Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2017.05.02

Izkander Fernandez

“Aurrekoa ez errepikatzen saiatu den talde bat izan gara”

Elkarrizketa: Rafa Rueda (PI L.T.-eko kidea)
02 - TT L.T copia

David Gonzalez + Txarly Solano + Xanpe + Rafa Rueda + Aitor Abio = PI L.T (2017).

Elkarrizketa hau egiteko enkargua jaso nuenean baiezkoa eman nuen berehala. Baina egia esan behar dut, handik bost minutura nire buruari galdetu nion: zertarako? zergatik? Bapatean, “Hil da Jainkoa” kantaren beste preso bat baino ez nintzela pentsatu nuen. Zeren, egia esateko, 2017ko apirilean ez bainuen askoz gehiago gogoratzen Mungiako laukoteari buruz. Aste Santua eta gero, PI L.T. taldearen lehenengo diskoa errekuperatu nuen. Sorpresarik ez. Kanta itzel bat eta ideia on asko. Baina nire beldurrak ez zeuden disko hartan, geroago etorri zenak arduratzen ninduen. Gazte zoro bat nintzen lehen diskoa atera zenean. Musikari buruz idazten zuen gazte zoro bat. Eta gogoratzen hasi nintzen. Lehen diskoarekin han egon nintzela, Rafa Rueda elkarrizketatzen. Baita bigarrenarekin ere. Eta hirugarrenarekin. Eta gero etorri ziren bidegurutzeak, Minus diskoarekin, Game Over baino arinago. Hurrengo urratsa argi neukan, Denbora errekuperatu behar nuen. Eta esperientzia ezin hobea suertatu zen. Guztiz ezagutzen nuen, guztiz ahaztuta neukan diskoa. Gogorra, lehorra, ehundura ezberdinez josia, betiko melodiekin apainduta. Zorionez, elkarrizketa proposamenari baietz esateak zentzua izango zuela sinesten hasi nintzen. Eta era natural batean, 3 entzuten hasi nintzen. Etxean bezala sentitu nintzen berriro. Orain ez ditut ulertzen hasierako beldur haiek. Agian, batzutan, nire istorio propioaren postmodernotasunean murgiltzen naiz, nahiz eta postmodernitatea era gordin batean gorrotatu. Eta bai, Minus, bere garaian erositako diskoa, berriro entzun dut. Etxean berriro, eta berriro sentsazio berdina: guztiz ezagutzen nuen, guztiz ahaztutako diskoa. Eta ez, Game Over ez dut sekula entzun. Ez nuen bere garaian erosi eta Spotifyren garaia barneratua izan arren, ez dut entzun. Ez dakit ostiraleko kontzertuaren aurretik entzungo dudan. Ondo legoke. Bai, bai, bai, sarrera badaukat. Erosita. Otsailetik. Agian arinago. Eta ez nekien zergatik erosten nuen. Baina orain, “Eskutitza N.Y.-tik” entzuten dudan bitartean eta elkarrizketa bukatu ondoren, guztiak zentzua duela ohartzen naiz.

Aste honetan, ostiralean, Reunion Tour biratxoa hasiko dute Rafa Ruedak, Aitor Abiok, Jose Manuel Sampedro Xanpe-k, Txarly Solanok eta David Gonzalezek. Bost kontzertu baino ez dituzte joko: maiatzaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian (+ Leun; sarrera guztiak saldu dira); 6an, Iruñeko Totem aretoan (+ Candidato Manchú); 12an, Tolosako Bonberenea gaztetxean; 13an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (+ Hiena); azken emanaldia Euskal Herria Zuzenean jaialdian izango da, ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean. Guztiok merezi dugulako bigarren aukera bat, saiatu PI L.T. zuzenekoan ikusten. Ez zaizu damutuko.

Promozio egunetan, nola sentitzen zara elkarrizketen aurrean? Nola eramaten duzu taldean interes handirik ez duten elkarrizketatzaileek nagikeriaz egindako galdera berberak edo oso antzekoak behin eta berriz erantzun beharra?
Ahalik eta hoberen. Sorta batzuk egin ditugu eta azkenean ohitu egiten zara. Elkarrizketetan garrantzitsuena mezua zabaltzea da, eta batzuetan esaldi famatu horrekin jokatzen dugu: “Zuk galdetu nahi duzuna eta nik nahi dudana erantzungo dut”. Guk mezua prest daukagu eta askotan, azaleko elkarrizketetan, promozioan zaudenean, berdin da zer galdetzen dizuten, zuk badakizu zer egin behar duzun eta kito.

Promozioak aurretik prestatzen dira, orduan.
Bai. Zer edo zer aurkezten duzunean beti da mezu bat zabaltzeko, eta mezu hori prestatu egiten duzu. Berdin disko bat bada edo, gure kasuan bezala, berriro batzen garela kontzertu batzuk emateko. Horrelakoetan, galderak antzekoak izango direnez badago aurretik prestatzeko aukera.

Talde bat egiten duzuenean elkarrizketetan galdutako energia kontuan izaten duzue?
Gero eta gehiago. Nire kasuan adibidez, ez zait gustatzen elkarrizketak kontzertuaren egun berean egitea. Promozio lanak indar mentala eskatzen du, batez ere beti galdera berdinak erantzun behar dituzulako. Baina gure artean funtzioak banatzen ditugu eta elkarrizketena bere gain hartzen duenak ez ditu beste batzuk hartzen. Baietz esango nuke, elkarrizketak erantzuten galdutako energia kontuan izaten dugula.

Noizbait sentitu duzu ez zenuela bukatu nahi elkarrizketa bat?
Askotan. Konplizitatea duzunean elkarrizketatzailearekin edo ezagutzen zaituenean, elkarrizketak berak eramaten zaitu. Niri gehien gustatzen zaizkidan elkarrizketak konturatu gabe egindakoak dira, solasaldien antza dutenak. Baina puntu horretara heltzeko denbora behar da. Ezin zara irrati batera heldu eta hamar minututan konplizitate hori sortu. Gerta daiteke baina normalean ez da horrela izaten. Ondoen irteten direnak patxadaz egindakoak dira, hitz egiteko presiorik ez duzunean. Horrelakoak gustatzen zaizkit.

Eta nola egiten dio aurre musikari batek behin eta berriro kanta berdinak edo antzekoak jo beharrari?
Sasoiak daude baina kantekin ez da gertatzen erantzunekin gertatzen dena. Jotzen duzun bakoitzean kanta ezberdin bat da. Batez ere kontzertuetan, entsegu lokalean beti zaudelako inguru berean eta egoerak ez dizu berritasunik eskaintzen, baina kontzertuak oso diferenteak dira. Leku ezberdinak eta jende ezberdinak kanta ezberdinak sortzen ditu egoera ezberdinetan, nahiz eta abesti bera izan. Zuzenekoak magia hori du. Baina egia da batzutan aspertu egiten zarela abesti berberak jotzeaz.

Kanta bat jotzen duzun bakoitzean kanta ezberdina da. Eta kanta ezberdin horiek gogoratu egiten al dira denboran?
Bai. Kantetatik sortutako une bereziak beti gelditzen dira oroimenean. Abestiak ezberdinak dira leku guztietan baina gailur batzuk daude, batez bestekotik gora daudenak, eta horiek dira gogoratzen ditugunak. Hainbestetan errepikatzen ez direlako dira gogoratzekoak.

Zertan ari zineten PI L.T.ekoak bueltatzeko ideia aztertu aurretik?
Bakoitza bere lanean. Batuko garen bost kideok oso barneratua daukagu musika, musika dugu ogibide gaur egun. Horrek beti proiektuetan ibiltzea eskatzen du. Nire kasuan, bakarlari moduan disko berria prestatzen ari naiz; Xanpek estudio batean egiten du lan eta diskoak grabatzen ditu; Abiok Revolta Permanent-en jotzen du, eta ekoizpen munduan sartu da Gaua Produkzioak estudioarekin; Davidek Berri Txarrak-en jotzen du eta Txarly Madrilen dago, proiektu pare batekin emanaldiak eskaintzen. Sekulakoak eta gehiago kostatu zaigu data gutxi batzuk adostea kontzertuak eman ahal izateko. Kontuan eduki behar da 2016ko irailean hasi ginela ideiaren gainean lan egiten, agendak ondo egokitzeko eta guztia posible izateko.

Azken hamarkadan askotan eman da eztabaida bera. Jaialdi erraldoien karteletan Pixies, Faith No More, Soundgarden, Alice In Chains… agertu izan dira, urteak eta gero agertokietara bueltatzen.
Halako gauzak gertatzen direnean, berez ez da seinale ona. Revival-ak areagotzen badira, seinale txarra. Klasikoetara bueltatu beharra agian momentuan proposamen erakargarriak ez egoteak ekartzen du. Edo jendea horretaz ez ohartzeak. Ni ez naiz guk egingo dugunaren batere zalea, zeren momentuko proposamen interesgarriei kasu egin behar baitzaie. Baina batzutan argi dago gizarteak puntu batera heltzeko beharra duela berriro talde baten ibilbidea edo norabidea aztertzeko eta horregatik bueltatzen gara klasikoetara. Badaramagu urte batzuk haizea nondik datorren ere ez dakigula baina beti ditugu hor klasikoak. Literaturan ere gertatzen da.

Orain bai, seguru galdera honen erantzuna prest duzula. Zergatik bueltatzen da PI L.T. agertokietara?
Ez dago arrazoi berezirik, ez badira kasualitatea eta gogoa. Kasualitatea, aurtengo Ibilaldia Mungian ospatzen delako eta lagun batek komentatu zigun ea zeozer berezia egin nahi genuen, jakinda orain dela 19 urte Mungian antolatutako lehen Ibilaldirako kanta guk egin genuela. Abiapuntua hori izanda, taldekoak lagunak garenez eta askotan afaltzeko gelditzen garenez, erdi txantxetan komentatzen hasi ginen, eta horrela piztu zen guztia. Bagenekien galdetuko zigutela baina benetan ez dago beste arrazoirik, kasualitatea eta gogoa bakarrik.

Nola eta zergatik sortu zen PI L.T.?
Xanpe, Abio eta hirurok, taldearekin hasi ginenak, umetako lagunak ginen. Xanpe urte bat zaharragoa da baina beti batera egoten ginen, frontoian, tabernetan musika ipintzen… Musika entzuten zen giroetan beti azkenengo kanta entzun arte gelditzen ginen. Eta halako batean biltzen hasi beharko ginatekeela pentsatu genuen. Musika kontsumitzaile konpultsiboak ginen. Hiruretako batek ez dakit nondik ateratako disko bat ekartzen zuen eta guztiz xehatzen genuen. Gainera, bakoitzak oso bideratua zuen bere nortasun musikala estilo ezberdinetan. Hiruren arteko nahasketatik oso proposamen bitxia irteten zela ikusi genuen. Ikuspuntu ezberdinen arteko nahasketak sekulako indarra zeukala eta jendearentzako interesgarria zela konturatu ginen.

“Xanpe, Abio eta hirurok musika kontsumitzaile konpultsiboak ginen. Batek disko bat ekartzen zuen eta guztiz xehatzen genuen. Bakoitzak oso bideratua zuen bere nortasun musikala”

Garaiko erreferentzia musikalak gogoratzen dituzu?
Soundgarden, Led Zeppelin, grungea… Abioren bitartez Nine Inch Nails ezagutu genuen, Faith No More… Horiek ziren entzuten genituen taldeak, beste askoren artean.

Musika ipintzen zuten tabernak aipatu dituzu lehen, musika giroko tabernak. Gaur egun halakoak existitzen al dira?
Ez dago musika entzuteko tabernarik. Orain musika ez da entzuteko erabiltzen, girotzeko baizik. Orain dela hogei urte, musikaren arabera mota bateko edo besteko bezeroak zituzten tabernek. Jendea tabernara musika estilo bat entzutera joaten zen, eta gaur egun ez da horrela gertatzen. Gaur egun Spotifyrekin streaming aleatorioa jartzen dute.

Algoritmoak, matematikak.
Hori da. Tabernak eskaini nahi duen giro musikala despertsonalizatu egiten du. Musikak garrantzia galtzen du. Guri gustatzen zaigun musika, rocka, gure garaian musika klasikoak zeukan estatusa lortzen ari dela ematen du. Ez da hain arin kontsumitzeko estiloa. Gaur egun rockeroak oso aktiboak dira, benetako militanteak. Lehen musikazalea izan zintezkeen besterik gabe, baina gaur egun militantzia hori beharrezkoa ikusten dut.

PI L.T. jaiotako momentua oso berezia zen Euskal Herriko eszenan. Hainbat estilo eta talde berri agertzen ari ziren, eta 80ko hamarkadako punka albo batean geratu zen.
Guk ingurua ez dugu inoiz kontuan hartu. Dut, Negu Gorriak edo M-ak maite genituen, Ama Say ere. Oso ibilita zeuden bideetatik aldentzen ziren taldeak gustuko genituen. Gorputzak eskatzen ziguna egiten genuen eta zeozer berria aportatzen saiatzen ginen. Astero disko bat edo bi erosten genituen eta disko berezi bat topatzen genuenean askotan entzuten eta aztertzen genuen. Esaterako, Pearl Jam taldearen Vs.-k harrapatu gintuen. Eta gure eszenakoen artean, Dutek, dudarik gabe. Nolabaiteko zuloren bat zegoela eta bertatik Dut irten zela ematen zuen.

Egoerak ahalbidetu zuen zuen bilakaera talde bezala. Sei edo zazpi urte arinago ezinezkoa izango zen.
Agian bai. Agian egoera berriak gu ulertzeko aukera batzuk ematen ditu, baina azken finean gu egon behar ginen lekuan eta momentuan egon ginen. Hasiera-hasieratik, diskoa kaleratu eta segituan, Radio 3 irratian jarri zuten eta Sevillan edo Murtzian jotzen hasi ginen, 200-250 lagunentzat. Euskaraz abesteko prest zeudenak, gainera. Eta hori guztia Radio 3eko esatari bati “Hil da Jainkoa” gustatu zitzaiolako.

Carlos Pinari.
Hala da. Kanta sartu egin zitzaion. Gure txikitasunean, Estatuan  jarraitzaileak zituen taldea bihurtu ginen. 200 pertsonaren aurrean jotzeko aukera zuen talde bat ginen momentu hartan eta hori, gaur egun, euskaraz, oso zaila da. Eskerrak Berri Txarrak bezalako talde bat existitzen den maila horretan. Baina orain ohartzen zara zein zaila den gaur egun 200 pertsona biltzea, ez Albaceten baizik eta Deustun. Sasoi hartan guretzako guztiz naturala zen Madrilen 300 lagunen aurrean jotzea. Konturatu gabe zurrunbilo batean sartuta geunden eta normaltzat jotzen genuen Valentziara, Alacantera edo Vigora joatea jotzera. Ehun lagun baino gutxiago etortzen baziren porrot bezala ikusten genuen. Eta orain ikusten duzu hori oso zaila dela. Zorte puntu bat eduki genuen gure garaian eta agian ez ginen konturatu.

“Konturatu gabe zurrunbilo batean sartuta geunden eta normaltzat jotzen genuen Valentziara, Alacantera edo Vigora joatea jotzera. 100 lagun baino gutxiago etortzen baziren porrot bezala ikusten genuen”

Urte haietako euskal eszena munduko eszenaren isla bat baino ez zen?
Beti. Hori lotuta doa.

Orain ere? Horrek esan nahi du munduan zehar ska musika asko entzuten dela.
Ziurrenik entzungo da.

PI L.T.ek izandako bilakaera hitz gutxi batzuetan azaltzeko gai al zara?
Oso eklektikoak izan gara. Beti bide berriak zabaltzea bilatu dugu. Alde nabarmena dago lehen diskotik bigarrenera. Inoiz ez gara izan talde eroso bat, formula bat errepikatzen duena badakielako formula horrekin arrakasta lortuko duela. Bost diskoetan, batetik bestera, aldaketa nabarmenak sumatzen direla argi dago. Beti izan dugu ikertzeko grina eta soinu berriak arakatzeko grina. Ez dakit eboluzio logiko edo estetiko bat egon daitekeen baina gure helburua beti izan da aurrekoa ez errepikatzea. Esaldi batean definitu beharko banu egindakoa, ez errepikatzen etengabe saiatu den talde bat garela esango nuke.

Eta disko bakoitza esaldi bat edo birekin azaltzeko?
Lehenengo diskotik freskotasuna nabarmenduko nuke, nahiz eta bigarrena ere oso freskoa iruditu. Denbora-ren kasuan, ez dakit esperimentazioa edo jolasa aipatuko nukeen. Azken finean guretzako esperimentatzea jolastea zen eta asko dibertitu ginen disko horretan. 3 benetako estudio batean grabatu genuen lehenengo diskoa izan zen, Tio Pete estudioan hain zuzen. Horrek eragina izan zuen diskoan. Agian, diskorik zuhurrena izan zen. Minus-en aldaketa nabarmenak egon ziren, formazioan eta soinuan. Disko kontzeptual bat egitea lortu genuen. Osotasunean nire disko kutunetako bat da bigarrenarekin batera. Eta azkena, guk jakin gabe, taldeari bukaera emateko parada izan zen. Diskoaren izenburua Game Over da baina ez geneukan buruan taldea desegitea edo etetea. Abiok taldea utzi zuen eta bira hirukote moduan egin genuen, eta inertziak agian bai bideratu gintuen taldea bazterrean uztera.

“Hil da Jainkoa”. Noizbait izan duzue damurik kanta hori idatzi izanagatik?
Ez. Halako kanta bat bere errepertorioan duen inork ezin du damurik izan. “Hil da Jainkoa”-k ate asko zabaldu dizkigu. Gure ibilbidean pisu handia izan duela egia da eta jende askorentzat gure kanta bakarra dela ere bai, baina beste askorentzat gure musika ezagutzeko atea izan da. Zorte izugarria izan zen horrelako abesti bat sortzea, eta gainera lehenengo diskoan. Sekulako bultzada izan zen eta kanta horrengatik ez balitz ez genukeen inoiz Murtzian joko. Askotan joan izan gara bai lehenengo diskoarekin eta baita bosgarrenarekin ere.

Nola sortu zen?
Inprobizazio batetik sortu zen. Abio teklatuekin melodia bat egiten hasi zen, Xanpek erritmoarekin jarraitu zion eta nik gitarrarekin. Sortze kolektibo horren adibidea da. Orturako lanabesak gordetzen ziren txabola txiki batean entseatzen genuen eta ia ezin ginen mugitu ere. “Hil da Jainkoa” abestiaren musika lehenengo aldiz jo genuenean —hitzak geroago etorri ziren—, zeozer berezia zegoela konturatu ginen. Oso kanta indartsua zen, baina egia esateko, letrarekin borobildu genuen. “Hil da Jainkoa” oihukatzeko gogoa 19 urteko pertsona bati heltzen zaio, baina baita zure amamari ere.

Oraintxe bertan “Your God is dead and no one cares” esaldia etorri zait burura, Nine Inch Nails-en “Heresy” kantakoa.
Ordurako NIN entzuten genuen baina hitzei beranduago erreparatu genien.

“Denbora” diskoan agian ikusten zen Nine Inch Nailsen kutsua, baina lehenengoan ez.
The Downward Spiral askotan entzun genuen. Hori izan zen NIN taldearen gure diskoa. Flipatzen genuen. Orain galduta daukat taldearen arrastoa.

Agertokietara bueltatzeko erabakia behin hartuta, nola prestatzen da itzulera?
Lehenengo gauza agendak bateratzea izan da, oso-oso zaila suertatu zaigu lau data egokitzea. Gero entseguak antolatu genituen. Urrian astean behin gelditzen hasi ginen. Eta gero errepertorioa. Kanta batzuk argi ikusten genituen baina beste batzuk aukeratzeko sare sozialak erabili ditugu, jendeari iritzia eskatuz.

Barikuan Kafe Antzokian ikusiko dugu elkar. Sarrera guztiak saldu dira. Urduritasunik?
Alde horretatik oso esperientzia berezia izaten ari da, gu inoiz ez garelako izan sarrerak agortzen zituen talde bat. Harritu egiten zara. Zuk uste zenuena baino arrasto handiagoa utzi zenuela ohartzen zara eta horrek ardura puntu bat ere ematen dizu. Errespetua ematen du, nahiz eta bostok mila saltsatan ibili garen eta PI.L.T. bezala ez baina beste egoera batzuetan Kafe Antzokia beteta ikusi dugun. Oso seguru gaude egiten ari garenarekin eta sekulako kontzertua emango dugula uste dugu, nahiz eta azken orduko ezustekoren bat gertatzea posiblea izan.

Zer entzungo dugu? Sorpresaren bat?
Disko guztietako kantak joko ditugu. Taldeak izan dituen estilo ezberdinak islatzen saiatu gara. Berritasun handiena bostok oholtzan egotea izango da. Davidek eta Txarlyk baxua eta gitarra txandakatuko dituzte.

Itzulera puntuala izango al da?
Epe laburrean bai. EHZ jaialdian jo eta bi egunetara, disko berria grabatzen hasiko naiz, Davidek udazkenerako planak izango ditu Berri Txarrak-ekin, Txarlyk proiektuak ditu Madrilen, Xanpek bere estudioan eta Abiok Revolta Permanentekin. Guztiok gure lana daukagu. Bira hau ezin izan dugu gehiago luzatu datarik ez genuelako, baina baita gure proiektu pertsonalek lekua behar zutelako ere. Ezin dut esan epe ertainean ez garela elkartuko zerbait egiteko.

ETIKETAK:Aitor AbioAma SayBerri TxarrakDavid GonzalezDutHienaM-akNegu GorriakPi.L.T.Rafa RuedaRevolta PermanentTxarly SolanoXanpe