“Autogestio eta sormen librerako mekanismoa”. Hori da Bidehuts-ek bere buruari ematen dion definizioa. Izan ere, ez da zigilu bat, ezta ohiko diskoetxe bat ere. Autogestioan oinarritutako lan egiteko era partekatzen duten hainbat talderen bilgunea da Bidehuts.
2006. urtean sortu zuten Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anari taldeek, Metak-en itxieraren ostean, euren lanak argitaratzeko. Lisabören Ezlekuak diskoa izan zen Bidehuts-en lehen argitalpena, eta dagoeneko, 2014ko martxoan, 30 erreferentzia argitaratu ditu. Tartean, aipatutakoez gain, Audience, Gora Japon, Joseba Irazoki, Jupiter Jon, Mursego, Willis Drummond eta Xabier Montoiaren lanak.
Bidehutsen zortzi urteko ibilbidean aipagarria da Mikel Laboaren omenez argitaratutako Txinaurriak diskoa (2010). Bidehutsek bultzatutako lan horretan Euskal Herriko hainbat rock talde eta bakarlarik hartu zuten parte, “Laboari ikasitako kantuak” moldatuz. Besteak beste, Ruper Ordorika, Ama Say, Borrokan, Berri Txarrak, Eten...