BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2015.07.16

Juan Gorostidi

Errobiko festibalaren aukerak

Hogeigarren edizioa du aurten Errobiko Festibalak (Itsasun, uztailaren 23tik 26ra: www.errobikofestibala.fr) eta bere egitarauak konfirmatu egiten du jaialdi honek musika eta kultura ulertzeko duen era berezia: erroak zainduz mundu osoko hainbat adierazpen bizi erakarri eta artistentzat laborategi bilakatuz, zabalik guztientzat. Arrastiriko hiru kontzertu handiez gain, beste hainbat emanaldi, ibilaldi eta topaketa antolatzen dituzte, aurtengoan sorkuntza artistikoa gaitzat hartuz. Hizlarien artean Raoul Sangla, René Trusses, Camel Zekri, Juan Kruz Igerabide, Yan Beigbeder, Beñat Axiari, Ibai Etxezarraga, Paxkal Indo eta ni neu. Juan Luis Goenagaren margo erakusketa ere zabalik izango da Sanoki aretoan.
affiche_errobiko_festibala15_33X50

Errobiko Festibalaren afitxa.

Aurtengo artista gazteen multzoa egiten zait azpimarragarriena, eta denborarik hartzen baduzu, hona hainbat emanaldiren arrastoak:

OSTEGUNEAN
— Maddi Oihenart eta Julen Axiariren kantua Bastien Fontanilleren bielarekin.
— Niño de Elche apurtzailea, Raul Cantizanorekin eta Chloé Brûlé dantzariarekin. Bartzelonan eskaini berri duen kontzertua Sonar jaialdian ospatua izaten ari da.
Hemen
ikusi.
— San Salbador taldekoak (Okzitania), gure maneretatik oso hurbil.
Hemen ikusi.

OSTIRALEAN:
— Beñat Axiariren alderik abangoardistena Didier Lasserre perkusio jotzailearekin.
Hemen ikusi.
— Jazz musikari gazte berritzaileen arrastoa jarraitzeko: Emile Parisien Quartet.
Hemen ikusi.
— Rap musikaren eta bertsolaritzaren arteko zerbait da Brasil ipar-ekialdeko forró estiloa. Forró da Lua taldea izango dugu:
Hemen ikusi.

LARUNBATEAN:
— Asia osoan oso hedatua den musu gitarraren maisu bat entzuteko parada: Neptune Chapotin.
Hemen ikusi.
— Esperimentu kitzikagarria Bizkaiko harri zulatzaileek, Nicolas Nageotte klarinete maisuak, Julen Axiari perkusionistak eta Ibai Indart gaita jotzaileak agintzen digutena.
— Coetus taldea Asturiasetik datozen 17 lagunen perkusio orkestra da, bakana Iberiar penintsulan.
Hemen ikusi.

Eguneroko azken taldea dantzagarriagoa izanik ere, larunbateko jaiak kanpoan izango du jarraipena Paxkal Indoren suapartekin eta txalapartarekin, Erwan Keravek kornamusa jotzaile harrigarriarekin eta elkartuko zaizkien hainbat artistarekin. Gaua luzea gerta liteke… edo laburregia.
ETIKETAK:Beñat AxiariMaddi Oihenart