Basati Diskak

2014.05.23
Basati Diskak

Punk eta hardcore estiloetan espezializaturiko diskoetxea zen Basati Diskak, eta Javi Sayes-ek bultzatu zuen. 1981ean,Destruye fanzinea kaleratzen hasi zen Sayes, eta, horregatik, ezagunagoa da Javi Destruye goitizenarekin. Ezin Izan taldeko kantaria izan zen Sayes. Horrez gain, hainbat irratsaio gidatu zituen, Vagón de cola (Herri Irratian) eta Pittin bat (Egin Irratian), besteak beste.

Basati Diskak 1987an sortu zuen, Euskal Herriko punk eta hardcore taldeen lanak kaleratzeko, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Sortu eta berehala, disko garrantzitsu batzuk argitaratu zituen, hala nola Bap!! taldearen ...bide huts eta etxe huts (1988) eta RIP taldearen lehen disko luzea, No te muevas! (1988). MCD, Txorromorro, Irula, Eskoria-tza eta Antiregimen dira 80ko hamarkadaren amaieran Basati Diskak zigiluarekin diskoa atera zuten beste taldeetako batzuk.

 90eko hamarkadan, beste estilo batzuetara zabaldu zen diskoetxea. Hala, Negu Gorriak taldearen Hator hator (1990) singlea kaleratu zuen, Beti Mugan eta Danba taldeen lanak ere argitaratu zituen, bai eta Bap!!-en Zuria beltzez eta Hondarribiko taldeen Underribi disko partekatua ere. Gaztelaniaz, Sanchis y Jocano pop bikotearen diskoak kaleratu zituen. Haatik, ez zuen punka alde batera utzi, eta Eskorbuto, Heriotza, Quemando Ruedas, La Perrera eta Ostikadaren diskoak argitaratu zituen. Diskoetxeak 1994an eman zuen azkena.