Elkarrizketa

Ilargi Agirre

2016.11.25

Ilargi Agirre

“Euskal eszena endogamikoa da gaur egun”

Elkarrizketa: Zazkel

Abestietako mezuak garrantzia du eta kritika soziala eta popa joan daitezke eskutik helduta. Horixe da Zazkel taldeak uste duena, behintzat. Disco musika, funk eta afrobeat estiloetatik edaten du talde bilbotarraren lehen diskoak. Garate estudioetan Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatutako lanak hamar kantu biltzen ditu. Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehiako finalean joko dute gaur, Bilboko Bilborock aretoan, beste hiru talderekin batera: Hi Exekutibo, Izeberg eta Sutan. Asier Martinez taldeko baxu jotzaileak taldearen nondik norakoak kontatu dizkigu.

zazkel-2

Zazkel taldeak “euskal pop erradikala” aldarrikatzen du.

Joan gaitezen taldearen hastapenetara.
Jon Tolosa eta biok aspaldidanik ezagutzen genuen elkar, eta beti geneukan gai bera buruan: guri gustatzen zitzaigun musika oso gutxi egiten zela Euskal Herrian. Euskal eszena endogamikoa da, gaur egun. Gure estilo gustukoenak AEBetako disco musika eta funk-a dira eta faltan botatzen genuen halako talderen bat inguruan. Hala, 2012an inguruko lagunei komentatu eta taldea osatzea erabaki genuen. Bi urte inguru pasatu genituen entseatu eta kantuak egiten.

Udaberrian atera duzue lehen diskoa; aurretik zenuten maketako abestiak eta beste bost kantu berri jasotzen ditu.
Bai. Maketa iaz grabatu genuen lokalean, eta esperientzia horrekin harra sartu zitzaigun zerbait serioagoa egiteko-edo. Gutako batzuentzat maketa lehen grabaketa izan zen, ematen genituen kontzertu apurretan zerbait izateko egin genuen. Beste bost kantu egin, eta maketako bost abesti horiek hobeto landuta osatzen dute diskoa. Erabaki genuen grabatzeko lekurik aproposena Garate estudioan Kaki Arkarazorekin batera izango zela, 80ko hamarkadako soinua bilatzen ari baikinen.

Teknikari ez ezik ekoizle ere izan da Arkarazo, ezta?
Bai, hasiera-hasieratik aurre produkzioan asko lagundu digu. Urtarrila hasieran hasi ginen harekin lanean. Kaki Zeberioko (Bizkaia) entsegu lokalera etortzen zen, eta proposamenak egiten zizkigun. Halaxe egon ginen apirilean diskoa grabatzera joan ginen arte. Bilatzen genuena lortu dugula uste dugu. Funk eta disco ukitu nabarmeneko diskoa da, eta teklatuak presentzia handia du. Oso gustura gaude emaitzarekin.

Hitzek badute lizun puntu bat, eta kritika soziala ere agertzen da abesti batzuetan. Mezuak garrantzia al du?
Bai. Abestiak kritika soziala egiteko baliagarriak direla pentsatzen dugu, eta garrantzitsua dela arlo horri erreparatzea. Gure artean askotan hitz egin dugu horretaz. Askotan iruditzen zaigu gaur egungo letretan ez dela argi hitz egiten, eta kosta egiten dela zertaz ari ote diren antzematea ere. Garai batean kritika soziala egiten zenean argiak ziren abestietako letrak, eta ez zegoen metaforak ulertzen hasi beharrik. Gure letra asko gau giroan eta diskoteketan girotuta daude, dantza egiteari buruz dira, baina ez dugu alboratzen kritika soziala.

“Askotan iruditzen zaigu gaur egungo letretan ez dela argi hitz egiten, eta kosta egiten dela zertaz ari ote diren antzematea ere”

“Trikitronpetak behingoz suntsitu, hainbeste plastikozko ska”… diozue “ZTD” abestian.
Batzuek pentsatuko dute: hauek zer dira harroputz batzuk ala? (kar, kar). Hor euskal eszena kritikatzen dugu. Gaur egun modan jarri dira tronpetak dituzten taldeak, eta herriko festetan txosnetara joan eta horiek bakarrik entzuten dira. Esan nahi duguna da: ‘aizue, badaude beste estilo batzuetako taldeak ere!’. Musika talde ugari daude, eta beti jotzen dugu gauza berdinetara. Hedabideetan betiko bost taldeak agertzen dira eta kontsumitzaileek ere berdina eskatuko dute, agian. Hori da behintzat guk euskal musikarekin daukagun sentsazioa, baina aniztasun izugarria dago.

Bilbori buruzko bat abesti bat ere baduzue.
“Musikaren diztira” abestian gaur egungo Bilbao kritikatzen dugu. Gure hiria formateatu egin dute. Guggenheim eta Isosaki dorreak eraiki eta turistentzat bihurtu da hiria. Bere xarma galdu duela kritikatzen dugu.

Zeintzuk dira zuen erreferentziak?
Itoiz, M-ak, Jotakie, Michael Jackson eta funk musika gustatzen zaizkigu orokorrean. Taldekide bakoitzak musika estilo oso ezberdinak entzuten ditugu. Jon Tolosa Tolo gitarrista askoz metaleroagoa da ni baino, eta Axerito [Axier Villan bateria jotzailea] oso punk zalea da. 80ko hamarkadako punk talde guztiak ezagutzen ditu. Horrek aberastasuna ematen dio gure musikari. Beti esaten dugu guk euskal pop erradikala egiten dugula.

Azaltzerik bai?
Pop estiloa jorratzen dugu euskaraz, eta kritika sozialeko mezuak ditugu abestietan, batzuei erradikalak irudiko zaizkienak. Bada, euskal pop erradikala egiten dugu. Hitz joko bat egiten dugu, euskal rock erradikalari erreferentzia eginez.

Iraganeko erreferentziak aipatu dituzu. Gaur egun euskaraz egiten al da halakorik?
Egia da ematen duela iraganera begiratzen dugula beti, gaztetan entzuten genituen talde horiengana jotzen dugu etengabe eta batzuetan zertxobait idealizatu ere egiten ditugu. Baina ezin da ukatu gaur egun dagoen musika kalitatea izugarria dela. Jende ugari dago musika ikasketekin eta teknikoki izugarria dena. Horretan gu ere bekatariak gara. Ziur badaudela taldeak, baina ez nuke jakingo orain izenik esaten.

Niri diskoa entzunda Anai Arrebak edota Makala Jazz Funk Band etorri zaizkit burura.
Begira! Egia da musika disco edo dantzagarria egiten dutela horiek ere.

Euskaldunok dantzarik egiten ez dugula esaten da. Mitoa al da hori?
Kostatzen zaigu, baina nik uste dut jendeak gero eta gehiago egiten duela, lotsa galtzen ari gara, eta gero eta animatuagoak gara. Talde ezezaguna zarenean eta oholtza gainean zaudenean publikoak distantzia asko uzten du. Anai Arrebak-en kasua aipatu duzu, baina Gatibuk ere aldaketa bat eman du, dantzatzeko erritmoak eta txaloak sartzen ditu orain abestietan, eta Berri Txarrak-ek ere.

Diskoaren aurkezpena baserri batean egiten zenuten.
Bai. Irati gure abeslaria Meñakabarrenako baserri batean (Bizkaia) bizi da, eta festa moduko bat egitea ideia polita izan zitekeela pentsatu genuen. Gure lagunak gonbidatu genituen, eta jan-edanarekin batera kontzertua eskaini genuen. Oso polita izan zen egun hura.

Eta orain udazkeneko birarekin zabiltzate. Banden Lehiaren finala duzue Bilborocken.
Bai. Lau talde pasatzen dira finalera. Bata publikoak aukeratuta eta besteak epaimahaiak. Gu epaimahaiak aukeratu gaitu. Beste taldeek ere kalitate handia dute, baina esperantza ez dugu galdu. Estilo ezberdina jorratzen dugu haiekin alderatuta, eta jende askok esan digu gure proiektua berezia dela.

Zer ematen dute lehiaketa hauek?
Duela bi urte, 2014an, maketarekin aurkeztu ginen. Diskoa ateratzeko dirua lortzeko modu on bat iruditu zitzaigun, baina ez gintuzten aukeratu eta gure poltsikotik ordaindu dugu diskoa. Gure burua ezagutarazteko aukera polita da eta esperientzia bezala ere balioko digu. Finalerako aukeratu bagaituzte azken bi urte hauetan hobetu dugulako izan da.

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Abenduak 2: Leioa, Aldatu Rock jaialdia
  • Abenduak 5: Durangoko Azoka, Ahotsenea gunea
ETIKETAK:Anai ArrebakBerri TxarrakGatibuItoizJotakieKaki ArkarazoM-akZazkel