BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2015.05.25

Juan Gorostidi

Anari, ametsen eraiste neurtua

Gaueko ordu biak dira, Anariren kontzertutik bueltan, eta ez dut logurarik. Gutxitan dut aukera kontzertuetara hurbiltzeko, lanagatik, eta agian horregatik naiz haienganako horren sentibera. Ez nago ziur. Are gutxiago elizetara –erlijio diferenteetako elizetara, hortik plurala–, eta antzeko eragina egiten didate leku horietako ospakizunek. Ez naiz jendetza elkartzen duten zeremonien zale, edo agian zaleegia naiz eta horregatik egiten dut ihes estadioetatik, manifestazioetatik…

Kontzertuaren eta ordu txikien eraginez izango da hasi naizela zeremonien kontu honekin. Distantzia bat hartzen dut horrelakoetan. Esperientzia ederra da: guztiz nago barruan –soinuaren dentsitateak berak ez du besterako aukera handirik ematen–, eta kanpotik ari naiz, aldi berean, neure buruari eta ingurukoei beha. Eta hor daude zeremonia gidatzen dutenak, eta baliatzen dituzten osagarriak, eta guztien artean lortzen den edo ez den komunioa erdiesteko osagarri hauen eraginkortasuna. Anarik gaur lortutakoa erabatekoa izan da. Kontzerturako kantuak amaituta, beste saio batekin abiatu da, inor ez baitzegoen handik mugitzeko moduan, beste horrenbesteko iraupenekoa, eta gehiago nahi genuen, gehiago nahi zuten askok behinik behin.

Ez da edozein gauza Anarik lortu duena: aukeratu gai bat, aukeratu erritmo bat, aukeratu soinu mota bat eta kantatzeko era bat –aukeren artean bat eta bakarra esan nahi dut–, eta bi-hiru orduz eman eta eman, eta sekulako intentsitateko komunioa erdietsi: gai bakarrarekin, erritmo-kadentzia bakarrarekin… Ezen askotan sentitu dut kantu bakarra ari zela kantatzen, irudi eta hitz berberak –sakonak, ederrak, iradokitzaileak– mantra indartsu bihurtuak. Irudi berdin horiek kantu batetik bestera egiten dute salto –ohe hutsak edo nekez konpartituak, gaua, ametsen eraispena, ahuleziaren indarra, arrainak, harriak, aurrekari penalak…– irudiak berak eta entzulearen errekonozimendua indartuz, eta trantze hipnotikoraino hel litekeen bizipena hauspotuz.

Ez naiz gauza esateko noiz heldu den bere une betera Anariren apustu indartsu eta ausart hau, urte batzuk bai, ia bi hamarkada pasa direnez bere lehen diskotik, eta hamarkada bat Karlos Osinagarekin produzitzen ari dela. Eta urte hauen poderioz lortu du bere esan eta egiteko moduekin guztiz identifikatuak sentitzen den entzule talde sendo eta emana. Distantzia batetik begiratzen diot horri: adinaren distantziatik eta generoarenetik, aldi berean: bera baino 10-15 urte gazteagoak ziren kontzertuan sartuen sentitzen nituenak, andrazkoak gehientsuak. Gizonezko naiz ni, eta Anari baino hamalau urte zaharragoa. Izugarrizko aldea dela iruditzen zait ordu hauetan. Zenbat ibili da gurean, Anariren figura indartsua taularen erdian ikusteko, bere esanetara zeuden 6-8 gizonez lagundua baina, aldi berean, musikarekin babesten zuten emazte horrekin zerikusi handirik ez balute bezala berearekin jarraitzeko? Zein motatako gertakizuna da taula gainean gauzatzen dena; eta taula inguruan?

Aritu gaitezke hitzez –”niretzat, oraintxe, kantuaren %80a hitzetan dago”–, erritmoaz, sonoritateaz, kantatzeko moduaz… baina elementu horiek batasun berezi bat dutenean gauzatzen da Anarik lortzen duena, ez bestela. Ez da portzentaje kontu bat. Zerbait esatekotan, hauxe: berak oihuka dioena intimoa da, eta intimitate horretatik baino ez egitea erabaki du: “Mundu mailako gerra intimo eta latz batean” ari dela hasten zaigu bere azken lana.

Aitzindaria da, aspalditik datorren indar batez ari bada ere, eta bere indarrez eta muturreko hautuen arriskuez ezinbesteko dugun erauste neurtuak ez ahal du beste 50 urteko ziklorik beharko.

ETIKETAK:Anari