Esan Ozenki

2014.05.23
Esan Ozenki

Negu Gorriak taldearen ekimenez sortu zen Esan Ozenki diskoetxea, 1991. urtean. Autogestioan eta independentzian oinarritutako euskarazko diskogintza bultzatu zuen, eta euskal rockak 90eko hamarkadan izan zuen bilakaeraz ohartzeko ezinbesteko disko bilduma osatu zuen.

Diskoetxeari izena Negu Gorriak-en  lehen diskoari hasiera ematen zion kantu batek eman zion, eta taldearen bigarren diskoa izan zen Esan Ozenkiren lehenengo erreferentzia, Gure jarrera (1991), eta haren ondotik Su Ta Gar, EH Sukarra, Etsaiak eta Lin Ton Taun taldeen lehen diskoak heldu ziren. Hain zuzen, talde berriak eta estilo askotarikoak plazaratzeko apustua egin zuen Esan Ozenkik. Ama Say, Dut, Anari, Deabruak Teilatuetan, Kashbad, King Mafrundi, Lisabö, Pi.L.T. eta Selektah Kolektiboa izan ziren horietako batzuk.

Artistikoki euskal rocka aberasten ari ziren proposamen berriei babesa eskaintzeaz gain, gure diskogintzari aire berriak ekarri zizkion Esan Ozenkik, bai estetikari zegokionez, bai artistekiko harremanari zegokionez. Orobat, diskoen gehiegizko salneurriaren aurka borrokatu zen, kopuru jakin batetik gora saltzea debekatzen zuen oharra itsatsiz disko guztietan. Balizko errentagarritasun ekonomikoaren gainetik, taldeak interes musikala izatea eta autogestioan sinistea zen inoren diskoa argitaratzeko erabiltzen zuen irizpidea.

Esan Ozenkiren adar internazionalista Gora Herriak azpizigiluak ordezkatu zuen. Diskoetxearen ikuspegi ideologiko eta musikalarekin bat zetozen atzerriko taldeen lanak argitaratzeko sortu zuen. Todos Tus Muertos (Mexiko), Garage H (Kuba), Aztlan Underground (AEB), Inadaptats (Herrialde Katalanak), Hechos Contra el Decoro (Madril), Wemean (Suitza) eta Zebda (Frantzia) taldeen diskoak eman zituzten argitara Gora Herriak-en.

"Ustelkeria" abestiarengatik Negu Gorriak-en aurka Enrique Rodriguez Galindo Espainiako Guardia Zibileko jeneralak jarritako kereilak kinka larrian jarri zuen Esan Ozenkiren etorkizuna -hamabost milioi pezeta (90.000 euro) eskatu zituen Galindok bere ohoreari egindako kaltearen ordain gisa-. Hori dela eta, balizko zigor ekonomikoari aurre egiteko Hitz egin kanpaina eratu zuen diskoetxeak, eta, beste zenbait ekimenen artean, jaialdi erraldoi bat antolatu zuen Oiartzunen (Gipuzkoa) 1996an, non diskoetxeko talde guztiek hartu zuten parte.

Taldea urte hartan desegin zen, baina Galindoren auzian epaileek arrazoia ematen bazioten hura ospatzeko berriz elkartuko zirela eta kontzertu bat emango zutela agindu zuten. Hortaz, 2001. urtean hiru kontzertu eman zituen, bi Donostian eta bestea Baionan, eta gero taldea betiko desegin zen. Negu Gorriak-ekin sortu zen Esan Ozenki, eta harekin batera esan zuen agur. Esan Ozenkiren azken argitalpena, berrehungarrena, Independentzia 10 urtez (2001) bilduma bikoitza izan zen, hamarkada bateko lanaren testigantza.

Metak diskoetxeak hartu zuen Esan Ozenkiren lekukoa.

ARGITARATUTAKO LANAK