Elkarrizketa

Asier Perez Karkamo

2017.10.27

Asier Perez Karkamo

“Ez dugu funtzionatuko duen zerbait bilatu nahi”

Elkarrizketa: Sergio Ordoñez 'Patxuko' (Patxuko Nice)

Hamabost urte zituela igo zen lehen aldiz eszenatokietara Latitud Cero pop taldearekin. Gerora etorriko ziren Joxe Ripiau, Oscar Benas, The Solanos eta Esne Beltza, beste batzuen artean. 2014an Patxuko Nice jaio zen, Sergio Patxuko Ordoñezen (Irun, 1972) hamargarren proiektua, denetan pertsonalena. Bigarren lana aurkezten ari dira egunotan, Mauka diskoetxearekin grabatu duten Hego haizea, ego querido, lehenengoaren ildotik baina zertxobait poperoagoa, kolaborazio bikainekin biribildua, eta emozioz betea.

Sergio Patxuko

Sergio Ordoñez ‘Patxuko’. (Bidasoko Hitza)

Zer aurkituko du  Hego haizea, ego querido erosten duenak?
Estilo desberdinak aurkituko ditu, lehen diskoan bezala, baina oraingoan, oso lasai grabatu dugunez, emozio asko daude diskoan. Urte osoa eman dugu pixkanaka grabatzen, ez dago une emozional bakarrean grabatuta, eta hori nabaritzen da, soinu desberdinak bezala, emozio desberdinak antzematen dira.

Nolakoa izan da grabazio hori?
Aieka estudioetan grabatu dugu, Ereñozun, Esne Beltzako teklista Peio Gorrotxategik duen estudioan. Aukera eman digu poliki grabatzeko, puska txikitan egiteko, berak ahal zuenean noski, baina askatasun horrekin. Horrela lan egin ahal izatea gozamena da. Estudio txikia izateaz gain, gauzak errepikatu ahal izatea… Gainera Peio taldekide gisa hartzen dugu, eta diskoan kolaboratu du (“No soy ése de ayer” abestiko musika berea da eta horretan eta “Todo se fue”-n teklatuak jo ditu).

Ez da kolaboratzaile bakarra. Glaukomako Juantxo Arakama, Aiora Renteria (Zea Mays), Ibon Irastorza, Sergio Rotman…
Kolaborazioena pasada bat izan da, oraindik ezin dut sinetsi. Denek pila bat lagundu digute, izugarria izan da. Alejandro [Terrones, baxua] sartu arte Irastorzak baxuarekin asko lagundu zigun, eta diskoan hiru kantetan ageri da, bitan kontrabaxuan (“Ortoska” eta ” Tez de café”) eta beste batean baxuarekin (“Preverten kanta”). Jorge Pacheko perkusionista itzela da, Gatiburekin eta talde askorekin ari da, eta zazpi kantetan ageri da (“No soy ese de ayer”, “Preverten kanta”, “Todo se fue”, “Ortoska”, “Tez de café”, “Amama” eta “Balas que son palabras”). Jimmy Bidaurreta hammondarekin “Tez de café” abestian, izugarria. Inork ez digu ezetzik esan, denak ikaragarri inplikatu dira.

Eta gero ahots kolaborazioak daude. Bat oso berezia, Marisol Blanco, Latitud Cero nire lehen taldeko abeslariarena, oso ondo abesten du baina utzita du hau guztia, eta ilusio handia egiten zidan hark gurekin grabatzea —”Ego querido”-n abestu du). Eta Juantxo eta Aiorarena kasualitatea izan zen. Bonbereneara jotzera joan ginen, eta beraiek agertu ziren. Niretzat pasada bat da hori, ez ditut ezagutzen, euren diskoak oparitu izan ditut, eta haiek guregana hurbiltzea oso polita da. 5.000 lagunen aurrean jotzen duzunean ondo dago, baina talde berri bat duzunean, hasten ari zarenean, hogei lagunen aurrean jotzen ari zarenean horrelako jendea etortzea zu entzutera, gure proiektuan sinisten dutelako, itzela da —”Hego haizea” Arakamaren letra da eta bertan abesten du; Renteria “Aukerak” kantan ageri da—.

Eta Sergio Rotmanena, nola izan zen?
Hori aparte da [emozionatu da]. Sergio Rotmanek saxoa grabatu izana gurekin, Bruce Springsteenek grabatu izan balu bezalakoa da niretzat. Fabulosos Cadillacs-ekoa izateaz gain, gehien gustatzen zaizkidan talde horren abestiak hark idatziak dira gainera. Japonian egon ziren jotzen, eta bertan dudan lagun baten bitartez iritsi zaigu aukera hau. Izugarria, zu eta ni hemen gauden bezala, Sergio Rotman Argentinako estudio batean gure abesti baterako grabatzen.

Ernesto Villarrek eta Dafnis Fernandezek taldea utzi dute. Haien ordez Ruben Mesquida, gitarran, eta Alejandro Terrones, baxuan, sartu dira. Nola izan dira aldaketa horiek?
Alejandro Luz de Putaseko baxu jolea zen, eta Enekoren [Fernandez, bateria] bitartez sartu zen, talde horretan zeudelako biak. Eta Ruben Mesquida Mallorcatik etorri zen bizitzera eta hura aurkitzeko zortea izan genuen, bera heavy eta rock estiloetan ohituago dago, baina oso ondo egokitu da taldean. Estilo desberdinak jarraitzen ditugu, baina guztioi gustatzen zaigu 1980.eko rollo hori. Grabazioan oso gustura egon gara.

Lehen diskotik asko du bigarrenak, freskoa da, dantzagarria, reggae asko du baina beste estilo asko ere… eta iruditzen zait lehen entzunalditik errazago sartzen dela.
Jende gehiagok esan dit hori. Eta hori ona ala txarra al da? [Pentsakor jarri da]. Ernesto Villarrek pisu handia zuen taldean, bere gitarrarekin. Orain Ernesto ez dago. Ni poperoagoa naiz, bera rokeroa, eta agian disko honetan ahotsak protagonismo gehiago du. Ernestok zerbait berezia zuen, alternatiboa, baliteke orain errazagoa izatea, komertzialagoa, estribillo gehiago…

Badira abesti batzuk oso ondo funtzionatuko dutenak zuzenean: “Todo se fue”, “Hego haizea” bera, “Rudy”, “Aukerak”… Oso desberdinak dira elkarren artean denak.
“Rudy” jotzen ari gara, eta oso erantzun ona du. “Hego haizea-k ere, irratietan entzuten ari da gainera. Letrak hor daude, garrantzitsua da hori. “Hego haizea” Juantxo Arakamarena da, “Rudy” eta “Aukerak” Oier Guillanenak dira, gordinagoak; “Amama” eta “Balas que son palabras” Jon Garmendia Txuria-renak, poetikoagoak… Horretan ere zorte handia dugu, jende hau oso lanpetuta ibiltzen da, eta ez dugu ezetzik jaso.

Nola aukeratzen dituzue letrak?
Euren esku uzten dugu, ezagutzen ditugu, badakigu nola idazten duten, eta beraiei uzten diegu. Kanta ematen diegu eta letra jartzen diote. Beno, beraiek badakite nik gai sozialak eta maitasunezkoak gogoko ditudala, baina euren letrak dira, ez nireak. Bat edo beste partekatua da, emozioak partekatuz idatzitakoa, biren artean.

Letrak inportanteak dira zuretzat, ez?
Oso. Egunerokoa azaltzen duten letrak ditut gustuko, gure mikrokosmos txikiko istorioak kontatzen dituztenak. Letra alaiak dira batzuk, baina malenkonia asko ere dago diskoan… “Balas que son palabras” abesti gogorra da, oso gordina. “Rudy” oso alaia da, “Ego querido” sakonagoa… Denetarik dago.

“Tez de café” besteengandik bereizten da, desberdina da, kolaborazio pila batekin, Irastorza, Rotman, Bidaurreta, Pacheco. Orain arte sortu duzuen abesti biribilena…
Bai, gustatzen zaizu? Ba niri beldurra ematen dit, jazz ukitu hori duelako. Pozten naiz gustatu bazaizu. Inoiz ez naiz pentsatzen jarri zein ote den gure abestirik biribilena, baina eskertzen dizut hori esatea. Letra oso polita da, Iñigo Pimoulier Pimu Iruñeko lagun baten Disturbios en la azotea poema liburuan oinarrituta dago, bien artean idatzi genuen. Idazten duen kaleko jendearekin oso gustura nabil, baita Guillan eta Txuriarekin ere noski, baina iruditzen zait badagoela jende oso ona ezaguna ez dena, edo idazten dutena erakusten ez dutenak, eta horien artean bilatzea gustatzen zait.

(Bidasoko Hitza egunkarian, 2017ko urriaren 13an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Aiora RenteriaEsne BeltzaGatibuGlaukomaJoxe RipiauJuantxo ArakamaLuz de PutasMaukaPatxuko NiceSergio Ordoñez 'Patxuko'The SolanosZea Mays