BADOK BLOGA

Birkite Alonso

2020.03.02

Birkite Alonso

Elkarrekin egon ginen

Bakarrik sentitzeari uzteko. Zenbat eta nortzuk garen jakiteko, amankomuneko esperientziak partekatzeko. Elkarri laguntzeko. Igandean ia ehun emakume bildu ginen Gernikako Astran, aurrez Euskal Herrian ehun emakume musikari baino gehiago ginela jakin gabe.

Elkarrekin egon ginen

Euskal Herriko ehun emakume musikari baino gehiago elkartu ziren Gernikako Astran. (Saioa Gauilunak)

Musikari lagun taldetxo bati bururatu zitzaion, eta hasieran bazkari xumea izan behar zuena saretu egin zen hilabete baten buruan, topagune bihurtzeko. Xehetasunetan ez naiz luzatuko, oraindik ez dagokigulako horren berri ematea. Aurrerago zabalduko dugu bertan ondorioztatutakoa, ugariak izan baitziren bertan askatu genituen sentipenak, frustrazioak, kexak, gogoak, ametsak; hegoak azken finean. Bizipenaren taupadak kolpatzen nauen zirrikitutik idatziko dut, ordea, igande eguzkitsu hartan bertaratu ginen guztioi bihotzean zerbait trankatu zitzaigulako, ordura arte ezagutzen ez genuen ahizpatasun moduko bat sentitu ondorengo sentsazio gozoa.

Gutako batzuk orain hogei urte hasi ginen musika egiten; beste batzuk, hainbat lehenago. Haienak izan ziren hunkitu gintuzten hitzak; punka gizonen gitarra, bateria, baxu eta mikroetan zizelkatzen zeneko garaian, testosteronaturiko agertokietara igo eta mota guztietako egoeren aurrean erantzuten zuten emakumeek, seguru asko, deseroso. Aitzindari liberal miretsiaren rola, urdanga lotsagabearena bezala, euren gain hartzen zuten emakumeak (bost axola bazitzaien ere), garito bakoitzean jasan beharrekoari aurre eginez. Igandean bertan punk talde gazte bateko kideak esan bezala, oraindik jasan behar dituztenak. Horren aurka egiteko, ezinbestekoa zitzaien tribuan aritzea; hortik emakumez osaturiko taldean jotzearen garrantzia. Bihotzeko lagunekin partekatutako ordu luzeak, kontzertu osteko parrandak. Gizonek egin ohi zuten guztia konplexurik gabe eta modu berean gozatzen, salbuespen bakarrarekin: elkarri babesa emateko nahia edo beharra sentitzen zuten, bien nahasketa ia nahitaezkoa. Izan ere, horretan zetzan igandean gu denok batzearen funtsa, eta espero genuena gertatu zen Gernikan: lagunduta sentitu ginen, ulertuta, babestuta.

Rocka, folka, rapa, klasikoa, punka, berdin zitzaigun nondik ateratzen zen aldamenean jarritako neska. Geure burua banan-banan aurkeztu genuen borobil koloretsu ugari baten inguruan. Nondik nator, zer jotzen dut, norekin, bakarrik… Esan bezala, beteranoenak emozionatu egin zitzaizkigun, eta baten bati malkoa eragin zigun bakarrik sentitzeari uzten zionaren algarak.

Borobil hartan ni neu ere bakarka emozionatu nintzen, 1999an, Gasteizko kaleetatik irakaslearen etxerako bidean gitarra elektrikoaren zorroa paseatzen nuenekoa buruan. Zenbatek eta nola begiratzen ninduten gogoratuz, alde batetik gogaitzen ninduena, eta, bestetik berezi, indartsu sentiarazten ninduena. Erronka pertsonal moduan hartu nuen urteetan mutilen artean ikasi eta, azkenik, Katanga Faktoriak antolatzen zuen hamabostaldira apuntatzea. Zuzeneko konboetan lehen aldiz jo nuenekoa gogoratu nuen. Hurrengo hamar urteetan mutilen artean jotzen jarraituko nuen, lagunduta beti. Gernikako beste hainbat ez bezala, ni ez naute inoiz deseroso sentiarazi, zortea izan dut horretan. Inork ez nau gutxietsi, ez teknikoki ez pertsonalki, aurpegira behintzat. Beste taldeetako norbait nire anplia eramateko prest agertzen bazen, bakarrik ahal nuela esan bezain laster ulertzen zuela pentsatzen dut. Musikarien arteko errespetu-kode horretan mugitu naiz beti, ez diot inori errua botako.

Hamar urte pasatu dira taldean jotzeari utzi nionetik, eta azken hirurak bakarlariaren bakardadean pasatu ditut, onerako eta txarrerako. Onerako diot, autoan sartu orduko inoiz sentitu dudan askatasun sentsaziorik handiena eman didalako. Txarrerako, azalduko dizuet: bakarlariaren bakardadea burura etortzen zaizuelakoan nago; tipo serioa, autosufizientea, garitora heldu eta norbait ezagutzen duen hori (gizonek beti ezagutzen dute norbait garitoan, edo teknikariren bat… ez al da hala?), berehala hizketan hasten dena, jenifikatu dutenaren aura horrekin (jenifikazio maskulinoa, gai potoloa…), xehetasun teknikoei dagokienez zer eta nola nahi duen argi daukana, eta nire faboritoa: denek onartzen dute, inork ez dio bere buruari galdetzen tipoa zergatik etorri den bakarrik.

Eta emakume bakarlaria agertzen denean? Serio eta autosufiziente sentitzen bada ere, bertako inor ezagutzen ez duena, hizketan hasi baino lehen norekin konektatuko duen gainbegiratzen duena. Gai teknikoren bat gustuko ez badu galdetzeko edo kexatzeko modurik egokienaren bila hasten dena, ergeltzat har ez dezaten. Barran bakarrik eseri eta laurogeitaka urteko herriko mozkortiaren piropoak entzun behar dituena, jadanik erantzutea merezi al duen bere buruari galdetzen diona. Itxaron bitartean, bakarrik etorri izanari buruzko bertoko norbaiten gogoetak asmatzera jolasten dena: Banatuta al dago? Ez dauka lagun talderik? Ezta lagunduko duen bihotzeko lagun kuttunik ere? Hau ama da, norekin utziko zituen umeak…? Bai emakume ausarta, eta ondo jotzen du gainera. Aupa zu!

Azken bi asmakizunak erraz utziko dizkizuet: Garito batzuetatik (ez denetatik) bietako nork eramango du billete sorta handiagoa? Eta garitoa uztean, bietako nork begiratuko du behin baino gehiagotan atzera gauzak kargatu bitartean edo autoan sartu aurretik?

Hau guztia oraintxe etorri baitzait burura, igandean antzeko beste hainbat entzun nuen berehala neureak egin nituen hitz arrotzetan. Ezinbestekoa izan zen, indarrak hartzeko. Bakarrik sentitzeari uzteko elkarrekin egon ginelako.

ETIKETAK:AstraEmakumeakGernikaMusikariak