2017.09.20
“Garrantzitsuena da oiondarrak eurak harro daudela proiektuaz. Haiek dira benetan inportanteak». Maite Arroitajauregi Mursego-k (Eibar, Gipuzkoa, 1977) bere musika ibilbideko erronka exigenteenari egin dio aurre %100 Oion diskoarekin —uda aurretik plazaratu zuen Bidehuts zigiluarekin—. Hilabete luzez txertatu zen Oiongo herriaren (Araba) errealitate gordinean —langabezia tasa handiak, arrazakeria arazoak, pobrezia…—; handik zortzi kantuz osaturiko diskoa atera zen, herrikideen arteko elkarbizitza sustatzea helburu zuena. Eta, tartean, sortzailearen beldurrak, irakaspenak. Eta, ondoren, denboraren talaiak eskaintzen dituen gogoetak. Esperientzia artistiko zein bitalak.
Abuztuaren amaieran pintaketa arrazista eta xenofoboak azaldu ziren Oionen. Zer sentitu zenuen horren berri jakitean?
Pintaketa horiek ez ninduten harritu Oiongo errealitatea ezagututa, baina mindu, bai. Akaso, pintaketa horiei jendeak gehiago erreparatu die orain, gure proiektua atera ondoren. Nik uste dut kontzientzia bat sortu dela herrian; sortu da niregan eta baita parte hartzaileengan ere. Gerora jakin dut, halere, pintaketa horiek ondo ez dagoen pertsona batek egin zituela, edozer gauzagatik egiten dituela pintaketak; eta alkateak berak ezabatu zituen pintura zuriarekin.
Proiektuak, hortaz, balio izan du zerbaiterako, kontzientziatxoa sortzeko.
Proiektua amaitzen ari ginela gertatutako zerbaitekin oroitu naiz. Eibarren argazki erakusketa bat jarri zuten, Gervasio Sanchezena, Sarajevo ayer y hoy izenekoa. Iaz ni neu Sarajevon egon nintzen Europa Transit programarekin; hara joan aurretik ezagutu nuen Gervasio Sanchezen lana. Oso koherente, kritiko, interesgarria iruditzen zitzaidan, eta tipo jatorra, gainera. Jakin nuenean Eibarren erakusketa egin behar zuela eskatu nion Eibarko Udaleko kultur teknikariari ea posible izango zen neuk bertan jotzea. Halako jolas bat egin nuen, eta errenkadan errezitatu nituen bonbardatuak izateagatik ezagun bihurtu diren hiriak. Piezatxo bat osatu nuen. Eta, gero, txeloarekin nahastu nituen “Ay Carmela” eta “Eusko gudariak” kantuak. Joseba Tapiari ikasia bainaiz “Eusko gudariak” dela galtzaileek galtzaileei buruz egin eta mantendu den kantu bakarra. Kontatu nion Gervasiori zein oroitzapen nituen Sarajevotik, eta zein ukituta egon nintzen garai hartan; baina aitortu nion ere gero etxera itzuli eta nire bizitza arruntarekin jarraitu nuela. Sasoi hartan Idoia Zabaleta dantzariarekin [hura izan zen Oiongo proiektuaren sustatzaile eta bitartekaria] ere etengabe nengoen harremanean, eta kontatu nion Sanchezen berri. Argazkilaria izanik, bere burua jartzen du arriskuan gatazka guneetan, eta errefuxiatuak itsasotik ateratzeko kolaboratzen du itsasoan bertan. «Ze txikia den egiten ari garen hau!», idatzi zidan Idoiak. Eta nik erantzun nion: «Bai, baina bada zerbait». Hau da egin duguna ondo dagoela sentitzen dut badela zerbait, baina beste gauza batzuk askoz ere inportanteagoak dira, Gervasiorena, adibidez.
Euskal Herrian historikoki musikariek parte hartu izan dute hainbat kausa politiko eta sozialen alde, baina inor gutxi txertatu da herri baten errealitatean buru-belarri. Zergatik egin zenuen?
Batetik, proiektuak eskatzen zuelako ni han txertatuta egotea. Bestela ez zegoen modurik. Eskaera Idoia Zabaletaren eskutik etorri zen, eta horrek erakarri ninduen lehen-lehenik, miresten dudalako bai bera eta bai bere lana. Eta, gero halako asmo erromantiko batek bultzatuta, baneukalako eta badaukadalako kezka bat etorkinen inguruan. Etorkinak etorri etorriko dira aurrerantzean ere. Nire herrian ere, Eibarren, elkarbizitza ez da erraza, eta horrek kezkatu eta motibatzen ninduen. Eta horrekin lotuta, niretzat musikak badu boterea: sinesten dut artearen bitartez, edo nik egiten dakidan horren bitartez, zerbait alda litekeela. Musika da nire eremua, eta musika da nire arma.
Sortzaileak egin dezake gehiago?
Gogoa edukiz gero, egin daiteke gehiago, jakina. Ez da hain zaila ere. Zure herriko auzoan bildu eta elkarrekin kantatu, adibidez. Ez dut esaten Oionen egin dugunaren tankerako proiektuak egitea aldiro, baina keinu txikiak egin ahal dira, egiten direnak baino gehiago. Eta adibideak badaude: Bidehutsen funtzionatzeko modua iruditzen zait bat, adibidez, edo Nacho Vegasek hartu duen bidea. Gustatuko zaizu gehiago ala gutxiago musikari moduan, baina, esaterako, hainbat eta hainbat kontzertu eman ditu dohainik, gune sozial batzuen alde.
“Niretzat musikak badu boterea: sinesten dut artearen bitartez, edo nik egiten dakidan horren bitartez, zerbait alda litekeela”
Zure ibilbideari erreparatuta, ikusten da baduzula kezka egiten duzun hori jendeari nola transmititu.
Bai, kezkatzen nauen gaia da, bai hezkuntzan, irakasle naizenez, bai musikari gisa: musika nola transmititu. Eta uste dut erabaki politikoa dela, gainera. Hori ikasten joan naiz. Nik sinisten dut musika ahalik eta jende gehienari transmititzeko nahia izan behar dugula, eta denen artean partekatzeko zerbait dela, gainera. Nire publikoa zabala da, eta logikoki, oso leku desberdinetan jotzen dut, baina ez leku guztietan ere. Koherentzia bat izaten saiatzen naiz, nahiz eta ez den beti erraza.
Ez da debate berria: batetik, «artea arteagatik» espresioa defenditzen dutenak daude, artearen nolabaiteko autonomia, alegia; eta, bestetik, arteak ezinbestean gizartearekin engaiatua joan behar duela diotenak. Nola bizi duzu talka hori?
Egia da Oiongoaren ondoren beste modu batera ikusten dudala kontua. Bizitzak berak ere eramaten zaitu leku berrietara. Adibidez, gaur egon naiz Kau Kori Kuraren “Aitatxo, aitatxo”-ren bertsio bat prestatzen, kantua ederra delako, baina baita duen transfondo politikoagatik. Abestitzarra da. Haiena da kantua, baina pentsatzen dut nik hori zuzenean jotzea izan daitekeela oso eraginkorra. Musika plazeragatik egiten dudala sentitzen dut, baina baita jendeari zabaltzeko beharra dudalako ere. Ez nuke artea ulertzeko bi modu horien arteko barrerarik ezarriko, hala ere. Baina, Oiongoa egin eta gero, badaukat gogo berezia musika tresna moduan ere erabiltzeko. Oiongoak ere balio izan dit konturatzeko izan daitekeela jarrera politikoa hitzetan esplizituki panfletarioa izan gabe. Eta nik horretan sinisten dut. Gero eta gehiago, gainera. Mursego ia jolas baten moduan hasi zen, eta orain, akaso, ez da hain jolasa. Adibidez, emakume batek esan berri dit oso gauza polit bat. Boladatxo txar bat zeraman, eta esan zidan Mursegoren kontzertu batek ondo sentiarazten duela eta emakume gisa indarberrituta irteten dela.
Eta horrek zu indartzen zaitu.
Bai, jakina. Hori bada, neurri batean, eragin politikoa izatea. Bai, orain esan nezake musika eta nire jarrera musikala izan daitezkeela eraginkorrak. Ze mundua oso txarto dago…
Sortzaile modura zer jaso duzu Oiongo proiektutik?
Sortzeko beste modu bat izan da. Ni ohituta nago ni neu jartzera nire exigentzia maila; nik jarri izan ditut mugak. Ez naiz batere perfekzionista, ezta teknikazalea edo afinazio zalea ere, baina nahi nuen minimo batera heltzea, eta hor dago ego eta urguilu kontua. Nik diskoa Mursego bezala sinatzen dut eta musikalki maila batera iristea nahi nuen. Horrek buruhausteak ekarri zizkidan.
Irakaspena izan daiteke, popularra eta kalitatezkoa ez direla kontzeptu kontrajarriak?
Ez, ez dira. Adibidez, onartu nuen lehen kantua, “Aurora”, ez zihoala tenpo egokian, ahots eta instrumentuak ez zihoazela tenpo berean. Baina pausoa eman nuen eta kantuaren laguna egin nintzen. Pixkanaka zoaz konturatzen herri kantu bat dela, eta onartzen duzu. Hori ere polita da; herri kantu bat da eta herriak kantatzen du. Abesti hori erabateko afinazioarekin eta soinu perfektuarekin ez zen izango sinesgarria niretzat, eta ez litzaidake gustatuko.
Sortzen ari zinela pentsatzen zenuen gero zer esango zuten kritikek? Kezkatzen zintuen?
Bai, aitortzen dut baietz. Pentsatzen nuen Mursego bezala sinaturiko lana izango zela, baina, gero Mursegoren publikoak igual esango du: «Hau ez da Mursego!». Ondo legoke jendeak horrela hartzea gainera, ez dela Mursegoren diskoa, proiektu kolektiboa dela. Baina, era berean, badaude kantu batzuk Mursegok eginak goitik-behera. Oreka bat egon da.
“Mursegoren publikoak igual esango du: «Hau ez da Mursego!». Ondo legoke jendeak horrela hartzea gainera, ez dela Mursegoren diskoa, proiektu kolektiboa dela”
Musika generoak eta hizkuntzak nahasten lehen ere iaioa zinen. Hemen muturrera eraman duzu hori. Beldurrik ez zizun ematen kaosa gailentzeak?
Kaosean egon gara etengabe; hori hala da. Baina ordenatu dugu kaos hori, eta atera da. Herri musika gustatzen zait, eta hor eroso sentitzen naiz, eta generoak nahastea ere gogoko dut, baina gehiago zen ia 100 laguneko taldea nola koordinatu: herritarren korua, umeak kantuan sartzea, konponketak egitea. Teknikoki ere nahas-mahas handia nuen.
Ausardia eskatzen du horrek guztiak.
Bai, baietz uste dut. Uste dut ausardia puntu bat behar dela, edo ezjakintasun puntu bat, igual; bestela, ez baitakit sartuko nintzatekeen halako proiektu batean.
Ausardia. Talentua deitzen zaion horrekin lotua dago, edo norberaren/sortzailearen irudiaren gehiegizko kezka ez izatearekin, umiltasunarekin?
Gero eta argiago daukat sortzaileok ez dugula sortzen, eraldatu egiten dugula. Egiten duzun horretan sinistea da kontua, baina garbi izatea egingo duzuna ez dela ezer berria. Sortzailearen figura mitifikatuan ez dut sinisten. Nik lanean sinisten dut. Proiektu honetan ere gertatzen zitzaidan kantu batzuekin. Denbora pila bat igaro, buelta eta buelta, eta esaten nuen: «Hainbeste denbora igaro badut, aterako da zerbait». Hori da formula: zenbat eta denbora gehiago eskaini lan bati, orduan eta hobeto aterako da.
Ausardia falta da euskal musikagintzan?
Bai, nik faltan sumatzen dut, behintzat, jarrera modura. Erra dezakezu, baina zerbait interesgarria etor liteke errakuntza horretatik beretik. Errakuntza izateko ausartagoak izan behar dugu sortzaileok.
Adibide ausartik gure musika eszenan?
Kau Kori Kura, Ttun Ttun Brigade… Jupiter Jon, Borrokan, Akauzazte… Oso ausartak dira egiten duten horretan. Nizuri Tazuneri ere ausartak dira euren rap moldean. Gorpuzkingzek egiten duen show-a ere ausarta da.
Azken diskoan rap bat sartu duzu. Ikusten duzu zeure burua, adibidez, trap bat egiten aurrerantzean?
Bai, zergatik ez. Egin nahi dut, gainera. Baina hor gaia dago: nola egin. Hitzetan ere traparen ezaugarri ohikoak jarraituko nituzke? Droga, putak, dirua… Ez dut uste nik hori egingo nuenik, ez baitut hori bizi izan. Sinesgarria egiteko, agian parodiara jo beharko nuke. Trapak fenomeno sozial moduan asko erakartzen nau; asko irakurri eta entzun dut. Asmoa daukat egiteko, baina ez nuke inolako lekurik bete nahi. Esaterako, Ttun Ttun Brigade badago jada. Igual kolaborazio bat haiekin, lagatzen badidate… [barreak].
Abangoardiako musikaritzat jotzen zaituzte eta zuk erretagoardiaren aldarria egiten duzu beti. “Retaguardia” kantua ere baduzu.
Erretagoardia da ikusten ez den leku horretan egotea. Oinarrizko lan bat egitea. Ezer ez dela hain berria ere onartzea. Borrokarako leku moduan aldarrikatzen dut erretagoardia. Gauza txikietan borroka zaitezke erretagoardian, ez horren modu agerikoan. Zabalagoa da erretagoardia. Abangoardian igual modu bakarra daukazu. Bestalde, abangoardian egoteko, moderno izateko, orain ematen du ezinbestekoa dela ez dakit ze kontzertutan egotea, ez dakit ze talde delako modan dagoena… eta hura galtzen baduzu, ez zarela inor. Momentuaren edo istant jakin baten gorespena dago egun, eta nik uste dut begiratu behar dela atzera ere bai. Aurretik gertatu dena ere errepasatu behar dela.
“Zurrumurru” kantua izan daiteke azken lanaren filosofia bete-betean harrapatzen duena. Baina, gainera, kontzeptu gisa, estetikoki ere, ez al da oso Mursego?
Oso onomatopeia zalea naiz; kariño berezia diet. Gauza bati bere soinuaren arabera izena ematea delako. Eta hor agerian geratzen da soinuak daukan karga edo garrantzia. Niretzat mundua soinua baita. Zurrumurrua ahotsari lotuta dagoen heinean, oso lotua dago Mursegorekin ere. Mursegok ahotsa erabiltzen baitu ez soilik kantatzeko, baita soinua egiteko ere. Zurrumurruak ez dauka etenik, soinu luze bat da eta nik loop-a erabiltzen dut. Baina, batez ere, ze polita den hitz bati bere soinuagatik deitzea. Asko gustatzen zait hau pentsatzea: hizkuntza sortu zenean, hasieran hitz guztiak zirela onomatopeia.
MURSEGOREN HURRENGO KONTZERTUAK