Elkarrizketa

“Dugun guztia eman dugu, edo ahal dugun guztia behintzat”

Elkarrizketa:

Nork epaituko du epailea?  da Larru Beltzak taldearen lehen diskoa. Talde berria izaki, ezezaguna izango da askorentzat, baina Hertzainak-en abestiari erreferentzia egiten dion izenaren atzean, punk-rock eszenan eskarmentu handia duten bost oñatiar daude. Hala, Lauren Ugarte (gitarra), Imanol Ugarte (baxua), Iñaki Zubia (bateria), Naiara Urzelai (ahotsa) eta Ander Korkostegi (gitarra), besteak beste, Papalagi, Sospechosos, Antihumano, Golpe de Estado edota CC627 taldeetan aritu izan dira aurretik. Orain, azken bi urteetan elkarrekin lantzen aritu diren abestiak argitaratu dituzte, eta apirilean Oñatiko gaztetxean aurkeztuko dute zuzenean.

Larru Beltzak

Larru Beltzak

Beti inguruan ibili izan zareten bost lagun zaudete Larru Beltzaken atzean. Baina nola elkartu zineten? Nolakoa izan da taldearen ibilbidea?
ANDER KORKOSTEGI: Larru Beltzaken hasiera, Iñakik eta biok aurretik genuen taldearen —Antihumano— amaieratik datorrela esango nuke. Aurreko proiektua amaitzean, bi-hiru astean behin elkartzen ginen biok, helburu handirik gabe, denbora pasa gisa. Denborarekin konturatzen ginen musikalki joko gutxi ematen zigula biok bakarrik ibiltzeak; hala, beste jende bati komentatzea pentsatu genuen. Orduan ere ez genuen helburu handirik, musika pixka bat egin eta lagun artean ondo pasatzea nahi genuen. Horrela, Imanol, Lauren eta Jonan [Osinaga] elkartu zitzaizkigun. Eta holaxe hasi ginen abestiak sortzen.
LAUREN UGARTE: Jonanekin landu genituen abestiak dira diskoan dauden zortziak. Hau da, taldekide bat aldatu baldin badugu ere, errepertorio berdinarekin jarraitu dugu. Jonanek taldea utzi ondoren, eta Naiara sartzean, abestien tonua pixka bat moldatu behar izan dugu, baina funtsean abesti berdinekin ibili gara orain arte.

Naiara, zu zara seguraski musikatik denbora gehien aldenduta egon dena. Zelan izan da itzulera?
NAIARA URZELAI: Egia esan, kriston ilusioarekin. Jonanek taldea utzi behar izan zuenean guztientzat izan zen atsekabea, eta hori jakitean kantu horiek hor nonbait ezin zirela galdu iruditzen zitzaidan. Hala, eta haurrak horren txikiak ez zirela kontuan hartuta, taldean hasi eta abestiei heltzeko konpromisoa hartu nuen, eta honaino!

Oso lagun arteko talde bat zaretela atzematen da.
A.K.: Bai, guztiz. Gauza ederra da lagunekin halako zerbait egitea, baina batzuetan kosta ere egiten zaigu entseguak serio hartzea, ez da erraza izaten lokalean edo tabernan gauden bereiztea (barreak). Hala ere, egia da azken aldian asmatzen ari garela.

Taldea egonkortuta, abestiak Naiararen ahotsera egokituta, diskoa grabatzea erabaki zenuten.
A.K.: 2019ko uda aldera sartu zen Naiara, eta bere ahotsera egokitu genituen abestiak. Guztia gutxi gorabehera prest genuela ikustean diskoa grabatzen hastea erabaki genuen. Lehen grabaketak 2019ko Gabonen hasieran egin genituen.

Eta oraintxe argitaratuta, luze joan dela esan daiteke, tartean pandemia madarikatu hau ere agertu delako. Zelan izan da prozesua?
L.U.: Luzea izan da, egoera honetan ez baita erraza izan. Bateriak eta gitarrak nahiko azkar grabatu genituen, gero ahotsekin hasi behar ginen baina Naiarak arazoak izan zituen, eta noski, pandemia iritsi zen.
N.U.: Imajinatu egoera, 24 orduz etxean, haurrekin denbora osoa, nire ahotsa hala moduz zegoen, eta ezinezkoa zitzaidan abestea. Egoera horretan erraz galtzen nuen ahotsa, eta agian egun batean grabatu ahal nuen, baina ondoren bi egun pasa behar nituen ahotsa berreskuratzeko, eta oso astuna egin zitzaigun guztioi egoera.
A.K.: Ahotsak grabatzen hasi ginenean erdi ezkutuan joan behar izaten ginen grabatzera. Gaur egunetik ikusita eromena dirudi!

Luzea eta astuna izanagatik grabaketa, eta taldea oso lagun artekoa bada ere, diskoa mimo eta gustu handiz egina dagoela esango nuke. Soinuan, diseinuan… hautematen da.
L.U.: Diseinua Andoni Iñurritegi Pottoko-k egina da, eta irudia bidali zigunean guztioi asko gustatu zitzagun. Digipack formatuan argitaratu behar zela ikusi genuen. Lan guztiarekin oso gustura gaude, baina egia da diseinuak, argazkiak eta taldearen inguruko lan guztia lagunekin egin dugula. Oso urrutira joan gabe gauza oso txukunak egiteko gaitasuna dugula uste dut.
A.K.: Ziur dirutza bat ordainduta soinu hobea lortu ahalko dela nonbait, baina ez ginateke ibili garen askatasunarekin ibili, eta nik uste pobreagoa irtengo litzatekeela.
N.U.: Denbora  asko eduki dugu. Hala, abestiak askotan entzun ditugu eta xehetasunak gehitzen joan gara, gitarra moldaketa bat, koru batzuk… bueltak eman dizkiegu abestiei. Denbora honetan guztian presente eduki dugu diskoa, eta poliki bada ere, beti ibili gara zerbait gehitzen, aldatzen…
A.K.: Nik uste dut daukagun guztia eman dugula, edo ahal dugun guztia bai behintzat.

Musikalki zuen aurreko taldeen ildotik doala esan daiteke. The Clash, Hertzainak… punka baina melodia dezenterekin.
L.U.: Bai, hori da. Aurretik ezagutzen gintuztenek espero zutena aurkitu dutela esan digute, baina beste lagun batzuek komentatu digute makarragoak ginela uste zutela. Egia esan, entzun izan dugun musika beti izan da oso melodikoa; Bad Religion, Stiff Little Fingers, Delirium Tremens, Cock Sparrer, Social Distortion… beti eduki dute talde denek halako pop kutsu bat haien melodietan.
A.K.: Guztioi gustatzen zaizkigun taldeen arteko lotura melodiak direla esango nuke.

Bad Religion, Stiff Little Fingers, Delirium Tremens, Cock Sparrer… Guztioi gustatzen zaizkigun taldeen arteko lotura melodiak dira”

Diskoko hainbat melodia amorru puntu batekin ere badoazela esango nuke.
A.K.: Bai, hori aurkitzen ahalegintzen gara. Hitzak eta melodiak elkarrekin joatea.
L.U.: Nire ustez, hori da musika iristen zaizun unea, ezta? Diozuna eta diozuna esateko modua elkartzen diren momentu hori.
A.K.: Momentu horretan sortzen da zerbait, ez dakit zer den egia esan, baina bi sentsasio horiek elkartzen direnean zerbait berezia nabaritzen da.

Hitzetan gai sozialak zein pertsonalak daude.
A.K.: Ez da zerbait aurrez definitu edo pentsatua duguna, egia esan. Sormenera iristeko bi bide ditut: batzuetan egoera edo gertakari batek bultatzen nau idaztera, eta ondoren musika egokitzen diot, eta beste batzuetan gitarra jotzen ari naiz, zerbait dagoela nabaritzen dut eta letrak egiten dizkiot. Bi bideak erabiltzen ditut aurrejuzku handirik gabe.

Hainbat kolaborazio ere badituzue ahotsetan. Haien bila joan zarete edo zela izan da?
L.U.:: Jonan, Txirli eta Joseba, lagunak izaki, nahiko argi genuen abestera gonbidatuko genituela ["Zertarako?" abestian]. Pottokoren kasuan bai izan da abesti horretan ["Erretzen nau"] bereziki ikusten genuelako bere abesteko era.
A.K.: Naiarari abesteko deserosoena zitzaion kantua da, eta hainbat buelta eman ondoren Pottokorengana jo genuen.

Iraganari pixka bat begiratzen badiogu, Sospechosos edota Golpe de Estado taldeekin aritu zinetenean bazegoen halako eszena bat. Gaur egun zelan ikusten duzue orduko giro hori?
L.U.: Lehen guri asko deitzen ziguten jotzeko. Gaur egun tiroia duen jendeari bakarrik deitzen zaio, eta zu ibili behar zara taberna edo gaztetxe baten atzetik bertan jotzeko, askoz zailagoa da. Eta orain pandemiarekin zailagoa gainera. Guk ere bide hori hartu beharko dugu, deika hasi beharko gara. Hasiera batean ez ginen ikusten egoera berri honetako emanaldi horietako bat eskaintzen, baina ikusita egoera hau luzerako doala, egin beharko dugu.
N.U.: Nik ez nuke nahi pandemiarengatik atzeratu eta atzeratu ibili eta abestiak eta dena galtzea, horregatik zerbait egin beharko dugu. Ez dakit zelan izango den, baina hasiera batean, zu abesten eta jendea eserita imajinatzeak inponitu egiten nau.
L.U.: Bai, baina zerbait egin behar da, bestela taldeak itzaltzen joango dira, seguru hainbatek jadanik utzi dutela, egoera ez baita batere erraza.

Hala ere, ausartu zarete diskoa ateratzen eta laster zuzenekoren bat edo beste eskainiko duzue. Zein harrera izan duzue?
L.U.: Joder, ba oso ona. Gaur egun diskoak saltzea oso zaila da, jende gazteak erreproduzitzeko gailuak ere ez ditu, eta aitortu behar da Oñatin behintzat asko saldu dela. Egoera honek zaildu egiten digu beste herrietan banatzea, eta hala moduz, laneko ezagunekin edo beste trikimailuekin pixka bat zabaldu dugu. Pentsa, Gabi de la Mazak karaokerako eta guzti egokitu du abestia! Guk ez genekien tipoa nor zen ere.

ETIKETAK:AntihumanoDelirium TremensHertzainakLarru BeltzakOñati