BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2016.02.26

Juan Gorostidi

Euskal arimaren paisaiak eta mugak

Azken zortzi urteotan euskal musikariek argitaratu dituzten diskorik bikainenen artean ditut bi harribitxiok —Avril (2007) eta Acércate más (2015)—, eta zaila egiten zait data bati lotzea, heldutasun klasiko baten ezaugarri zaizkidanez; garaiko eta denboraz kanpoko, aldi berean. Kantuaren –melodiaren– itzalean biztutako une bakarrak jasotzen dira bertan, eta ezin dut modu eta maila horretako trataerarik aurkitu gure inguruko beste ezein musikariren azken hamarkadako diskografian.

avril

axiari

Bertako kantu zerrendari erreparatuz, iraganeko tradizioari loturiko sei pieza jartzen zaizkigu, nahita, lehen planoan: bilduma bakoitza haietako batekin abiatzea –“Maitia nun zira”eta “Apirilean”– ezin izan ausazko hautua. Ondoren, entzulea paisaia urrunagoetan barrena dabilelarik, itzuli egiten dira guretzat erabateko antzinatasunean kokaturiko maitasun kantuak: “Iruten ari nuzu” eta “Goizian argi hastian” Avril-en eta “Gaztetasunak bainerabila” eta “Adios, izar ederra” Acércate más-en. Sei kantuok jaso duten interpretazioa nahikoa litzateke nire abiapuntua azpimarratzeko. Kantu zahar zirenak garaikidetasunaren kategoria hartzen eta jendartean hedatzen hasi zirenetik –gurean 60ko hamarkadatik– birsortuak izan dira behin eta berriz. Ez ordea hemengo sakoneraz.

Kantu bakarra balira bezala dira tratatuak “Apirilean”, “Maitia nun zira” eta “Iruten ari nuzu”, ezin tempo apalagoan, entzulea mugarik gabeko nostalgiaren putzuan barneratzera leunki bultzatuz. Ahotsa gailentzen da, baina abandonaturiko etxe zahar baten ateak eta leihoak zabalduko ditu eskusoinuaren hauspoak; urraturiko gortinak astinduko, oinazpiko ohol zaharren karranka erakarriko… kantu hauen giro ezin goibelagoan. Eta azpimarra hori areagotuz, perkusio harrigarri bat. Ez baikaude ohituak perkusioari funtzio erritmikotik aparte askoz gehiago eskatzera, eta hemen, erritmoa berez sostengatzen da, eta perkusioa soinu ehundurak sortzeko dago, eta horretan dihardu, soinuarekin eta ahotsarekin nahasiz zenbaitetan, haietatik ihesi bestetan… Avril diskoari “Goizian argi hastian” kantuak ematen dio amaiera: aipatuen giro berdina Beñat Axiariren eta Philippe de Ezkurraren duoan gauzatzen da, bi ahotsak espazio amultsu beretik sortuz. “Gaztetasunak bainerabila” da ahots hutsez ematen den ale bakarra. Eta honen kontrapuntuan, ondoren datorren “Adios, izar ederra”: Philippek soinuaren eta hitz errezitatuen gainetik Beñaten hitzik gabeko melodiaren hegaldia sortuz, bien artean amodioaren urruntzeari lirismoaren monumentu etereoena eraikiz. Aurrekoetan bezala, perkusioak gehiago du laztanetik, horren igurtzi eta danbada goxoak dena leundu nahiz bezala, gainontzeko soinuaren malenkoniaren pisua latzegia egingo balitzaigu bezala. Gailur bat ukitzen da kantu honen bukaerako konpasetan.

achiary trio 800

Ezkurra, López eta Axiari ‘Acércate más’ diskoaren grabazioaren ostean.

Ezin uka euskal arimaren paisaiaren osotasuna giro malenkoniatsu honekin betetzeko arriskuan erori dela gure musikari asko –hainbat poetaren ezinbesteko konplizitatez–, entzule mota baten artean euskal adierak horretara murriztera behartuko balu bezala. Axiari-Ezkurra-Lopez hirukotearen kasuan, aldiz, lirikotasuna bere muturrera eramanez, ase geratzen gara beste paisaia batzuetan barneratzeko, baina ezin uka maila honetako fineziak nostalgia bera leku kezkagarri eta galdekatzaile batera eramaten duenik.

Lirikatik basatasunera ematen duen jauzia izan liteke Axiarik sortzen duen egonezinaren iturrietako bat. Zuzenekoetan, presentzia fisikoak eta gorputzaren adierazkortasunak duen indarrarekin tenkatze eta goxatze dinamika bat orekatu liteke, eta askotan lortzen du hori kantariak. Grabazioetan, aldiz, etxe osoa inarrosten duen eskatu gabeko aire ufada bortitz bat bezala jaso liteke haren oldartze bortitza. Halere, entzutera ausartuz gero, txunditzen gaituzte haren fandango basek eta gainontzeko doinu dantzagarrien interpretazioak. Haien goreneko bi adierazle ditugu Avril-en: “Banako-Bamako” eta “Fandango basa”. Hor nabarmentzen dira gehien Axiariren ahal tinbrikoak, agudo finenetatik orroraino ailegatzen diren grabe asaldagarriak. Pieza jazzistikoetan ohikoa den formatua erabiltzen du hauetan hirukoteak: instrumentu bakoitzak besteari arrapostu ematen dio, eta melodia errekonozigarrietatik abiatuz, bariazio inprobisatuenera igorri, eta abiapuntuko melodiara itzultzen dira ur nahasiak baretuz, piezari amaiera emateko. Acércate más-en bata bestearen ondoan eskaintzen dira halakoak, “Gerezi” –beste fandango bat– eta “Zortziko”, Phil Moore-ren “She was as tender as a rose” bien artean tartekatu dutelarik. Ezin ustekabean hartu keinu hori: pieza bakar gisa entzun litezkeen bi euskal doinu basa –Ipar Amerikako natiboen izpirituz blaituak– jazz unibertsoko klasiko bat bateria eta ahots hutsez ematearena, alegia. Lan hauen beste euskal paisaietako bat kontsideratua izan behar baita, XX. mende hasierako jazz kantari afro-amerikarrekin hornitua den hori, jatorrizko ingelesez kantatua. Avril-en Elaine Brown-en “The meeting” –Pantera Beltzen ereserkia bilakatu zena– eta Nina Simonek ezagutarazi zuen James A. Shelton-en “Lilac wine”-ren bertsio harrigarriak eskaintzen zaizkigu, ahaztu gabe John Lewis-en “Django”, Axiariren kutunetako bat (1987rako grabatua zuen jada lehen bertsioa).

Bada beste zubirik euskal arimaren paisaietatik mundu zabalera eraikita eta, disko hauetan, iragate horiek gure garaikidetasunera ekarri duten blaiduraz ari zaizkigu. Horren adierazleak dira Atxagaren Etiopia-ko “Orduan”-ekin eta Henriette Aireren “Egiaren egarriz”-ekin sortutako bertsioak. Asko dute jazzetik, baina baita ganbara-musika garaikidea eta inprobisazioa lantzen dituzten musikariek poesia tratatzeko dituzten eretatik ere, soinu-uholde komertzialek gure belarriak eta entzun-ahala moldatzeko garatu duten ohiko eskemetatik urruti.

Aipatu behar, azkenik, han eta hemen tartekatuak diren beste tanta bitxi batzuk ere: Ezkurraren “Idolei” soloa eta “Regards d’enfant” hitzik gabekoa, esaterako; edo Joxan Artzeri eskainitako keinua, bi diskoetara ahapaldi bera ekarriz: “Gauero itzaltzen da gizakumea / goizero bizten… / eta bien bitartean / amets bat du bizitzen”. “Ohore” deitu zaio lehenean, Axiarik horren maite dituen kanaberek harri gainean txalapartaren giroa birsortuz emanak; “Gauero” bigarrenean, non Ezkurraren eskusoinuaren giltza joek hauspoak eragingo duen soinua deitzen duten, euri zaparrada gisa, gailenduko den badaezpadako hondo musikal hauskorra betez, berehala.

Ez dakit zer dela eta aukeratu diren izenburuak bata frantsesez eta bestea gazteleraz, euskaraz kantatua dena –aipatu ingelesezko hiru horiek eta gaztelaniazko Acércate más bakarra kenduta– eta euskal musikarekiko berebiziko sentiberatasunez osatu bilduma hauentzat. Izango du zerikusirik Pariseko Buda Records zigiluak eta Daqui okzitandarrak ekoiztuak izanak. Paradoxikoa baino zerbait gehiago iruditzen zait gurean zabaldu gabe eta ustekabean igaroak gertatzea. Pentsa genezake arrazoiak planteamendu komertzialei daudela lotuak, baina gure ekosistema musikalak duen mailarekin zerikusi handiagoa duela sumatzen diot nik. “Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko artean, bada muga zaputz eta krudel bat, itsasoan barrena ere jarraitzen duena, elkar maitatzen direnak bereizten dituena”, dio Ramón López-ek sorturiko kantua aurkezteko libretoan: Nat King Cole-ren bolero famatua muga zehatz horren giroan ipiniz, “hurbildu zaitez, denboraren laguntzarekin jakingo duzu zuregandik sentitzen dudana” gaztelaniaz kantatzen du bolero samur berria. Muga bakoitza mota guztietako mugez ari zaigunez…

007

Mexiko eta AEBen arteko muga Tijuanan.

ETIKETAK:Beñat AxiariBernardo AtxagaElaine BrownHenriette AireJames SheltonNina SimonePhil MoorePhilippe EzkurraRamon Lopez