2017.01.19
Pare bat urte edo izango dira jada Big Boy taldeak lehen aldiz harritu gintuenetik. Zirkuko elefante mitiko baten izenaren atzean Zumaiako lagun talde bat ezkutatzen da, inoiz mundu osoko musikak batu eta lehen diskoarekin batera taldeari buruzko dokumental faltsu surrealista bat kaleratzea otu zaion euskal talde bakarra. Joan den urtean bigarren diskoa kaleratu zuten, Zapasalto, crowdfunding bidez finantziatua. Ume handien antzera, kontzeptu eta doinu desberdinak hartu eta nahasi dituzte berriz ere balizko euskal Emir Kusturica batek osatutako pelikula batena dirudien soinu banda berria osatzeko. Ez dakigu entzuleak nola erreakzionatu duen baina beraiek, badaezpada, “disko hau gauza ederra da!” oihukatzeaz arduratzen dira bertako abesti batean.
Zer aurkituko du kaskoak jarri eta lehen aldiz zuen bigarren diskoa entzuten duenak?
Uf! Nik uste du alde batetik sorpresa bat eramango duela, aurrekoarekin zerikusirik ez duen diskoa entzungo baitu, baina bestetik garbi igarriko du Big Boy entzuten ari dela.
Lehen diskoa “Mr. Jackson” abestiarekin amaitzen zen eta bigarrena “Zapasalto Jackson”-ekin hasten da, haren erremix moduko batekin. Bi diskoen arteko jarraipena da edo ideia berriak probatzen saiatu zarete?
Disko honetako abestiak entsegu lokaletik atera direla esan daiteke, ideiak denon artean garatzen joan gara eta zentzu batean behintzat, libreagoak direla esan genezake. Lehen diskoko abestiak grabazio estudioan osatu genituen, pistak eta instrumentuak gehitzen, baina taldean denak batera joaz probatu gabe, taldea ere pixkanaka sortzen joan baitzen. Behin taldea sortu ondoren abestiek grabazio estudiotik entsegu lokalerako bidea egin zuten. Disko honetako prozesua, berriz, kontrakoa izan da, entsegu lokalean sortu dira abestiak, taldean, eta ondoren grabatu egin ditugu. Hori nabari dela uste dugu. “Mr. Jackson” abestiak zubia egiten du bi diskoen artean. Asko gustatzen zaigun kantua da eta bertsio instrumentalago bat egiteko aukera ematen zuela uste genuen.
Zeuoi buruzko dokumental faltsu bat zekarren DVD batekin lagundu zenuten lehen diskoa, eta abestien hitzek ere bazuten harekin zerikusirik, nolabait disko kontzeptual bat bailitzan. Nola egiten zaio aurre halako lehen disko bati? Ba al dago dena lotzen duen ideiarik bigarren honetan?
Aurreko diskoak bazuen halako mundu edo atmosfera bat sortzeko nahia, musikak, hitzek eta dokumentalaren istorioak osatzen zutena, taldearen izpiritua islatu eta aurkezten zuena. Bigarren disko honen helburua sortutako abesti berriak grabatzea izan da. Taldearen kontzeptua ez da aldatu, ildo beretik jarraitu dugu, gauza berriak probatzen joan… Baina egia esan behar badugu, gauzei ez diegu buelta gehiegi ematen, eta etorri bezala egiten ditugu.
Baxu funkiak, haize instrumentuak, akordeoia, kasik hardcoreak diren oihu garratzak, maraka, teklatuak… Edozer onartzen al du zuen musikak?
Ez dakigu onartzen dituen baina guk behintzat sartu egiten ditugu. Asko gara taldean, bakoitzak bere gustu eta ibilbide musikala du, eta hori guztia nahastuz hau ateratzen zaigu. Egia da estilo oso ezberdinak ageri direla abestietan baina guztiak biltzen dituen zerbait badagoela uste dugu.
Umorea da, agian, elementu guzti hauek lotzeko ezinbesteko osagaia?
Bai, izan daiteke. Umorea hor dago, nahi gabe ateratzen zaigu, gure izateko era da, entseguak beti umorez beteta daude eta hori azkenean gure musikan, kontzertuetan eta, noski, diskoan ere islatzen da.
Nondik nora sortu zen “Hegoak” abestian Mr. Bungle taldearena dirudien doinu bat eta Mikel Laboaren “Txoria txori” nahasteko ideia? Akauzaztek egindakoaren ondoren, abesti horri zuku gehiago ateratzea zaila izango zela zirudien!
Aurreko diskoan “Baga biga”-ren bertsio bat egin genuen. Oraingo honetan berriz, abesti bat prestatzen ari ginen eta oraindik letrarik ez zuenean zerbait kantatu behar eta “Txoria txori”-ren hitzekin jokatuz hasi ginen. Gustatu zitzaigun eta azkenean horrela geratu zen. Laboa asko gustatzen zaigula esan beharrik ez dago, hortan denok bat egiten dugu. Egia esan, ez genuen Akauzazteren bertsioaren berri, baina ideia polita dirudi Laboaren beste bertsio disko bat egiteko!
“Umorea nahi gabe ateratzen zaigu, gure izateko era da, entseguak beti umorez beteta daude eta gure musikan, kontzertuetan eta diskoan islatzen da”
Zapasalto Zumaian aurkeztu zenuten, zeuon herrian, eta egun hartan zuzenekoa laguntzeko zirku txiki bat ere antolatu zenuten. Askotan, gainera, abesti bakoitzerako propio sortutako bideoak proiektatzen dituzue kontzertuetan, Interneten eskegi izan dituzue hainbat bideo eta zer esan argitaratu zenuten dokumentalari buruz. Zenbaterainoko garrantzia dute irudiek Big Boyrentzat? Ezinbestekoak al dira?
Aurreko diskoa egin genuenean abestiekin batera proiektatu ahalko ziren piezak egitea pentsatu genuen. Ez dira ezinbestekoak, kantu batek irudi batzuk iradokitzen badizkigu zerbait prestatzen dugu eta bestela ez. Kontzertuetan giroa sortzen laguntzen dute proiekzioek, baina taldeak bideorik gabe funtzionatu ahal izatea ere gustatzen zaigu.
Beste dokumental, film edo antzekorik espero behar al dugu?
Taldearen proiektu zuzena ez den arren, taldea osatzen dugun partaideetako batzuk film bat prestatzen ari gara, eta aurten bukatua izatea espero dugu.
Zuen hitzak ere oso bisualak dira. Kantatu baino gehiago kontatu egiten duzuela esana duzue noizbait, eta surrealismoa eta umorea erabiltzen dituzue hitzekin irudiak eta istorio irudimentsuak sortzeko, Euskal Herrian talde oso gutxik duten joera bati helduz. Zer dute inspiratzailetik zirkuko elefanteek, arrain tropikalek, gitarra baten barruan dauden berrehun zezenek eta eskilaretan antolatzen diren festek?
Inoiz abesti letrarik egin ez genuen arren animatu egin ginen hitzak guk idaztera. Orain arte film labur eta horrelako proiektuetarako idatzi izan dugu, eta hori izango da ateratzen zaizkigun hitzak bisualak izatearen arrazoia. Zinema asko gustatzen zaigu eta horrek eragina izango duela pentsatzen dugu. Zure galdera jaso ondoren ohartu gara hitzetan animalia asko ageri direla: elefanteak, arrainak, zezenak, untxiak, txoriak, zakurrak… Hala ere, beste animalia asko falta dira, oraindik erabili ez ditugunak; beraz, beste disko baterako hitzak behintzat idatzi ahal izango ditugu.
“Orain arte film labur eta horrelako proiektuetarako idatzi izan dugu, eta hori izango da ateratzen zaizkigun hitzak bisualak izatearen arrazoia”
Eta, zer kontatu nahi diguzue?
Gauza garrantzitsurik ez, egia esan.
Esan genezake, dela hitzekin, irudiekin edota musikarekin, zuen sorkuntzak mundu propio partikular eta koloretsu bat osatzen duela. Printzipioz exotikoa eta arrotza dirudien arren, nolakoa izaten da publikoaren erantzuna zuen mundu horretara hurbiltzen denean?
Gugana hurbiltzen den jendearen erantzuna oso ona da, gustatu egiten zaio. Gu gustura gaude horrekin, gustatzen zaionari asko gustatzen baitzaio, eta hori oso polita da.
Zuetako hainbatek Zumaiako herri bandan ere jotzen dute. Zer iruditu zaie taldea bandako kideei?
Oso ondo iruditu zaie. Azken finean bandetan jotzen den musikaren eragina ere hor dago eta guretzako oso garrantzitsua da. Bandak oso aberasgarriak direla iruditzen zaigu, instrumentu ezberdin askok osatzen dute, musika ezberdina ezagutzeko aukera ematen du, talde handi batean jotzeko aukera…
Zer espero dezakegu zuongandik aurrerantzean?
Nork jakin! Taldean partaide asko izateak ez ditu gauzak erraz jartzen, kontzertuak lotzeko arazo asko izaten ditugu, bakoitzak lan eta ordutegi ezberdinak baititu. Halere, beti gaude gauza berriak prestatzeko gogoz, kanta edo ideia berriei bueltak ematen eta noski, kontzertu bakoitza gozatzen!