Gaztelupeko Hotsak diskoetxea 1995ean sortu zuten blues musikaren beste zale batzuek. Soraluzeko (Gipuzkoa) Gaztelupe tabernan hainbat urtez kontzertuak antolatzen aritu ondoren, euren gustuko musikarien diskoak argitaratzeko bideari ekin zioten, Jose Luis Otamendi poetak asmatutako izena hartuta. Ñaco Goñi ahoko soinu jotzaile madrildarraren bakarkako lehen diskoa izan zen kaleratu zuen lehena.
Diskoetxea sendotuz joan ahala, egitasmo berriak jarri ditu martxan: Errabal zigiluan, Euskal Herriko nahiz kanpoko jazz musikarien diskoak kaleratzen ditu; Irungo Bloody Mary disko dendarekin batera, Bloody Hotsak sortu du, rock-and-rolleko diskoak eta biniloak argitaratzeko; eta, berriki, Dantza Baltza saila estreinatu du, musika elektronikoa eta dantzarako musika jorratzeko.