinu bat, aipatu ditugun Norbegiako taldeek egiten dutena kasu, math-rock oso original eta korapilotsu moduko bat.
Bai, ni Norbegiako taldeen oso zalea naiz. Hau nire iritzi pertsonala da, baina esango nuke Drid Machine Records eta Rune Grammofon bezalako zigiluek underground europearrari egin dioten ekarpena oso handia izan dela. Oso soinu berezia dute. Norbegian black metalaren garaitik oso soinu propioa landu dute eta orain badirudi noise-rockari bira batzuk eman eta forma oso propioak lortzen ari direla, zentzu batean ia folka dirudi, oso soinu pertsonala eta norbegiarra baita. Hotza, iluna… Hori Euskal Herrian ere gertatu daitekeela uste dut, folka lurraldeko musikatzat ulertzen badugu behintzat. Zentzu horretan, niretzat Akauzazte folk euskalduna izan daiteke, edo Lisabö, edo beste pila bat. Orain gutxi blog batean egin ziguten kritika batean horixe bera aipatzen zuten: zenbait talde euskaldunen artean badagoela soinu oso karakteristiko bat. Norbegian antzeko zerbait gertatzen da, noise-rockari beste buelta bat eman diote eta abstrakzio puntu bat lortu dute, orain arte estiloan agian lortu izan ez dena. Noxagt, Staer edo Ultralyd bezalako taldeak oso gustukoak ditugu.

Hamaika bider zeharkatu dituzue Euskal Herriko mugak eta jada bi dira Europan egin dituzuen birak. Zer topatzen duzue atzerrira joaten zaretenean?
Orokortzea ez da oso komenigarria, badakit, baina badago beste kultura bat, beste entzuteko modu bat. Adibidez, Frantzian urte asko daramate jazz eta inprobisazio kontuekin eta publikoa bera beste mentalitate batekin doa kontzertuetara, benetan entzutera. Kontu honekin hanka barruraino sar dezaket, baina hori izan da nire inpresioa. Dena den, toki guztietan topa daiteke denetarik. Eta noski, abentura ere gustatzen zaigu eta horrelako birak abentura bat dira azken finean.

Processed with VSCO with a6 preset

Killerkume, duela hilabete batzuk Europan egindako birako emanaldi batean.

Espainiako Estatu mailan ere asko jo izan duzue.
Bai, berdin. Agian asko jo dugulako edo ezagutzen gaituztelako izango da, baina gure gertuko inguruan jendeak paso egiten du gehiago. Eta normala iruditzen zait, lagunak diren bertoko zenbait talderi ere gertatzen zaielako. Gipuzkoatik ere kontzertu gehiago proposatu izan dizkigute Bizkaitik baino. Erronkak ere gustuko ditugu eta horrek badu eraginik. Batzuentzat egoera deserosoak izan daitezkeenak (lagunengandik urrun jo eta inor ez ezagutzea, adibidez) erakargarri zaizkigu eta motibatu egiten gaituzte. Zentzu horretan nahiko abenturazaleak gara.

Aurten bi disko argitaratzekoak zarete, bata Billy Baoko Mattinekin.
Bai, Mattinekin grabatu genuen Leipzigen. Joxean ari da nahasketa eta masterrak egiten baina lana eta beste, azkenean atzeratzen ari da. Asmoa bada masterra izan eta argitaratzen saiatzea. Bigarrena Joxeanen tailerrean egindako inprobisazio bat da. Bi disko hauetan jada ez da aldez aurretik konposaturiko zatirik egongo.

Killerkume ez da zuen bion lehenengo proiektua eta badakizue zer den bi taldekide baina gehiagoz osatutako taldeetan aritzea. Bikote formatuak ageriko mugak izateaz gain, eskaintzen al du zukua atera ahal izateko aukera edo abantailarik zuena bezain musika askea egiterako orduan?
Hasieran banuen beldur hori, beste elementuren bat faltan botatzekoa. Gerora hartu dugun bidea ikusita, ni pozik nago egin genuen hautuaz. Nik uste jakin izan dugula muga horiei zukua ateratzen eta agian aurrerago sintetizadoreak sartuko ditugu, horretan gabiltza. Staer (orain Golden Oriole) edo Orthodox taldeak adibidez, kide gehiago izatetik bikote izatera pasa dira eta beraien gaur egungo musika entzutean nik ez dut ezer faltan botatzen. Formatura ondo egokitu eta kanta edo kontzertuaren osotasunaren interesa mantentzen jakiten bada, erabat baliagarria da. Rock klasikoagotik datorren jendeak bai esan izan digula baxu jotzaile bat ondo etorriko litzaigukeela, baina nik uste du formatu nahiko interesgarria dela. Azken finean zeure buruari gehiago exijitzera zaramatza, babes gutxiago duzu, biluziago zaude eta konzentratuago aritu beharra daukazu.

Zuzenekoek garrantzia berezia dute Killerkume bezalako talde batean. Noizbait ikusi zaituztenak badaki zuen kontzertuak ez direla berdinak izaten eta diskoan ezin isla daitekeen indar bat erakusten duzuela. Nola egiten diozue aurre zuzenekoari? Zenbaterainoko tartea izan dezake bertan inprobisazioak?
Errepertorio bat eramaten dugu, kontzertuaren aurretik entseatzen duguna. Halere, badakigu une konkretu batetik bestera zati guztiz inprobisatua dela. Adibidez, hasiera beti izaten da erabat inprobisatua. Jendearen eta unearen arabera alde batera edo bestera joko dugu, hori da inprobisazioaren xarma, estimuluei eta testuinguruari erantzutea. Zenbatekoa den? %60 eta %40? %70 eta %30? Kontzertuaren arabera aldatzen da. Gustatzen zait, gainera, formula aurrez zehazturik ez izatea.

Galtzeko arriskurik edota kaosa ez kontrolatzeko beldurrik izaten duzue?
Hori erronka polita da, kaosa noiz kontrolatuta dagoen edota deskontrolatuta egonagatik interesgarria den…

Orbain Unit, Omni, Freedrum, ZORRA, Jox… hamaika dira eskuartean dituzuen proiektuak eta baita zigilu bat ere, Repentino Records. Epe laburrean zerbait espero behar al dugu?
Buf, askotan nik neuk ere ez dakit esaten. Orbain Unit [Akauzazteko Arra eta Los Plomos taldeko Fernando Ulzión eta Txemi Artigas musikariekin osatutako free-jazz taldea], adibidez, kontzertu aldetik nahiko apal gabiltzan arren, asko motibatzen gaituen proiektu bat da. Bigarren disko bat ere grabatu nahi dugu… oso esperientzia politak izaten ditugu. Ni neu baxu jotzaile gisa nabil Ximel eta Positivako Unai bateria jotzailearekin eta Meidoko Iñaki gitarristarekin proiektu berri batean, pixka bat heavya izango dena. Maiatzean emango dugu oraindik izenik ez duen talde horren lehen kontzertua.

Joxeani dagokionez, Repentino Records zigiluarekin dabil buru-belarri, esperimentazioan eta inprobisazioan zentratua. Bertan atera dira Orbain Uniten lehen diskoa eta Triames elektronika musikariarekin ondu duen Omni izeneko proiektuaren lehen lanak. Proiektu horrekin eta bakarka dituen beste batzuekin (Jox izenpean, kantautore ohikoago moduan, XOJ izenpean proiektu experimentalago batean) aurten zuzenekoak eskaintzeko asmoa du eta ateratzeko zain daude bikote formatuko topaketa musikal desberdinak: Otto Koke, Mark Cunningham, Juan Mardaras edo Ricardo Tejerorekin, adibidez.

ETIKETAK:AkauzazteKillerkumeLisabö