BADOK BLOGA

Itsaso Gutierrez

2014.05.29

Itsaso Gutierrez

Ahots batean, eten tratu txarrak!!

Gurean hizkuntza erreprimitua, eskubide zanpatuak eta injustizi politiko-sozialak kaleratzeko, aldarrikatzeko, musika bide egin dugu. Lema baten pean, aldarriren baten aitzakipean jaialdi eta kontzertu ugari antolatu dira, eta elkargune bihurtu herritar askorentzat; horien artean Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Ibilaldia, Hatortxurock, Kalerarock,… burura datozkit askoren artean. Bide beretik eta aldarriaren aitzaki berean kanten bilduma ugari sortu dira; gaztetxeen alde, irratien alde, presoen alde,… guztiak helburu bikoitzekin; proiektuen finantziaketa, eta nagusiki, aldarria. Zer pentsatu eman zidan, emakumeon eskubide zanpatuak aldarrikatzeko, gertatu ohi diren injustiziak kaleratzeko, eta gure haserrea adierazteko bide hau emakumeok ez genuela geure egiten ohartu nintzenean. Are gehiago, musika talde askok jendarte sexistaz edota emakumeak jasandako tratu txarrez, edo bazterkeriez tarteka abestu dutenean (oso maiz ez bada ere); gai horiekiko kezka egon badagoela erakutsiz.

Estatistikek diotenez, azken urteetan emakume gutxiagok salatu omen dituzte beste urteen aldean tratu txarrak. Eta zoritxarrez, jipoituak izan diren gehienek aurretik salaketa jarri ez duten emakumeak izan dira, ez aurreko urteetan bezala. Krisiaren eraginez, emakumeen indarkeriaren kontra lan egiten duten elkarteek eta tratu txarrak jasan dituzten emakumeek jasotzen zituzten diru laguntzetan murrizketak egin direnez, kanpainak ere eskasagoak izan dira. Ondorioz, salaketak ere jaitsi. Egoera honek kezka sortzen zidalako eta musikariok gure eremuan eta mailan laguntza eskaintzeko aukera dugula sinisten dudalako jarri nuen ETEN proiektua abian, 2013ko azaroaren 25an, aurkeztua. Horrexegatik, tratu txarren kontra abesten zuten talde desberdinen kantak batzearen premia sentitu nuen, lehen urratsa litekeena, bilduma bat osatzea ezinbestekoa zela. Tratu txarren kontra abesten duten talde anitzen kantak batzen dituen diskoa kaleratu nuen; estilo, genero eta lurraldetasuna aintzakotzat harturik eta euskaraz eginik. Irizpide horiek zituzten talde askorekin egin nuen topo eta kantarik ez zutenek ere berria sortzeko prestuasuna agertu zuten. Hor gaiarekiko sentsibilizazioa agertzeko beharra. Azkenik, 22 talde sartu ziren: Itxaro Borda + Ekhi Vegas; Iheskide; Humus; Izate; Herri Oihua; 2zio; Sohano; Lukas Prest; Nx; Ero; Niketz; Napoka Iria; Skakeitan; Bostenbor; On; Hil aiari; Gaur ez; Sexplotion; Metralleta; Kokein; Nekez eta Humilitate. Eta segidan, aldarri beraren lemapean kontzertu bat antolatzea; tratu txarren kontra elkarrataratzea, abestea, oihukatzea, rockeatzea… Plateruenan azaroaren 30ean ospatu zen, hura, azkenik. Aldarri berean. Ahots batean. Tratu txarren kontra, Eten.

Etekinak, gaiarekin lotua egongo diren bestelako proiektu edota kanpainak abian jartzeko erabiltzea du asmoa. Bildumaren salneurria 6 eurokoa da. Interesatuak etentratutxarrak@gmail.com egin dezakezue eskaera.

ETIKETAK:emakumeen kontrako indarkeriaEtentratu txarrak