BADOK euskal kantagintzaren ataria (www.badok.info) berritu da. Iraganera begiratzetik etorkizunera begiratzera jauzi egin du. Eraberritze honen bidez, BADOK-ek euskal musika ezagutarazteko eta suspertzeko ezinbesteko plataforma bilakatu nahi du.
BADOK 2009ko urrian sortu zuen BERRIAk. Orduz geroztik, euskal kantagintzaren ataria izan da, BERRIAk euskal kulturari egindako ekarpen garrantzitsu bat. Funtsean, atariak euskal kantagintzari buruzko dokumentazio bilgune bat eskaini du: musikari eta taldeen biografiak, diskografiaren fitxak, hitzen bilduma bat, historiaren laburpen bat eta kantu lagin bat. Azken batean, euskal kantagintzaren ondarearen transmisiorako ezinbesteko lanabes bilakatu da.
BADOK berriak balio horiek guztiak gordetzen ditu, Ez Dok Amairu mugimendutik aurrera garatutako euskal kantagintzaren bilgune izateari ez dio utziko, baina askoz urrutiago heldu nahi du. Eraginkorragoa izan nahi du euskal musikaren aldeko lanean, teknologikoki gaurkotuz, etorkizunari begiratuz eta musika bera atariaren bihotzean jarriz. Musika kontsumo eta hedapenaren aro digitalera egokitutako tresna da BADOK berritua, euskarazko musikaren zerbitzura jarrita.
Kazetaritza espezializatuaren bidez helduko dio BADOK-ek euskal musikari, oraingoari eta beste garai batzuetakoari. Atariaren zati bat webean garatutako musika aldizkari bati dagokiona izango da: Erreportajeak, elkarrizketak eta albisteak landuko ditu formato ezberdinetan (testua, bideoa,…). Euskaraz sortutako musika deskubritzeko eta hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du. Aldizkariak honako atalak izango ditu:
AKTUALITATEA
Euskal musikaren sorkuntza zertan den jarraitzeko espazio bat, erreportaje landuen bidez edota albisteen bidez.
ELKARRIZKETAK
Musika arloko protagonistekin egindako elkarrizketak, sorkuntzaren hamaika aurpegiak deskubritzeko.
ONDAREA
Euskal musikaren ondarea ezagutarazteko lanak. Musika eternoa delako, garaien gainetik dagoelako edota noizean behin nostalgia dosi bat ona delako.
ZUZENEAN
Kontzertu bereziak gomendatzeko eta partekatzeko espazioa. Zuzeneko emankizunei toki berezia eskainiko diona.
BLOGA
Musika munduko lau pertsona ezagunek osatutako blog kolektibo bat. Esperientziak, kritikak, gomendioak, gogoetak, burutazioak… azaltzeko espazio bat izango da, bizia eta dinamikoa. Honako lau blogariak daude hasteko prest: Itsaso Gutierrez, Zuriñe Hidalgo, Juan Gorostidi eta Fermin Etxegoien.
Musika entzun eta bizitzeko denez, BADOK euskal musika entzuteko plataforma bihurtuko da. Euskal musika etengabe entzuteko tresna bilakatuko da, munduko plataforma digitaletan dagoen euskal musika eskainiz. BADOK-ek landutako garapen teknologiko berezi bati esker, plataforma digital ezberdinetan (Spotify, Youtube, Deezer, Bandcamp, Soundcloud,…) dagoen euskal musika atarira ekarri eta erabiltzaileen esku jarriko da, streaming teknologia erabiliz.
BADOK-ek bere player edo erreproduktorea izango du, musika entzuteko esperientzia bideratuko duena, musika entzutea eta nabigatzea bateragarri egingo duena. Plataforma bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta batzuek (Spotify, Deezer,…) erabiltzaile kontu bat izatea eskatzen dute musika entzun ahal izateko. Beste batzuek (Youtube, SoundCloud, Bandcamp,…) ordea, ez dute baldintza hori jartzen.
Plataformen erabilerari dagokionez, argitu beharra dago soilik baliatuko direla musikariek edo diskoetxeek beraiek haien musika zabaltzeko hautatutako plataformak.
BADOK atari berrituan dena egongo da elkar lotuta: musikariak, kantuak, diskoak, hitzak, diskoetxeak,… Batetik bestera joan ahal izango da, batak bestera eramango du. Dena den, musikari edo talde bakoitzak espazio oso bat izango du. Bertan, erabiltzailaren esku jarriko da:
DISKOGRAFIA
Diskografia osoa kronologikoki antolatua azalduko da. Disko bakoitzak bere fitxa du, eta entzugai izango da plataforma digital baten batean badago. Halaber, kasuan kasu, diskoa erosteko modua bideratuko da, dagokion denda digitalarekiko esteka bidez.
BIOGRAFIA
Musikari edo taldearen ibilbidea azaltzen duen artikulua, irudiz osatua.
BIDEOAK
Argitaratutako bideoklipak biltzeko espazio bat.
HITZAK
Kantuen hitz hautatuak ere eskainiko dira, diskoen arabera antolatuta.
TALDE ERLAZIONATUAK
Musikariarekin edo taldearekin lotura duten beste musikari edo taldeak agertuko dira, ibilbidea osatze aldera.