Elkarrizketa

“Estiloa, estetika edo kideak aldatu ditzakeen proiektua da”

Elkarrizketa: Iñigo Ibarrondo (Zingira)

Musikaren arau estandarretatik ihes egiteko beharra sentitu du Iñigo Ibarrondo musikariak. Sharon Stoner taldearen etena baliatuz, bakarka landutako abestiei forma eman die, betiko lagunen babesarekin. Zingira izena jarri dio abentura berriari, eta Bidaia lehen diskoak islatzen du harturiko norabidea. Oñatiarra rock progresiboaren eremu aberatsean barneratu da, iraupen luzeko kantuekin.

ZINGIRA_BIDAIA_Horizontal_Haundi_1

Iñigo Ibarrondo oñatiarra da Zingiraren atzean dagoen musikaria.

Noiz erabaki zenuen Zingira bakarkako proiektua martxan jartzea?
Orain dela lau bat urte Egoitz Olaldek (Sharon Stoner, Lenao) momentu hartan lanean ari nintzen abestiak entzun zituen, eta zerbait serioa egitera animatu ninduen. Betidanik egin ditut abestiak Sharon Stoner talderako, baino baita niretzako ere. Sharon Stonerren hirugarren diskoan hasi nintzen teklatu eta pianoak erabiltzen, eta bide hori jarraitzea erabaki nuen tankera bereko kantuak egiteko.

Zergatik Zingira eta ez Iñigo Ibarrondo?
Iñigo Ibarrondo ez zitzaidan oso izen artistikoa iruditzen. Gainera taldeak izen bat edukitzeak babesa ematen duela iruditzen zait. Ni ardatz bezala mantenduta, Zingira, estiloa, estetika edo kideak aldatu ditzakeen proiektua da.

Bidaia estreinako diskoarekin rock progresiboaren unibertso aberatsean jausi zara. Zerk bultzatu zaitu bertara?
Hasiera batean, estilora baino, soinura hurbiltzen saiatu nintzen. Abesti hauek konposatzen hasi nintzenean betiko rock formulatik aldentzeko asmoa nuen. Hau da, bateria, gitarra eta baxuaren formatutik. 70eko hamarkadako rock progresiboaren teklatu eta organoak erabiltzen hasi nintzen. Kantuak eta pasarteak konposatzen nindoan heinean joan nintzen estilora hurbiltzen. Abesti luzeak, egitura konbentzionaletik libratzen zirenak sortu nituen. Dena dela, betidanik musika estilo ezberdinak entzun izan ditut. Garai ezberdinetako rock, heavy metal, hard-rock, punk, stoner edo prog zalea naiz, eta espero dut proiektu honekin estilo horiek denak jorratu ahal izatea.

70eko eta 80ko eszena, Canterbury soinua, Euskal Herriko erreferentziak… Zein talde progresibo dira zugan arrastoa utzi dutenak?
Egia esan, ez naiz oso aditua. Talde mitikoak dira gehien entzuten ditudanak. King Crimsonen garai guztiak atsegin ditut, Genesis Peter Gabrielekin, Yes, Kansas, Rush, Jethro Tull… baina zalantzarik gabe gehien gustatzen zaidan taldea Camel da. 70eko hamarkadako diskoetan lantzen zituzten melodiak bikainak dira. Beraien berri Opeth taldeko Mikael Akerfeld musikariaren bidez izan nuen, egin zioten elkarrizketa batean bere banda kutunenetakoa zela zioen. Dena dela, ez naiz metala eta progresiboa nahasten duten taldeen oso zalea, salbuespenekin. Steven Wilson, Porcupine Tree eta Opeth bera gustuko ditut. Euskal Herriari dagokionez, Itoiz taldearen garai guztiak gustatzen zaizkit, Ezekiel-etik Espaloian-era. Triana eta Los Canarios banden diskoak ere asko entzun ditut.

Sharon Stoner bandaren proposamenetik nabarmen urrundu zara. Behar zenuen?
Bidaia-ko abestiak, gutxi gorabehera, Sharon Stonerren azkenengo diskoa amaitzen geundela konposatzen hasi nintzen. Momentu hartan banuen gogoa zerbait ezberdina egiteko, eta hasia nintzen teklatu zein pianoarekin jolasean. Halere, ez dut uste Sharon Stonerretik horrenbeste urrundu naizenik. Agian abestiak nireak izanik, ikuspegia ez da horren objektiboa.

“Lan ikaragarria izan da, musika egiteaz gain grabatu eta nahastu egin ditudalako. Baina horrek abestiak asko aberastu dituela uste dut”

Bost kantu eta instrumental bat ditu diskoak. Iraupen eskuzabalekoak dira, eta pasartez beterikoak. Zenbat denbora hartu duzu abestiei nahi zenuen forma emateko?
Hiru urte pasa dira konposatzen hasi eta diskoa amaitu nuen arte. Lan ikaragarria izan da, musika egiteaz gain grabatu eta nahastu egin ditudalako. Horrek, kantuak lantzerakoan beste lan egiteko modu bat ekarri du, eta abestiak asko aberastu dituela uste dut. Adibidez, bateriak grabatzen hasi ginenean, kantuek ez zuten ahotsik, eta gitarra zein teklatu moldaketa asko ez zeuden konposatuta. Uste dut grabaketa estudio batean egin izan banu, abestiak ezberdinak izango zirela. Gainera, kantuekin pasa ditudan ordu guztiak estudio profesional batean egin izan banitu, ordaintzeko banku baten mailegua behar izango nuen!

Abestiak borobildu eta grabatzeko Egoitz Olalde eta Mikel Zarketa stonerrak izan dituzu alboan. Beraiek ziren aproposenak?
Ondoen ezagutzen ditudan musikariak beraiek dira, gainera betiko lagunak gara eta konfiantza osoa dut beraiengan. Proiektu berria denez, garrantzitsua iruditzen zait konfiantzazko lagunekin lan egitea. Abestiak egin ahala Egoitzi bidaltzen nizkion, berak bateriak eginda bidaltzen zizkidan eta ni gainetik musika konpontzen nuen, gero berriro bidaltzen nizkion aldaketak, berak bueltatu… apur bat laborategiko lana izan dela esan daiteke. Kantuak lokalean jotzen hasi ginenean gitarraren atalak Mikeli erakutsi nizkion eta Zingira talde bezala martxan jarri nuen. Azkenik, zuzenean jotzeko Ander Etxaniz (Lenao) batu zitzaigun.

zingira-10

Mikel Zarketa, Ander Etxaniz eta Iñigo Ibarrondo, Gasteizko Parral tabernako kontzertuan. (Kepa Bordes)

Hain zuzen ere, martxoa hasieran igo zineten taula gainera. Zer nolakoa izan zen Oñatin, etxean, izandako estreinaldia?
Mikel eta biok bi urte generamatzan taula gainera igo gabe, eta gogoa zein urduritasuna batu zitzaizkigun. Egia esan, kontzertu berezia izan zen. Familia, lagun eta ohiko jarraitzaileez gain jende desberdina hurbildu zen Gaztelekuko kontzertura. Bitxikeria moduan, ez dakit musika estiloagatik edo, baino ikus-entzuleen bataz-besteko adina nahiko altua zen. Bestalde, esperientzia berria izan zen. Instrumentu berriak genituen, sanplerrak… pertsonalki taldearen inguruan teknikoki nituen zalantzak argitzeko balio izan zidan, beste zuzenekoetarako indarra eta konfiantza hartuz.

Bereziki Lenao herrikideekin zabiltza zuzenekoak konpartitzen, musikariak bezala. Zein asmo duzu aurrerantzean?
Ez dut ikusten aukera larregi zuzenekoak eskaintzeko, baino saiatuko naiz Gabonak bitartean kontzerturen bat edo beste lotzen. Gero etenaldia egingo dut, beste proiektu bat martxan jartzeko. Gogotsu nabil eta ideia hainbatekin. Ondoren, Zingira berreskuratuko dut, hurrengo lanaren forma buruan daukat eta hasi naiz abesti zein ideia batzuei bueltak ematen.

Zuk esaten ez baduzu, besteok azpimarratu beharko. Oñatik emari musikal polita izaten jarraitzen du. Egun, zein talde azpimarratuko zenituzke?
Talde asko dago gure herrian. Jende gazte asko dago lokaletan sartuta musika jotzen, eta estilo desberdinak jorratzen dira. Azkenaldian entzun eta jarraitu ditudan taldeetatik hiru nabarmenduko nituzke: Anti-Todo punk-hardcore taldea, Gela Berezia post-hardcore metal banda (Mastodon eta Dut-en artekoa) eta Lenao pop-rock taldea.

Eta Sharon Stoner taldea zertan da?
Momentuz geldirik dago. Askotan hitz egin dugu entseatzen hasteko baina norberak dituen konpromiso pertsonalak direla eta, ez da posible izan. Nire aldetik banabil ideia berriak sortzen eta konposatzen. Denbora asko pasa gabe, itzultzeko esperantza daukat.

ETIKETAK:DutIñigo IbarrondoItoizLenaoSharon StonerZingira